Tunela

Ez dakit zuei ere gertatu ohi zaizuen, baina ni traumatizatuta nauka amets gaiztoa bailitzan: kotxean noa irratia entzuten, eta fundamentu handirik gabeko hamaika konturen ostean zerbait interesgarria komentatzen hasten diren unean, juxtu une horretan, tunelean sartu eta maldizio ikaragarrien artean, historiaren bukaera galtzen dut.

Ez al da patetikoa? Bakar-bakarrik kotxean tunelaren erdian, belarria luze-luze eginda galtzen ari naizen seinaleari mekaguenka. Tunela, beti momenturik txarrenean.

Orain dela hilabete gertatuak bereziki sutu ninduen. Euskadi Irratiko arratsaldeko saioan arbitro gazte beltz bati buruz ari ziren. Itxuraz, larunbatean, nerabeen arteko partida bat epaitzen ari zela, guraso batek “kasik hobea izango zen zure gurasoak pateran zetozela itsaso erdian ito izan balira”, oihukatu omen zion.

Bale –pentsatu duzue–, tamalez, beste guraso desgraziatu bat bere onetik aterata semeari edo alabari ez diolako arbitroak hain garbia izan den penaltia adierazi. Horrelakoak, tamalez, sarri ikusten ditugu edozein larunbat goizetan.

Eta, esan bezala, segidan zer gertatu zen jakiteko desiratzen nengoela Malmasingo tunela pare-parean.

Jo dezagun arbitroa futbol zelai-erdian zegoela eta astapotro hura harmailetan. Jakina, arbitroak entzuteko moduan esan bazuen paterarena, ez alferrik bestela, ondoan zeuden denek entzungo zuten, ezta? Hemen hasten dira nire zalantzak eta galderak.

Beste ikusleren bat hurbildu ote zitzaion, belarri ertzetik heldu eta handik ateratzeko “eskatu” beste guraso guztien txalo artean, edo, akaso, ondoko denak konplizitatezko irria egin eta isilik geratu ziren azken finean taldeari laguntze aldera egin zuelako egin zuena?

Norbaitek salatu ote zuen klubean edo komisaldegian gertatu zena, edo, partida amaitu ondoren txorixo mutur bat txakolin batekin hartzera joan ziren ospatzeko beraien taldeak, azkenean eta kostata arbitro beltz hura oso txarra zelako, irabazi zuela.
    Zuriak eta beldurtiak gara, zarata handiena egiten duenaren aurka inoiz egiten ez dugunak bakeak iskanbilak baino gehiago balio duelakoan. Beraz, ez dezagun errazera jo eta geure burua zuritu bakearen izenean, isilik geratu ostean, artikulu batean gertatua kontatu dugulako. Konplizeak gara, derrigorrezko piezak intolerantziak bere horretan jarrai dezan. Palmeroak, epelak, zuriak.

Beraz, zuetariko norbait orain hilabeteko larunbat goiz hartan arbitro beltz bat zuen partidan izan bazineten, esadazue mesedez nola bukatu zen kontua.

Bestela tunel beltzean jarraitu beharko dut.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude