Anti-iritzia

Irudia: Antton Olariaga.
Irudia: Antton Olariaga.

Mezu bat jaso nuen, Kaixo Irati, goiburu pertsonalizatuarekin.(Irati maitea, idazten da alemanez mezu baten goiburuan). Abisu batekin hasten zen: “Aldez aurretik, mezu luzea da hau”, eta berehala argitzen zen jende askori bidalitako elkartasun eskaria zela. Moviemento zinemakoek jende jatorra behar zuten tea eta galletak banatzen laguntzeko, gai polemiko baten inguruan jendeak esateko zuena entzuteko prestutasunaz gain, elkarrizketa giro bat sortzeko asmoz. Jarraian, emanaldi baten inguruan sortutako egoera “korapilatsu eta aldi berean absurdoa” esplikatzen zen.

Aspalditik ezagutzen dut Alemaniako zinemarik zaharrena kudeatzen duen bikotea; haietako batekin ikasi nuen nik 35mm-ko filmak proiektatzen. Gainera, birritan egin dugu bertan Berlingo euskal zinemaldia, eta beraz, ez nintzen izan solidaritatea erakusteko agendan tartea egin zien euskaldun bakarra.

Irakurle bizkorren batek pentsatuko zuen errefuxiatuen aldeko eta eskuin muturrekoen arteko liskarrarekin lotura izango duela auziak. Giza eskubideen aldekoen eta haien errefusatzaileen arteko talkarekin. Mugak zabaldu edo ixtearen arteko gatazka. Krisiari iraultza baten potentziala ikusten diotenak edo Mendebaldearen islamizazioaren aurkariak. Ez al da, bada, hori gai totala? Bai, bada. Eta Moviementokoak tea eta galletak banatzen?

Ez, egoerak puntu absurdo bat zuela gogoratuko dugu. Laburpen batek eskatzen duen bezala, hainbat xehetasun bazter utziz: Israelgo zinemagile batek bere dokumentala estreinatzeko alokatu zuen areto handia. Shitstorma sarean, deiak zinemara, deiak sakelako pertsonaletara. Esanez: “Zinema antisemita bat zarete emanaldia bertan behera uzten ez baduzue”. Deitzen zutenek ez zuten filma ikusia eta ez zuten ikusi nahi. Israelen okupazio politikarekiko kritikoa baita dokumentaleko protagonista, astero palestinarrekin batera manifestatzen den gaztea. Gainera zuzendariak Israelen kontrako boikotera deitzen duen talde aktibista (BDS) gonbidatu zuen estreinaldira (nahiz eta zinemako bi jabeak boikotaren kontrakoak izan). Zinemakoek ez zietenez mehatxuei men egin, manifestazioa deitu zuten Stop BDS- baldintzarik gabeko solidaritatea Israelekin lemapean. Baina nortzuk, galdetuko du irakurle bizkorrak? Adi: Anti-alemaniarrak bezala ezagutzen dira, Antifaxista Sionistak dute izen ofiziala eta ezkerraren talde pro-israeldarra dira. Ez zuten te edo galletarik nahi, nahiz eta hauek koscher izan (juduen sinesmenaren araberako jaki garbia). Koscher?, betaurreko beltzen atzean ezkutaturiko anti-alemaniar alemaniar peto batek, orduan bai ezetz! Baina ordurako kontramanifaren kontrako manifak (FOR Palestine taldeak espontaneoki deituak) harrapatu gintuen beste aldetik eta erdian galleta koscherrez betetako plater bati eusten egotea estrategia ergel askia bihurtu zitzaigun.

Ez dakit noizbait saiatu izan zareten Euskal Herriko gatazka politikoa guretik at esplikatzen. Eta nolako emaitzak lortu izan dituzuen. Barruan dagoenak menperatzen ditu terminoak, argudioak, indar-harremanak. Kanpotik ikusita oso korapilatsua eta absurdoa bihurtzen da dena. Ez dakit zuek, ni behintzat, gai polemiko gehienetan kanpotar sentitzen naiz. Gero eta gehiago, gainera. Oso gauza gutxi dira, eta oso funtsezkoak, argi ditudanak. Ez dakit zer egiten dudan Iritzia atalean idazten.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Keinuak

Asmatuz gero, ziur asko, eraginkorragoa da keinu bat, hitz bat baino. Zenbat bider esan eta ezeztatu dugu mila hitzek irudi batek baino gehiago balio dutela. Barkatu, alderantziz da. Ez da bakoitzak zenbat balio duen, da zertarako. Zerbait ulertzen burua bihurritu nahi... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


Eguneraketa berriak daude