Poparen eta rockaren arteko mugan

Ostegunetan Euskal Herriko taldeen kontzertuak jarrita, ez da jakiten inoiz jendea Kutxitik ateratzea lortuko duen taldeak, ala merezi baino jende gutxiagoren aurrean jo beharko duten. Kasu honetan, mugitu gintuen Izaki Gardenak-ek; etxean jotzen ari ziren seinale.

Kontzertua Aurri Gara laneko lehen bi kantuekin hasi zen, eta horrek disko osoa segidan entzungo genuela pentsatzera eraman bagintuen ere, hirugarrenerako Amaieratik hasi lanetik tiraka hasi zen Jon Basaguren eta koadrila. Eta hemen hasi ginen nabaritzen aurreko bien eta aurkezten ari ziren lanaren arteko aldea. 

Poparen eta rockaren arteko muga lauso horretan dago Izaki Gardenak-en soinua, eta americana etiketa zabala ere jarri izan zaio maiz. Bada, kaleratu berri duten Aurri Gara honetan poperantz gehixeago lerratzen dira kantuak. Eta nago horretan gitarra-jotzaile aldaketak eragin duela: Joseba Baleztena, lehengo gitarra-jotzailearen estiloa rockeroagoa zen; oraingo Eneko Lezaren gitarra konponketak soilagoak dira, ez dira hainbeste nabarmentzen.

Kontzertuak aurrera egin ahala, disko guztietako kantuak joan ziren agertzen. Itsasargiakeko bakarra jo zuten, Ni naiz izenekoa, americana kutsu nabarmena duen kantua, eta publikoak taldearekin batera kantatu zuena. Jo ohi duten kanturik rockeroena, berriz, Hala Bedi Irratiaren 30. urteurreneko bildumarako egin zuten Ruper Ordorikaren Ene begiek kantuaren bertsioa, bakarka jo zuen Basagurenek, ahotsarekin erakustaldia emanda. Bueno, ahots erakustaldia kontzertu osoan zehar egin zuen eta emanaldi guztietan egiten du Basagurenek; izan ere, badu eta horretarako gairik. 

Egia da, baina, taldearen hasierako kontzertuetan baino gutxiago “erakusten” duela, orain neurtuago dabilela. Diskoaren aurkezpenean hala esan zuen: “Zerbait erakusten aritu beharrean, zerbait on egin nahi nuen”. Eta ondo dabiltzala, besteak beste, Piztiek somatu gaituzte kantuan nabaritu genuen, Jonen ahotsa Eneko Leza eta Libe Garcia de Cortazar teklatu jotzailearenarekin batu zirenean. Ze estribillo dotorea! Dudarik gabe, diskoko eta kontzertuko kanturik borobilena. 

Ordubete inguru zeramatela, azken kantua iragarri zuten, eta Horma eta haizea kantua jotzeari ekin. Tom Petty! egin nion aldamenekoari; eta berak baietz, bazuela kutsua. Aurri Garako kanturik gitarreroena jo, Jimmy Jazzeko kamerinoetara sartu-atera egin, eta Nora ezean kantuarekin agurtu gintuzten.

Amaitu berritan, beste pare bat kantu gustura entzungo genituen sentsazioarekin, salmahaira gerturatu eta diskoa eskutan, buelta kalera. Ondorengo egunetan, diskoa entzunda, zuzenekoan baino soinu rockeroagoa duela iruditu zait, eta ez da batere ohikoa. Agian, bigarren aurkezpen kontzertua izaki, gehiegi eutsi zioten… Beste kontzerturen batera zoaztenok, esango duzue.

Izaki Gardenak

Gasteizko jimmy jazz aretoa, azaroak 12

Hurrengo kontzertuak: 

Azaroaren 20an: Jai-Zale taberna (Arrasate)
Azaroaren 27an: Victoria Eugenia Club (Donostia)


Azkenak
2024-05-07
Hauxe da Gaza suntsitzeko Israelen eta AEBen plana

Su-eten bat lortzeko Mendebaldearen ahaleginak serioak direla itxura egiten dute Mendebaldeko komunikabideek. Baina argi dago aldez aurretik idatzitako beste gidoi bat dagoela. Artikulu honetan Jonathan Cook kazetari britainiarrak aurreratu digu zein den Israel eta AEB... [+]


2024-05-06 | ARGIA
Meaka-Irimo herri plataformak kontzentrazioa egingo du maiatzaren 7an Jaurlaritza aurrean

Capital Energy multinazionalak Irimon zentral eolikorik egin ez dezan eskatzeko egingo dute elkarretaratzea maiatzaren 7 goizean.


Israelek Al Jazeera hedabidea debekatu du

Hamasen tresna izatea leporatuta ezarri du debekua estatu sionistak. Al Jazeerak akusazioak ukatu ditu eta ahots kritikoak isilarazi nahia salatu du. Nazioarteko hainbat elkartek kritikatu dute “prentsa askatasunaren aurkako erasoa”. Debekua 45 egunekoa da momentuz,... [+]


Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


Eguneraketa berriak daude