Independentzia ala etnokrazia?

  •  


2013ko martxoaren 31n

Duela 25 urte, ospatu zen II. Euskal Mundu Biltzarra eta nazionalismoaren atalean parte hartu zuen Walker Connorrek, nazionalismoaren mundu ikerle nagusienetako bat. Bere hitzaldian esan zuen: “Autodeterminazioaren doktrinak, hala nahi badu, edozein naziok banatzeko eskubidea duela dio. Baina estatu ugariko hauteskunde-datu eta iritzi-inkesten arabera, estatu demokratiko baten baitan bizi den gutxiengo nazional bateko kide tipikoak etnokrazia nahi du, baina ez independentzia”. Hau da, “bereek” agindu diezaiotela nahi du, “gureen” agindua legitimoa kontsideratzen du. Gauza bera nahi da gure gizartean ere, eta erabakitzeko eskubide edo subiranotasunaren arropekin janzten dugu etnokraziaren nahia.

Egia da gure gizarte potentzialean, erkidegoa gehi Nafarroa, abertzaletasunak baduela oinarririk, eta gutxi gora behera Erkidegoan edonolako baldintzetan independentziaren hautua %35 egiten du. Nafarroan, portzentaia eskasagoa da, normala den moduan. Berdin da zein erakunde hartzen dugun datuetarako: Euskobarometroa edo Soziometroa. Inon egitekotan, independentziaren aukerak bakarrik irabaziko luke Gipuzkoako lurraldean.

Zer dago gure gizartean? Nolako osaera soziodemografikoa eta zer nolako hautu politikoak egiten dira? Hona hemen Connorrek aipatzen dituen joera eta datu batzuk, Euskal Herrian ere errez eta erruz aurkitzen ditugunak: 1) Egia da Estatu espainiarrekiko afektu eskasa dagoela; 2) Nolanahi ere, kontzientzia abertzaledun askok estatuarekiko lokarri afektiboak ere baditu, batzuk azalekoak, beste batzuk sakonagoak; 3) Mugimendu abertzalea indartsua izan arren, abertzale ugari ez dago banatzearen alde; 4) Gorabehera puntualez aparte, independentziaren aldeko jende kopuruaren portzentajea mantendu egiten da; 5) Gehiago nahi izaten da sistema politikoaren baitan autonomia handitu independentzia lortu baino; 6) Hauteskundeetako boto abertzalea ez da independentziaren aldeko jarreraren neurgailu aproposa izaten; 7) Independentziaren zaleak gizarte talde eta adin guztietan daude; 8) Nolanahi ere, atxikimendurik handiena 35 urtetik beherakoek eta ikasketa maila eta errenta altuetakoak ematen dute; 9) Normalean, independentziaren aldekoenetarikoak profesionalak izaten dira, eta 10) 55 urtetik gorakoen artean zeharo gutxitzen da hautua.

Jarrera hauek oso errotuak daude euskal gizartean eta oso nabariak dira independentziaren oinarri sozialari buruzkoak. Abertzaletasunaren baitan marrak seinalatzeko garaia heldu da, barne hegemoniaren inguruko borrokan berdinak ez direla erakutsi behar dute eta alderdi abertzaleek. Ikuspegi honen arabera, Bildu/Sortu eta EAJ muturreko posizioetan leudeke eta lehenak independentistagoak lirateke eta bigarrenak ez hainbeste. Egia esanda, ez dut uste hau izan litekeenik egungo irizpide banatzailea, eta ez luke izan beharko. Hobe lukete, bai batzuk, bai besteek, gure gizarteko konstanteak aztertzea eta horren araberako objektu politikoak eraikitzeari ekitea. Konstante hauek esaten digute %45 euskaldunago sentitzen dela, % 15 espainolago eta %40 identitate bikoizduna. Esaten digute ere %45ak abertzaletzat duela bere burua eta %55ak ez abertzaletzat.

35 urte daramatzate abertzale eta espainiar zaleek elkar kolonizatu nahian gurean, eta ez dute bestearen posiziorik ahuldu. Agian, parada taktiko (funtsean estrategiko) bat egiteko unea da. Zer nahi da benetan: independentzia ala etnokrazia? Nire usterako, etnokrazia bermatu eta ongitasunean oinarrituriko gizarte inklusiboa gure errasgu diferentzial modura jarrita agian epe oso ertainera independentziaren ateak zabalduko dira. Gainera, ametsak amesgaizto bilaka daitezke biziki desiratzen diren helburuak faktikoki lortu ezin direnean, eta ez dugu frustraziorik behar.  Uste dut oraindik ez dugula nazioaren eraikuntzak suposatzen duena ulertu, ze eraikuntza politikoak ezin dira erreferentziatzat hartzen diren gizartearen konstanteen aurka egin. Egin daitezke, baina sufrimenduaz aparte ez dute ezer onik ekartzen. Nazioa eraiki behar bada, egiteke dago, eta egitekotan etorkizunean, ez iraganean. Atzerantz begiratuta, ez dago independentzia galdurik errestauratzerik!

(*) Xabier Aierdi EHUko irakaslea da.


LARRUN
2013ko martxoaren 31
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude