Iparra galduta

  • Ipar haizearen kontra.

    Daniel Glattauer.

    Batera saila, Alberdania, 2012.

    Itzultzailea: Irati Elorrieta Agirre.
Nork pentsa zezakeen, hizki akats batek haizearen norabidea alda zezakeenik?

Rothner andereak “i” aurreko “e”-aren akats kronikoa du eta ez da horretaz jabetuko, Like aldizkariko harpidetza eteteko momentuan, Leike jauna delako baten erantzuna jasotzen duen arte. “Gabon zoriontsuak eta urte berri on” edota “poztuko naiz berriro ere halabeharrez nire helbidean galtzen bazara” bezalako mezu axolagabe baina erakargarriekin jolasean ari direla, ezusteko feeling-a sortuko da. Handik aurrera, aitorpen eta sentimendu sakonenez kargatutako trukaketa epistolarrari ekingo diote. Posta hartu-emanetan garatuz joango den elkar ezagutze prozesu zibernetikoa ez da harpidetza etetea bezain erraza izango. Ibilbide horretan zehar gainditu behar izango dituzten oztopoetan datza Daniel Glattauer idazle austriarraren Ipar haizearen kontra.

Leo eta Emmi. Emmi eta Leo. Izena dute abiapuntu bakarra, baina zehaztugabeak dira. Ez dute inoiz elkar ikusi, edo ikusi badute ere ez dakite. Azken finean, zer axola du? Adinik ez, fisikorik ez… zer dira baina? Leo eta Emmi errealitate fisikotik kanpo bizi diren hitzak besterik ez dira. Elkarri idazten diotenetik eraikiz joango diren fantasiazko irudi birtualak.

Laster batean irakurtzen diren ironiaz zein umorez jositako email egituradun elkarrizketa laburretan, sentimendu konplexu eta paradojikoenak loratuz doaz: ezinbesteko bilakatu den, baina gure egiazko munduaren parte ez den pertsona batekiko menpekotasuna, fisikotik urrunago garena komunikatzeko beharra, pertsonalki ezagutzeko irrika eta laztanen desira, baina gustuko ez izateak eragindako oinazea. Helduko al dira inoiz, errealitate bilakatuko dituen kontaktu fisikora? Emmik dioenez “erantzunik izango ez dutelako kitzikagarriak gertatzen zaizkigun galderak egiten ditugu”, eta aurrerago galdetuko du: “Leo, ezagutu nahi nauzu?”. Galdera horren erantzunak zintzilik irauten duen bitartean, soilik, zilegi izanen da elkarren artean sortutako feeling-a elikatzen jarraitzea. Hura baita, aldez aurretiko morboa piztuta mantentzeko ezinbesteko sugarra.

Idazleak topaketa egunerako prestatzen gaitu eleberriaren amaieran. Izan ere, gertakari batekin harritzen gaitu, zein da gertakari hori? Berriz ere, haizearen norabidea aldatuko duen hizki akats bat.

ASTEKARIA
2012ko maiatzaren 27a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude