Udaberrian abiatu nintzen

Antton Olariaga

Udaberriko lehen eguna. Donostiako hiri-parke batean bi emakume eguzkiaz gozatzen ari dira belarretan etzanda elkarri eskua sartzen. Zangoak elkar loturik, oinetakoak lore artean barreiatuak, kamisetak leporaino igo dizkiote batak besteari eta titiak zupatzen dituzte txandaka. Handik ez urruti, probintziatik egun pasa etorri den ume saldo euskalduna briletean jolasten dabil, zaintzaile dituzten hiruzpalau irakasleren konpainian. Uneren batean, ume batek emakume bikotea deskubritu bide du. Adin horretan sexualitateak sortzen duen kuriositatea festazkoa da. Estanpa erotikoarekin eszitaturik, umeen irria eta urduritasuna zeru urdin garbira igotzen hasten dira, eta barrea, berriz, laztantzeari utzi ez dioten nesken belarrietara iristen da. Umetxoek ezkutalekutzat hartu duten harresi baten atzetik burua jasota begiratzen dute, eta berehala, burua jaitsi eta emakumeen begiradatik desagertzen dira. Noizbait, gerturatzera animatu da bat, eta handik gutxira, txandan-txandan, ume guztiak desfilatu dute bikotearen perimetroan dorpezia xarmangarriz.

Lehenengo harridura umeen oihuek sortzen didate: “Marido y marida” garrasi egiten dute zapaburu maitagarriek. “Vivan los novios”, geroxeago. Azkenean, zirkuitulabur bat gertatu da, eta harekin batera, zalaparta gorena: “¡Son dos chicas!”. Sexualitateak bikotera edota matrimoniora lotuta jarraitzen duela dirudi gazteenen gogamenetan. Eta sexualitate hori arrunki eta lehen inpresioan heterosexualitatera lotzen dutela. Bigarren txunditzea ezagunagoa zait, hizkuntzak eragiten duena: nolaz jolasean eta orain artean euskara hutsean aritu diren neska-mutikoek sexualitateaz mintzatzen hasirik gaztelerara jotzen duten. Ume eta nerabeen hezkuntzaz arduratzen ez garenontzat zaila da feminismotik zein beste hainbat alorretatik hezkuntza hobetzeko edo iraultzeko egin diren ahaleginen ondorioak ezagutzea. Nola jakin, beraz, belaunaldi berriengan txertatu nahi zirenak ze neurritan sustraitu diren.

Pasadizoak sentiarazi didana eta gero, ume saldoko neskato batengan jarri dut gogoa, iraganean ni neroni izan nintekeela imajinatzeko. Pentsatu nahi bainuke umeen artean bat edo beste etorkizunean umezaroko egun honexetaz gogoratuko dela. Beharbada, harreman eredu nagusiari ihesi beste eredu baten bila baldin badabil. Apika, lagun egingo dio eremu publikoan musutik haratagoko sexu adierazpenak gogoratzeak ere. Baina hobekiago pentsatzen jarrita, irudikatu nahi dut aspaldiko oroitzapen izango den hau ez duela beharko erreferente gisa eta desagertua izango dela. Hots, udaberri berrietan abiatuko dela dama gazteen bila gu abiatu ginen baino motxila beteagoz eta parkeko eredua beste milaka ereduren artean difuminatua izango dela ordurako. Ni ume nintzelarik lesbiana hitza esate hutsa martirio bat zen nire bular txikiarentzat eta nituen erreferenteak, hutsaren hurrengo izateaz gain, besteen narrazioek marraztutako irudi estereotipatu ilunak ziren (lesbiana amargatua, okerra, maltzurra). San Jose lore eta margariten artean etzandako bi gorputz agerikorekin zerikusirik ez, edozelan ere! Ikasgeletan egunero-egunero zuen hitz eta adibideekin, zuen ausardia eta sinesmenarekin eredu anitzak erakusten dituzuen irakasleei oles eta ole! Ikusitakok ikusita ere, ziur naiz zuen lanari kalekoon ikusgarritasuna gehituta, bagoazela, pixkanaka, guztion odol aztoratuak modu berean agerraraziko dituen udaberri baterantz.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 20a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


Aitona hil egin da?

Karmele Mitxelenak Marrubizko uda ipuina argitaratu zuen Xaguxar bilduma honetan 2022an. Liburu hartan, neska-mutiko batzuen udako abenturak kontatzen ziren. Orain, aldiz, Aitona Floren liburua istorio askoz barnekoiagoa dugu, Danel mutiko protagonistaren ikuspuntutik... [+]


2024-04-28 | Julen Azpitarte
Gangster maritxuen banda

“Gay azpitestuak beti hobetzen du film bat”
Quentin Tarantino

Juan Dos Ramos idazle eta Alex Tarazón ilustratzaile valentziarrek Gangsters Maricas: Extravagancia y Furia en el cine negro (Gangster maritxuak: nabarmenkeria eta indarkeria zine beltzean)... [+]


Eguneraketa berriak daude