Herri koloretsuen balio erantsia

  • Hiru herri, hiru eredu. Lasarte-Oria, Getxo eta Barañainera jo dugu, kulturaniztasuna kudeatzeko martxan dituzten proiektuak eta emandako fruituak ezagutzeko asmoz. Hezkuntza funtsezkoa dela jakitun, Gasteizko eskolaren esperientzia ere kontatu digu Amelia Barquín irakasle eta gurasoak.

18.000 biztanle ditu Lasarte-Oriak eta herritik kanpo jaiotako lagun gehien dituen Gipuzkoako herria da. Bi olaturen emaitza da batez ere: 60-70eko hamarkadetan industriak Espainia aldetik erakarritakoak batetik (hiru fabrika handi zituen herriak) eta 2000. urtearen bueltan Nikaragua ingurutik gerturatutakoak bestetik. Herritik kanpo jaiotakoak dira bizilagunen %44, eta argi du alkateak: “Lasarte-Orian 70 jatorritako jendea bizi da, baina jatorria ez da irizpide, denak gara lasartear eta harro gaude aniztasun horretaz”.

Diagnostikoa egitea izan zen lehen urratsa: Aztiker ikergunearen laguntzaz, 2011n azterketa kuantitatiboa burutu zuten eta 2012an kualitatiboa, aniztasunaz eta elkarbizitzaz herrian zegoen pertzepzioa neurtzeko. Batzuen eta besteen artean indiferentzia nagusi zela ikusi zuten, elkarren artean ez zegoela harremanik eta komunitate itxietan bizi zirela. Komunitate itxietatik irekietara igarotzeko, elkar ezagutza sustatu behar zela ondorioztatu eta herriko leloa aldatzetik hasi ziren, kultura ezberdinak balorean jarri behar zirela sinetsita: Lasarte-Oria guztiona. “Immigrazioa arazo sozial gisa hartu beharrean aberastasun bezala ikustea, hori izan zen abiapuntua”, kontatu digu Gorka Lizarraga Lasarte-Oriako Gizarte zinegotziak.

Lasarte-Orian, Anitzen Sarea

Hasieratik, herrian dagoeneko martxan zeuden elkarteekin egin dute lan, horiek direlako herriko bizitza dinamizatzen eta parte-hartzea bultzatzen dutenak. Etorkinen elkarteekin, baina baita euskara, kultur, kirol, auzo… elkarteekin ere. Denak inplikatu dira, eta Anitzen Sarea sortu dute horrela. Elkarlanean Anitzen Astea, Elkar Ezagutzen ekimena, Ongi Etorri Bideoklipa eta halakoak burutu dituzte, eta gaur egun modu naturalean dituzte hartu-emanak batzuek eta besteek: Rocío jaia ospatu nahi duela Semblante Andaluz elkarteak? Bada, Kukuka Dantza Elkartekoak, nigeriar, nikaraguar, perutar dantza taldekoak eta gainerakoak deituko ditu, horiek ere parte har dezaten. Ttakun Kultur Elkarteak ere batzuen eta besteen parte-hartzea bilatzen du Santa Ana Eguneko parodian, eskolako gurasoek euren artean antolatu dute Aniztasunaren Astea… “Elkarteek beraiek euren ekintzetan aniztasuna presente izatea da gakoa eta Anitzen Sareak hori lortu du, ez genuelako elkar ezagutzen, eta herri berean bizi ginen! Herrian gauzak egiten zituzten elkarteak ziren, baina bakoitzak bere aldetik. Kontua ez da gainera bertakoen eta kanpoan jaiotakoen arteko elkar ezagutza, denen artekoa baizik: denak gara hemengoak, bakoitza bere jatorri, balore eta motxilarekin, bere aberastasunarekin. Eta elkar ezagutzeak ere ekartzen du elkar ulertzea”, azaldu du Gorka Lizarragak.

Lanketa ez da beraz taldeka egiten, ghettoak sortzeko arriskua dagoelako; helburua da herrian zernahi egiten dela euskaldunak, nigeriarrak, sahararrak, andaluziarrak… aintzat hartzea. Berdin euskararekin: egiten diren ekintzetan euskara sustatzea eta erabiltzea da xedeetako bat, eta horretan lan handia egiten dute, adibidez, Anitzen Sarean dauden Ttakunek eta Banaiz Bagara euskara elkarteak. “Mugarri baino, euskara batzeko izan dadila nahi dugulako. Baina guk ez ditugu euskara ikastaro doakoak eskainiko kanpotik etorritakoarentzat, baizik eta herritar guztientzat, batez ere euskaldundu gabeko jendea ez delako bakarrik orain atzerritik etorri dena”, dio Lizarragak. Herriko ume denak D ereduan matrikulatuta egotea ere lagungarria da. Bi ikastetxe daude, biak publikoak, eta atzerritarren seme-alaba kopurua oso ezberdina da batean eta bestean. “Aurrerantzean heldu beharreko gaia izango da”, aitortu du zinegotziak.

Hiru hilean behin, erroldatu berriek bilera egiten dute alkatearekin (datuek diote 700 bat lagun iristen direla urtero herrira, inguruetatik lekuz aldatuta). Elkarteak gonbidatzen dituzte bilerara eta batez ere iritsi berriek dituzten zalantzak eta kezkak argitzeko balio du.

Getxon, bizilagunak bazkari baten bueltan

Getxok 80.000 biztanle ditu eta %6,8 inguru atzerrian jaioak dira (EAEko batez bestekoan dago, gutxi gorabehera). Latinoamerikatik iritsitakoak dira gehienbat, erdia baino gehiago emakumeak, eta zahar eta haurren zaintzarekin edo etxeko lanekin lotutako enpleguetan ari dira. Emakume kopurua eta bizi ohi duten egoera zaila kontuan hartuta, haiei bideratutako tailerrak antolatzen ditu Udalak, emakume hauen ahalduntzean laguntzeko asmoz.

Elkarbizitzara bideratutako ekimen zehatzak ditu Getxok. Duela urte batzuk, esaterako, Getxon eta Getxotik kanpo jaiotakoen parte-hartzearekin, identitate ugariren bizi-istorioz osatutako errelato partekatua eraiki zuten. Lekukotzak grabatu eta 10 minutuko dokumentala egin zuten, denen artean. Azken finean, datuek erakusten dute migratzaile gehiago bizi den lekuetan atzerritarrenganako jarrera ezkorra txikiagoa dela –hots, zenbat eta gehiago elkar ezagutu, orduan eta mesfidantza gutxiago–. Bide horretan, Bizilagunak egitasmoa jarri zuten martxan duela bi urte, Egizu Getxo Euskaldun elkarteak sustatuta. Auzo berean bizi arren elkar ezagutzen ez dutenak harremanetan jartzeko asmoz, bizpahiru familia (indibidualki ere har dezakete parte) haietako baten etxean elkartzen dira, bazkaltzeko eta tertulian aritzeko. Dinamizatzaile baten laguntzaz, hizkuntzaz, herriminaz, kulturaz, norberaren esperientziaz… hitz egiten dute, “eta hori guztia bizi duenak berak kontatzea, haren ahotik entzutea garrantzitsua da”, azpimarratu du Elena Coria Getxoko Gizarte Zerbitzuen zinegotziak, diskurtso handiak baino eraginkorragoak direlako pertsonak. Aurreikuspenak gainditu ditu ekimenak: lehenengo urtean, 2013an, 20 bat familiak eman zuten izena eta 2014an 30 inguruk: 130 lagun, 15 etxetan banatuta.

Zurrumurrurik Ez proiektuak hiru urte daramatza martxan. Zurrumurruen Aurkako Agenteak dituzte, 25 bat herritar (15 egonkor). Aurreiritzi ohikoenak indarrik gabe uzteko lagungarri zaien prestakuntza jasotzen dute (argudio eta datuak) eta euren eguneroko bizitzan eragitea da asmoa, ingurukoak gogoetara bultzatzea hainbestetan errepikatzeagatik egia diruditen baieztapen funsgabeak auzitan jar ditzaten, eta elur-bola efektu bidez aniztasunaren diskurtsoa pixkanaka zabaltzen joan dadin. Lasarte-Orian bezala, ekimen hauek guztiak herriko elkarteekin batera lantzea oinarrizkotzat dute Getxon ere.

“Folklorea sustatzea ongi dago, baina Etorkinaren Nazioarteko Eguna eta halakoak ospatzea ez da aski, sentsibilizaziotik harago errealitate sozioekonomikoa aintzat hartzea ere beharrezkoa da”, diosku Coriak. Tokiko ekonomia eta garapen politiken baitan, adibidez, negozioren bat abiatu nahi duten etorkinekin lanketa berezia egiten da, “sarri kanpotik datorrenak traba erantsiak dituelako: nola kontratatu, zein laguntza jasotzeko eskubidea duen, izapide burokratikoak nola egin… azaltzen zaio”, eta horretarako Deli proiektua du Getxok.

Euskara ikasteko plangintzak, Lasarte-Orian bezalatsu, herritar guztiei daude zuzenduta. Hori bai, iritsi berriei egiten zaien harrera programan euskararen oinarrizko ezagutzarako ikastaroak eskaintzen dira. Getxoko datuen arabera, guraso atzerritarrak dituzten ikasleen erdia A ereduan dago matrikulatuta (gaztelania oinarri duen ereduan). Aldiz, beheko mailetan B eta D eredua dira nagusi, eta Haur Hezkuntzan %70ak D eredua hautatzen du; bigarren belaunaldiek euskararen alde egiten duten seinale, Coriak azpimarratu nahi izan duenez.

Barañainen, formazioa lagungarri

20.458 biztanle ditu Barañainek, horietatik 2.003 espainiar ez beste nazionalitate batekoak. Alegia, %9,8, Nafarroako batez bestekoa goiti-beheiti. Latinoamerikarrak dira gehienak, eta errumaniar eta bulgariarrak ere ugari dira. Gizarte Zerbitzuen sailaz gain, Immigrazio Zerbitzua dute Barañainen, eta ailegatu berriei izapideekin, erregulazio prozesuarekin, ikasketa tituluen baliozkotzearekin, hizkuntza eta kultur kontuekin… laguntzen zaie. Behar izanez gero, aholkularitza psikologikoa eta juridikoa ere eskaintzen dute.

Enplegua lortzeko erraztasunak emate aldera, formazio ikastaroetan leku batzuk beti gordetzen dira atzerritik etorritakoentzat, “ez atzerritar izateagatik, baizik eta ahultasun egoera handiagoan egon daitezkeelako, sare familiarraren babesa ere txikiagoa da kasu askotan”, argitu du Karmele Irisarri Immigrazio teknikariak. Supermerkatu, denda eta enpresekin elkarlanean ikastaroak ematen dituzte, gero horietan praktikak egin eta kontrataziorako aukerak zabaltzeko. Eta bestelako formazioa ere jasotzen dute herrian, kulturaniztasunari erantzuteko. Adibidez, hezkuntza eta osasun arloko langileek iaz nesken mutilazio genitalari buruzko jardunaldiak izan zituzten, etorkizunean kasuren bat izanez gero nola jokatu jakiteko.

Kohesio soziala indartzeko berriz, hilero jaioterri ezberdin bateko bizilagun bati elkarrizketa egiten zaio herriko egunkarian, herrialde hartaz hitz egin dezan, bere esperientziaz… Eta topiko faltsuak desmuntatzeko artikuluak ere argitaratzen dituzte egunkarian.

Lasarte-Orian eta Getxon bezala, herriko bizitzan parte-hartze anitza bultzatzea eta areagotzea da xedeetako bat. “Oinarria da herritarrek dituzten beharren arabera sortutako ekimen eta elkarteetan mota guztietako jendeak hartzea parte, behar hori izan dadila elkartuko dituena, jatorriaren araberako konpartimentu artifizialak eratu ordez”, nabarmendu du Irisarrik.

Gazteenak buruan, urte pare bat daramatzate giza eskubideei buruzko unitate didaktikoa jorratzen herriko ikastetxean, eta aniztasuna oso presente dago lanketa horretan; tartean, ipuin kontaketa kulturanitzak egiten dituzte.

Argi dute elkarrizketatuek: elkar ezagutzea, aitortzea eta ulertzea, elkarbizitza bera, da kohesio sozialerako berme handiena.

"Aniztasunarekiko estimuak eskolaren giroan egon behar du"

Hamabost urte daramatzagu fenomeno hau bizitzen eta aniztasunaren eta inklusioaren diskurtsoa politikoki zuzena da eskola guztietan, baina ikastetxe batzuetan praktika ez dator bat diskurtsoarekin. Hala uste du Amelia Barquín Huhezi unibertsitateko irakasleak: “Gizartearen parte batean mantentzen den ideia da ‘hobe etorkinak (edo etorkin asko) ez egotea gure eskolan’, eta modu formalak edo informalak bilatzen dituzte eskola horietan etorkin asko ez matrikulatzeko”. Hala, ikastetxe jakinetan kontzentrazio artifizialak edo ghettoak aspalditik ematen dira, baina soluzioa ez da banaketa, “ezin dira pertsonak hartu eta jatorriaren arabera eskola batera edo bestera bidali, desiratzen ez dena banatuko bagenu bezala. Beste bide batzuk jorratu behar dira: adibidez, herri batean bi eskola baldin badaude, batean etorkinik ez eta bestean etorkinak baino ez daudela, hor administrazioaren esku-hartzea beharrezkoa da egoera orekatzeko (administrazioak ordea ez du inolako neurririk hartzen); bi ikastetxe horietako zuzendaritzak eta gurasoak bildu beharko lirateke, duten erantzukizun sozialaz hitz egiteko. Beste modu bat da baliabideak ematea: aniztasunari erantzuteak lana, denbora, ahalegina… eskatzen du eta beraz, erronka sozial honi erantzuten dieten ikastetxeek nabarmen eduki beharko lituzkete besteek baino baliabide gehiago. Zoritxarrez, agian hori akuilu litzateke desiratzen ez diren ikasle batzuk erakartzeko”. Izan ere, lana eta denbora dira ikasle hauek nahi ez izateko arrazoietako bat, baina atzerritar talde batzuei lotzen zaizkien estereotipo eta mesfidantzak ere ez ditugu ahaztu behar. “Sarri mesfidantzak aporofobiarekin du zerikusia, pobreenganako fobiarekin. Etorkinak eta klase baxuko familien seme-alabak biltzen dituzte eskola batzuek, eskola publikoan batez ere, eta ikastolek pausoak eman behar dituzte gai honetan”. Azken finean, “gizarte autoktonoak integratzeko eskatzen die kanpotik etorritako familien seme-alabei, baina aldi berean ez gara gauza familia horien umeei aukera eskaintzeko autoktonoen umeekin batera sozializatu daitezen”. Auzo eta herrietan ikastetxeak dira kohesio sozialerako tresna nagusia, “harremanetan jartzen dituztelako bai umeak, bai auzoko gurasoak. Horregatik da hain garrantzitsua eskolan aniztasuna egotea”.

Bertako kultura ere denena da, eskubide guztiekin

Ikasgelan gaia jorratzeko, gauza oso berezirik ez dela egin behar dio Barquínek. “Aniztasunarekiko estimuak eskolaren giroan egon behar du. Horrek esan nahi du umeak etxetik dakarren esperientzia, egunerokotasuna… aintzat hartzea eta gelan presentzia izatea. Gabonak ospatzen ditugun moduan, gelan dauzkadan musulmanen festez hitz egitea, adibidez. Beti ere kontuan hartuta umeak ez direla kulturen ordezkariak, bertakoen artean aniztasuna dagoen moduan, kanpotik iritsitakoen artean ere berdin gertatzen delako: Mohammed ezagutzen ari gara, eta haren etxean agian ez dira fededunak edo ez dute kuskusa prestatzen, baina beste ume honen etxean aldiz bai… Eta ez dugu ahaztu behar, ume horiek, berdin du non jaio diren edo haien gurasoak non jaio diren, bertakoak ere badira, eskolak transmititu behar die bertako kultura ere haien kultura dela, ez bakarrik autoktonoen seme-alaben kultura, eskolan dauden ume guztiena baizik. Gero umeak bizitzan zehar bere identitatea garatuko du eta identitate hori anitza izan daiteke, baina bertako kultura haiena ere bada, eskubide guztiekin”.

Gurasoekin negoziatu eta argi izan zer den garrantzitsua eta zer bigarren mailakoa

Etorkinak gatazkarekin lotzea akatsa dela azpimarratu digu irakasleak. “Etorkin kopuru handia dagoen eskolak ezagutzen ditut eta giroa beste eskoletan bezain ona edo txarra da”. Beste kontu bat da familia eta auzo jakinen egoera sozioekonomikoari lotuta sor daitezkeen arazoak. Aniztasunak gai berriak jarri ditu mahai gainean, halere. “Esaterako, irudikatu guraso musulman batzuek ez diotela alabari baimenik ematen igerilekura joateko. Hasteko, kulturekin baino, familia bakoitzaren ohiturekin daude lotuta gatazkak, eta beraz, gurasoekin bildu behar da eta haiekin negoziatu, familiak dioena jasoz eta ulertuz, epaitu gabe. Eta bereizi behar dugu zer den garrantzitsua eta zer ez gatazka horretan: alaba igerilekura joatea garrantzitsua da, igeri egiten ikastea, baina ez bikinian joatea; bainujantzia bada arazoa, estaliago joan dadila”.

Curriculumaz ere galdetu diogu eta ikas-materialetan aniztasun ororen presentzia oraindik txikia dela baieztatu digu: “5. mailako matematika liburua hartzen badugu, irudietan askoz gizon gehiago dago emakumeak baino, ez da agertzen zuria ez den pertsonarik, aulki gurpildunean dagoenik, ekarpen zientifikoak ere oso ikuspegi etnozentristatik egiten dira, beti Mendebaldetik begiratuta... Gerta daiteke 10 urte eskolan eman dituen ikasleak ez topatzea bikote homosexualik bere bizitza akademikoan”. Aniztasuna, halaber, modu naturalean txertatu behar da ikas-materialetan, ez soilik espezifikoki lantzen delako.

Azkenik, hizkuntza da eskolen erronka nagusietakoa: “Etorkinek eta etorkinen seme-alabek gainerakoen eskubide eta aukera berberak izan behar dituzte euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko. Bi elementu dira aintzat hartzekoak: nola lortu batetik etxetik euskaradunak diren umeek ohitura ez galtzea, eta bestetik nola lortu euskaraz ez dakitenek ere (guraso erdaldunak dituztelako) euskaraz ikasteko aukera izatea. Bi horien arteko oreka bilatzea da erronka”.

Kontzentrazio artifiziala apurtzea lortu duen eskola

Gasteizko Alde Zaharrean dagoen Ramon Bajo ikastetxeko gurasoa da Amelia Barquín. Duela 10-11 urte, A eredukoa zen eta ikasle guztiak etorkinen eta ijitoen seme-alabak ziren, guztira 80 bat ikasle. Aukera sortu zen 2 urtekoentzako gela sortzeko euskaraz, D ereduan, eta hainbat gurasok hala eskolatu zituzten haurrak. Gela horren bidez, D eredua urtero hurrengo mailara zabaltzen joan zen eta A eredua apurka-apurka desagertzen. “Ez genituen bi hizkuntza eredu nahi; denok elkarrekin gela berean egon behar genuela argi genuen eta ez jatorri sozioekonomikoaren arabera”. Egun, eskola D eredukoa da osotasunean eta 170 bat ikasle dauzka. Zenbakiak orekatuagoak diren arren, oraindik ijito eta etorkinen seme-alabak dira gehiengoa. “Honek erakusten digu A eredua ez zela bertako gurasoei erreparoa eragiten zien arrazoia (edo arrazoi bakarra), etorkinen kopuru handiak beldurra eta mesfidantza sortzen diela bertakoei, baina pozik gaude eta oso eskola dinamikoa da, giro atsegina du eta dugun aniztasunaz harro gaude, ez bakarrik diskurtsiboki, baita praktikan ere. Euskal Herrian dugun deskontzentrazio adibide bakarra izango da hau, eta komunitatearengandik eratorria, ez administrazioaren eskutik”. Auzoko elkarte eta eragileekin harremana du eskolak eta sinergia oso aberasgarriak sortzen dira, kirol hezitzaile programa edo auzoko gurasoei zuzendutako gaztelania eskolak adibide.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura aniztasuna
Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Borderline Fabrika
Arteetatik komunitate arteko nahasketaz gozatzeko gunea

Tarte luze batez espazioa eraldatzen ibili ondoren, azkenik, 2021eko martxoan zabaldu zuten Borderline Fabrika; Hendaiako geltokiaren albo batean dagoen "lan egin eta topatzeko lekua". Proiektua ezagutzeko asmoz, bertako kide eta bultzatzaile den Ander Fernandezekin... [+]


"Ileapaindegi honetan inor ez da ilegala"

GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.


“Ongi etorri eskolara” programa
Nola utzi bizkarra emateari

Dorleta Mikeok esango digu elkarrekin baina nahastu gabe bizi garela, ez dagoela bizikidetzarik bertakoen eta beste jatorri batzuetatik etorritako familien artean. Mikeo eta Lola Boluda Donostiako Egia auzoan, Aitor ikastolako jolastokian, abiaburua izan zuen egitasmoa garatzen... [+]


Eguneraketa berriak daude