"Senatari izan gabe ere, gure aldeko sostengua agerikoa da"

  • Donaixti-Ibarre, 1951. Baserrian sortua, baina enpresan aritu da langile. CFDT sindikatuko kidea. Arberatze-Zilhekoako (Baxenabarre) auzapeza. Europe Ecologie Les Verts-Régions et Peuples Solidaires-eko hautagai-burua da Frantziako Senaturako, Pirinio Atlantiarreko Departamenduan.

Sauveur BachoGaizka Iroz.

Frantziako Senaturako bozak izanen dira hil honen 25ean, bi itzulietan izan ere. 348 senatari hautatuko dira Errepublikan, hauetako hiru Pirinio Atlantiarreko Departamenduan. AB eta EA alderdiak Europe Ecologie Le Verts-Régions et Peuples Solidaires hautagaitzan aurkezten dira. Baxenabarreko Arberatze-Zilhekoa herriko auzapeza Sauveur Bacho da Departamenduko zerrendaburua. Boz hauetan senatariak tokiko hautetsiek hautatuak dira.

Bere buruaren erretratu bat eskaini digu solasaldiaren hastapenean: “Ene sentsibilitatea ezkerrekoa da. Lan arloan engaiatua naiz gaztetatik, partikularki jende esplotatuaren alde. Sozio-politikan, ezkerraren, ekologismoaren eta abertzaletasunaren ideiez osatu dut ene ideologia. Aniztasun horretan ongi atzematen dut ene burua”.

Sindikalista eta herri txiki bateko auzapeza zara. Ezein alderdi politikori atxikia izan gabe, senatari izateko zerrendaburu zara Europe Ecologie Les Verts-Régions et Peuples Solidaires koalizioan. Nola sortu da engaiamendu hau?  

Aspaldi honetan, PSren eta Europa-Ekologista-Berdeen artean eztabaidak gauzatu dira Parisen. Ekologisten mugimendu honek talde parlamentarioa osatu nahi luke Senatuan. 15 senatari behar dira, eta une honetan 5 besterik ez ditu. Kari horretara, PSrekin solasaldiak izan ditu, partikularki bozketa proportzionalak diren departamenduetan elkarrekin aurkezteko. Guk hemen ez dugu proportzionaltasun hori. Halaber, ekologisten eta Regions et Peuples Solidaires-en artean ere debateak izan dira Parisen. AB eta EA koalizio honen baitan daude, Biarnon berriz, Partit Occitan dago. Horiek horrela, AB eta EAko kideak proposatu didate koalizioan parte hartzeko zerrendaburu gisa. Alderdi horietako kidea izan gabe, beren ezaugarriak dituen norbait nahi zuten. Baserri munduko auzapez batek heina eman zezakeela pentsatu dute, bai sentsibilitate anitz horiek biltzeko bai kandidatura animatzeko. Eztabaidatu dugu, eta aniztasun horretan ontsa kausitu dut ene burua.

Zeri begira eman duzu urrats hau?

Euskal Herri osoari begira pentsatuz hasteko. Une honetan gauza baikorrak gertatzen ari dira politikan, bertze aro bat abiatu da. Euskal Herri osoa harturik bide berriak  urratu daitezkeela ikusten dut. Ipar Euskal Herriari begira berriz, Europako azken bozetan ildo berri batzuk urratu ziren. AB, EA eta Europe Ecologie Les Vertes-en artean zabaldu den bidea biziki inportantea da politikan lekua hartzeko. Beraz, boz hauetan, beste urrats bat eman dezakegu bidea egiten ikasteko: elkarrekin lan eginez eta elkarrengana gehiago hurbilduz. Ene gustuko, politikaren ildo berri honetan sartzean, gure gazteriari begira lan egin behar dugu bereziki. Euskal Herria kontuan harturik, beste herriekin elkartasunean eta ekologismoaren bidean. Bateratze hori egin dezakegu. Nihaurek eraikin horretan ene harritxoa ezartzen ahal dudan ustetan ari naiz gogotsu.

AB eta EA bai, baina Batasuna ez da zuen hautagaitzan sartu. Nola baloratzen duzu hori?

Elgarretaratzea biziki gaitz da beti, aiseago da banantzea elkartzea baino. AB eta EA indar inportanteak dira abertzaletasunean. Batasunak nahi izan balu gure ekimenean izan, enetzat ez zen problemarik izanen. Baina, estrategia mailan oraino denbora pixka bat behar da denen biltzeko. Batasuna, gero hurbilean nahi badu, gure ibilmolde honetara bilduko da. Alta, guk ezin dugu Batasuna noiz partituko den beha egon, gu abiatu gara eta kanpainan baikorki ari gara lanean.

Senatari izateko xantza ikusten duzu?

Euskal Herrian eskuina arrunt zatituta aurkezten da aldi honetan. Eskuineko hiru zerrenda daude eta zentroko beste bi. Ezkerrekoak bi dira, PSk eta PCk bana aurkezturik. Lehen itzulian hautagai asko bazter geratuko dira, zaila izanen da lehen itzulian nehor hautatua izatea. Iragan bozetan hautaketa proportzionala izan zen, aldi honetan gure hautes-barrutian ez da hala. Boz-orri bakoitzean hiru izen daude, eta alderdi ezberdineko hautagaiak hauta daitezke. Aurreko bozetan hautagai abertzaleak (Andde Darraidou) 190 boz ukan zituen. 50 boz gehiago behar zuen senatari izateko. Aldi honetan, ez dugu pentsatzen nehork bozen %50 erdietsiko duenik. Bigarren itzulian ezagutuko dira senatari berrien izenak.

Bigarren itzulira pasatuz gero, nola jokatuko duzue?

Bigarren itzulian PSrekin batera aritzea erabaki dugu. Ontsalaz, ni ere izan naiteke hautagai. Bide hertsia da, menturaz senda bat da, baina xantza badugu .

Estatuan berriz, oro har?

Estatuan, zinezko desafioa eskuinetik ezkerrera senatarien 22 eserleku kolorez aldatzea dan. Senatua alda liteke eta presidentea ezkerrekoa izatea. PS eta Ekologisten-Berdeen arteko akordioak landu dira hori gauzatzeko. Lehia biziki estua izanen da, partida ez da departamenduan jokatzen Estatuan baizik.

Sauveur Bacho senatari izateak ere ekar lezake zerbait, halere.

Guk senatari bat ukateak ez du hemengo politika uzkailiko. Alabaina, euskarari buruzko legearen eta instituzio berriaren eskakizunaren aitzinean Parisen presente izanen ginateke taldeko beste senatariekin batera. Urrats interesgarria litzateke, jakinik ere Frantziako politika ez dela horregatik arras aldatuko. Dena dela ere, ni hautatua izan edo ez, herriz herri ari gara kanpainan eta ibilmolde horretan gure mezuak ongi hedatu ditugu. Gure ideiak ongi hartuak dira hautetsien aldetik. Bistan da, ontsa hartzea eta gure alde bozkatzea bi gauza desberdinak dira. Alta, senatari izan gabe ere gure aldeko sostengua agerian geratuko da.

Zein dira zuen koalizioaren aldarrikapenak eta xedeak?

Punturik inportanteena Lurralde Elkargoa erdiestea da. Orain arte Euskal Herriko Departamentua aldarrikatu dugu eta legeak geldiarazi du gure eskaera. Orain berriz, departamenduek beren boterea pixka bat galduko dute. 2013an, Lurralde Elkargoak sortzen badira oraingo instituzioek botere parte bat galduko dute. Hartaz, Ipar Euskal Herrian beste egitura bat sortzea proposatzen dugu. Batera plataformak Euskal Herriko Lurralde Elkargoa proposatzen du eta Senaturako gure hautagaitza honek bat egiten du asmo horrekin. Xede horretan, Senatuak legeak ezartzen dituenez, talde parlamentario berria lege hori sortzen entseiatuko litzateke.

Frantziako Gobernuak, Estatuaren erreformaren karietara, Herrien Elkargoak sortu nahi ditu 2013ko bozen ondoren. Nola baloratzen duzue orain arteko desmartxa?

Lurraldeko hautetsia sortu nahi du. Kontseilari gisako horrek Erregioko eta Departamenduko kontseiluetako botereak izanen lituzke. Gu kontra gara, ber hautetsiek eta kontseilariek eskumenak izanen lituzkeelako Departamenduan nahiz Erregioan zein Elkargo berrian. Guretzat hori ez da gauza ona. Frantziako ezkerrak erran du ez dituela lurralde kontseilariak begi onez ikusten era horretan hautatuak badira, kontseilariak proportzionalki hautatuak izan beharko liratekeela. Baina, halaber, PSko ildoen artean debadioa edo lehia badago, ez dakite zuzen nola jokatu. Gure kandidaturak kontseilariak proportzionalki ezarriak izan daitezen nahi du. Zer nahi gisaz, ez dugu uste Gobernuaren erreformak Estatuaren deszentralizazioa ekartzen duenik, alderantziz, zentralizazio handiagoa burutzen ari da.

Hauteskunde-programako zure hautagaitzaren beste eskakizunik azpimarratuko al zenuke?

Indar nuklearren irtenbide progresiboa eskatzen dugu, energia iturri horiek 20-30 urtetan ken daitezen. Energia berriztatzaileak lantzea proposatzen dugu. Laborantzarentzat ingurumena funtsezkoa da, eta ingurumen politiketan ahalegin berezia egitea nahi dugu. Laborariek ongi iharduki behar dute kontsumitzaileek mozkin onak ukan ditzaten. Urte frankotan gauza anitz eta ontsa egin dira, eta hala behar da segitu. Ekoizleen eta kontsumitzaileen munduak hurrandu behar dira, Senaturako gure hautagaitzak hobekuntza hori erdietsi nahi du. Ni aurkeztu banaiz, konparazione, baserri eta hiria hurrantzekoa da. Euskal Herriak badu horretan bide egiteko, asko du oraino irabazteko.

LGVren (Abiadura Handiko Trenbidea) aurka zarete. Gobernuak proiektua gelditu du. Nola hartu duzu berria?

Gu gaur egun martxan dauden trenbideak berritzearen aldekoak gara. Gelditzeko erabaki hori usaiako joko politikoa da. Gobernuak proiektuaren aurkako elkarteen indarrak ikusi ditu, baita hautetsi gehienen jarrera ere, orduan, ez daki proiektua nola aitzinarazi eta gelditu du. Baina, hori momentuko jokamoldea da. Hauteskundeak heldu dira: datorren urteko hasieran presidentzialak izanen dira, eta ondoren orokorrak. Gobernuak denboraldi bat hartu du, baina, funtsean, Estatuak ez du LGV berriaren proiektua geldituko.

"Seignanz BABn sartzea gure estrategiaren aurka joateko da"

“Legeak Prefetari botere berriak eman dizkio Frantziako lurralde erreforman esku hartzeko. Erreforma horretan Lurralde Elkargoei buruzko proposamen batzuk interesgarriak dira (Zuberoakoak edo Nafarroa Beherekoak, adibidez) eta bertze batzuk Estatuaren interesekoak (Baiona-Angelu-Biarritzeko elkargoa, BAB, adibidez). Dena dela ere, elkargo berriei buruzko debatea gaizki eramana izan da. Ene ustez, hasteko eta behin, prefeta hautetsien arteko zereginetan sartu da, tokian tokiko proiektuak aztertu gabe, guk elkarrekin aritu nahi dugun edo ez galdetu gabe. Ezin dugu aitzinetik ezkondu eta gero asmatu nola bizi ezkonduta. Elkargoak sortzeko, lehenik argitu behar dugu zer proiektu nahi dugun gure bizitzarentzat, tokian tokiko elkargoen aferak nola landuko diren, zer gobernanmendua ezarri nahi dugun. Beraz, gure ustez, erreformaren eta Lurralde Elkargoen inguruko proposamenak sobera fite garatzen ari dira. Denbora gehiago behar da eztabaidatzeko, eta ondoren, benetako ikerketak egiteko.  

Zuberoako eta Nafarroa Behereko elkargoen proposamenak (Elkargo bakarra Zuberoarendako eta biga Baxenabarrendako) interesgarriak izan daitezke geroari begira. Alta, kostaldeko Elkargoak (BABekoa) Landak departamenduetako lurraldearekin nahastea ez da zuzena. Seignanx herria (Landak) BABn sartzea gure estrategia orokorraren aurka joateko egina da. Gu guztiz kontra gaude. Gure aburuz, ez da egokia Euskal Herriko muga historikoak gaindituz elkargoak sortzea. Izan ere, gure xedea Euskal Herriko Lurralde Elkargoa sortzea baita”.


Azkenak
Chill Mafia taldeak jotzeari utziko diola iragarri du

Taldeak bere azken lana izango den Agur eta ohore x allá va la despedida lana kaleratu berri du. Oholtzak utzi eta agur bira egingo dutela iragarri du Chill Mafiak hiru urteren ostean. Iruñean abenduaren 25ean egingo dute azken kontzertuetako bat.


Frantziako armadak Baionako eremuan egitekoak dituen obren kalte ekologikoak salatu dituzte

Baionako Zitadelan egitekoak dituzten obrak salatu dituzte CADE ingurumen elkarteen batasunak, Bergeret-22 auzotarren kolektiboak eta Attaque elkarteak, prentsaurreko bidez. 1,5 hektarea oihan moztuko lituzkete; alta, Tokiko Hirigintza Planaren arabera eremu babestu gisa... [+]


2024-09-19 | Gedar
Gomazko beste milaka bala erosiko dituzte Guardia Zibilak eta indar militarrek

Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da... [+]


2024-09-18 | Axier Lopez
14 lagun hil dituzte Libanon bigarren leherketa olatuan, oraingoan walkie-talkieak eztandarazi dituzte
Milaka pertsonaren aurkako lehen eraso koordinatu eta indiskriminatuaren ondoren, asteazkenean ehunka walkie-talkiek eztanda egin dute eta 14 pertsona hil eta 450 baino gehiago zauritu dituzte. Hezbollahko iturri batek baieztatu dio Reuters agentziari taldeak erabilitako... [+]

José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
“Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu”

Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.


Bilagailuen urrutiko leherketa masiboa
Milaka zauritu eta hamabi hildako Libanon, Israeli leporatu dioten atentatu indiskriminatuan

Israelek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk inportatutako milaka bilagailutan, Reuters agentziak kontsultatutako iturrien arabera. Urriaren 7tik jasandako “segurtasun haustura handiena” izan da, talde armatuaren hitzetan. Erantzun bortitza hitzeman du Hezbollahk,... [+]


2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


Eguneraketa berriak daude