"Euskal Herrian pelikula asko falta da egiteko"

  • Zineman ezagutu ditugu familia bereko zuzendari bikoteak: The Wachowski ahizpak, Dardenne eta Coen anaiak, esaterako. Gurean ere baditugu zinema eta mundua ulertzeko era partekatzen duten neba-arrebak: Merinotarrak. Haien azken filmei buruz galdetuta, ahots bakarrez erantzun digute. Donostian eman dituzte azken asteak, Ikusmira Berriak egitasmoaren bidez egoiliar aritzeko jaso duten diru-laguntzari esker. Fantasía da esku artean duten azken lana.

“Zinemaren tresnak ezagutzen ditugu nagusiki, eta zinema gustatzen zaigu hasieratik bukaeraraino. Oso prozesu magikoa da guretzat. Gure sentimenduak zinemaren bidez kontatu nahi ditugu eta ez beste modu batez”.
“Zinemaren tresnak ezagutzen ditugu nagusiki, eta zinema gustatzen zaigu hasieratik bukaeraraino. Oso prozesu magikoa da guretzat. Gure sentimenduak zinemaren bidez kontatu nahi ditugu eta ez beste modu batez”.

Neba-arrebak zarete, baita elkarrekin lan egiten duten bi zinegile ere.

Zuzendaritza lanetan gure lan guztiak elkarrekin egin ditugu. Film labur batekin hasi ginen, El pan nuestro, eta asko ikasi genuen lan horrekin. Txikitatik harreman berezia izan dugu, polita, eta hori gure lanean islatzen dela uste dugu. Antzeko gauzak gustatzen zaizkigu eta mundua antzeko moduan sentitzen dugu. Umorea ere antzekoa dugu; Asier ETA biok grabatu genuenean, esaterako, elkarri barrea eragiteko idatzi genuen Aitorren off ahotsa.

Non dago zuen arteko oreka?

Neba-arrebak gara, baina batez ere, bi indar handiren batuketa da gurea. Kontrastean sortzen da gure lana, elkarrekiko interesa zentzu horretan motor handia da. Biok formatu gara antzerki eskola berean, Madrilen, baina aldi berean Ekuadorren (Amaia) eta Madrilen (Aitor) garatu du bakoitzak bere ibilbidea. Gure begirada elkarrekin josten dugu; batak pentsatzen duena besteari kontatu arte ez da guztiz osatzen. Ziur aski horrek sortzen du gure oreka eta bion arteko indarra.

Patricio Guzmánek dio zinea egiteko distantzia ezinbestekoa dela. Urruti al zaudete zuek?

Gure ustez, plano ezberdinak daude zinean distantziaren gaiari dagokionez. Asier ETA biok filmean, Aitor pertsonaia bat zen, kontakizun autobiografikoa zen eta beraz, ez zegoen modurik material horretatik urruntzeko. Aldi berean, pelikula egiten ari zarenean, momenturen batean, pertsonaia horretatik aldendu behar zara, ahaztu zu zarela pelikulan ateratzen dena eta pertsonaia soil bezala tratatu. Horrek ematen dizu distantzia eta hori gabe ezinezkoa da pelikula egitea.

Tarteko distantzia bat behar da orduan?

Nolabait, bai. Lanean hasten zarenean momentu ezberdinak daude. Prozesuaren hasieran dena dira intuizioak, beharrak, sentimenduak. Ezin zara urrundu, ez duzu ulertzen zer gertatzen ari den eta barruraino sartuta zaude. Baina materialarekin lanean luze eta sakon ibili ondoren, galdera inportanteak egiteko unea iristen da eta horiek ematen dizute distantzia egokia: zertarako egiten ari naiz film hau? Zein da nire plana? Nola egingo dut kontaketa? Ez-fikziozko pelikuletan hori oso inportantea da, daukazun materialaren kontzientzia hartu eta zure aukerez ohartu beharra daukazu.

Asier ETA biok filmak Ibilbide luzea egin du. Balantzearekin ase?

Oso balantze ona egiten dugu, mundu osoan ikusi da pelikula. Pentsa, azkenekoz Indonesiako zine festibal batean saria jaso genuen. Hango hizkuntzan idatzitako e-mail bat jaso genuen eta sari gisa disko gogor bat eman ziguten [barreak]. Oso pozgarria da jakitea 30.000 pertsonak baino gehiagok ikusi dutela pelikula zine aretoetan. Baina bestalde, banaketarekin izan dugu arazorik; Valentzian edo Sevillan ez da egon aukerarik ikusteko, Madrilen ere arazo ugari, telebistan zer esanik ez... Gaia dela-eta problemak izan ditugu, baina orokorrean saldoa pozgarria da guretzat.

Orain Fantasía filmean lanean ari zarete. Zertan da proiektua?

Lehenengo fasean gaude, sorkuntzaren hasieran. Erabat sartuta gaude daukagun materialean, ideia zaparradaren erdi-erdian. Gure gurasoei buruzko pelikula da. Ordu asko grabatu ditugu eta oso material intimoarekin egin dugu topo; hunkituta gaude hartara. Kontraste pelikula bat da, alde bat oso xamurra, bestea izugarri deserosoa. Gure galdera da ea orain merezi ote duen gure gurasoen intimitatea azaleratzea edo ez. Zertarako erakutsi hau? Horiek dira momentuz gure buruan dauden galderak eta hortik tiraka ari gara lanean.

Zergatik zinema dokumentala?

Gure inguruan gertatzen denari buruz hitz egin nahi dugu eta hori irudiak, soinuak eta agertokiak nahastuz egin nahi dugu. Guk zinemaren tresnak ezagutzen ditugu nagusiki, eta zinema gustatzen zaigu hasieratik bukaeraraino: argazkia, musika, dramaturgia, pertsonaiak eta aretoan ikusgai jartzeko lan hori guztia. Oso prozesu magikoa da guretzat. Azken lanetan esaterako, gure gurasoekiko maitasuna kontatu nahi dugu, edo Asierrekiko ditugun sentimendu bereziak; hori guztia zinemaren bidez kontatu nahi dugu eta ez beste modu batez.

Zer pentsatzen duzue Euskal Herrian egiten den zineari buruz?

Euskal Herrian, beste leku askotan bezala, pelikula asko falta da egiteko. Gure arazo eta errealitatea islatzeko kontakizun asko falta da. Eta azken urteetan oso beharrezkoak ziren pelikula asko ez dira egin. Asier ETA biok filmarekin ohartu ginen horretaz, jende batek beharra zuela bere burua islatuta ikusteko narrazioetan.

Asier ETA biok

Asier ETA biok-en oinarrian kanpokoei kontatzeko beharra zegoen, biontzat. Nahiz eta pelikulan ez garen biok agertzen, Aitorren pertsonaian biak gaude, kanpoan bizi diren bi euskaldunen begirada dago. Euskaldunei kontatzea erabat ezberdina izango litzateke; politikoki pelikula oso oinarrizkoa da, minus bostetik hasi behar ginen kontatzen. Gure istorio bat da, kanpokoei kontatua”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
2024-05-12 | Reyes Ilintxeta
Patricia López Arnaiz. Hamaika bizitza bakar batean
"Amorrua, hira eta mendeku nahia emakume baten motorrak ere izan daitezke"

Nina iragarritako señorizidio baten kronika da –Irantzu Varelaren terminoa erabiliz–. Pantaila handira orain iritsiko den filmak kontatzen du nola 30 urteren ondoren emakume zauritu bat herrira itzultzen den eskopeta batekin, etengabeko hileko moduko batek... [+]


2024-05-07 | Hala Bedi
Gaza eta Zulueta, Gasteizko Orbain kultur elkartearen maiatzeko dokumental zikloan

 Maiatzaren 7an hasiko da zikloa, Gazaren inguruko hiru dokumental laburrekin.


Josu Martinez: “Interesgarriena Mirande gozatzea da, berarekin ados egon behar izan gabe”

Ostegun arratsalde honetan Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala ikusgai izango dute Ziburun, Baltsan elkartean 18:30etan. Josu Martinez zuzendaria ere bertan izango da solaserako. Ziburuko Azokaldiaren egitarauaren barnean, aurten lehenbiziz kultur ekitaldiak egingo... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Eguneraketa berriak daude