Beste elefante bat gure gelan: kredituaren gailurra

  • Elefantez beteriko gelan mugitzea izen deigarria duen hitzaldi batean Nathan Hagens finantza adituak egun dugun erronka handienetako batez ohartarazi du: 1970eko hamarkadatik, energia krisiari aurre egiteko kredituan oinarrituriko ekonomia sortu dugu. Baina hau ere iritsi da gailurrera.

Peak Oil edo petrolioaren gailurrarena baino arazo larriagoa dugula dio Hagensek: kredituaren gailurra. Etorkizuneko dirua erabiliz azkarrago xahutu dugu energia.
Peak Oil edo petrolioaren gailurrarena baino arazo larriagoa dugula dio Hagensek: kredituaren gailurra. Etorkizuneko dirua erabiliz azkarrago xahutu dugu energia.

Petrolio upelak ez du 100 dolar balio. Upel horrek adina energia lortzeko, pertsona batek 11 urtez egin beharko luke lan, eta AEBetako langileak urtean bataz beste 45.000 dolar irabazten dituenez, upelaren zifra erreala 500.000 dolar litzateke. Kontu horiek atera zituen Nathan Hagens finantza adituak, petrolioaren gailurra ikertzen duen ASPO elkartearen X. Biltzarrean.

ASPOk (Association for the Study of Peak Oil) Vienan 220 lagun bildu zituen ekainean, erregai fosilez eta energiaren krisiaz eztabaidatzeko. Peak Oil teoriaren fundatzaileek sortu zuten ASPO, Jean Laherrèrek eta Colin Campbellek. Teoria horren arabera, petrolio produkzioak goiena joko du eta ondoren gainbehera etorriko da. Munduan kontsumitzen dugun energiaren %80 petroliotik eratorria da.

Lehman Brothers-etik etxalde apal batera jauzi

Gero eta gehiagok onartzen du fenomenoa jadanik gertatzen ari dela; askoren ustez 2010ean jo zuen gailurra petrolio produkzioak eta egun bizi dugun finantza krisia horren ondorio izan liteke. Nathan Hagensek ekonomiaren eta ekologiaren arteko harremanak ikertu ditu, ez da edonor gainera. Unibertsitateko tesi eta masterrek baino harridura handiagoa sortuko diote irakurleri bere curriculumean irakurtzen duenean Lehman Brotherseko presidenteorde izan zela. Baina enpresentzako algoritmo konplikatuak egiteari utzi eta Wall Streeteko palazioetatik AEBetako etxalde apal batera aldatu zen halako batean.

Geroztik saiatu da ulertzen zerk bultzatzen duen gizakia kontsumora, zer harreman dagoen diruaren eta mundu finitu honen artean. Zerk egiten duen huts. Bere esanetan, finantzak gidatzen dituzten ekonomistek ez dute mundu fisikoa ulertzen, nola zientzialari askok ez dituzten ulertzen kontu ekonomikoak. Orduan, Hagensek natur baliabideen inguruko doktoretza egin zuen eta The Oil Drum aldizkaria editatzen hasi zen. Post Carbon Institute-ko kide da egun, besteak beste.

Vienako biltzarrean bat baino gehiago asaldatu zuen esaldi honekin: “Kredituaren gailurra hurbilago dugu, petrolioaren gailurra baino arazo larriagoa da”. Energia krisiari aurre egiteko kredituan oinarrituriko ekonomia sortu dugu azken hamarkadotan, etorkizuneko dirua erosiz: “Gure seme-alabei lapurreta egiten ari gara!”. Baina diruak ez du energia sortzen, diruarekin energia azkarrago eskuratzea besterik ez dugu lortu.

ASPOko biltzarreko hitzaldiaren harira Alexander Ač kazetariak elkarrizketa izan zuen Nathan Hangesekin Energybulletin.net aldizkari numerikoan. Bertan estatubatuarrak ederki asko laburbiltzen ditu bere teoriak. Elkarrizketa tximistaren abiadan zabaldu da sarean, bai ingelesezko jatorrizko bertsioa eta baita Rebelion.org webguneak egindako gaztelaniazko bertsioa ere. Segidan, Hagensek elkarrizketa horretan esandakoen pasarte esanguratsu batzuk doazkizue.

“Energia gizarteen gidari nagusiena izan da betidanik, baina azken 30 urteetan ez gara gai izan ordaintzeko denbora errealean nahi genuen energia hornidura, hortaz, diru gehiago jaulki dugu kreditu formarekin, energia hori ordaintzeko. (…) Gure arazo ekonomikoak hasi baziren erauzteko zailagoa eta garestiagoa zen energiaren eraginagatik, orain arazoa da zenbat betekizun finantzario dugun mundu garatuan eta garatzeko bidean denean.

Gure gizartea –Europa, AEB eta gero eta gehiago Txina eta beste toki batzuk– estimulazio eta kontsumo maila handiarekin ohitu da. (…) Egunero esnatzen gara dopamina/estimulazio neurologiko kopuru zehatz baten beharrean, eta gure kultura prestatuta dago garuneko produktu kimiko horiek lortzeko, erabilera intentsiboaren bidez kontsumituz eta lehiatuz. Baliabide finituak dituen mundu batean, hori arazoa da. Jendeak ‘gehiago’ nahi du eta beste jende bati kentzen lortzen du, beste espezieei, beste belaunaldiei. Horrek narama esatera egoera hau ‘gehiegizko aurreikuspenak’ sortu duela, eta ez ‘energia eskasiak’.

[Kazetariak harrituta ihardesten dio orduan: baina ezin diozu hori esan energia eskuratu ezinean dauden bi mila milioi pobreei]. Egiaz, bai. Jendeak, demagun Indian, AEBetan baino trantsizio askoz errazagoa izango du hazkunde globalaren amaiera baterantz, ez direlako inoiz izan nazioarteko fluxu konplexu horien menpeko eta euren garunak ez dira estimulazio eta berritasun maila altuen beharrean egon. Horiek desagertzen direnean, AEBetan eta Europan jendeak gaizki pasako du; Indian gehienek euren eguneroko bizitzarekin jarraituko dute. Horregatik uste dut energiaren eta baliabideen banaketa bidezkoa garrantzitsua dela.

1920 eta 1930eko hamarkadetan kreditu krisia izan genuen, baina orduan energia merkea eta baliabide ugari geratzen zitzaizkigun. 1970eko hamarkadan baliabideen krisia izan genuen, eta hari aurre egiteko kredituan oinarrituriko ekonomia baterantz egitea aukeratu genuen. Dolarra patroi global bihurtu genuen eta zor publiko eta pribatu kopuru masiboak sortu genituen. Baina orain, bietan mugak aurkitu ditugu: benetako krisi bat da, eta kredituak eta baliabideak jada ez dira nahikoa hazkundea elikatzeko.

Lotura argia dago, onartua ez izan arren, diruaren eta energiaren artean. Dirua, energiaren eta etorkizuneko baliabideen eskaria da; zorra, etorkizuneko diruaren eskaria den moduan. Zorrak ez du energia sortzen, baina zorra eskura izateak errazten du energia azkarrago erauzi ahal izatea. Nola Cantarell bezalako hobi batean zulo horizontalek eta nitrogeno injekzioek behin behinekoz petrolio gehiago ateratzea ahalbidetzen duten, hala egiten du zorrak ekonomiarekin.

Zorraren eskaintzan eta sorreran oinarrituriko ekonomia errotuegi dago establishment ekonomikoan. Zorrak ez du zertan zerbait txarra izan behar. Soilik txarra da gastatzen dugun hori nahikoa produktiboa ez denean itzultzeko. Behar duguna petrolioaren gailurreko keynesianismoa da. Daukaguna, keynesianismo turbofinantzarioa da”.


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude