Oroitza soil bat

Doinua: Esperantzarik gabeko zenbait.

 

    I
Pare bat urte pasa ondotik
sentipenekin borrokan,
berriz burua altxatu eta
pasa zaidana gogotan,
iraganeko mamuei aurre
egin nahi diedan hontan,
ispiluari begira jarri
eta hasi naiz bertsotan,
oroitzapenak nire parean
lurrunarazi asmotan.

    II
Hogeita zortzi urte nituen,
baina oraindik “umea”.
Zure iritziz, heldu omen zen
alde egiteko unea.
Tamalez, ez zen “agur” bat edo
“gero arte” bat xumea.
Nahiz ta denboran itzaltzen joan den
orduko begirunea,
urrundik ere nabarmena da
utzitako hutsunea.

    III
Noski, nik ere badut errurik;
hau, aitor dezaket lasai.
Gure harremana indarra galduz
zihoan garairik garai.
Zetorkidanaz ohartarazten
saiatu zinen, nolanahi.
Behar zintudan, ta behar hori
bazen bat itsutzeko gai;
Zuk argi utzi zenidan baina
nik ez nuen sinetsi nahi.

    IV
Bizitza zure babesik gabe
ez nezakeen imajina.
Gainera erru-sentimendua
hain zen barneraezina...!
Jende aurrean izan zintezen
ederra ta atsegina,
auniztan mugak jarri nizkizun
(halabeharrez, jakina).
Ez nuen uste izango zenik
ospa egiteko adina.

    V
Nire eskuak buru gainera
bota nituen orduan,
laguntzeko prest agertu zenik
izan nuen inguruan.
Baina guztiak ez zitzaizkidan
hurbiltzen lagun moduan;
mespretxatua sentitu nintzen
hilabeteen buruan;
ikasi nuen jende gaiztoa
ere badela munduan.

    VI
Denek zekiten ze pasatu zen
zu eta nire artean.
Bazirudien kartel handi bat
nuela goiko partean.
Frakasatuak, bigarren mailan
gaude gaurko gizartean.
Behin eta berriz erran zenidan,
ni lasaitu bitartean,
ta sinesten dut, hirugarrenik
ez zegoela tartean.

    VII
Zergatik niri, zergatik orain...
zenbat duda nirekiko;
kezkak, beldurrak ta konplejuak
malkotan nituen ito.
Aitak auniztan erraten zidan:
“seme, deus ez da betiko”.
Kosta zait baina, onartu baitut
ez zarela itzuliko,
pena pixka bat badaukat baina
ez naiz negarrez hasiko.
    VIII
Baina urtetan bizitakoak
orainik pentsamendutan.
Gelan, tabernan, parkean, dendan...
ia edozein lekutan,
zu ferekatzen zintudan eta
kilikak behatzen puntan!
Pentsatze hutsez, beheraldiak
izaten ditut batzutan,
faltan botatzen zaitudalako
horrelako momentutan.

    IX
Zorion bila, barruko mina
hustutzearen arira,
denbora bere lana eginez,
gaitza sendatzen ari da.
Hala ere, zu guztiz a(ha)nztea
ezinezkoa da tira!
Zuk hemen utzi ninduzun baina
jarriz atzera begira,
zure inguruan zebiltzan batzuk
nirekin gelditu dira.

    X
Zainduko ditut beraiek ere
ez dezaten egin alde
(momentuz ez da inor kexatu,
nirekin gustora daude).
Bizitza berez ederra da ta,
bertan dudanaren jabe,
alferrik nago triste, beldurrez,
ezkor, uzkur ta herabe,
ni le(he)ngo bera izango bait naiz
zurekin edo zu gabe.

    XI
Oroitza soil bat zara niretzat
agur “flekillo” maitea,
ziklo berri bat hastear dela
onartu eta pakea!
Ez dut berriro ere utziko
ohea ilez betea,
ez dut le(he)n bezain sarri aldatu
beharko txanpu-potea...
azken finean, ez da drama bat
burusoila izatea!


ASTEKARIA
2014ko uztailaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Etxegabetzeak
Etxegabetzeak 48 ordutan burutu ahal izateko lege aldaketa proposatu du EAJk

EAJren asmoa da legezko aldaketa azkar bati ekitea, 48 orduko epean etxegabetzeak egin ahal izateko etxebizitzak okupatzen diren kasuetan.


Iruñean familia bat etxegabetuko dutela salatu dute Harituk eta Jaki Tokik

Bilatu dituzten beste etxeetako jabeek ez diete etxerik alokatu nahi izan familia ugaria, soldata bakarra eta atzerritar jatorrikoak izateagatik.


2024-02-13 | ARGIA
Hamabi familia etxetik bota nahi dituzte Pasaian, trenbide zati bat egiteko

Pasaiako portuko langileen familiak bizi diren Trintxerpeko etxebizitza bloke bat bota nahi dute Pasaiako Portu Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, 400 metro inguruko trenbide zati bat egiteko. Lau hilabetetan etxea utzi behar dutela ohartarazi diete.


Bilboko etxegabetzearen aurka protestan ari direnen kontra oldartu da Ertzaintza

Ostiral goizerako zegoen ezarrita etxegabetzea eta horren kontrako protestara dei egin du Bilboko Etxebizitza Sindikatuak. Protestan ari direnen aurka oldartu da birritan Ertzaintza, eta dagoeneko pertsona bat atxilotu du, Gedar-ek jaso duenez. Etxegabetzea burutu dute.


Eguneraketa berriak daude