Euskara enpresan

Uztaz eta aurrera egiteko behar denaz

  • Zer egin da euskara lan munduan normalizatzeko, eta zer behar da aurrera egiteko? Galdera horiei erantzun nahian, sei eragile bildu ziren mahai-inguruan, urriaren 7an, IMHren mintegian. Bakoitzak bere talaiatik bere argazkia atera zuen. Balorazio orokorra: gazi-gozoa.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2015eko urriaren 18a
Ezkerretik eskuinera: Jorge Jimenez (HPS), Imanol Esnaola (Gaindegia), Fermin Lazkano (IMH), Paul Bilbao (Kontseilua), Jon Mugartegi (DanobatGroup), Rikardo Lamadrid (Laneki), eta Nerea Azurmendi moderatzailea.
Ezkerretik eskuinera: Jorge Jimenez (HPS), Imanol Esnaola (Gaindegia), Fermin Lazkano (IMH), Paul Bilbao (Kontseilua), Jon Mugartegi (DanobatGroup), Rikardo Lamadrid (Laneki), eta Nerea Azurmendi moderatzailea.

Elgoibarko Makina Erreminta Institutuak (IMH) hamargarren aldiz antolatu zuen urriaren 7an 30+10 mintegia. Zenbaki borobila baliatuz, geldialdia egin eta orain arte prozesuak eman duenaz hausnartzeko tartea hartu zuten. Gogoetarako balio izan zuen mahai-inguruaren printza batzuk ekarri ditugu hona.

Hedatu baino, dagoenari eutsi

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendari Jorge Jimenezek 1991n enpresetan esperientzia pilotuak hasi zituztenetik gaur arte emandako pausoak bildu zituen. Azken 18 urteetan 418 enpresak bideratu dituzte euskara planak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen bidez eta 84.000 langileri eragin die euskara plan horiek. Gipuzkoan izan du indar handiena euskararen normalizazioak, 230 enpresak baliatu baitituzte Jaurlaritzaren laguntzak. Bizkaikoak 160 izan dira eta Arabakoak 28. 2008-2014 urteen artean maila bateko edo besteko Bikain Euskararen kalitate ziurtagiria lortu zuten enpresek 24.000 langile biltzen zituzten.

Gaur egungoari begira, besteak beste bi albiste eman zituen Jimenezek. Batetik, aurten, 65 enpresatan egingo dituzte hizkuntza ebaluazioak, inoiz baino gehiagotan. Bestetik, elkargo profesionalei diru-laguntzetarako bidea ireki zaie lehen aldiz eta harrera ona izan du; adibidez EAEko hiru lurraldeetako abokatuen elkargoek baietza eman dute. Bidea egiten bai, baina Jimenezek berak (ez zen bakarra halako iritzia zuena) adierazi zuen “emaitzak batez beste apalegiak” direla. Jakinaren gainean euskararen normalizazioan EAEko enpresa gutxi batzuetan baino ez dela eragin, Jimenezen ustez, zabalkundeak ez, baizik eta eraginkortasunak du lehentasuna, alegia, orain arteko emaitzak hobetu, lortutakoa iraunkortu eta enpresa aitzindariok besteen eredu bilakatu.

Lurgune euskaldunak zaindu beharra

UEMAk eskatuta, Gaindegiak zenbait azterlan egin du udalerri euskaldunen ezaugarri sozioekonomikoen egoeraz eta bilakaeraz. Gaindegiako koordinatzaile Imanol Esnaolak lurgune euskaldunetan jarri zuen fokua eta sozioekonomiaren ezaugarri nagusiak aipatu zituen, euskararen normalizazioan eragin dezaketela kontuan hartuta. Lurgune euskaldunetan industria sektoreak pisua du, tamaina dezenteko enpresak daude. Aldiz, etorkizuna goi-mailako formazioa duten langileetan eta teknologia maila handiko industrian dago, eta udalerri euskaldunak (udalerri txikiak oro har) pattal dabiltza gai horretan. Populazio urrikoak izanik, langabeziak eragin zuzena izan dezake eta oso litekeena da, demagun, itxitako enpresako hamar langileak inguruko herrietara joatea lanera, zeinak erraz asko izan daitezkeen jaioterria baino dezentez udalerri erdaldunagoak. Horregatik, Esnaolak lurgune euskaldunetako alor sozioekonomikoa tentuz zaindu beharra azpimarratu zuen, gune horietan baitago euskaldun potentzial handiena.

Erreminta informatikoak euskaratu

Fermin Lazkano IMHko Berrikuntzarako Tkgune Fabrikazio sareko zuzendariaren ustez, lan mundua euskalduntzeko prozesua moteldu egingo da. Oraindik ez da hala gertatu, beste alor batzuekin alderatuz (aisialdia, irakaskuntza, administrazioa...) berandu hasi garelako lantzen. Euskalduntzea bizkortu baino makalduko duten bi faktore aipatu zituen. Batetik, gogo gabezia, hau da, euskara jakin arren, bai ahoz baita idatziz ere, gaztelaniaz egiten dela askotan. Bestetik, lantokian hartu-emanetan diren lau elementuen arteko (langileak, tresnak, lankideak eta bezero-hornitzaileak) konbinazioak kalkulatu ditu Lazkanok. Maizen errepikatzen den harreman mota langilearen eta tresnaren artekoa da. Lazkanoren ustez, datu hori oso garrantzitsua da, izan ere, erreminta informatiko gehienak ez daude euskaraz, eta beraz, langileak haiekin harremana erdaraz izateaz gain, lankideekin eta bezeroekin izaten den harremanerako hizkuntzan eragiten du. Erreminta informatikoak euskaratzea lehenetsi zuen, baita euskaraz dagoena indar gehiagoz zabaltzea ere, “badira enpresa bultzatzaile aurreratuak, baina gehienek ez dakite ezer, www.euskara.euskadi.eus badenik ere ez dakite”.  

Egiteko dagoena erakusteko, Lanbide Heziketako ikasleei egindako inkesta bateko datua eman zuen: ikasleen 10etik 8 gai da euskaraz lanean aritzeko; 10etik 6k euskaraz egin nahiko luke lan; 10etik 3 iristen dira praktikak euskaraz egitera.  

Sustapena bai, arautzea ere bai

Lau zutabe ditu lan munduaren euskalduntze prozesuak Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz: enpresak, langileak, bezeroak, eta erakunde publikoak. Hainbat enpresak euskalduntzean egindako bidea azpimarratu zuen eta nola egile izatetik eragile izateko saltoa ematera doazen. Oraintxe bultzatu berri du Kontseiluak Euskaragileak enpresa batzordea, 13 enpresak osatua, guztiak euskalduntzean aitzindariak. Haien asmoa beste enpresengan eragitea da, eta esate baterako, aurki hornitzaileekin lanean hastea dute asmoa. Langileen alorra jorratzeko, sindikatuen parte-hartze aktiboa eskatu zuen, baina jakitun da gaur egun haien artean dagoen giroa kontuan hartuta zaila dela guztiekin batera lan egitea. Bezeroak ahalduntzeaz hitz egin zuen, “zergatik ez dugu bezerook gure boterea baliatuko euskalduntze prozesua bultzatzeko?”. Erakundeei bi funtzio esleitu zizkien: sustapena eta arautzea. Bilbaoren ustez, erakunde publikoak sustapenean oinarritu dira eta arautzearen bidea esploratzeko dago. Arautzeak emaitza interesgarriak ekarri dituela uste du, kontsumitzaileen dekretua onartuta eta langileen kontratazio irizpideak ezarrita enpresetako euskara plan kopuruak nabarmen egin zuen gora.

“Zergatik ez lantokian euskaraz?”

Mahai-ingurura adibide praktikoa ekarri zuen Jon Mugartegi DanobatGroupeko (Elgoibar) euskara batzordeburuak. Hainbat langilek eskatutakoari erantzuten saiatu dira enpresan, alegia, euskara lan hizkuntza izatea. Hasieran langileen %60-70 ziren elebidunak. Makina Erremintako enpresa honek ekoizpenaren %90 atzerrian saltzen du, baina hala ere, hauxe langileen galdera: “Zergatik ez etxean euskaraz?” Hiru zutabetan oinarrituta dago euskalduntze prozesua: hizkuntza irizpideak, hizkuntza eskakizunak (lanpostu guztietan), eta euskara batzordea. Gaur egun langileen %85 inguruk daki euskara eta batzarretan proportzio berean erabiltzen da euskara. Beste kontu bat da pasilloetako hizkuntza. 2013ko erabilera neurketaren arabera, %40-45. Langile berrien %90etik gora elebidunak dira.

Lanbide Heziketan poliki-poliki

Mahai-ingurua hasi baino lehen, Laneki Lanbide Heziketa sustatzeko eta hobetzeko elkartearen ahotik egoeraren laburpen esanguratsua entzun genuen. Formazio dualak (lanean eta ikasten batera ari dira) euskalduntze prozesuan ez du biderik egin; prestakuntza iraunkorrean  semaforo gorria dago piztuta, ez baita aurrera egiten; eta lantokiko prestakuntza da pauso indartsuenak eman diren eremua.

Rikardo Lamadrid Lanekiko presidentea egon zen mahai-inguruan, eta haren iritziz, EAEko Lanbide Heziketa eredugarria da munduan, ez da kasualitatea hala izatea, eta horrek euskararen osasunean eragina du, hoberako. Hala ere, aitortu zuen hobetzen bai, baina apal gabiltzala.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Euskara lan munduan

Euskara lan munduan kanaletik interesatuko zaizu...
2018-07-18 | Txintxarri
Lasarte-Oriako udaltzainen hizkuntza eskakizunak, "legez kanpokoak"

Udaltzaingoko kaporal agenteei eskatutako euskara maila apaldu du udalbatzarrak, adituen irizpideen aurka.


Aurten herritarrek, hurrengoan entitateek hartuko dute ardura Euskaraldian

Oraindik egin ez den 2018ko Euskaraldiak segida izango du 2019an. Orduan entitateek hartu beharko dituzte neurriak etxe barrura eta kanpora begira hizkuntza ohiturak aldatzeko. Maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak Udaltop topaketetan aurkeztu zuten orain arte diseinatutakoa.


2018-06-01 | ARGIA
"Ahobiziak" eta "belarriprestak" Osakidetzan, Banco Sabadellen, Caixabanken...

Udazkeneko Euskaraldian protagonista nagusiak herritarrak dira. Hala ere, entitateek haien eremuetan “ahobiziak” eta “belarriprestak” aktibatzeko ardura hartu ahal izango dute. Batzuek hartu dute horretarako konpromisoa.


Entitateen Euskaraldiaren proposamena aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaleen Topaguneak

Oraindik egin ez den 2018ko Euskaraldiak segida izango du 2019an. Orduan entitateek hartu beharko dituzte neurriak etxe barrura eta kanpora begira hizkuntza ohiturak aldatzeko. Jaurlaritzak eta Topaguneak Udaltopen aurkeztu dute orain arte diseinatutakoa.


Osakidetzak ez du euskarazko arreta osoa bermatzen

Osasun sistema publikoko hizkuntza eskakizunek hautsak harrotu ditu azken urteetan; Tolosaldean bi familia mediku lanpostu sortu dira eta ez dute hizkuntza eskakizunik.


2018-03-28 | Pello Igeregi
Euskaldunak euskaldunen kontra?

Baten bat harrituko zen LABeko zuzendaritzako kide eta Euskara Arduradun den Amaia Aurrekoetxeak Berrian idatzitakoa irakurtzean: ELAk Ondarroako udala erdaraz aritzera behartzen omen du. Ondarroako udalak bere langileei Lanpostuen Balorazioa egiteko txostena helarazi die. Balorazio hau egiteko euskaraz hizkera tekniko-juridikoa erabili dute. Langileak euskaldunak dira, baina ez dute bidalitakoa ulertzen eta horregatik udalari ulertzeko moduko testu bat bidaltzea eskatu diote, erdaraz bada ere... [+]


Ondarroan gazteleraz?

ELA sindikatuak Ondarroako Udalari eskatu dio euskaratik gaztelaniara itzultzeko lanpostuen zerrenda zehazteko egiten ari den txostena. Honi buruz hitz egin du LABeko Euskara idazkari Amaia Aurrekoetxeak, iritzi artikuluan.


2017-12-01 | Antxeta Irratia
Jaurlaritzari hizkuntza perfilak berraztertzeko eskatu dio Irungo PPk, lanpostu publikoetan euskara traba delakoan

Irungo PP alderdiak hartu du hitza gaur, gazteleraz, denok aho bete hortz uzteko. Muriel Larrea, popularren bozeramaleak euskara ez dakitenek, berdin irundarrak eta euskal herritarrak edo baskoak direla aldarrikatu du, eta euskara eremu politikotik aldendu beharra dagoela nabarmendu du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari hizkuntzak perfilen sistema berraztertu beharko lukeela dio, lanpostu publikoetan, "euskara traba delako".


Euskararen etorkizuna hiztunen esku bakarrik?

Bosgarren aldiz egin dira Inkesta Soziolinguistikoa eta Kale Neurketa eta hauen emaitzekin gaur egungo euskararen erabilera maila ezagutu da. Euskararen jakintza goraka doan heinean erabilera ez igotzea euskaldunen erantzukizuna al da?


2017-05-30 | ARGIA
Hizkuntza eskubideen aldeko borroka sindikala indartu nahi du ELAk

Ekainaren 2an, Donostiako Olarain Ikastetxean Euskara sindikatuaren erdigunera ekarri. Hizkuntza eskubideen alde borroka sindikala indartu lema harturik, mahai-inguruan arituko dira Joxerra Garzia, Lorea Agirre, Patxi Saez eta Sagrario Aleman.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude