Kapitalismoa gainbehera ote?

Jasaten ari garen krisialdi sakon hau dela eta, pentsalari bat baino gehiago hausnartzen ari da sistema honen azken arnasaldiak izango ote diren. Horrela pentsatzen dutenak ez dira lehenak, ezta ere azkenak. Izan ere, kapitalismoarenak egin du modu objektiboan, gainera, demostratzen saiatu ziren XIX. mendean David Ricardo edo Karl Marx bezalako pentsalari ezagunak; Keynes bera ere kezkatuta zegoen kapitalismoaren etorkizunarekin eta neurriak proposatu zituen sistema biziraunarazteko. Hala ere, guztien artean, deigarria egiten da Harvardeko presidente ohiak eta gero Clintonekin altxor buruak, Lawrence Summers jaunak, galdetzen duenean ea zer gertatuko litzatekeen kapitalismoa ezin badaiteke erreformatu. Summersen besteekiko alde handiena, hitzaldi bakoitzeko 135.000 euro kobratzean datza; hori guztia kobratu ondoren edozein gauza esan daiteke, ezta irakurle?

Izan ere, azken urteetako hazkunde tasak oso apalak izaten ari dira, bai Japonian baita Europar Batasunean (EB) ere uzkurraldia hasi zenetik. Eginahalak egin dira ekonomiak hazkunde bidean jartzeko, baina ezinezkoa izaten ari da. Interes tasak ezin dira gehiago jaitsi zero inguruan daudelako. Badirudi ekonomia geldiune sakonean sartuta dagoela eta ohiko neurriek ez dutela eraginik, batik bat, EBen. Espainiako Estatuan ere antzeko zerbait gertatzen ari da, epe laburrean hazkunde tasa apalak aurreikusten direlako.

Geldialdi sakon horren arrazoiak lau dira: 1) Hiru hamarkadan mozkin tasek behera egiteko joera izan dute. 2) Azken hamahiru urteetan lanaren ekoizkortasuna ez da handitu edo atzeraldia pairatzen du. 3) Barne eskariaren murrizketa 1980tik hona, hein batean kredituen bidez eutsi izan zaion arren; eta 4) inbertsio ekoizkorraren beherakada 2001etik aurrera, nahiz eta pizgarri ugari eman diren, bai Greespanekin, baita Bernankerekin ere. Summersek ez ditu kontutan hartzen populazioaren bilakaera eta berrikuntzaren agorraldia.

Eta nola irten motelaldi luze horretatik? Neoliberal batzuek diote “austeritate hedakorra” dela irtenbidea, horrela oinarri sendoak jarriko direlako hazkunde paregabea eta iraunkorra ahalbidetzeko; austeritateak ez duela hazkundea ahultzen, alderantziz baizik. Beste batzuen ustetan, hazkunde ahularen arrazoia da gobernuak zorraren kudeaketa okerra egin duela, eta besteren artean, proposamen bi egingo dituzte: 1) Enpresen gaineko zergak jaitsi eta 2) estatuaren zama ekonomikoa arindu.

Beste alde batean Paul Krugmanen proposamena legoke. Ekonomialari horrek ez dio diru politikari eraginkortasunik aurreikusten, nahikoa erabili delako emaitza arbuiagarriekin. Horregatik itxaropen osoa aurrekontuen kudeaketa egokian dauka. Izan ere, gobernuek gehiago gastatu behar lukete, batik bat inbertsio publikoetan, inbertsio pribatuak etenda edo desbideratuta daudelako.

Inbertsio pribatuak ez daude geldirik aurrezki ezaren ondorioz. Izan ere, enpresa handi ez-finantzarioek diru asko daukate: 2,8 bilioi dolar. Alta, dirutza hori gehiena akzioak erosteko erabiltzen dute, ez inbertsio errealak egiteko. Enpresa horien aktibo ez-materialak (markak, patenteak...) berauen balioaren ehuneko bost zen 1970ean, eta gaur egun, ehuneko 60ra igo da.

Azken finean, inbertsio finantzarioek errenta eta aberastasunaren banaketa aldatzen dute, txiroen kaltetan, eta ekonomia errealak geldirik jarraitzen du. Hori da kapitalismo finantzarioaren ekarpena!

Eta hala ere, zaila da kapitalismoaren gainbeherako zantzuak atzematea.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Eguneraketa berriak daude