Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Teatro Paraiso Antzerkia lekukoa hartzen
Atalak: Artearen haria, Bitartekaritzaren haria, DSS2016: Kooperarock
Hezkuntza, Lana, Eraldaketa Soziala eta Elkartasuna dira Kooperatibagintzak bere baitan dituen balioak, eta DSS2016eEU-k sortutako diziplinarteko proiektu honen iturburua. Berau garatzeko bi eragile ezberdin baina osagarri gonbidatuak izan ginen, Kooperatibagintza norberak bere esparru eta eskarmentutik abiatuta heltzeko erronkarekin.
Lankik, Mondragon unibertsitateko Lankidetzaren ikertegiak, hasiera eman zion proiektuari hainbat ekintza eginez ekonomia sozialaren alorrean ezagutza kooperatiboa zabaltzeko. Bide batez, eskerrak eman nahi diegu bere lan apartagatik, eta espero dugu aurrerantzean beraien adinako eduki interesgarriak zintzilikatzea blog honetan.
Teatro Paraíso Antzerkia gara lekukoa jaso eta Kooperatibagintza artearen eta bitartekaritzaren ikuspuntutik jorratzeko ardura duguna, Kooperarock proiektuaren bigarren une honetan. Honela, izaera ezberdineko eragileak elkartu gara (talde artistikoa, bitartekaritza taldea, Arizmendi Ikastola eta beste Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Iparraldeko ikastetxe zenbait) bizipen artistiko bat eratu eta emozioen eta akzioaren bitartez hiritargoari ezagutza kooperatiboaren muina ezagutarazteko.
Bitartekaritza taldeak kooperazioaren inguruko hausnarketa prozesu batean hartuko dute parte, eta ondoren eskola munduan gizarteratuko dute; era berean, talde artistikoa ari da jada 2016ko abenduan estreinatuko den antzezlan bat garatzeko prozesuan. Honela, hilabete hauetan zehar, haurrek ideia hauek guztiak dramatizazioaren bitartez zokomiatu ahalko dituzte; izan ere, prozesu kreatiboa bera eskolaren eta artisten arteko elkarrizketa eta elkarlan kooperatiboaren adibide izan nahi du.
Eta atalen batura elkarlanean, atalak lanean bakarrik jartzea baino hobea izan ohi denez, komunikatzeko moduan ere ahalegin koral bat egin nahi dugu. Bertan inplikatutako eragile guztiak izango dira lehen pertsonan, bertara esperientziak, irudiak, bideoak eta audioak ekarriko dituztenak. Betiere, argitara ekartzeko hezkuntza alorrean egiten den lana (merezi duen sona izaten ez duena) eta lan eszeniko bat garatzen ari den talde artistikoaren errealitatea irakurleari gerturatze aldera.
Gonbidatu nahi zaitugu, beraz, abentura honen protagonista berriak ezagutzen joatera, eta Kooperarock izena duen mataza honen haritik tira egiten jarraitzera. Ongi etorri!