"Antzerkia lurralde antolaketa politika bat izan daiteke"

  • Aitaren semeak, amaren alabak, amaren semeak, aitaren alabak... Etiketa, sailkapen, topiko eta estereotipoz josita dago mundua. Zoritxarrez. Horregatik, izan eta izaten utzi, bizi eta biziarazi.

Musikari, kantari eta antzerkilaria. Amaren Alabak taldeko kide, Gartxot pelikulako Xuneren ahotsa, Ederlezi pastoraleko muntatzaile eta parte-hartzaile, Le Petit Théâtre de Pain, Bonbon noir et crotte de bique, eta Huts Teatroa konpainietako partaide...
Musikari, kantari eta antzerkilaria. Amaren Alabak taldeko kide, Gartxot pelikulako Xuneren ahotsa, Ederlezi pastoraleko muntatzaile eta parte-hartzaile, Le Petit Théâtre de Pain, Bonbon noir et crotte de bique, eta Huts Teatroa konpainietako partaide...

Ez gara denak etxe berean sortzen, ez zuhaitz berean heltzen.

Kantu, dantza eta sorkuntzarako gustua jaso ditut nik. Transmititutako materialarekiko oso harreman aske eta jostaria. “Tori kantuak, tori dantzak, eta egizu nahi duzuna, josta zaitez!”. Horregatik, bizian, hurbilago sentitzen naiz jostatzeko gustua duen jendearengandik, ene ber materialarekin sortu eta hazi den anitzengandik baino. Ez naiz material hori besterik gabe kontserbatzeko eta salbatzeko logikan, ez zait burutik pasatzen ezin dela deus kanbiatu. Tradizioa galtzeko beldurrak kakinarazten nau. Izan ere, aise da inspiratuak ez garelako beti ber gauza egin eta deus ez dela kanbiatu behar erranez justifikatzea. Sortzen ari zarenean ez duzu galtzeko beldurrik, hatsarreko material horrekiko maitasunez duzu sortzen. Tradizioa ederra da, pistak ematen ditu, formak, baina ez badugu kanbiatzen izan dadila ez dugulako kanbiatu nahi, ez ez delako kanbiatu behar.  

Parisko bost urteko egonaldiak kanbiatu zaitu?

Paris munduen kontzentrazioa da, kultura anitzen nahasketa. Egia da galdurik sentitzen ahal zarela, baina hori nuen xerkatzen, emanik izan zitzaidan guzti hortaz askatzea. Kultura ezberdinetako jende anitzen artean bat gehiago nintzen, eta ondorioz, zer nintzen galdetzen nion ene buruari. Ordura arte baino anitzez gehiago esplikatu behar izan nuen euskaldun izatea zer den, folklorismo bukoliko eta terrorismoaren koktel hori baino askoz konplikatuagoa eta sakonagoa zela, eta esplikatu behar izateak distantzia eman zidan. Halaber, hemen ez nintzela Parisen baino gehiago aspertzen ohartu nintzen. Zenbaitetan, Xiberoan gauza anitz iragaiten zirela sentitzen nuen, horiekiko lotura azkarra nuela, eta beste zenbaitetan ez zela deus gertatzen baina horrek ere on egiten zuela. Parisen konturatu naiz zenbat gauza gertatzen den hemen. Han ohartu naiz hemen bezainbat bizi atzematen ahal nuen gune bat xerkatzen nuelako hartu nuela lur Parisen. Alabaina, beti izan dut argi ez nuela han bizi nahi. Uros nintzen denbora baliatzen nuelako Parisez gozatzeko, deskubritzeko, hirian galtzeko, baina jendea lan erritmo pisu batean alienatua ikusten nuenean... Sentimenduz eta bizi kalitatez, zerbait egitekotan hemen da ene lekua.   

Zer da artistak egin behar duena?

Jendeak maite duena ez, jendeak maitatu dezakeena proposatzen duela entzun berri diot Pierre Chancel artistari irratian. Zer forma eman intimoki maite duzula segur zaren horri publikoarengana heltzeko? Eni, publikoak espero duena ez, publikoak espero duenarekin lotura duen, baina beste forma edo ikuspuntu bat irekitzen duena eskaintzea gustatzen zait. Amaren Alabak-ekin egiten genuen eta antzerkian ber gauza. Adibidez, usu Iparraldean jendea irri egitera joaten da antzerkira, eta eszenan iragaiten dena irrigarria ez izanik ere, jendeak irri egiten du. Horregatik ene beste bi lagunekin gure obra prestatzen hasten garelarik, publikoari negar egiteko parada ere eskaini behar zaiola aipatzen diet, ez min egiteko, korapiloak askatzeko baizik. Publikoa harritzea eta xarmatzea da artistaren lana, espero ez duena eta gustatzen ahal zaiona proposatzea.   

Muntatu duzuen Ederlezi pastoralak bezala?

Ederlezi edo Joxemiel Bidador pastoralekin “zinezko pastoral bat dea?” galdetzen du jendeak, eta ni ontsa futitzen naiz koadroaz, etiketaz, eta debate hortaz. Mendez mende heldu zaigun istorioak kontatzeko molde hori bakoitzak bere gisara deklinatu ahal izatea interesatzen zait. Pastoralak badu gibelera pusatzen nauen alde geldi, geldo, pisu, mugigaitza, baina aldi berean, izugarri maite dut funtsean duena. Horregatik zait eder funts hori bakoitzak bere maneran interpretatzea. Ederlezin konprenitu dut biziki formala zela pastorala, aktoreek ez dutela hitzetan sartzeko beharrik. Kantari ona bazara eta ibiltzen presentzia baduzu, berdin-berdin muntatzen ahal duzu Hitler, Xalbador edo Monzon goraipatzen duen pastorala. Antzerkian ezin duzu erreplika eman muinean sartu gabe, pastoralean bai. Erraten duzunarekin ados zaren ala ez pentsatu gabe egiten ahal duzu zerbait biziki ederra. Ederlezin, emanaldi egunean konprenitu genuen erraten genuena. Publikoaren erreakzioari esker ohartu gara historia ofizialarekiko istorio aski subertsiboa ari ginela kontatzen.

Subertsiboa da euskara aspaldiko kinka larrienean denean sortzea pastoralen loraldi hau?

Gauza ederrak, dekoraziozkoak, dira kultura baten azken arrastoak. Pastoralak badu, etxeen euskarazko izenekin eta lehengo tresnen marrazkiekin batera, hemengo dekorazio handiena bilakatzeko arriskua. Ikusiko. Oraingoz pastoralak funtzio sozial oso azkarra du. Azal hori mantendu nahia behar genuke baliatu. Herri batek pastorala beregain hartzeak kanbiatzen ahal du herria, kanbiatzen ahal du herriko jendea, maskarada muntatzeko gogoa eman dezake, eta forma horren emateko harrotasunak euskara ikastera bultzatu. Euskararen mundurako sartze posiblea da kultura. Pastorala edo maskarada emateko beti beharko da euskara. Batere euskaldunik bilduko ez denean ez da gehiago pastoralik izanen. Horrek atxikitzen du ontzi handi bat, ez dena batere betea, baina arrabetetzen ahal dena. Ontziaren maitasunak piztu dezake betetzen hasteko gogoa.  

Jendartean hiru ontzi ezberdin dira musika, kantua eta antzerkia. Zuk denak dituzu ontzi berean.

Hemengo arte munduan, pastoraletik eta maskaradatik hasita, lotura estua dute hiruek. Antzerkian baliatzen ditut kanturako ditudan armak baina ber denboran antzerkian kantuarekin landutakoetatik askatzen ikasi behar dut. Zuberotarrak kantan estatikoak gara, duinak oso, eta antzerkian gorputza libratu behar da. Kantuak ez dit bortxaz antzerkiko lana aisatzen. Pentsa, kantuan ariz ez dut nehoiz bozik urratu, antzerkian bai. Eszenan naturaltasun aire batekin mugitzeko oso teknika artifizialak erabiltzen dira. Ez du deus ikustekorik eguneroko bizian dugun mintzatzeko edo mugitzeko moldearekin. Aktore batek bere baitako konplexutasun guztia behar du eskuragarri, bere irudimena jalgiarazteko gaitasuna izan, barne-zentsura anitzak laxatzen jakin, beti ontsa eta eder agertzeko nahiaren gainetik egon... Bizi oso bateko lana da.

Eta, Etxekoak-en bezala, lana zure biziari buruzkoa denean?

Errealitatearen eta fikzioaren arteko tartea ttikia denean ez da erraza, baina fikzionatzea bera lehen urrats bat da distantzia hartu eta barnean duzunarekin nola jostatzen ahal zaren ikasteko. Nire pertsonaiak nik bezala beste herrialde bateko bikotekidea du, baina nik antzezteko baliatzen ditudanak oro gure baitan ditugunak dira. Maitasuna, injustiziaren aitzinean oldartzea... hortik edaten dut nire istorio pertsonaletik baino gehiago. Beste bi lagunekin muntatutako antzerkian, aldiz, emazte izateari buruz gogoetatu dugu, lehengoen askatasunik eza eta egungoen ustezko askatasuna konparatuz. Gure barne-barneko korapiloa zen eta emazte ezberdinen istorioen ilkitzea aitzina jotzeko modu bat izan da. Nik ezin dut emaztearen gaia puntualki landu. Enea betidanik eta betirako da. Barne-barnetik hunkitzen nautelako heltzen diet emazteok ditugun eskapurik gabeko galderei. Ene lagunaren familia bisitatzera Aljeriara joan eta hango emazteak ikusten ditudanean, kontent naiz sortu naizen lekuan sorturik, baina hala ere, ber galderak ditugu. Horiek jorratu nahi ditut, horiek partekatu, biziaren funtsezko problemak, biziaren parte direnak eta bizia interesgarri egiten dutenak.

Euskal antzerki nazionala egiteak ere bihurtzen du bizia interesgarri?

Uhinaren gainean sartu naiz, baina izugarri kontent naiz horren bultzatzaileak hurbiletik lanean ikusirik. Gaur da eguna haiek pausatzen dituzten galderak pausatzera heltzen naizena. Orain arte ez nintzen batere kezka horietan. Amaren Alabak-ekin Euskal Herriaren itzulia egin dugu elkarte munduaren bidez, ez profesionalki. Ez nuen erakunde eta antolakundeen beharrik ikusten, enetako hori zen modeloa. Orain ari naiz ohartzen antzerki lanak denbora galdegiten duela, sosa behar dela, eta batez ere, jendartean gauzak aitzinarazteko funtzio artistikoa dela motorra. Izugarri ederra zait Euskal Herri osoan obra bera emanez jendearengana heltzea, Zuberoan eta Araban mami bera partekatzea. Lurralde antolaketa politika bat izan daiteke antzerkia, Herri bat sortu dezake, ez Herri instituzional bat baina bai irudi, hausnarketa eta erreferentzia berak dituen multzo kohesionatua. Herriz herrikoa zena Euskal Herriaren heinean da orain. Hori da Zuberoan behar duguna. Hemen jendeak bere herriarekiko atxikimendu biziki azkarra du, anitzek ez dute herriaz haraindiko antolamenduen beharrik ikusten. Hola mintzo direnak, alta, ez dira ohartzen lehen mila biztanleko herria zena ehunekoa dela egun, lehen 500 euskalduneko herriak bost baizik ez dituela orain, 50 etxalde zituenari bakarra gelditzen zaiola... Hemengo gazteek herriarekiko lotura sakona dute, baina zenbat dira herri bakoitzean? Gaur egun, ene herria ez da ez Gotaine ez Atharratze, gutxienez Xiberoa da, eta ari naiz ikasten Euskal Herri osoa izan daitekeela, partekatzeak gaituela herri egiten. 

Partekatu nahia zen Amaren Alabak?

Amaren Alabak-en sentitutako plazer, xantza eta libertate handiak anitz handiarazi gaitu. Euskal Herri osoan ibili gara, jendearekin bestan, gomit, sekula kantaldi baten atzemateko eri ttipia altxatu gabe. Sei lagun ginen, gazte-gazteak, kurritzeko denboraz eta egarriz, aitamek “zoazte kantatzera!” erraten ziguten... Zer gehiago behar genuen? Ez dut sekula lan bat bezala bizi izan, “has gaitezen jostatzen!” pentsatzen nuen beti. Aldi berean, etiketa bat genuela sentitzen nuen, “neskak Zuberoan kantan hasten...”, baina zer nahi duzu, neskak izanik ez genuen gizon koroa egiten ahal! Gainera, guretzat ez zen gaitz berritzea. Nola eman forma bisuala ingurutik emana zitzaigun kantu eta material andanari? Nola hedatu ondare hori? Galdera horiekin urratu dugu bidea, formak berrituz eta mamian barnago joanez anitzez gehiago partekatzen zela konbentziturik.  

“Xiberoan ere fandango”, beraz?

Nik badut kurritu beharra, baina Xiberoara sartzean gehien maite dudana oinak lurrean pausatzea da, eta ez gudroinean edo betoiaren gainean. Adibidez, laborantzarekiko miresmen bat dut, fantasia bat, funtsezkoa iruditzen zait. Ene idealean, lehenik oinarrizko beharrei arrapostua eman behar zaie eta hortik landako oro bonus bat baizik ez da. Ez dakit bizi daitekeen elikatzearen funtzio horretatik kanpo, besteei betearaziz eta sosarekin erosiz. Parisen obsesio bat zen hori enetako, han ez da lurrik, ez da belarrik, dena gudroina, dena betoia. Paristik sartzean ohartu nintzen nik maite ditudan gauza ederrenak bizimodu horretatik sortuak direla. Kantatzeko beharrak, artzainen basa aireek... hemen present diren baratzearekin, kabalekin, sasoian sasoiko bizi erritmoarekin dute lotura. Ni beti ari naiz kurritzen, ez naiz sekula etxean, ez naiz kabalarik ukaiteko gai, baina kostatzen zait hori onartzea. Orain hasi naiz onartzen egiten dudanak ere balio duela, baduela funtzio bat. Horregatik, ene bizia desbideratzen dudanean ez da lanbide finko eta egonkorra ukaiteko. Hori oso behar berria da. Nahiago dut ene bidea lurrarekiko eta biziarekiko lotura azkartzeko desbideratu.

Maika Etxekopar

1987, Gotaine-Irabarne. Musikari, kantari eta antzerkilaria. Amaren Alabak taldeko kide, Gartxot pelikulako Xuneren ahotsa, Ederlezi pastoraleko muntatzaile eta parte-hartzaile, Le Petit Théâtre de Pain, Bonbon noir et crotte de bique, eta Huts Teatroa konpainietako partaide... Azken hilabeteetan, Etxekoak antzezlanarekin dabil Euskal Herrian barna.

Off the record
Formakuntza

Formakuntza eskas duela aitortu digu Maikak, hasiberria dela, bere burua armatuago sentitzeko beharra duela, ez dela beti aski egitez ikastea. Aura berezia duela da aitortzen ez duena, agertzea aski duela zerbait berezia transmititzeko. Halatsu azaldu da Atharratzeko plazako hitzordura. Egin dugu elkarrizketa, hartu ditugu argazkiak, eta Mixel Etxekoparri (Maikaren aitari) aspaldi entzundakoa gogoan egin dut etxerakoa: “Xiberotarrak ez gara raperoak baino fosilduagoak!” egiten zuen aldarri. Ez da Maika formakuntza eskas duen bakarra. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


2024-02-13 | Euskal Irratiak
Oier Araolaza
"Libertimenduak herrietako harremanak erregulatzeko eta egituratzeko tresnak dira"

Nehoiz baino negu epelagoa izanik ere, ihauteek udaberriari dei eginen diote. Ihauterietako asteburu gotorrena heldu da. Irisarrin Donibane Garazin, Donostiako Añorga auzoan edota Iruñean libertimenduak izanen dira, Irurin maskaradak eta Lapurdiko hamaika herritan... [+]


Eguneraketa berriak daude