Musika ulertzeko modu bat

  • BORROKAN ::Zuak

    Autoekoizpena, 2014

Borrokan taldearen disko berria eskuratu eta entzun dudanean poztu egin naiz. Oso lan ona delako eta taldeak sasoian jarraitzen duela erakusten duelako. Haien pieza berriak atsegin handiz entzuten ari naiz. Hardcore, post-core, noise, rock eta pop kutsuko aireak eta soinu esperimentalak nahasten jarraitzen dute, beren ohiko bizitasunez eta indarraz.

Disko berria aurreko bi lan luzeen jarraipena da, baina ñabardura berri batzuk sumatu ditugu disko horiekin alderatuta. Ñabardura horiek Borrokanen doinua aberastu dute, eta kolore berri batzuk gehitu dizkiote. Zuak lana zuzenagoa dela esan daiteke, rockeroagoa.

Kantuetan, taldekideek beren sentipenen, emozioen, gogoeten eta kezka existentzialen berri ematen dute: “Ideia biziek, buruko paretekin talka egitean sortzen duten soinuak gorturik, zilborreko negarrari begira tematu ordez, beldurrik ez, geldituko nauenik” (Orain); “Ezerk ez du zentzurik orain. Noiz da gero? Zero” (Noiz da gero?); “Gure loan ebatsi zizkiguten armak. Orain burlaka ditugu ezinaren morroiak. Garai bateko suak, landare” (Landareak eta paretak), “Gorputz, barkaidazu, gorputz; egizu nerekin, ahal duzuna” (Gorputz), “Nahiago dut harriekin hitz egin, altabozei kontra egiten ibili baino” (Ezinaren garraiolariak).

Borrokan taldea Berakoa da (Nafarroa). Mikel Lertxundi (bateria), Joseba Lertxundi (ahotsa), Iñaki Iratzoki (gitarra), Ibai Gogortza (gitarra, saxoak eta ahotsak) eta Iñigo Telletxea (baxua) dira taldekideak. Haiekin batera, Maikel (grabazioa), Xabier Erkizia (nahasketak eta post-produkzioa) eta Marcello Liberato (masterizazioa) aritu dira Zuak lana osatzeko.

1994an sortu zen taldea. Beren lehen grabazioak hainbat bildumatan plazaratu zituzten. Lehenengoetariko bat Museum izan zen (Mer, 1998), Gutariko Bat, Dut edota Señor No taldeekin batera, eta 2002an lehen disko luzea beren kabuz argitaratu zuten (Borrokan). Urte hartan bertan Oztopo guztien gainetik Bonberenea bilduman parte hartu zuten, Anari, Lisabö, Akauzazte eta beste hainbat talderekin batera. Bira bat egin ondoren, urte batzuk egin zituzten hausnarketan eta konposatzen.

Bigarren lan luzea, Hitzez ulertu ezin dena omendu nahiko nuke. Oraintxe!, 2007an kaleratu zuten. Izenburuak berak adierazi dezake taldeak musika ulertzeko duen modua: isiltasunen garrantzia, erritmo aldaketak, zarata, kolpeak, melodiak eta xehetasunak zaintzea. Hori guztia, sentsazio horiek, areagotu egiten dira haien jendaurreko emanaldietan.

2010 ean, Lisabö, Ruper Ordorika, Anari, Mursego, Jupiter Jon, Berri Txarrak eta beste zenbait talderekin batera, Bidehuts zigiluak ekoitzi zuen Mikel Laboaren kantuen bertsioz osaturiko Txinaurriak diskan parte hartu zuten –Inkomunikazio Komunikazio abestiaren bertsioa egin zuten–. Ondoren, beste garai bat lasaitasunerako eta musika lantzeko, eta Zuak lana kaleratu dute aurten, lan ederra benetan.

Borrokan nire talde kutunetako bat dela onartu behar dut. 20 urte dira jotzen hasi zirela, urteotan hiru disko luze besterik ez dituzte plazaratu eta jendaurreko emanaldi asko ere ez dituzte egin, eta disko bat kaleratzen dutenean edo haien saio batera joateko aukera baldin badaukat, pozik jartzen naiz, oso gustura egoten naizelako Borrokanen kantuak entzuten, taldeak sortzen dituen giro berezietan murgildurik.


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude