Ines Osinaga: "Ikurritzak berritu behar dira, eta barrikadak"

  • Joseba Sarrionandiak, Arrasateko Gose taldeak eta herri bereko Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek Gosariak izeneko kaxa berezia autoekoitzi dute. Gosek, irudikatzen ez genituen erregistro eta giroak landu ditu proiektu honetan. Ines Osinaga eta Iñaki Bengoarekin Sarrionandiarekin batera gauzatutako lanaren prozesuaz mintzatu gara.

Ines Osinaga eta Iñaki Bengoa: “Sarrionandiak oso hitz bisualak idazten ditu, gidoiak modukoak”.
Ines Osinaga eta Iñaki Bengoa: “Sarrionandiak oso hitz bisualak idazten ditu, gidoiak modukoak”.

Goserik gabe bada iraultzarik? Goseak mugitzen du guztia?

Ines Osinaga: Gosea da iraultzak pizten dituena, bizirik gaudela gogoratzen diguna, motorra eta bidea. Erosotasunetik irten behar da lelo onak aurkitzeko.

Zuek kantu baterako eskaera egin eta disko baterako hitz sorta jaso bueltan. Nola ematen zaio pilotakada horri?

Iñaki Bengoa: Ez genuen ezezkoa jaso, “helduko da” esaten ziguten… eta justu disko laranja aurkeztu genuen egunean heldu zen Sarriren proposamena, disko oso bat egitekoa. Urtebete eman genuen erantzun aurretik. Nola egin pentsatzen aritu ginen, proiektuari, ideiari, hirugarren hanka asmatzeari. Ez genuen bakailao eta gitarra disko bat egin nahi Sarrionandiarekin, ezta disko-liburu soil bat ere. Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoei parte hartzeko proposamena luzatu genien eta lanaren kontzeptua aldatu zuten, kaxa bihurtuta.
I. Osinaga: Bi hauen eta Sarrionandiaren garaiko diskoen artelanak gogora ekartzea interesgarria iruditu zitzaigun. Buelta asko eman genizkion, baina azkenean topatu dugu bidea eta non elkartu: denona izango den zerbait, baina bakoitzarena izateari utzi gabe.

Zer ikusi dio Sarrionandiak Goseri?

I.O.: Inork ez digu oraindik argitu, baina bere partetik hordagoa izan da, hain estandarra ez den talde gazteago bati halako proposamena egitea.

Eta zuek zergatik jo zenuten berengana kantu bat eskatzeko?

I.O.: Sarrizalea naiz. Idazlea gustatzen zaigu, baita errepresentatzen duen ikonoa ere. Hasieran bere figurak zama handia zuen, oso idealizatuta genuen eta errespetua ematen zigun. Baina hori burutik kendu genuenean, ideiak eta kantuak irteten hasi ziren. Sekulako oparia izan da berarekin lan egitea; gehien txunditu gaituena, hitzekin batera bidalitako azalpen-gutunak izan dira. Hasieran gauzak aldatzeko beldur ginen, baina gerora oso eztabaida aberatsak izan ditugu.

Beti izan zarete erronkazale eta berrasmatzearen aldekoak. Lan hau da orain arteko jauzi handiena?

I.B.: Erronka handiena lehen diskoa izan zen. Euskal Herrian hiru lagun elektronikarekin eta trikiarekin rock kontzertutan jotzen hastea…
I.O.: Hirugarren diskoa ere, gorria, mugarria izan zen; autoekoizpenaren aldeko apustua egin genuen lehen aldiz. Berrasmatzea ezinbestekoa da motibatzeko .

Eta zer izan da zailena?

I.O.: Delegatzea eta onartzea guztia ez zegoela gure kontrolpean. Baina emaitzarekin oso pozik gelditu gara.

Sar gaitezen kutxa barrura…Txalupa kantuak itsas marinelena ematen du, habanera estilokoa da.

I.O.: Oso abesti berezia da. Sarrionandiak oso argi zeukan zer abestu nahi zion Euskal Herriari. Compas bat bidali zigun, zehaztasun asko zituena. Abesti horretan guk obsesiboki bilatu dugu berak buruan zeukana. Txalupa kantuan mikrofonoa bere tamainan jarri dugu eta aurrera. Amari kantu hori asko gustatu zaio eta ez du Gose gustuko.

Kaxa ixten duen Belengo albistiek ikaragarria da. Picassoren Guernica eta Enrique Morenteren Omega ekartzen dizkit gogora…

I.B.: Badu zerbait. Iñigo Arregi artista grafikoak esan zuen kantu horrek zutik harrapatzen bazaitu, jesarri egiten zaituela.
I.O.: Pozten naiz Guernica gogoarazi badizu. Abesti horren ideia da Gernikan Gabonetan Jesusen jaiotza abesten dela; eta irudikatu dugu nola abestuko duten han 2000 urte barru Gazan orain jaio eta hil den ume baten istorioa.

Gustatu zait bere sinpletasunean katua hitza hartu, eta asperduran, bat-batean sor daitekeen hiri-pasartea hala irudikatzea. Zer ikasi duzue Sarrirengandik hitzen sorkuntzari dagokionez?

I.B.: Oso hitz bisualak idazten ditu, gidoi modukoak. Sintesi gaitasun handia du, baina ez Evaristoren parekoa, horrek bi esalditan guztia esaten duelako. Sarrionandiak abesti osoan esaten dizu, guztia irakurrita.
I.O.: Hori dela-eta, leloekin lotuta negoziazio handiak egin behar izan ditugu. Gosen oso lelozaleak gara, guretzat leloa abestiaren izenburua da eta Sarrik beste modu batean idazten du.

Erruak adiera asko dauzka eta gure herriaren izaeraren marka ere bada…

I.B.: Kantu hori heldu ahala erabaki genuen diskoa zabalduko zuela. Printzipioen aitorpen bat da.
I.O.: Ikaragarria da Sarriren ahotik entzutea “erru kolektiboari” buruzko halako hausnarketa. Oso zintzoa eta oso ausarta da; erbestean dagoen batengandik helduta, are eta gehiago. Gainera, askoz eraikitzaileagoa iruditzen zait errua erabiltzea erantzukizuna baino.

Anaren hiri arraroa prostituzioari eta gaur egungo askoren egoerari idatzitako kantu soil eta ederra da, paradoxikoki hit bihur daitekeena. Mezu gordinak, melodia eta lelo itsaskorrekin barneratzea gustatzen zaizue.

I.O.: Guztiok gara Ana! Eta, bai, beti pentsatu dugu modu eraginkorra dela nahi dugun mezua bestelako belarrietara heltzeko.

Banku atrakatzaileak. Bankuak, aspalditik, erreskate garaien aurretik ere, zuen jomuga izan dira.

I.O.: Bai, etsaiak dira. Dena dela, Sarriri esan beharko diogu hemen jada ez dagoela aurrezki kutxarik.

Harrituta gelditu naiz Fuente anaien etorriarekin; ez nituen ezagutzen. Ikerlari zorrotza da Sarri, pertsonak eta gertaerak bere lekuan jarri nahi izaten dituena…
I.B.: Bai, zalantzarik gabe. Zortziko baten partitura eskuz idatzia bidali zigun, eta aipatu zigun Oskorrik bertsioa egin bazion ere, berak beste bertsio bat egin nahi ziola.

Orain dantza da gure barrikada-k izan beharko luke egungo leloa, iraganeko Jaiak bai, borroka ere bai eta antzekoak ordezkatuko lituzkeena? Bada garaia musika taldeek bestelako mezuak islatzeko, ezta?

I.O.: Argi dago baietz. Esaldi horrekin eztabaida izan genuen Sarrirekin. Hasieran idatzi bazuen ere, gerora kendu zuen. Berari iruditzen zitzaion agian lekuz kanpo zegoela; eta guk ezetz, ezetz. Oso gurea da esaldi hori, baina berak bota zuen. Esaldi horrekin kamisetak eta pankartak egin beharko genituzke.

Musika erreferente da askorentzat, eta konsignetako asko 80ko hamarkadakoak dira…

I.B.: 80ko hamarkadan lortutakoa, irrati libreak, fantzineak, telebistako musika saioak… Internetek ordezkatuko zituela uste genuen, baina ez da hala, eta orain ez daukagu ezer. Inoiz baino sormen handiagoa dago, baina ez dago erakusleihorik. Laster, euskaraz abesten dugun taldeak desagertzear egongo gara.
I.O.: Musika egiten dugunok badugu zelanbait aztoratzaileak izateko erantzukizuna, are gehiago bizi dugun garaian. Ikurritzak berritu behar dira, bai ala bai, eta barrikadak.

Nolakoa izan da sortze prozesua?

I.B.: Hasieran hitzak jaso eta guk musikatu, baina halako batean alderantziz egitea iradoki zigun.

Zer-nolako lana da, besteak beste, cumbia hain ondo barneratzea?

I.B.: Las Dos D taldekoek esaten ziguten hori ez dela son-a. Instrumentu horien soinua hartzen dugu, baina ez erritmoa.
I.O.: Era berean, guk soinua erabiltzen dugu, baina ez dugu fandangorik jotzen.

Nola hartu dute Hiri Arraroan hain lan berezi eta formatu anitzekoa prezio merkean jartzea, diskoak saltzen ez diren garaiotan?

I.O.: Lan hau autoekoiztea erronka izan da, eta jende guztiarentzat eskuragarri jartzea, helburua. Formatu handiago eta garestiagoan egin genezakeen, baina ez genuen nahi.
I.B.: Autoekoiztea ez da militantzia. Diskoetxeek taldeen duintasuna bermatuko balute, beraiekin lan egin ahal izango genuke. Gaur egungoa lotsagarria da.

Hitz egidazue diskoa nahastu duen Tim Lathani buruz.

I.B.: Jonan Ordorikak askotan eskaini zigun. Izugarrizko curriculuma du, baina berarekin lan egitea oso erraza izan da. Tim Lathan, pentsa, ez ginen New Yorkera bera lan egiten ikustera ere joan. Abesti bakoitzaren egoera animikoa azaltzeko eskatzen zigun eta oso ondo “harrapatu” zuen nahi genuena. Ez genuen perfekzioa bilatzen. Gainera, lana bukatzean esan zigun emazteari asko gustatu zitzaiola, eta hori da garrantzitsuena: disko hau punkyen neskentzat egin dugu.

Zentzumen guztiez gozatzeko lana da?

I.O.: Diskoa pirateatzeko aukera izango da, baina Gosariak-en zati bat besterik ez duzu eskuratuko. Entzuten den eskultura bat, irakurtzen den margolan bat da, gogoari eskainitako gosariak.

Nolakoa da lan hau egin osteko biharamuna?

I.O.: Diskoa bukatzean izan genuen erditze edo koito osteko depresioa. Baina orain oso gustura gaude, egundoko oparia izan da. Gure ardura handia Sarrionandiaren gustukoa izatea zen, eta hari gustatu zaiola badakigu.
I.B.: Orain saltzea besterik ez da falta, autoekoizten jarraitzeko.

Nola eramango duzue lan hau zuzenekoetara? Iñigok eta Juan Luisek ere parte hartuko dute?

2015ean, apirilera bitartean aurkeztuko dugu, emanaldi gutxi izango dira. Gu zutik arituko gara eta ikusleak jarrita, ez da Goseren ohiko kontzertua izango.

 


Azkenak
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


2024-09-20 | Gedar
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak

2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2.500 euroko isuna ezarri die Ertzaintzak sei aiaraldearri, iazko greba feminista orokorragatik

"Mozal legea" baliatuta jarri ditu poliziak isunak. Tubacexen eginiko piketegatik izan dira zigor gehienak.


Eguneraketa berriak daude