Askatasunak leku bat hartzen dizunean egunerokoan, haren alde egin behar duzunean halabeharrez, beharrizan bihurtu dizutenean flotatzea, orduan berdin zaizu ze kartzelatan zauden, kartzela propioetan ez erortzea da garrantzitsuena: “Ez galdetu non nagoen, berriz ere./ Hemen nago,/ hotz izoztuko eta ur epeleko aberrian,/ ez lurrean ez airean, soilik aske,/ soilki askatasunean”.

Ekhineren poesiak badauka bertute bat: ez du errukirik nahi espetxean dagoenaz, ez du sortzen literatura lodi hori erruduntasun kolektiboarena. Zarauztarrak askatasunari kantatzen dio preso zergatik dagoen ederto dakienaren soseguaz. Bahitua eta eroana izan dena ez dute nahi, noski, kantari, ez dute nahi idazle, ez dute nahi ametsetan. Horregatik diosku, kontzienteki, ez dela tristea preso egotea, ezpada norbere burua uztea. Hortik hasten baikara uzten gizatasuna bera. Eta gizatasun horren alderik xamur eta poetikoena du zauriak agerian eroate hori, zalantza eta desesperazioa gure baitan daudela aitortzea: “emagaldu/ nahi dut// galdu//ni berri bat/ kausitzeko”. Talaiatik barik, sufritzen duenaren enpatiatik idazten du halaber, zorrotz, ustez libre gabiltzanon munduaz.
Hikmet, Hernandez, Teresa Jesusena. Euren buruen oso kontziente zirelako deitu zuten erresistentziara. Buelta eman zioten sistemari, sistemaren zirrikituetatik irazitako urak lez: “armairutik atera/ eta lokutorioan/ bahitu gaitizten, maite// baina gure gogoek/ elkar hartu eta/ hegan egin diten, aske”.

Arriskatzen duenaren poema liburua ere bada hau. Bihotzarekin eta erraiekin idatzia, batzuetan gorena da eta beste batzuetan lar kaotikoa, lar mendrea poema batzuen esanahia, lar ebidenteak eta behin eta berriz erabiliak zenbait argumentu poetiko, “malkoz itsasoratuko dut gorrotoa eta/ samurtasunari egingo diot txokoa”. Sarriren Kartzelako poemak begi ninietan daramatzagulako izango da beharbada, baina kartzelako nire literatura gogokoenaren ekarpen politiko eta poetikoa oinarritzen da, hain zuzen, apur bat mistikoa ere baden pausan, behaketan eta sakontasunean. Ekhineren poesia, zentzu horretan, menderakaitzagoa da. Abantaila du freskurarena, arriskua saski-naskiarena. Liburu honen xarma eta ekarpen ederrena ere arrisku horretatik jaiotako fruitu debekatua da finean: haragikeriazko maitasun itzel bat maitasun erromantikoa baino askoz ederragoa, borroka klasikoa baino askoz askatzaileagoa.

Alde erantzira nabil / Ekhine Eizagirre / Poesia; Susa, 2016


ASTEKARIA
2016ko uztailaren 10a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Iaz gehien mailegatu zen euskarazko liburua, Nerea Ibarzabalen 'Bar Gloria'

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako liburutegietan 2,7 milioi mailegu egin ziren 2023an, 2018an baino 100.000 inguru gehiago.


Otsoa dator!

Gizakiak istorio kontatzaileak gara, hainbeste, ezen esan ere egin daitekeen narrazio gaitasuna dela gizaki egiten gaituen ezaugarrietako bat. Kontakizunak behar beharrezkoak zaizkigu geure burua eta errealitatea eraikitzeko, eta bereziki aipatzekoa da ipuin klasikoek horretan... [+]


Uxue Alberdi. Hamarkada bi idazten (I)
Aulkitik aulkira, euli-giro eta Jenisjoplin, kontrako eztarritik dendaostera

Uxue Alberdiren lanari begira jarriko gara oraingoan. Lehenengo artikulu honetan helduentzako idatzi dituen ipuinak, eleberriak, saiakera eta kronika hartuko ditugu kontuan. Bigarren artikulu batean ilustratutako anekdotez, istorioez, filosofia liburuez eta idatzizko bertsoez... [+]


Eguneraketa berriak daude