Azkenik ere, maitasunaren garaipena

  • Zer barkaturik ez :: Alberto Ladron Arana. 

    Elkar.

    316 orrialde.

    21

Zer barkaturik ez eleberria, protagonistak bizi duen krisi momentu batetik abiatzen da. Emazteak utzita eta ustezko depresio batek jota, lanetik aldentzea erabaki du Mikel Izuk. Tartean, aspaldi ikusi gabeko anaiak bereak egin ditu berriro; haren etxean topatutako giza hatz bat eta alemaniar izena daraman hegazkin agiriak, Mikelek berak espero ez lukeen irrealtasun kutsuko istorio bati hasiera emango diote. Orotariko pertsonaiak gurutzatzen hasiko dira protagonistaren bizitzan: Mikelen anaiaren bila datorren neska andaluziarra, belarri bakarreko agure misteriotsua, ukraniar narkotrafikanteak, senar jeloskor ludopata bat, 1941. urtean izandako gertakari odoltsu batetik bizirik atera ziren judu eta naziak, besteak beste. 

Lotura agerikorik gabeko panorama nahasi honetan, pertsonaien arteko erlazio katea osatuz joango da ezusteko gertakari etengabeen bitartez. Istorio desberdinen gurutzapenak horma bakarra eraikiz joango dira eta, paraleloki, marraztua ikusiko dugu pertsonaia bakoitzaren iragan ezkutua. Ladron Aranak bere irudimenerako gaitasun ia agortezina agerian utzi du, irakurlearen arreta bereganatzea lortzen duten misterioz jositako 316 orrialdeetan zehar. Ez dago pentsatzeko tarterik, su-etenik gabeko akzioak eskutik eramaten du irakurlea. Misteriozko eleberri bati ongi egokitzen zaion idazkera arinaz baliatu da eta horretan oso lagungarri suertatzen da protagonistaren hitzek biltzen duten umore eta ironiarako tendentzia. Askotan fikzio maila horren sakonetan mugitzen garenean, txoro barrea eragiten dizkiguten keinuak eskertzekoak dira, errealitatean gaudela gogorarazten digutelako. 
   
Ladron Aranak Iruñea bilakatu du gertaleku zentrala, agian, “gertuegi” gerta dakigukeen espazio bat. Hala izanik ere, bertako kale eta tokien zehaztasun ezak, zein intriga beste hainbat espazioetara zabaldu izanak, irakurleari fikzioan bere kabuz murgiltzeko aukerak areagotzen dizkio, gogoan dudanez, Ahaztuen mendekua (2009) eleberrian gertatu ez bezala. Iruñea eszenatoki zuen eleberri hartan ere, errealistegia suertatu nahi izanagatik, krimenen misterioaren indarra ahul xamar nabari zen, iruindarren gusturako behintzat.
   
Bukaeran, Ahaztuen mendekuan gertatu bezala, maitasun kontuek bereganatzen dute garrantzia. Kasu honetan ez dugu maitasun triangelurik topatzen, baina eleberriaren izenburua protagonistaren ahotan entzuten dugu, “zer barkaturik ez” dagoela esanez. Krimen eta gertakari misteriotsu kateatuen behin-behineko argibide izateaz gain, narrazioan zehar egosiz joan den maitasun erlazioaren garaipena azpimarratu nahi izan denaren sentsazioa helarazten du, eleberriari hasiera eman dion protagonistaren maitasun krisia gainditu dela baieztatu nahiko balu bezala. Eleberriaren amaierak eragin dezakeen sentsazioetan bat baino ez da, tartean eragiten dituen txoro barreak nahiago dituenak, aurrera.

ASTEKARIA
2011ko azaroaren 27a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude