Txoko ahaztuetan barrena

  • Errezildarren ateraldiak liburua aurkeztu dute aurten, zeinak errezildarren hainbat pasarte xelebre, bertso eta kontu biltzen baitituen, Gipuzkoako herri hori oso berezia dela agerian utziz. Jarraian aurkezten den txango zoragarri honetan Errezilgo txokorik ezagunenak –Hernio gailurra kasu– eta ezezagunenak bisitatuko ditugu.

Hernioko gailurra, Bidaniako gainetik ikusita.
Hernioko gailurra, Bidaniako gainetik ikusita.Gorka Azkarate

Bistan da Hernio mendia dela Errezilgo tontorrik berezien eta esanguratsuena. Gipuzkoako txoko gehienetatik ikus daiteke Hernio, eta ia urteko egun guztietan hango eta hemengo txangozaleak erakartzen ditu. Iraileko igandeetan bereziki, egun horietan erromeria ospatzen baita Zelatungo igarobidean.

Errezilgo elizaren atarian gaudela, burua jaso eta Hernioko gurutzea –gurutzeak esan beharko genuke– bistaratuko dugu urrunean, ia 800 metro gorago. Isurialde malkartsua da, zinez, hegoaldekoa. Iparraldekoa ez da gutxiago.

Hernioko gailurra izanda ere paraje hauetako bisitatuena, ez da gailur bakarra. Oraingoan proposatzen den txangoan ere igo genezake, hala nahi izanez gero, baina Zelatungo lepoaren bestaldeko eremuari emango diogu protagonismoa, Akategi edo Gazumeko gailurra buru. Hernio mendiguneko eremu ahaztua da, Gipuzkoako zokogune ahaztua.

Iraganeko Gipuzkoa hura

Errezilgo Etumeta auzoan hasi eta bukatuko dugu ezohiko txango hau. Bertara autoz igotzea gomendatzen dugu, nahiz eta Azpeititik –Arauntza eta Sañuko gailurrak igo ostean–, Urola ibaiaren ertzean dagoen Lasao auzotik, edo Aizarnatik ere iritsi daitekeen bertara, txangoa pixka bat luzatuz. Etumetako Benta zaharraren parean hasiko dugu txangoa. Han, kondairak dioenez, Loiolako Inaziok atseden hartu zuen behin Erromatik etxera zetorrela. Etumeta auzoa oroimenean iltzaturik geratzen den inguru horietakoa da, dagoeneko iraganekotzat genuen Gipuzkoa baten erakusgarri. Lasaitasuna arnasten da bertan, ordularia derrepentean gelditu balitz moduan.

Auzoa atzean utzi eta maldan gora abiatuko gara, pagadian barrena lehenengo metroetan eta larrean ondoren, harik eta metro gutxitan altuera bizkor hartu arte. Malda gogorra sasi-ordeka bilakatuko da Txoondegiko muinoa inguratzen ari garela, eta laster iritsiko gara Komisolatzako lepoko gurutzera. Indoko gailurrak izango ditugu parez pare, eta hura izango dugu arnasa hartzeko azkeneko puntua, jarraian malda dexente zutituko baita, ia atsedenik gabe, Gazumeko gailurrera heldu arte.

Ez dago bidean galtzerik, eta gorago goazen neurrian, ikuspegia ere hedatzen joango da pixkanaka. Indoko gailurrera (758 m) igo gaitezke bidetik metro batzuk aldenduz gero, baina tamalez bidean gora jotzen dute mendizale gehienek eta gailur hau, beste asko bezala, ahaztuta dauden horietakoa da. Arrosetako lepora heltzen garenerako 200 metroko desnibela gainditua izango dugu Komisolatzatik, eta Mendibeltzera doan xenda jarraituko dugu segidan, nahiz eta posible den, baita ere, Mendibeltza eta Gazume igo gabe gailur horiek inguratuz zuzenean Zelatungo lepora iristea, Elkamen Txikiko bordetatik igaroz.

Basotik irten eta belardian gora eginez bizkor iritsiko gara Gazumeren zaindari den Mendibeltzako gailurrera. Metro batzuk jaitsi eta Gazume mendiaren azkeneko metroei egingo diegu aurre, harri artean gorantz eginez. Minutu gutxitan helduko gara Gazumera (1.003 m). Ikuspegi zoragarriaz goza daiteke gailur horretatik, eta bereziki deigarria da Hernio mendiaren mendebaldeko horma zeinen eder bistaratzen den pare-parean.

Hernioren gailur maitatua

Gure ibilaldiak Iturriotz izango du hurrengo jomuga, baina behin Errezil aldera etorrita eta Hernioko mendigunean gabiltzala, bekatua dirudi Hernioko tontorra jo gabe uzteak. Azkar jaitsiko gara Gazumetik Zelatunera, harri artean lehenbizi eta belardian behera gero, pintura marka zenbaiti kasu eginez, lehenengo zatian bereziki. Iraileko igandeetan trikiti doinuak nagusi izaten dira bidegurutze estrategiko honetan, eta jendetza bildu ohi da hutsik egin gabe, nahiz eta garai bateko argazkiak eta gaur egungoak errepasatuz gero Zelatungo erromeriak behera egin duela eman dezakeen zenbaitetan. Edozein kasutan, indarrak berritzeko aukera paregabea izango dugu Zelatungo txabola orain gutxi eraberrituetan, eta Hernioko azken pendizari aurre egiteko moduan jarriko dugu ostera gorputza.

Herniora igo ostean atzera berriz Zelatunera jaitsi beharko garela kontuan hartuz, eta ibilbide zirkularra osatu nahian ahal den heinean, bide arrunta jaitsierarako utzi eta zuzenean igotzea proposatzen dizuet, ertzetik joanez. Behetik ezinezkoa dirudien arren, xenda bihurri bat badago, harkaitz artean gora egiten duena. Horretarako, zuzenean belardian gora egin beharko dugu –malda gogorra eta bidez kanpo–, harkaitzaren oinera iritsi arte. Zirrikitu bat badago, eta bertan xenda arrastoak aurkituko ditugu, kairn bakar bat edo beste aurkitzeaz gain. Malda gogorra gaindituta gailurreriara iritsiko gara, eta Hernioko gurutzea gertu sumatuko dugu, nahiz eta bertara iristeko oraindik ere lan pixka bat egin beharko dugun harri artean. Minutu gutxitan, Gipuzkoako gailurrik maiteenetakoa den Herniora helduko gara (1.072 m). Gurutze nagusiaz gain beste hamaika daude gailurrean. Gipuzkoa osoa gure oinetara izango dugu, baina bereziki Errezil, nola ez.

Zelatunera bide arruntetik jaitsiko gara, hainbat eta hainbat belaunaldik zapaldu duten xendari jarraituz, betiere Errezil begi bistan dugula. Zelatunetik Iturriotzerako bidea ere aski ezaguna da, hainbat eta hainbat mendizale eta txangozalek behin eta berriz zapaldua. Ez dago bertan galtzerik. Antzinako bide klasiko batean gaude, izan ere: GR34 bidea, Donostia eta Arantzazu batzen dituena, Zelatunetik igarotzen da eta Iturriotzerainoko bidea ibilbide luze honetako margo ikur zuri-gorriak jarraituz osatuko dugu, bideaz gozatuz betiere.

Iturriotzen ermita bat eta baserri erraldoi bat aurkituko ditugu, XVI. Mendekoa. Han ere gau bat igaro omen zuen Loiolako Inaziok, Parisetik Azpeitira zetorrela. Iturriotz, Etumeta... Pausoka-pausoka erromes-bidea osorik ari gara deskubritzen ia nahigabe...

Erdoizta

Ibilaldiaren azken txanpa geratzen zaigu, zatirik ezezagunena eta erakargarriena. Berriz ere Etumetara itzultzeko lehenbizi Iturriotzetik Granada Errekako zulora jaitsiko gara, ibilgailuak ere ibil daitezkeen pistari segika, galtzeko aukerarik gabe. Pendiza latza da, eta altuera erraz galduko dugu kilometro gutxitan. Granada Errekako zuloan, Iñaki Eizmendi Basarri jaio zen baserritik igaroko gara, berriz ere malda gogorrari aurre egin baino lehen. Gipuzkoako ermita zirkular bakanetakoa den Erdoiztako ermitara igotzea dagokigu jarraian, paraje ezezagun, ahaztu eta magikora. Luis Pedro Peña Santiago mendizale eta etnografo handiak honelaxe dio, Paseos por Guipúzcoa liburuan, Erdoiztari buruzko pasartean: “Erdoiztara joan egin beharra dago. Bertan hiltzen da errepidea, plazaren erdian, beste inora joan gabe. Errezilgo auzo honetako kaskoa ermitak eta bi baserrik baino ez dute osatzen. Gure herrialdeko paraje ahaztua da, paraje berria, existitzen ez zela uste genuen baina bertan dagoen Gipuzkoa bateko zati... Eguraldi txarrarekin gustatzen zait niri Erdoizta, behe-lainoak Indoko mazelak estaltzen dituen egunetan, eta hezetasunak pagoetako hostoak distirarazten dituenean, horiek baitira Erdoiztak bere indarra erakusten dizkigun egunak...”.

Paraje erakargarria eta misteriotsua denik, behintzat, ezin uka. Gipuzkoako txoko ahaztu hauetan osatu dugun ibilaldi ahaztezina osatzeko, Erdoizta eta Etumeta batzea baino ez da falta, errepidez bizpahiru kilometro ibiliz.
 

'Errezildarren ateraldiak' liburutik hartutako pasarteak

Galarra-saletxeko Bartolo da beste fenomeno bat izana. Garai batean Landetan bazkaltzen zuen beti, apopilo. Beti prezio jakina ordaintzen ohituta zegoen nonbait. Menuaren prezioa igo egin zuten garai hartan, baina Bartolok beti bezala bota zuen hamar eurokoa. Bordatxoko Anak esan dio:
    – Aizu, Bartolo, ezta ailatzen!
    –Eon haina lasai, bultzako´zeonat-eta –diruari bere aldera bultza eginez.

******************************

    Beste behin, zerbitzaria lanean iritsi ezinda zebilen tabernan eta Bartolo adarra nondik joko. Berotu zaio zerbitzaria:
    – Mundu hontan danok gaituk amaik eindakuak, e?
    – Ni ez –Bartolok.
    – Hi ez? Hi zeinek eindakua haiz ba?    
    – Amak ez, zaharrena naun-ta. Ni jaio arte ez huanan ama, hua ni jaiotakuan ein hunan ama. Aurretik neska edo nahi denana izengo huanan, baina ez ama.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-25 | Estitxu Eizagirre
"Lurra taupaka" festara deitu du Amillubi proiektuak, maiatzaren 11n

Laborantza lur emankorrak ondasun kolektibo bilakatu nahi ditu Amillubi proiektuak. Horretarako herritarren eta hainbat kolektibo eta erakunderen ekarpenak biltzen ari da eta maiatzaren 11rako egun osoko festa antolatu du Amillubin bertan, egitasmoari bultzada emateko.


Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


2024-04-15 | Estitxu Eizagirre
Lurraren defentsan mobilizazioa
"Ez da trantsizioa, espekulazioa da"

Euskal Herria Bizirik sareak antolatuta eta 84 eragilek deialdiarekin bat eginda, 2.200 pertsona manifestatu dira "Lurraren defentsan" Azpeitian, apirilaren 13an. Goizean bertaratu direnek lau tailer eta mahai-inguru baten bidez aztertu dituzte zein diren berdez... [+]


Eguneraketa berriak daude