Hasiera »
Kooperarock-en bloga - Kooperarock
Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Bitartekariaren garrantzia
2016-10-28 // Bitartekaritzaren haria, Topaguneen haria // Iruzkinik ez
Egilea: Gemma Carbó, UNESCO Katedrako Kultura-Politiken Zuzendaria
Irailaren 9an, Paraíso Antzerkiaren gonbidapenari esker, lan-saio bat egin nuen Gasteizko Kooperarock proiektuarekin lotutako kultura-bitartekarien taldearekin. Hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko leku lasaiak izatea aukera paregabea da ikasteko eta ezagutzak denon artean sortzeko.
Gaur egun bitartekarien lanean zuzeneko eragina duten zenbait paradigma aztertu genituen, eta haiei buruz eztabaidatu. Haietako lehena kultura-aniztasuna da, zalantzarik gabe. Egun, kultura- eta hezkuntza-arloetako esku-hartzeak ezin die XIX. eta XX. mendeetako arauetan jarraitu. Izan ere, arau haien arabera, kultura KULTURA zen, eta hezkuntza, kultura transmititzeko estrategia.
Nazioarteko beste organismo batzuek –hala nola UNESCOk 1948an sortu zenetik– sustatu dituzten hitzarmenak bilakaera horren adierazgarri ona dira. Besteak beste, hitzarmen horiek kultura-ondarea babestu nahi dute indarkeria-testuinguruetan, eta kultura-adierazpenen aniztasuna gaur egungo gizartearen aktibo handitzat hartzen dute; izan ere, aniztasun biologikoarekin parekatzen dute.
Aniztasun hori Lurreko bazter guztietan dago gaur egun, baina, horren aurrean, kultura-erlatibismoak ez du laguntzen bizikidetza baketsuaren oinarriak finkatzen. Hori dela eta, eskubideen ikuspegiari dagokionez, 1948an lortutako adostasun unibertsala hartu behar da aintzat. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, kultura-bizitzan –pertsona eta komunitate bakoitzak, bere ustez, bere nortasuna eratzen duen kultura-bizitzan– parte hartzeko eskubidea aipatzen da. Espainiak berretsitako Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen aldeko Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan, eskubide hori eta askatasun horiek norberarenak direla finkatzen da, eta, hortaz, 1978ko Konstituzioak berretsi egin zituen.
Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Batzordearen 21. ohar orokorrak kultura-bizitzan parte hartzea zer den zehazten du, eta giza eskubide guztiak bezain oinarrizkoa den eskubide hori hezkuntzaren bidez soilik berma daitekeela azpimarratzen du.
Hezkuntza, bitartekaritza eta komunikazioa pertsonei laguntzeko prozesuak dira, kultura-bizitza horretan askatasun eta erantzukizun batzuen arabera parte har dezaten, bete-betean parte hartu ere. Arteak eta kultura-adierazpenak, antzerkia, musika, dantza eta artisautzak hizkuntza unibertsalak dira, zalantzarik gabe, eta, desberdintasunetik, elkar ulertzeko eta elkarri aurre egiteko aukera ematen digute.
Kultura-bitartekaritza lan korapilatsua da, erantzukizun handikoa, eta beharrezkoa da horretan jarduten dutenek balio pertsonalak eta lan kolektiboa ondo finkatuta izatea. Izan liteke, sormenak, imajinazioak eta berrikuntzarako ahalmenak ez guztiz laguntzea garapen pertsonal eta kolektiborako helburu komuna betetzen, ezin izatea herritarrei autonomoak eta, beraz, kritikoak izaten lagundum aniztasun eta konplexutasuneko testuinguruetan izanik, eta, gaur egun, testuinguru horiek nagusi dira. Hor dago gure esku-hartzeen koska: ez da nola, zertarako baizik.
Erronka horretan, kultura-sektoreak hezkuntza-sektorearekin koordinatu beharko luke, eztabaidarik gabe. Hezkuntza –formala, ez-formala eta informala– lan kolektiboa da, eta eskola publiko, laiko eta doakoa haren gune egituratzailea da. Eskola da sozializazio- eta sarbide-esparru handia, gurean ondo burutua irismen-indizeei dagokienez. Kultura-bitartekariak eskola horren aliatu handiak dira. Arteetatik eta kultura-bizitzatik hurbil daudenez, ezagutza lortzeko eta pertsona eta herritar gisa hazteko gure moduak berriro pentsatzeko beharrezko zubiak dira.
Neurozientziak erakutsi duenaren arabera, adimen emozionalak hainbat forma ditu, sormena aliatu handia izan daiteke, eta erakutsi du zer gaitasun garatu behar dituzten gure gazteek: ikasten ikastekoa, egiten ikastekoa, izaten ikastekoa eta elkarrekin bizitzen ikastekoa. Horretarako, Marta Nussbaum filosofoak prestakuntza holistikoagoa aldarrikatzen du, arte eta humanitateetan oinarritua. Gainera, nire ikuspuntutik kultura-bitartekarien filosofoen harria izan beharko lukeen gaitasun estrategiko bat aipatzen du: irudimen narratiboa; beste modu batean esanda, bestearen ipuina entzuteko eta ipuinak gure buruari kontatzen jakiteko ahalmena.
Antzerkia, eleberria eta ahozko ipuinak, agian, irudimen narratibo hori garatzeko daukagun tresna nagusiak dira. Kontatzen duguna gara, gure burua kontatzeko modua gara. Eskerrik asko elkarbanatzeko, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukerak sortzeagatik.
Gemma Carbó, UNESCO Katedra
Hegan egitera!
2016-10-21 // Arizmendi Ikastola, Bitartekaritzaren haria, Kooperatibigintza Bizirik! // Iruzkinik ez
Egilea: Unai Garcia, Bitartekaritza-taldea
Irailaren 22a, goizeko zortziak (08:00). Bada, hemen gaude dagoeneko, Gazteluondoko gimnasioan, Arrasaten. Rosi, Adrian Del Hierro (erredehierro) argazkilaria, Gabriel Fernandez de Guebara, bere laguntzailea, Gabi deritzona, eta ni gaude. Bezperan argazki-seta ahalik eta gehien prestatzen aritu gara goizean inolako ustekaberik ez izateko. Hala ere, gainerakoak baino ordubete lehenago iritsi gara, ezustean harrapa ez gaitzaten. Egia esan, oso baikor gaude guztiok eta konfiantza handiz, badakigu aurrez egindako lan guztiak emaitzak emango dituela. Ikastolara iritsi bezain pronto, atean haur andana dago materiala furgonetatik gimnasiora eramateko prest, hori eraman dezaket? Utziko didazu? Horrela, biribildutako alfonbrak, koloredun poltsak, kartoizko tutuak eta orotariko maletak atarian zehar garraiatzen dituen segizio bitxia sortu dugu.
Adrian eta Gabik guztia prest utzi dute saiorako
Taldeko bitartekari bakoitza zentro batean aritu da lanean. Itziarek Eskoriatzan egin du lan Almen ikastetxeko ikasleekin, Meri Gazteluondon, Zuriñe Arimazubin eta Nano bikoiztu egin da, Gazteluondon nahiz Santa Teresan egin du lan. Lanerako gai interesgarri asko proposatu dituzte, esate baterako, “Sukaldea”, “Herria” edo “Itsasontzia”. Proposamenak gauzatuta ikusteko irrikaz gaude eta, horrela, oso goiz denez hotz samar eta Gipuzkoako haranaren freskotasun goiztiarrean, lehen lantaldea iritsi zaigu.
Primi eta Izaskunek, Gazteluondoko andereñoek, saioaren garapena behatzen dute
Saioa oso bizia da, talde asko dago, ideia asko, egiteko argazki asko. Denborari buruzko aurreikuspena justu samarra zen, baina errealitateak are gehiago estutzea eskatzen du. Pilotalekua ibilera arinean gauzak hara eta hona eramaten dituen jendez beteriko gunea da: hiru flotagailu, oihal bat, artilezko haril laranja bat, kaxa bat, zazpi piper. Horrela, aniztuna. Meri, Nano, Itziar eta Zuriñek gauzak argi dituzte, eta bezperan argazkilariekin izandako bilkuran denetarik egin genuen: eskemak, geziak, buruko konposizioak, zirriborroak, zazpi kafe eta hiru freskagarri, hau ezinezkoa da, hau hobeto ez, baina begira, bada beno, orduan, aurrera. Horri esker, ez gaitu ustekabean harrapatu, baina hau zoramena.
Egia esan, haurrek beren lankidetza eskaintzen dute ahal duten guztian eta ez dute lan gehiegi ematen, oso ilusionatuta daude eta badakite proiektua arrakastatsua izan dadin konpromisozko eta lankidetzazko jarrera izan behar dela. Beren materialak ekarri dituzte argazkiak osatzeko, eta lurrera bota dira hegan egiteko, letxugekin malabarismoak egiteko edo altxorrez beteriko ozeano batera murgiltzeko. Adrian eta Gabi keinuka ari dira eszena-eremuaren bazterretik, haurrei argazkiak zirraragarriagoak izateko argibideak emanez: biratu burua, tenkatu besoak, egin irri, egizue irri, ilea eskatu, hegan egiten ari zarete! Rosik hainbat kontu esaten dizkie, testuingurua jartzen die, pentsatu hegan egiten ari den hegazkin baten hegora helduta zaudetela, jarrai zirrarazko aurpegia. Oihu egitea lagungarri izaten da halakoetan, emozioak kanporatzeko, baina horrek haurrak nahasten ditu: normalean “ez oihurik egin!” entzuten dute, eta honek ustekabean harrapatu ditu, baina ahal dugu ala ez. Bada, orain zer eta ez dute nahi, edo lotsa ematen die, auskalo. Kontua da oihu xumeak baino ez dituztela egin, apalak. Ondorioz, Adrian eta Rosi soilik ari dira oihuka.
Bai, gu ere lurrera bota gara. Adrian sagarrondoz hornitutako lorategi loredun bati argibideak emanez
Orduak aurrera doaz eta argazkiak ateratzen ari gara. Ekintza-plana ostegun eta ostiralean banatu dugu, izan ere, argazki asko dira, eta denbora mugatua. Egia esan, gustura egiten da horrela lan, guztia ondo ateratzen denean eragozpen handirik gabe, eta gertatzen diren apurrak berehala konpontzen ditugu. Ikastolak bere lankidetza eskaini du uneoro, behar duzuenerako hemen gaude, esate dutela dirudi. Materiala, goizean behar bezala antolatuta zegoena bazter batean, sakabanatzen ari da seteko toki ezberdinetan, kasu honetan set, kamerino, biltegi eta jolas-atari bilakatu dena aldi berean. Kartoizko tutuak oihalen gainean daude eta horiek, aldi berean, artilezko harilak estaltzen ari dira, azken horiek oihalen gaineko kartoizko tutuetan korapilatu dira eta, horrela, behin eta berriro, nahas-mahas. Nola? Argazkilaritzaren magia da. Rosi ordena ipintzen saiatzen ari da, eta eskerrak. Dena den, ongi funtzionatzen dugu gimnasioa une honetan den sasi-kaosean.
Neskatoak, mutikoak, bi argazkilari, andereñoren bat, material teknologikoa, oihalak, trapuak eta bitartekaria hondo grisa atzean dutela
Aupa ekipo amaitzen ari gara, ez gaitezen urduri jarri! Dagoeneko “Muntaketa-katean”, “Sukaldean”, “Laborategian”, Itsasontzian”, “Aireportuan” edota “Herrian” egon gara. Ikusten ari garen irudiek itxura ona dute, konposizioak oso lortuta daude eta irudikapenek efektu itzela sorrarazten dute. Guztiok gaude txundituta lortzen ari garena ikusita, eta Arizmendi Ikastolako haurrek beren irrika helarazten digute egin dutena erakusten diegunean. Eta hori aski da pilak beste denboratxo baterako kargatzeko. Okerrena bazkalosteko garaia da, gorputzak apur batean atseden eskatzen duenean, baina ez! Misio bat dugu, konpromisoa dugu artearekin eta lankidetzarekin. Nagitasunak hartu gaitu, baina talde gehiago jasotzen ditugun heinean nagitasun oro desagertu da, taldekideengan batetik bestera dabilen energia sendoa da.
Hondoak mugitu ditugu, formak moztu, artilearekin espiralak sortu ditugu, mugimendu-lerroak, kotoidun lainoak, azenarioz egindako itsas izarrak, gezur ñimiñoen zelaia…, ateak ixteko ordua da, egin nahi genuen guztia egin dugu jadanik, eta dagoeneko guztiok nahi dugu etxera joan. Beraz, talde artistikoa azken argazkiak ateratzen ari den bitartean, gainerakoak dagoeneko erabiltzen ez den materiala jasotzen eta furgonetara eramaten hasi gara. Azken taldea gimnasiotik irten denean, guztiok isiltasun harrigarrian geratu gara. Kito. Azken begirada eman dugu bertan deus ez dugula ahazten ziurtatzeko eta Gasteizera itzuli gara. Orain argazkien emaitzak jasotzeko irrikaz gaude, 2016ko abenduan Arrasateko Amaia Antzokian paratuko direnak, erakusketan.
Kotoidun lainoa eta artilezko eguzkia espiralean hondoan moketa urdin koloreko zerua dagoela
Espazioak ezagutzen: Arizmendi ikastola
2016-10-14 // Arizmendi Ikastola, Aurkezpena, Bitartekaritzaren haria // Iruzkinik ez
Egilea: Unai Garcia, Bitartekaritza-taldea
Irailak 19. Mediazio proiektua martxan jarriko dugu azkenik, aste luzez antolatzen ibili garen proiektu hau, itxura hartzen doa. Taldea gogoz dabil, eta azkenik espazio ezberdinak ezagutzen ibili gara, irakasle taldeekin koordinatzen, ordutegiak finkatzen… badakizue nolakoak diren antolakuntza lanak, eta gainera jende ugari gabiltza tartean, beraz… Baina gu pozik, umorea eta jarrera dira gure ezaugarri.
Irakasleen aldetik jarrera ezin hobea aurkitu dugu, eta horrek taldearen konfiantza sendotu egin du. Elkarlanean aritzea guztiontzat izango da aberasgarria, ez dago zalantzarik. Haurrek ere jakinminez eta irribarrez hartu gaituzte. Nortzuk dira hauek? Talde xelebrea osatzen dugu, badakigu. Irribarre zabalekin agurtzen gaituzte korridoreetan.
Berexitasun ugari kontatu digu irakasle bakoitzak. Nahiz eta ikastola berdina izan, zentru bakoitzak ezaugarri eta izaera propia du: Almen, Gazteluondo, Santa Teresa eta Arimazubik xarma ezberdina dute. Toki bakoitzaren tamainaren arabera, ikasle kopuruaren arabera, kokapenaren arabera… berexitasun propioak garatu dituzte, izaera eta nortasun ageriak.
Maider Herze izan dugu bidelagun egun guztian zehar, gertutik ari da jarraitzen proiektu honen garapena, eta guretzako ere interesgarria, erosoa eta lasaigarria da bera gurekin egotea, zentru bakoitzeko ateak zabaldu baitizkigu, eta egunari osotasun eta jarraipen bat eman dion heinean. Berak kontatu dizkigu hainbat ixtori, hainbat kontu, kontu txikiak eta kontu handiak.
Aurkezpen eguna da. Gure taldeko partaide bakoitzak non arituko den ezagutzen ari da, eta baita zein irakaslerekin erlazionatuko den. Irakasleek jakinmina dute tailerren inguruan, noski. Zeintzuk izango dira dinamikak? Zein mailatan parte hartu behar dute? Guk beti askatasunetik planteatu ditugu dinamika hauek, beraz, eurak eroso sentitzen diren mailaraino besterik ez dute sartu behar. Ez du zentzurik behartuta sentitzea, ez du. Norbanakoaren askatasunetik aritu behar dugu partaidetza honetan, emankorra eta atsegina izan dadin.
Irakasleek ere egin dituzte haien etxerako lanak uda hontan. Lehen aldiz bildu ginenean, ikasleengan interesa piztearen betebeharra utzi genien. Santa Teresan adibidez, ea egunero antzerkia ikustera joango diren galdetu diote Eukeneri, irakasleari. “Ez, antzerkia ikustera ez, Antzerkia zuek egingo duzue”, izan da bere erantzuna. Eta haurrak pozik. Arimazubin Igonek eta Mariflorrek, 5. mailako irakasleak ere bete dute haien lana: artile mataza aurkeztu diete ikasleei, gure ikur eta irudi izango dena. KOOPERAROCKek mataza hori askatu nahi du, eta lan hau, guztion arteko elkarlanak soilik lortuko du. Mariflorren gelako matazak gainera badu izena: Txusa. Bitxikeriak.
Primi Ilarra Gazteluondoko Irakaslea, Arzimendi Ikastola
Pixkanaka kokatu dugu bakoitza bere tokian: Gazteluondon Izaskun, Primi eta Iñigo ezagutu ditugu. Etxeko giroan mugitzen ari gara guztiak, eroso, aldamenekoaren lana erreztu guran. Galderak eta zalantzak proiektuaren onerako ari dira planteatzen guztiz.
Lasai egin dugu etxerainoko vuelta. Furgonetan, barrezka, kontu-kantari itzuli gara, egunean zehar ikusitakoaren erreflexioa egiten, azkeneko hariak harrapatzen, datorren astean gertatuko denaren inguruan amesten. Pozik hartu dugu bakoitzak gure habirako bidea.
Entzuteak eraldatu egiten du
2016-10-04 // Entzutearen antzerkia, Topaguneen haria // Iruzkinik ez
Egilea: Moisés Mato, aktorea eta antzerki zuzendaria
Sorkuntzarako eta esperimentaziorako sentikortasunez pentsatutako esparru batean, pertsona-talde batekin elkartzeko aukera izan nuen. Arte-hizkuntzen arteko lankidetzari buruz hausnartzen ari ziren, bitartekaritzan interesa agertzen, eta kultura-balio nabarmenak sustatzen jarraitzeko aukera berriak aztertzen. Horiek guztiak premisa interesgarriak dira Entzutearen Antzerkiarentzat.
Moisés Mato-k KunArte-n eman zigun tailerra
“Entzutea jarduera zinez eraldatzailea da”. Baieztapen horretatik abiatu eta geure gorputzaren motorrak esploratzen ditugu. Haietan, errealitatea, besteak eta gure beharra dutenak besarkatzeko aukerak aurkitzen ditugu. Harrigarriro, gure gorputzaren motorretatik, genero dramatikorik esanguratsuenen jatorria ondorioztatu ahal izan genuen. Hauek dira genero horiek: Pailazoak, tragedia, komedia, dantza eta mimoa. Haietako bakoitza gorputzaren atal bati dago lotuta, baina baita ideia indartsu bati ere: Inozentzia, transzendentzia, instintu primarioak, erritualizatzeko eta sinbolizatzeko ahalmena. Gure gorputzak hizkuntzen eta topaketa-aukeren mapa bat eta, aldi berean, katalogo bat eskaintzen dizkigu.
Lankidetzak gure gogo osoa eskatzen du. Ez da erakustoki aurrerakoi hutsaletarako ideia bat. Gizadiaren historian eta gure kulturaren historian sustraitutako jarduera bat da. Bizirauteko borroka proposatzen duen sistema suntsitzaile honen ordezko bat benetan sortzeko aukera da. Sistema horren aurrean, sen onik oinarrizkoenak, indarkeriarik gabeko askapenaren historiak eta baita ere geure gorputzak askoz oihu zuhurrago bat dakarte eurekin: Existentziarako lankidetza.
Geure historiako protagonistak izateko beharraz hausnartu genuen, eta gure lana taktika paternalistetara edo gerrilla-taktiketara bideratu dezaketen arrisku saihestezinen jakinaren gainean ipintzen gaituzten seinaleei adi egoteko beharraz.
Tailerraren, elkar ikutzeari beldurra kentzen
Bide luzea geratzen zaigu. Sormena eta irudimena oso indar handiko tresnak dira, zubiak eraikitzeko, aukerak argiztatzeko, hormak eraisteko… abentura zoragarrian. Entzuten eta ulertzen lagunduko digun metodologia batean oinarrituta prestatu beharra dago. Entzutearen Antzerkia bide horretan doa, eta handik, esker oneko sentitzen da Kooperarock-en bidez pausoak ematen saiatzen diren lagunekiko.
Moisés Mato, Entzutearen Antzerkia
www.salametaforas.com
Nor da nor?
2016-09-27 // Aurkezpena, Bitartekaritzaren haria // Iruzkinik ez
Egilea: Unai García, Bitartekaritza-taldea
2016ko Iraialaren 9a. Eguerdian elkartu gara KunArten. Egun gardena, garbia, freskoa egiten du. Ematen du norbait gutaz errukitu eta labearen atea itxi izana. Aurreko egunean ezagutu genuen elkar, baina badirudi funtzionatuko duela. Berehala igarri eta hartu diogu usaina elkarri, gustatu gara. Ez dago arazorik. Askatu beharreko mataza koloretsu hori gara. Ez gu bakarrik. Ataza ausart honen partaide bakoitza den zuntzetik tira eginda aurkituko ditugu aukera amaigabeak.
Leunki hartu gaitu alfonbra bigunak. Pilar, Rosi, Zuriñe, Meri, Itziar Nano eta ni neu. Eseri gara, etzan gara, luzatu eta zuzendu gara eta elkarri begiratzen jarraitzen diogu, jakinmina begietan. Banaka-banaka gure burua ezagutzera ematen goaz, keinu, begirada eta errebelazio konplizeak. Zer garen eta zer izan nahi dugun.
Kontakizunean hitzak errepikatzen doaz: egonezina, aditzera emateko beharra, partekatu, gizartea, formakuntza… Bide ezberdinak, xede antzerakoak. “Begiak dir-dir egiten didate hau gauztia hasi zenetik”. Horrela deskribatu zuen esperientzia norbaitek. Eta, hala da, begiak dir-dir eta bihotzak dar-dar egiten digu. Ikusten duguna gustatzen zaigulako. Elkarrekin sortzeko gogoa dugulako.
Kooperatibagintza hurbiletik ezagutzen
2016-09-20 // Kooperatibigintzaren oinarriak, Topaguneen haria // Iruzkinik ez
Egilea: Unai Garcia, bitartekaritza-taldea
Bitartekaritza-taldea KunArte-n elkartu zen goizeko 9etan. 2016ko irailaren 7a zen, asteazkena, eta Eskoriatzan zain genituen, HUHEZI-n, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatean. Lanki-ko hainbat kiderekin geratu ginen kooperatibismoa hurbilagotik ezagutzeko, guztiok ezagutzen dugun gauza baita, baina inork ez du erabat argi. Haiek izan dira orain arte Kooperarock proiektu hau aurrera atera dutenak, gizarte-ekonomiaren alorreko ezaguera kooperatiboak helaraziz. Aitzol Loiolak eta Maider Iriartek eman ziguten harrera eta berehala lortu zuten inguru hurbil eta atsegin bat ezartzea. Aitzol aita izan da bigarrengoz duela gutxi eta bere aitatasun-bajan dago, baina irribarre batekin hartu gintuen.
Bene-benetan eskertu genuen kafe bat hartu ondoren, fakultateko azken solairuko ikasgela bateko mahai baten inguruan bildu ginen. Maiderrek Lanki-ri, bere lanari eta bere ikerketa kooperatiboei buruzko aurkezpen labur eta interesgarria egin zigun.
Talde txikia baina oso estua
Azkar asko, Aitzoli utzi zion txanda eta Aitzolek Leintz bailararen ibilbide historiko eta sozial batean barna lagundu gintuen. Momentu honetan entzun zuen taldeak lehenengoz bailarako kooperatibismoaren aita den Don José María Arizmediarrietaren izena. Elizgizona Arrasatera bidali zuten Gerra Zibila amaituta eta berak ezarri zituen korronte honen oinarri teorikoak zonaldeko herritarren artean. Gizon honen pentsamoldearen aurkezpen bat aurki dezakegu hemen.
Zalantza orokorrak galdera zehatzago bilakatzen hasi ziren. Ongi, ados, baina nola gauzatzen da kooperatibismoaren gauza hori? Gauza bat baita teoriak azaltzea eta beste bat gauzak zehazten hastea. Gorroñogoitia eta Ormaecheari buruz hitz egin ziguten, oraindik ere bizirik dauden eta 1955. urteko garai horietan izan ziren bi kideak.
Garai hartan, bailararen motor ekonomikoa Unión Cerrajera zen. Garai hartako testuingurua ezagutu eta ulertu beharra dago ohartzeko orduko lan-baldintzak gaur egungoak baina okerragoak zirela. Askoz ere okerragoak gainera. Gorroñogoitiak eta Ormaecheak, dagoeneko hil diren Usatorre, Larrañaga eta Ortubayrekin batera, Unión Cerrajera utzi zuten eta Ulgor sortu ziren, beranduago Fagor izena hartuko zuena. Izen hori oso ezaguna zaigu, noski. Aurreko guztiari buruz, aldiz, ez genekien ezer ere ez.
Bilera aurrera joan ahala geroz eta galdera gehiago genituen eta horrek esan nahi zuen bide onetik gindoazela. Aitzolek proposatu zigun kooperatibismoa zer den islatzen duen elementu batean pentsa genezan, eta gainera marrazten saia gintezen! Bi taldetan antolatu ginen, bakoitza bere istorio eta bitxitasunekin. Aizu, emaitza harrigarria izan zen. Zer pentsatu ez genekiela hasi ginen eta berehala hasi ziren ideiak sortzen, ohe elastiko batera edo pieza askoko puzzle batera iritsi arte, pieza bakoitza beharrezkoa baita hurrengoa eusteko eta unitate handi bat sortzeko. Ideia interesgarriak, ezta?
Ohe elastikoak koordinazioa eskatzen du osagaien oreka lortzeko
Orduan iritsi ginen auziaren hiltzera, guztiaren oinarrira, hor zegoen koska. Enpresa kooperatiboak lortzeko, PERTSONA KOOPERATIBOAK behar baitira. Tatatatxan!! Eta nondik atera pertsona horiek? Honela iritsi ginen Arizmendiarrietaren filosofiaren giltzarrira, hiru osagaiek osatua: hezkuntza, HEZKUNTZA eta HEZ-KUN-TZA. Horrexegatik hain zuzen, 1943. urtean, Eskola Profesional Politekniko bat sortu zuen zuzendari, teknikari eta langile kualifikatuak prestatzeko inguruko enpresetan eta, batez ere, kooperatibetan lan egin zezaten.
Ados. Momentu horretan bagenekien kooperatibismoari buruzko zer edo zer gehiago. Bagenekien helburua dela GIZARTEA ERALDATZEA, bidegabekeria gutxiago eta banaketa bidezkoagoa duen mundu baterantz jotzea. Bidea luzea da, baina oso interesgarria. Dena den, zalantzak sortu zitzaizkigun… Prestakuntzari, industriari eta banaketari buruz hitz egin genuen (ekonomatuei buruz ere eta, jakina, EROSKI taldeari buruz) eta batez ere finantzaketari buruz (Laboral Kutxa, noski). Baina ordura arte kultura, sormena, artea eta halakoen aipamenik ez zen izan. Eta galdetu genuen, jakina, galdeontziak baikara gu. Eta jakin-nahiak, betidanik.
Momentu horietan sortu ziren ideia interesgarrienak: kooperatibak egungo munduak planteatzen dituen erronken aurrean. Munduak XX. mende amaieratik bizi izan dituen eraldatze sakonez solasean aritu ginen, eta kooperatibismoak, bere etapa desberdinetan zehar, pasa dituen autokritika-prozesuez. Ekologiaz aritu ginen, ekoizpen-eredu berriez, emakumeen funtsezko paperaz –gizonak kooperatibismoaren abentura “eroetan” sartzea ahalbidetu zuena alegia–, emakumeek kooperatibetan duten paper aktiboaz, emakumeen parte-hartzeaz eta garapenaz, gizarte-erantzukizunaz, arteaz, kulturaz.
Saioa amaitu zuen hausnarketa izan zen kooperatibek mundu globalizatu batean duten paperaren eta horrek kooperatiben biziraupenerako dakartzan zailtasunen ingurukoa. Maiderrek komunikabideei argi eta garbi zuzendutako galdera planteatu zuen. 2013an, Fagorren krisiaren garaian, azkar asko jarri zen zalantzan eredu kooperatibista. Zergatik ez zen zalantzan jarri kapitalismoa, horrela, orokorrean, Bankia erori zenean?
Eta giro bikain horrekin jantokira joan ginen denok elkarrekin gatza partekatzera.
ARRATSALDEKO SAIOA
Saioaren arduradunak Amaia Antero eta Maider Herze izan ziren, Arizmendi Ikastolako kideak. Zergatik da interesgarria Arizmendi Ikastola? Hilabete hauetan zehar jakingo dugu, baina hona hemen interesgarria suerta daitekeen bideo bat. Dena hasi zen Amaiak oparitu zigun ipuin baten irakurketarekin. Ipuinaren izenburua zen “¡Eres un desastre!“ eta azaltzen zuena zen zenbaitetan asko kostatzen zaigula aurrean dugun pertsonari begiratzea eta hain zuzen ere horretaz ohartzea, PERTSONA BAT dela, bere dimentsio guztiekin, bere nahi eta desio guztiekin, bere zailtasun eta bertute guztiekin… Horregatik, elkarrizketak aurrera egin ahala, aipatu egin zen zenbait komunitate indigenek ez dutela “bestearen” ideia erabiltzen, baizik eta beste pertsona batzuk aipatzeko “beste nia” esaten dutela. Ideia honek errotik aldatzen du konturatu gabe dugun gure solaskidearen pertzepzioa.
Nola hasi zen guzti hau? Sustraitik egindako eraldaketaren bila ari ziren “andereño asaldatu” talde batekin. Haiek proposatu zituzten ALDAKETAREN ETA ERALDAKETAREN ideiak. Zenbait lankidek nahiko modu latzean pentsatu zuten “txoriez eta loreez” ari zirela, baina haiek ez zuten amore eman. Ikerketak egin zituzten, irakurri, idatzi, berridatzi zuten, proba egin zuten, huts egin zuten, berriz ere saiatu ziren, asmatu egin zuten… horren amaiezina da hezkuntza eta humanismoaren bi izar hauen grina. Izan ere, irudika badezakezu, zergatik ez saiatu?
Konfiantzaren pedagogiaren eraldaketa hezkuntzaren alderdi guztietan gertatu behar da
Amaiak esan zigunez, guztia hasi zen, nolabait, gu bildu ginen ikasgela horretan bertan. Garai hartan bera berriz ere ama izan berria zen eta Rafael Cristobal ezagutu zuen urtebeteko ikastaro batean. Bere hitzetan, horrek berehala aldatu zuen, zuen haurren hezkuntzaren ikuspuntua aldatu zuen. Ohartu egin zen topaketa horien ondoren ezer ere ez zela gauza bera izango. Orduan, Ikastolan emaitza handirik lortu ez zuen lehenengo etapa baten ostean, 2013tik aurrera zuzendaritza-taldea aldatu zen eta momentu horretan hasi ziren lanean haiek, Amaia eta Maider, zekarten ideia berrien uholde guztiarekin batera.
Liburu bat argitaratu zuten, eskuliburu antzeko bat, “Una pedagogía de la confianza” (Konfiantzaren Pedagogia, 2015.01.12. Liburuaren aurkezpen-bideoa, hemen eta hemen ere bai) eta bertan proposatu zuten hezkuntzarako esparru bat. Esparru hori haiek beraiek garatu zuten Arizmendi Ikastolako lehenengo ataletan. “Ez zaigu gustatzen egin dugunaz aritzea, baizik eta egiteke dugunaz”, zioen Amaiak. Maiderrek Amaia moztu eta esan zigun: “Amaiari ez zaio gustatzen nik hau kontatzea” (Amaiak harriduraz begiratu zuen, esango zuenaren jakin-minaz), “baina gauza bat da guk azaltzen dizuegun teoria bikain guzti hori eta beste gauza bat da tokira iritsi eta ikustea oraindik ere egiteke dagoen lan guztia”. Noski, ez genuen espero bestaldean ortzadarra aurkitzea, baina gustatzen zaigu jakitea badirela pertsona ausartak “malo conocido” horrekin geratzen ez direnak, eta hezkuntza sustraitik aldatzeko beharra sentitzen dutenak, bere garaian Don Jose María Arizmendiarrietak esan zuen moduan, hezkuntza baita behar dugun oinarria “pertsona kooperatiboak sortzeko eta, beraz, mundu kooperatiboago bat sortzeko”.
Saioa itxi genuen bihotzean irribarrea genuela, mundu posibleak irudikatuz, non jendeak bere ohe elastikoan salto egiten duen, erritmoak errespetatuz eta geroz eta gorago iritsiz.
Teatro Paraiso Antzerkia lekukoa hartzen
2016-09-12 // Artearen haria, Bitartekaritzaren haria, DSS2016: Kooperarock // Iruzkinik ez
Hezkuntza, Lana, Eraldaketa Soziala eta Elkartasuna dira Kooperatibagintzak bere baitan dituen balioak, eta DSS2016eEU-k sortutako diziplinarteko proiektu honen iturburua. Berau garatzeko bi eragile ezberdin baina osagarri gonbidatuak izan ginen, Kooperatibagintza norberak bere esparru eta eskarmentutik abiatuta heltzeko erronkarekin.
Lankik, Mondragon unibertsitateko Lankidetzaren ikertegiak, hasiera eman zion proiektuari hainbat ekintza eginez ekonomia sozialaren alorrean ezagutza kooperatiboa zabaltzeko. Bide batez, eskerrak eman nahi diegu bere lan apartagatik, eta espero dugu aurrerantzean beraien adinako eduki interesgarriak zintzilikatzea blog honetan.
Teatro Paraíso Antzerkia gara lekukoa jaso eta Kooperatibagintza artearen eta bitartekaritzaren ikuspuntutik jorratzeko ardura duguna, Kooperarock proiektuaren bigarren une honetan. Honela, izaera ezberdineko eragileak elkartu gara (talde artistikoa, bitartekaritza taldea, Arizmendi Ikastola eta beste Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko ikastetxe zenbait) bizipen artistiko bat eratu eta emozioen eta akzioaren bitartez hiritargoari ezagutza kooperatiboaren muina ezagutarazteko.
Bitartekaritza taldeak kooperazioaren inguruko hausnarketa prozesu batean hartuko dute parte, eta ondoren eskola munduan gizarteratuko dute; era berean, talde artistikoa ari da jada 2016ko abenduan estreinatuko den antzezlan bat garatzeko prozesuan. Honela, hilabete hauetan zehar, haurrek ideia hauek guztiak dramatizazioaren bitartez zokomiatu ahalko dituzte; izan ere, prozesu kreatiboa bera eskolaren eta artisten arteko elkarrizketa eta elkarlan kooperatiboaren adibide izan nahi du.
Eta atalen batura elkarlanean, atalak lanean bakarrik jartzea baino hobea izan ohi denez, komunikatzeko moduan ere ahalegin koral bat egin nahi dugu. Bertan inplikatutako eragile guztiak izango dira lehen pertsonan, bertara esperientziak, irudiak, bideoak eta audioak ekarriko dituztenak. Betiere, argitara ekartzeko hezkuntza alorrean egiten den lana (merezi duen sona izaten ez duena) eta lan eszeniko bat garatzen ari den talde artistikoaren errealitatea irakurleari gerturatze aldera.
Gonbidatu nahi zaitugu, beraz, abentura honen protagonista berriak ezagutzen joatera, eta Kooperarock izena duen mataza honen haritik tira egiten jarraitzera. Ongi etorri!
Kooperarock: Lau hilabeteko ibilbidea
2016-06-28 // DSS2016: Kooperarock, Ekintzailetasun Soziala, Ekonomia Solidarioa, Eraldaketa Soziala, Kooperatibigintza Bizirik!, Kooperatibigintzaren oinarriak // Iruzkinik ez
Otsailaren 16an, neguaren erdi erdian hasi genuen blogune hau eta baita ere KooperaRock atala Zebrabidean, Donostia 2016ren baitan LANKI Ikertegia garatzen ari den proiektuaren berri emateko asmoz. Hemeretzi astez, kooperatibagintzaz aritu gara, eta baita beste hamaika gairi buruz ere, hala nola, ekonomia, hezkuntza, feminismoa, komunikazioa eta arkitektura, besteak beste. Lan eremu anitz eta ezberdinak, baina den denek amankomunean partekatzen dute zerbait: diru metaketa helburu duen egungo gizarte kapitalistan, bizitza erdigunean kokatzeko nahia. Horiez aritu gara hilabete hauetan eta, oporraldiari hasera eman aurretik, laburpen saio hau prestatu genuen. Irratsaioa entzuteko prest?
Kooperarock: Belaunaldien arteko elkarrizketak
2016-06-21 // DSS2016: Kooperarock // Iruzkinik ez
Kooperatibagintza gizonen mundua izan da nagusiki, eta kooperatibagintzaz egiten den errelatoa gizonezkoek egin dute batez ere, nahiz eta emakumezkoek ere parte hartu duten. Emakumezko horien berri jakin nahi genuen Donostia 2016ren barneko KooperaRock proiektuan dihardugun LANKI Ikertegiko kideok, euren bizipenak jaso eta beste emakumezko batzuekin harremanetan jarri. Eta nahi hori izan zen Belaunaldien Arteko Elkarrizketak bideoaren sorburua hain zuzen ere. Gero, Mondragon Unibertsiateko IKOko azken urteko bi ikasle, Aritz Aramburu eta Daniel Sánchez, proiektura batu ziren.
Oraingoz, aurrerapena baino ez dago sarean. udazkenean, ordea, dokumental osoa ikusteko aukera izango da Debagoienan eta Donostian. Proiektuaren nondik norakoez aritu gara ARROSAko ZebraBidean saioan ere. Entzun hemen irratsaioa!
Zaintzen Arkitekturak
2016-06-14 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Irati Mogollon eta Ana Fernandez ikerlariak duela zenbait urtetik zaintzen arkitekturak ikertzen ari dira. Etxebizitza, eraikin eta espazio publikoaren antolaketa aztertzen duen ikerketa batean murgilduta daude, eta publiko-pribatu, produktibo-erreproduktibo binomioak aldatze bidean, gure egunerokoan egitura horiek duten eragina aztertzen dihardute.
Lanean hasi orduko ohartu ziren etxebizitza estandarizatutan bizi garela, bizimodu anitzak biltzen dituen gizartea izan arren. Horrek, ohartzen ez bagara ere, eragina du gure mundua ikusi eta pentsatzeko eratan eta baita ere harremanak izateko moduan ere. Eta ez hori bakarrik: sarritan egitura patriarkalak eta helburu kapitalistak indartzen dituzte gure inguruko arkitekturek euren espazioa antolatzeko erarekin. Gehiago jakin nahi duzu? Entzun Zebra Bideko gure irratsaioa hemen!