Shin Chan bezalakoen aitzindariek 150 urte bete dituzte

  • Wilhelm Busch margolari, poeta eta karikaturagile alemaniarrak 1864. urtean sortua, liburu ilustratu hau komikiaren aitzindaritzat jotzen da, bereziki AEBetan. Bertsoz, ironiaz eta batik bat umore beltzez, haur bihurri lotsagabeen sagari eman zion hasiera.

90eko hamarkadan ume koskor ziren batzuek gogoan izango dituzte beharbada mutiko entzutetsu hauen ibilerak, Pamiela argitaldariak euskarara ekarri baitzituen Pello Zabaleta Kortaberriaren eskutik. Bihurriak baino gehiago, gaizto amorratu eta ezin lotsagabeagoak ziren Max eta Moritz, artean onik ez zutenak. Bart Simpson, Daniel Bihurria, Pipi Langstrump edo Shin Chan bera ere oso atzean utziko lituzkete, konparazio batera. Halakoxea izan zuten akabera ere, gaurko haur literaturan ohikoa denaren oso bestelakoa. Alegia, tragikoa –errotak ehota hil ziren– eta etsenpluzkoa. Haien adar-jotzeak jasan behar izan zituztenek pozarren hartu zuten berria, eta eskerrak eman zizkioten Jainkoari, “barrabas horien okerrak” amaitu zirelako.

Baina haurrentzako liburu ilustratuen artean sailkatu izanagatik ere, liburu politikoa dugu Max eta Moritz. XIX. mendeko 60ko hamarkadan, Alemaniako nekazari txiroek saldoka emigratu zuten AEBetara. Askok, sorterria ez ezik, seme-alabak ere utzi omen zituzten atzean, eta gaztetxo hezur-hutsez josi omen ziren kaleak. Ahal zutena ostu eta ahora eramanez bizirauten omen zuten, Maxek eta Moritzek bezalatsu. Horietarik askok, hamarkadak emango zituzten giltzapean, eta beste zenbaiti heriotza zigorra ezarriko zitzaien, berriz okerretan harrapatuz gero. Eva Weissweiler biografoak dioenez, garai hartako helduek sortutako bizi-baldintza negargarriak salatzea da, hain zuzen, egileak umorez eman nahi digun irakaspena: “izan ere, ba al dago alderik presondegian edo errotak ehota hiltzearen artean?”.

Wilhelm Busch (1832-1908) margolari, poeta eta karikaturagileak sortu zituen pertsonaiok, 1864 urtean. Lan honen berri izan zuen lehen editoreak ez zion, antza, balio handirik aitortu, eta urtebete eman zuten tiraderan, harik eta beste editore batengana jo –Kaspar Braun–, hura bere alde jarri, eta liburua argitaratu zion arte. Urte gutxitan zabaldu zen haren sona ona nazioartera.

Frantziar eta belgikar tradizioko komikiaren aitatasuna R. Töpffer suitzar satiriko ilunari aitortzen zaion era berean, komiki estatubatuarrak, abiapuntua egunkarietako tira komikoetan izan zuen hark berak, pizgarri izatea zor dio Max eta Moritzen sortzaileari.

1897an, New York Journal egunkariaren jabe William Randolphek Max eta Moritzen antzeko banda komikoa asma zezan agindu zion Rudolph Dirk marrazkilariari. Zentzurik estuenetik ulertu zuen enkargua Dirk jaunak, eta halaxe jaio ziren The Katzenjammer Kids edo Hans eta Fritz anaia biki bihurriak, Max eta Moritzen plagio aitortuak. Wilhelm Busch bizi zen artean, baina ezin izango zukeen lotsagabeki kopiatu izanaren ordainik eskatu, nahita ere, Max eta Moritzen eskubide guztiak Kaspar Braun editoreak hartu baitzituen beretzat.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 13a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude