Beste pauso bat independentziarantz

  • Plebiszitu izaera denek aitortu dioten hauteskundeak independentziaren aldeko indarrek irabazi dituzte: 72 eserlekurekin gehiengo osoa eskuratu dute Junts Pel Sí eta CUPek, eta bototan gutxigatik ez dira heldu %50era. Espainiako gobernuak ‘knockeatuta’ jarraitzen du, prozesua nola gelditu asmatu ezinik. CUPen igoerarekin eta posizioarekin, ezkerrera egingo du prozesuak ezinbestean, aurrera egiteko giltza baitira.

Prozesua bultzatzen jarraitzeko agindua jaso dute Junts Pel Sí (JxSí) eta CUPek. Hurrengo pausoak zehaztuta dauzkate: Konstituzioa idazten hasi eta estatu egiturak prestatu. Horren aurretik, baina, gobernu berria eratu behar dute, eta Masen burua mozten duten ikusi beharko da, CUPek nahi lukeen bezala. “Ez dago inor soberan, baina Mas ez da ezinbestekoa”. iragarri dio Anna Gabriel Sabaték.

Bere jarrera itxiarekin Espainiako Gobernuak independentismoa haizatzen jarraitzen du, emaitzek agerian uzten dutenez. Igandean 1.953.481 boto independentista lortu dituzte, aurreko urteko kontsultan Bai-Bai hautatu  zutenak baino gehiago (1.861.753). Orduan 16 urtetik gorakoek bozka zezaketela kontuan hartuta, agerian geratu da Espainiarekin moztu nahi dutenen kopuruak hazten jarraitzen duela. Parte hartzea historikoa izan da eta herritarren %77,44 joan da bozkatzera.

Madrildik datozen mehatxu eta  oztopoak gaindituz, independentismoa garaipenak saltzen ari da bata bestearen atzetik, herritarren egoera animikoan zuzenean eraginez.

JxSí koalizioa izan da irabazle nagusia 62 eserleku eta Kataluniako eskualde guztietan lehen postua eskuratuta. Raül Romeva, Artur Mas eta Oriol Junquerasek ez dute zalantzarako lekurik utzi. “Agindu demokratiko argia jaso dugu: muntatu diguten kanpainaz gain, jendea beldurrik gabe joan da bozkatzera. Aurrera egingo dugu, baietzak irabazi du”.

Legebiltzarrean seigarren indarra den arren, prozesuaren giltza dauka  CUP alderdi antikapitalistak. 2012an Legebiltzarrera lehen aldiz aurkeztu zirenean 123.000 boto eskuratu zituzten, eta egun 333.000 lortu dituzte, ordezkaritza hirutik hamarrera igaroz. Bañosek Espainiatik edo Europatik datozen lege guztiak desobeditzera dei egin du, “klase herrikoien aurka badoaz”.

Analista politikoen arabera, kanpaina negargarria egin du PPk eta zortzi ordezkari galdu ditu. Unionismoaren makinaria beldurraren diskurtsoa egunetik egunera haizatzen ari zenean, Mariano Rajoy presidentearen hanka sartze mediatikoak puxikaren aurka orratz batek bezala jokatu du. Ustez kataluniarrek independentzia aldarrikatzen badute galduko lituzketen nazionalitateei buruzko “eta europarra?” galdera txiste eta barre iturri izan da azken egunotan. Geroz eta gehiago dira Espainian ere, krisi politiko honen aurrean Rajoyren gidaritza auzitan jartzen ari direnak.

Unionismoaren gidaritza Ciutadansek hartuko du Printzerrian, emaitzak hirukoiztu baitituzte 25 legebiltzarkide lortuz. Politika zahar eta berriaren arteko dikotomian, esparru diskurtsiboan ongi txertatu dira eskuineko mezu unionistarekin. PPtik, PSCtik eta abstentziotik babes handia jaso dute.

Podemos eta ICVren apostua gaizki atera da: Catalunya Sí Que Es Pot (CSQEP). Espazio politiko honi orain urtebete inkestek 30 eserleku eta Legebiltzarreko bigarren indarra izatea iragartzen bazioten ere, huts egin dute. Iglesiasen alderdiak hautatutako diskurtsoa, prozesuarekiko posizio zehazgabea eta Lluís Rabell hautagai txarra izan daitezke faktore batzuk. ICVk orain hiru urte bakarrik joanda baino hiru legebiltzarkide gutxiago atera ditu Podemosekin. Agerian geratu da orain lau hilabete Barcelona en Comú-k mugitzea lortu zuen jende askok ez diotela babesik eman hautagaitza honi. Ada Colauren alderdiak adibidez, 90.000 boto gehiago lortu zituen Bartzelonan CSQEP-ek baino. CUPen epe labur-ertaineko helburua CSQEP mugitzea izan daitekeela sumatzen da. Espainiako hauteskunde orokorrak izango dira neguan, eta ikusi beharko da zer gertatzen den hor. CSQEPen eskaintza Moncloako aldaketa batekin erabat lotuta egon denez, Pablo Iglesiasek ez badu botererik eskuratzen, CSQEPk posizio politikoa argitu beharko du irekiko den prozesuaren aurrean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko alderdia izanik, Legebiltzarrean lautik hiru egongo dira aldarri honen alde.

PSCk uste baino hobeto eutsi dio, inkestek beherakada handia iragartzen zioten eta azkenean lau diputatu galdu ditu.

UDCren kaleratzea izan da hauteskundeotako gakoetako bat. Hamarkada luzeetan CiUren barnean botere kuota esanguratsua izan ostean, Legebiltzarretik kanpo geratu da alderdi nazionalista eskuindarra. Duran i Lleidak kargua alderdiaren esku utzi du.

Hemendik aurrera zer?

Prozesuak aurrera egingo du. Emaitza garrantzitsua zen alderdien indar harremanak finkatu eta estatugintzaren abiadura finkatzeko, baina JxSí-k CUPen beharra du. Presidentea eta gobernua negoziatu beharko dituzte. Ikusi beharko da Masen aldeko indarrek zenbaterainoko boterea daukaten, Junts Pel Sí osatzean adostu baitzuten Mas izango zela aurrera jarraituko zuen pertsona. Egoera konplikatu egin zaie emaitza hauekin.    

Hala ere, CUPek esan du ez diola Madrili jokorik egingo eta ez duela prozesua blokeatuko, beraz, espero daiteke moduren batean edo bestean bi indar independentistek elkar ulertuko dutela.

Legebiltzarra osatu eta Konstituzioa idazten hasiko dira ondoren.  Trantsizio Nazionalerako Aholku Kontseiluaren laguntzaz, estatu egiturak prestatuz joango dira.

Eta Espainiako Gobernua? Ez dago B planik. Aurretik esana zuten bezala, plana ezer ez aldatzea da. Areago, epaitegiak prest dauzkate Generalitatea geratzen saiatzeko.

Aldaketa nabarmenik ezean, eta ez da espero, epaitegien eta hedabideen bidez Generalitateak eman dezakeen pauso bakoitza blokeatzen saiatuko dira.

Horrek ordea, arrisku handia du. Geroz eta beroagoa da Kataluniako patata. Aspaldi igaro zuten atzera bueltarik gabeko puntua, eta hurrengo erreferenduma irabazteko prest daude, demagun Konstituzioa berresteko antolatzen dutena. Eta orduan bai, bototan ere gehiengo osa eskuetan, berehala independentzia aldarrikatzeko.


ASTEKARIA
2015eko urriaren 04a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude