"Nik nahiko nuke dena modu naturalean egin, baina ezin da"

  • Xabier Montoiak modu konbentzionalean azken diskoa argitaratu zuenetik ia hamar urte joan dira. Tartean gorabehera ugari izan du, baina itzuli bada, itzuli da, Montoiaren mundu miresgarria diskoko hamar kantekin; etengabeko bilakaeraren azken emaitza da lan berria.

"Normalean disko bat egiten dudanean hurrengoa saiatzen naiz pixka bat ezberdina egiten, batez ere ni neu ez aspertzeko".Dani Blanco

Xabier Montoiarekin musikaz hitz egiten hasten zarenean deigarria egiten zaizun lehenengo gauzetako bat bere musika-kontzientzia da; zehazkiago, musika popularrarekiko –zentzu zabalenean ulertuta: musika beltza, popa, rocka, punka eta abar– kontzientzia. Ez da musika mota horretan kokatzen diren obra nahiz musikarien ezagutza bakarrik –hori ere badago, jakina–, baizik eta bere garapen orokorrarena. Montoiak bere ibilbideari buruzko iruzkinak egiten dizkizunean garbi ikus dezakezu atzean zer dagoen; bere disko partikularretatik landa, musikaren gaineko hausnarketa osoa baita. Sarritan errepikatzen duen hitzetako bat “birziklatua” da, duela hamarkada batzuetako musika eguneratzeko saiakera antzuei erreferentzia egiteko. Errepikapena saihesten ahalegintzen da kosta ahala kosta, musika eredu ongi finkatu eta ustiatuetan erortzea ekiditen saiatzen da beti. Akaso horixe izan daiteke bere musika Euskal Herrian beti itzaletan geratu izana azaltzeko arrazoietako bat. Alabaina, euskal musikari begirada orokorragoa ematen badiogu, ohartuko gara hor egon dela beti, aldaketaren lehen lerroan: punkaren hastapenetan Hertzainakekin, post-punkaren bide ugarietan M-akekin, pop, elektronika edo drone-rantz bakarkako lanetan –musika beltzaren oihartzun ia konstantearekin–. Etengabeko bilaketak markatzen du Montoiaren musika ibilbidea, inoiz geldirik ez geratzeko borondateak. 1981ean, Euskal Rock Erradikalaren eztandaren atarian, Euskal abestia hil da, gora rock&rolla izeneko artikulu famatua argitaratua zuen; 2003. urtean, ostera, Ni ez naiz Xabier Montoia diskoa argitaratu ondoren Argiari eskainitako elkarrizketan “Rocka esklerosiak jota” zegoela adierazi zuen. Ia hamar urte ondorengo bere iritzia galdetu diot. “Nire sentsazioa rock&rollarekin, orain, momentu honetan... Orduan esaten nuena areagotua ikusten dut. Hau da, gauza bera jarraitzen dut pentsatzen baina gainera uste dut orain orduan baino are eta esklerosiak joagoa dagoela”. Gaur egun pertsona bakanetan ikusten du merezi duen musika, mugimendu edo joera jakinetan bainoago, estilo diferenteen barruko zenbait “frankotiratzailetan”: Robert Wyatt, Richard Hawley, Brian Eno, Steven Roach...

Montoiak Lagunak, adiskideak... eta beste hainbat etsai (1999) diskoan, bakarkako hirugarrenean, kokatzen du gaur egunera eraman duen bilakaeraren hastapena. “Orduan ez nintzen konturatzen, baina azken finean hor zegoen oinarria. Gitarra, baxua eta bateria, baina gitarrak ziren oso... horrela, nota txikiak, esaldi laburrak eta gutxi irauten zutenak. Nik uste dut, ja hortik aurrera abiatu nintzela nolabait”. Bere estreinako bakarkako diskoa, Beti oporretan, M-ak taldean ari zen bitartean ondutako kantekin baina proiektu hartan ongi egokitzen ez zirenekin osatutako diskoa izan zen. Hemen, berriz, bere disko bizkor eta rockeroena da. “Lehenengo bi disko horiek nolabait, iraganeko zorren kitapen gisa ikusten ditut; M-aken garaitik motxilan neramatzan hainbat gauza ateratzeko ahalegina-edo.”

Lagunak, adiskideak... eta beste hainbat etsai argitaratu eta hiru urte ondoren azaldu zen Ni ez naiz Xabier Montoia, azkenekoa Montoiaren mundu miresgarria plazaratu den arte. Disko haren ondoren bira egin zuen “nik inoiz izan dudan talderik onenarekin. Bi bateriarekin, bi gitarrarekin... baina ez kantitatean bakarrik –inoiz izan dudan talde ugariena izan baitzen– musikarien kalitateagatik ere bai; sekulakoak ziren”. Bira hura amaitu, eta beti egiten duen legez, kanta berriak prestatzen hasi zen. Arestian, aipatu bezala, ordea, bide berriei ekite horrek baso sarri eta sastrakatsu batera eraman zuen. “Normalean disko bat egiten dudanean hurrengoa saiatzen naiz pixka bat ezberdina egiten, batez ere ni neu ez aspertzeko. Orduan elektronikan oso interesatua nengoen, eta hortik jo nuen. Kantak egin ondoren grabatzen hasi eta oso bide luzea... oso luzea izan zen, ez zen inoiz bukatzen; beti zeuden gauzak egiteko eta batez ere oso erritmo motela generaman. Gauzak hasi ziren pixka bat konplikatzen eta, bueno, oso esperientzia.... batez ere alde pertsonaletik, nahiko esperientzia txarra izan zen”. Poliki adierazten du adierazi nahi duena, hitz bakoitza tentuz hautatuz. “Sentsazio hori, ezta? Sartzen zarela jardun batean, lan batean, eta oharkabean zurrunbilo baten erdian zaude eta ez dakizu zergatik, nola, nondik, nora, zer gertatzen ari den, baina bai, ordea, nabaritzen duzu hor zabiltzala buelta eta buelta eta, gero eta azkarrago eta gero eta nahasiago eta galduago eta... eta hor zaude zulo horretan, ezin atera, ezin argia ikusi. Horrela, urtetan, ze hau urtetako kontua izan zen, ez zen izan aste batzuetakoa edo hilabete batzuetakoa”. Grabazioa nola edo hala amaitutzat eman baina pott eginda aurkitu zuen bere burua, neurri batean bere erruz. “Elektronika menderatu beharra dago, eta nik ez dut menderatzen. Horrek eramaten zaitu beste norbaiten menpe egotera, hori menderatzen duenaren menpe hain zuzen ere, eta normala da gainera. Hori izan zen, suposatzen dut, nire akatsik handiena; hor sartzea hainbat gauza aldez aurretik ziurtatu gabe eta argitu gabe eta... bueno, dena... ez dakit nola esan, adiskidetasunaren eskuetan-edo utziz. Beti pentsatzen duzu ‘Lagunak garenez gero, konponduko gara, konponduko dugu...’ baina bueno, gauzak ez dira beti horrela izaten, eta kasu hartan ere ez ziren horrela izan”.

Deus guti titulua izango zuen disko hura, azkenean, ez zen argitara eman, ez behintzat modu konbentzionalean –sarean aurkitu daiteke–. Gurutze bide musikal eta pertsonal hartatik igarotzeak musikatik erabat aldentzea eragin zion. “Bi urte luze egon nintzen gitarra jo gabe, musika entzun gabe; autoan nindoan eta nahiago nuen musika kendu, ezin nuen jasan musika, deskonpresio erabatekoa izan zen”. Horrela ibili zen harik eta ezusteko bat jazo zitzaion arte; “epifania bat-edo” dio barrez. “Oso ondo gogoratzen dut. Behin piztu nuen telebista eta TF1en ematen ari ziren, ba, larunbat goizetan egoten den programa hortera tipikoa. Piztu eta berehala agertu zen neska gazte bat, hemezortzi urte omen zeuzkan orduan... Lily Allen. Eta kantatu zuen Smile izeneko kanta eta ez dakit zergatik kanta hori entzun eta dena aldatu zen... edo sortu zitzaidan berriro musika egiteko gogoa. Eta hori da nire ustez funtsean reggae moduan emandako pop kanta delako. Nik uste ahaztua nuela popak izan dezakeen alde xarmangarri hori. Entzuten duzu doinu bat, doinu sinple bat, xaloa, baina sartzen da zure garunean eta, nola esan... poz moduko bat ematen dizu. Halako kanta argitsu, distiratsu horietako bat”. Kuriosoa egiten zaiona da aldaketa ez ziola egundoko konposizio batek eragin, orduan Ingalaterrako salduenen zerrendan lehen postuan zegoen abestiak baizik, uda hartako kanta izan zenak. Hortik aurrera kanta berriak egiten hasi zen, “oso pixkanaka” zehaztu duenez, eta apur bat beranduago baita kontzertu batzuk ematen ere, zeintzuetan besteak beste, Smilen bertsioa egiten baitzuen. Ibon Rodriguezek lagundurik hasi zen, eta harekin grabatu zuen, halaber, Txinaurriak diskorako prestatu zuten bertsioa, Xoxo beltza (A round midnight). Ibai Gogortza ere batu zitzaien lehenago zenbait emanalditarako. Azkenean, Gogortzak jarraitu ezin eta Rodriguezen bitartez Maite Arroitajauregirekin ipini ziren harremanetan. “Ibon izan da zubia. Bueno, nolabait, istorio honen ardatza Ibon da”.

Montoiaren mundu miresgarriaren estudioko grabazioa Deus gutiren prozesu bihurri eta gorabeheratsuaren antipodetan kokatzen du. “Grabatzeko ikaratuta nengoen. Baina lehen momentutik inoiz baino erosoago aritu naiz. Inoiz ez dut disfrutatu estudioan, honetan ere ez, baina behintzat honetan ez dut sufritu, eta hori asko da niretzat”. Ander Barriusoren eta Ibon Rodriguezen lana eskertzen du, haiek ibili direlako ekoizpen lanean. Anderren esku egon da, orobat, grabazioa bera. Horretaz aparte, estudioan sartu zirenerako kantak ondo lotuta zituzten, eta egin nahi zutena ongi zehaztuta –“beste diferentzia bat aurrekoarekin”–, eta horrek ere asko lagundu ei du.

Abesti berriei buruz hitz egiten hasita, nahiz eta badakidan halakoak esanda arinkerian erortzeko arriskua hartzen dela, esan diot inoiz osatu duen kanta bilduma eder eta borobilena iruditzen zaidala. “Niri ere bai” esan dit berehala. “Baina, klaro, zer esango dizut. Sentsazio bera izango nuen aurrekoan ziur aski, eta aurrekoan ere bai... Baina bai, ni kantekin oso pozik nago.” Diskoa prestatzeko Rodriguezen eta bere artean mila aldiz hitz egin izan dutela dio, egin nahi zutenaren kontzeptua oso argi zutela, oso modu naturalean egin dutela elkarrekin aurrera. “Niretzat disko hau erreaktiboa da nolabait, Deus gutirekiko beste muturrean dagoena. Elektronikarik gabe, sekzio erritmikorik gabe”. Kanta “klasikoak” egiten ahalegindu dela aipatu du, urteen poderioz, ekoizpena edo dena delakoagatik zahartzen ez diren horietakoak. Modu askotara jo daitezkeen kantak direla irudikatzen du: baxu, bateria eta gitarrarekin, orkestra batekin, DJ batekin, gitarra espainol batekin... “Kantak funtzionatzea inguruko apainketa guztiez ahaztuta, berez funtzionatzea. Horregatik saiatu naiz ekoizpenaren alde baino kantaren alde egiten, kantari oztopoak kentzen. Horretaz ari naiz kanta klasikoak direla diodanean”. Eta hortik, halaber, kantuon soiltasuna. Haien oinarria Montoiaren ahotsa, Rodriguezen gitarra espainola edo pianoa eta Arroitajauregiren txeloak baitira soilik.

Azken momentuko aldaketa bakarrenetakoa kanta batekin izan zuen. “Lehen grabaketak egin ondoren entzun eta, ez dakit zergatik, Velvet Underground gogorarazi zidan, asko maite dudan taldea, bidenabar, baina ez nuen nahi halako arrastorik egotea. Diskoaren batasuna pitzatu egiten zela-edo iruditzen zitzaidan. Eta kanpoan geratu zen horregatik”. Haren ordez bi kanta konposatu zituen egun batetik bestera. Estudiora joan, eta lehenengoa jo zien kideei, Botilarena. “Ez zuten bestea entzun nahi izan”. Ez da harritzekoa, Botilarena, diskoko azkena, berehala kolpekatzen zaituen eta barne-barnean sartzen zaizun kanta horietakoa baita.

Hamar urte ondoren berriro ere promozio kontuetan –elkarrizketak, aurkezpenak eta abar– ibili beharra nola daraman galdetu diot azkenik. “Niretzat zama da, elkarrizketak, argazkiak, kamera aurrean jartzea... Hori niretzat gogorra da, ze gero ikusten dut nire burua elkarrizketan eta beti deseroso sentiarazten naute; iruditzen zait esan dudana ez dudala behar bezala esan, ez dudala behar bezala adierazi, gehiegi esan dudala edo gutxiegi, edo modu ilun batean esan dudala, ez dudala asmatu gauzak adierazten, eta joe, horrek gaizki pasarazten dit”. Bestetik, azken boladan inoiz entzun izan diodana aipatu diot, alegia, nahiko nekatuta dagoela bere irudi iheskor eta ezkutu horretaz. “Bai, izan ere, oso zaila da oreka aurkitzea, ez? Esan nahi dut, joe... nik nahiko nuke dena modu naturalean egin, baina ezin da. Eta orduan beti dago tentsio hori, nola esan... begira, nik tertulianoak gorrotatzen ditut, esan nahi dut, gauza guztiez dakien jende hori; nik ez dakit ezer ezertaz! Eta orduan, nola hitz egingo dut ez dakidanaz? Eta iruditzen zait elkarrizketetan-eta, askotan ur handiegietan sartzen garela. Alde batetik hori, baina gero nire burua ez dut ikusten kontrako klixean ere. Badakit ni ez naizela hori, ni ez naizela beti uzkur dabilen hori; baina aldi berean ikusten dut nire burua defendatzeko beharra, eta klaro... nola asmatu? Nola aurkitu oreka hori? Nola esan esan beharrekoa eta ez besterik? Noiz egin egin beharrekoa eta ez besterik? Noiz agertu agertu behar denean, eta ez agertu agertu behar ez denean?”.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude