"Bizitza margotzeko lohitu egin behar duzu"

  • Europan leku askotan bizitzen eta margotzen ibili ondoren, Zoé Bray artista jatorriz baxenafarra Nevadan dago, neguaren zain. Antropologiak badu Atlantikoz bestaldera eraman ere, margolaritzak barneak alhatzen dizkio. Elurrak Renoko bazterrak zuritu aitzin, Zoé Brayk arteari buruzko bere gogoetak eskaini dizkigu. Naturari begira irakurtzeko moduko burutazioak dira, izan ere.

Zoé Bray::
Zoé Bray:: "Margolaritza errealista aktualitatekoa izanen da, beti ere gaurko errealitatea agertzen badu, hemengo eta oraingo jendeak".Gorka Rubio / Argazki Press

Zure biografian irakur daitekeenez, potreten bidez errealitatea islatzea maite duzu, aurpegiak eta haien intimotasuna interesatzen zaizkizu. Zergatik?

Kontenplazioarekin parekatzen dut potretak margotzea. Pertsona bat modu desberdinean, lasaiki ezagutzeko parada ematen dit horrek, ezen proiektuak batzen gaituenez une izugarria partekatzen baitugu. Batzuetan solasten gara, batzuetan isilik gaude, sentsazioak grabatuz otzanki. Oroz gainetik aurpegia margotzea dut gogoko jendearen atal gakoa delako. Zizeronek zioenez, begiak arimaren leihoak dira; hainbeste dago begitartean, ez bakarrik fisionomia, baina pertsonaren izatea, karakterea, umorea. Horren lekuko izateak, norbanakotasuna preziatu ahal izateak, azaletik harago joateak liluratzen nau. Baina aldi berean, osotasunean islatu nahi dut, norbanakoa: nor ote da? Modu osoan, ez bakarrik aurpegian kontzentratuz margotzen saiatzen naiz, jendea bere espazioan eta denboran kokatuz. Pertsona bere egunerokotasunean harrapatu nahi dut, jantzia, dagokion ohiko ingurumenean.

Zer du motibazio horrek ikustekorik antropologian eta zientzia sozialetan egin dituzun ikasketekin eta ikerketekin?

Zientzia sozialetan, helburua jarrera soziala ulertzea da, azaldu eta hortik teoriak eraikitzeko, beste gertakari sozialei aplikatzeko. Antropologia sozialaren berezitasuna da ikerketarako bere metodoa, etnografia, eskatzen baitu ikerleak denbora asko iragatea arakatzen duen eremuan, jendeekin, haiekin komunikatuz, haien bizipenak ezagutuz, eta haien esperientzien argitan daramaten bizitza ulertzen saiatuz. Halaber, margolaritza errealistan. Ikusten dudana birsortzea da nire desmartxa. Osagai objektiboak –demagun argiaren efektua aurpegiaren gainean– kontuan hartu behar dira. Horren bikoiztea zaila da pertsona asko mugitzen bada. Bat-batekotasuna eta naturalismoa bilatzen ditut eta saiatzen naiz irudia sortzen ikuspegi analitikoarekin. Baina jendea zer angelutatik begiratzen dudan hautatzen dut, beraz inkontzienteki izaki hartaz sentitzen dudana margotzen dut eta iruzkin soziala egiten dut. Edertasunaren zentzua ematea ere oso garrantzitsua da: ikaragarri maite dut gauzen gainean argiaren ondorioa begiztatzea.

Ildo errealistaz gain beste bide batek tiratzen al zaitu?

Potretak liluratzen nau eta ez da sekulan hondoa jotzen. Zenbat eta gehiago ezagutu tinduaren aukerak eta dimentsioak, orduan eta gusturago nago. Aldi berean, potreta berria hasi aitzin beldurrez nago beti. Ez da egiteko erraza baina erronka handi horrek kilikatzen nau eta zalantzan mantentzen. Aurpegi bakoitza hain da errepikaezin eta bakar, ezin baitiot errutinan erortzea baimendu nire buruari. Potreta berria egitea lehen aldirako egitea bezala da.
Asko inspiratzen naute itxura askotako konposizioak burutu dituzten artistek. Horietan, mexikar muralistak, italiar Berpizkundeko freska egileak eta XIX. mendeko euskaldun errealistak. Duela sei urte holako eszena handia ekoizteko anbizioa piztu zait, jendeen esperientzien berri kontatzeko. Ez dut oraindik gauzatu baliabide eskasez, baina aldi berean, pentsatzen dudalako kontzentratu behar dudala banakoak oihal baten gainean tindatzera, haien singularitatea azaleratzeko. Esploratu nahi dut hori, eta gero eszena handien proiektu zailagoa abiatuko dut.
Arkatzez margotzeak ere erotzen nau. Jostatzen naiz asmaturiko pertsonaien krokisak egiten. Renon nagoenez, duela zenbait urte ekoitzi nituen arkatz margoen saila hasiko dut berriro. Orduan Euskal Herriko egunerokotasuneko islak egiten nituen. Besteak beste, ideia nuen herri horren itxura desberdina erakustea, klixeetatik urrun. Azkenik, aurtengo urtarrilaren lehenetik blog bat jarri dut martxan (http://bit.ly/uQKZe5), egunero irudi bana agertzeko xedearekin. Urte osoan iraunaraziko dut. Batetik, nire burua egunero arkatza hartzera bortxatzeko. Eta bestetik, margolaritzan ditudan proiektu handiagoen prestakuntzako lana izan daitezen.

Nora begiratzen duzu gaurko margolaritzaren baitan? Zer lanek, zer norabidek inspiratzen zaituzte?

Margolari asko bezala, XV. mendean hasi eta XIX. mendera arteko margo ala zizel lanei begiratzetik ez naiz asetzen. Ezta artista bakoitzak argia harrapatzeko, natura islatzeko eta forma konposatzeko zein itzultzeko duen molde sotila begiratzetik ere. Ikaragarri maite ditut Joaquin Sorolla eta Antonio Ortiz de Echague. Nire interesetatik hurbil dagoen modu etnografikoan margotzen dute. Kathe Kollwitz alemaniarrak asko inspiratzen nau. Bere lanak duen sentsibilitateaz eta indarraz gain artista konprometitua zelako. Gaurko margolari errealistak aldiz, gutxiago interesatzen zaizkit. Iruditzen zait askotan kolore artifizialak erabiltzen dituztela, teknizitate gehiegi daukatela eta emozio eskasia. Arte garaikidean hurbilago zaizkit instalazioak, argazkigintza, bideoak edota pintura abstraktua eta zizelkaritza. Haietan sentitzen dut birtuositate teknikoa, irudiaren indarra eta istorio bat kontatzeko gaitasuna.

Beharrezkoa zaizu gaurko tendentzien bilatzea? Non egiten duzu bilaketa lan hori?

Beste artisten ezagutza egin ohi dut egoera desberdinetan lan egiteko ohitura dudalako, arte eskoletara, estreinaldi eta erakusketetara joaten naizelako. Horri esker ideiak eta esperientziak elkar trukatzen ditugu. Komunitate handi baten kide izatea bezalakoa da, baina lotua izan gabe. Florentzian eta Madrilen egon nintzenetik margolari errealista asko ezagutzen dut. Haietatik asko Britainia Handian edo AEBetan daude. Baina nire ustez, azken batean, inportanteena jendarteko gainontzeko aktoreen ondoan egotea da, artearen mundu konbentzionalean gakotu gabe. Hori gabe, gure mundu hetsian egoten gara, hots, gure buruei baizik ez diegu hitz egiten eta hori niretzat, artista izatearen kontrakoa da. Margolari gisa, ez nau modak kezkatzen, zerk saltzen duen, arreta zerk deitzen duen, zerk ez... Erakartzen nauena dut segitzen: jendeekiko eta naturarekiko harreman zuzena. Askotan erraten didate margoa iraganekoa dela, tradizionalegia dela, ez duela gaurko mundu hiperteknologizatuan zentzurik. Baina zergatik iraganeko maisuen lanek erakartzen gaituzte hainbeste oraindik? Margolaritza ekaiarekiko harreman zuzenean da, beraz beti dago aktualitatean. Margolaritza errealista ere aktualitatekoa izanen da, beti ere gaurko errealitatea agertzen badu, hemengo eta oraingo jendeak.

Ingalaterran, Euskal Herrian, Italian, AEBetan… bizi zara aldian-aldian. Han eta hemen margotzen duzu. Hots, “estudio ibiltaria” duzula erran daiteke?

Azken dozena urte honetan Florentzian bizi izan naiz, han ikasten eta lan egiten nuelako arteko bi eskolatan eta unibertsitatean. Unibertsitateko ikerketak amaiturik, margolaritza jarraitu nahi izan dut. Ordutik, gutxienez urtean lau hilabeterako antolatzen naiz Euskal Herrira etortzeko eta helburu hori lortzeko. Jendearen etxean bertan margotzen dut, nagusiki. Zenbait urtez tailer bat izan dut Florentzian eta Donostian. Uda honetan Berlinen nengoen eta han tailerra izan dut bi hilabetez. Asko gustatuko litzaidake neronena edukitzea, baita nire “egoitza” ere. Orain arte ez da posible izan, batetik, baliabide eskasez; bestetik, jendearekin leku desberdinetan lan egiteko gogoa nuelako. Inprobisatzea asko gustatzen zait, nola ere jendearen etxean margotzea, dagokion ingurumenean. Tailerrean baizik ez baduzu lan egiten gehiegizko erosotasunean eta errutinan erortzeko arriskua duzu, errepikapenean. Bizitza nahi dut margotu eta horretarako lohitu behar da.

Nomadismo hausnartu horrek zer ekartzen dio zure arteari?

Uste dut nire biziko esperientzia leku desberdinetan egin izanak irakatsi didala errazkiago egokitzen egoera desberdinen aurrean. Beraz, aiseago erlatibizatzen ditut gauzak eta haien konplexutasuna errazkiago neurtzen dut, baita ikuspuntu desberdinak ere. Gorabeherak izaten dira, bakardadea, beldurra, baita zalantza asko ere. Baina ororen buru, aberasgarria da. Horrek guztiak gogoa ematen dit jende biziaren aniztasuna margoetan islatzeko. Eta bultzatzen nau potretaren bidez humanitatearen jatorria bilatzera


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude