"Komertzio librearekin multinazionalek gobernuek baino gehiago agintzen dute"

  • Bost milioi afiliatu dituen Koreako laborarien liga (KPL) sindikatuko burua da Park Min Ung. Bere kezkak, zauriak, borrokak eta ametsak kontatu dizkigu. Zorionez edo zoritxarrez, ez dira merkatuak globalizatu diren bakarrak.

"Indar harremanen jokoan ez du beti aberatsenak irabazten. Gauza bat da bakoitzak bere gobernuaren aurka egitea, eta beste bat indarrak saretu eta neoliberalismoari aurre egitea".Dani Blanco

Hego Korea garapen teknologikoaren puntaren puntan dabilen herrialdea da guretzat. Zer pisu dauka laborantzak? Zer indar laborariek?

Hego Koreako biztanleriaren %7a nekazaria da. Ez da proportzio handia, txikiegia aukeran, eta ondorioz hutsaren hurrena gara Gobernuarentzat. Menostu eta zapaldu egiten gaituzte, hankapean hartu, eta komertzio librea baizik ez daukate buruan. Guk badakigu horrek zer dakarren, zer kalte eragingo digun guri eta etorkizuneko laborari txikiei, eta sindikatu zein norbanako gisa, gogor borrokatzen dugu gure geroa hipotekatu dezaketen politiken aurka.

Zertan hipotekatzen du zuen geroa merkataritza libreak?

Europarekin lortutako akordioak martxan jarri eta Amerikako Estatu Batuekin akordiotik hurbil dauden garaiotan, Gobernuak komertzio librearen onurak baizik ez dizkio saltzen populu korearrari. Hori hala, jendea ez da ohartzen kanpotik dirdiratsua baina barrutik ustela den sagarra bezalakoa dela merkataritza librea. Justua dirudi, eraginkorra, emankorra, gozoa,baina gero... AEBekin erdiestekotan diren akordioan, esaterako, jendea ez da jabetzen lege internazionala lege korearraren gainetik jartzekotan direla, eta horrek txikienari egiten diola kalte. Dirua daukaten korearrek diru gehiago irabaziko dute, baina zer gertatuko da besteokin? Desberdintasunak handitu baizik ez dira egingo, eta guk hortik ez dugu xentimorik ikusiko. Adibidez, gizarte segurantzari dagokionez, uneotan Koreako Gobernuak denei eskaintzen die babesa, baina AEBek osasun sistema pribatu batera eraman nahi gaituzte. Nola ordainduko ditu jateko lain justu-justu ateratzen duen laborariak halako seguru-polizak? Estatu Batuak bezalako indar erraldoiarekin akordioak ixtea orain arteko lorpen oro komunetik behera botatzea litzateke.

Laborari txikiek jateko lain justu-justu ateratzen badute, lurrak berenganatzeko zailtasunak izango dituzte, ezta?

Legearen arabera lurjabeak landu behar du lurra. Praktikan, alta, jabe gehienak hirian bizi diren espekulatzaileak dira. Ez dira aitzurra eta sega bereizteko gai, baina laborariak direla diote, legeari iruzur egin eta euren lurrak benetako nekazariei alokatzeko. Ederki dakite jakin, laborari gehienak lur eskasian daudela, eta soldata ateratzekotan, eremu handiagoak behar dituztela. Pentsa, laborarien %30 baizik ez da erabat bere lurretan aritzen. Pixkanaka-pixkanaka lurraren prezioa igotzen ari da, Gobernuak begiak ixten ditu, eta guk egiten dakigun bakarra lurra lantzea denez, irentsiak izatera kondenatuta gaude. Noiz ohartuko da Gobernua espekulatzaileei alfonbra gorria jarriz bere teilatua harrikatzen ari dela? Korean kontsumitzen ditugun elikagaien %26a baizik ez da guk landutakoa, beste guztia inportatu egiten dugu. Ez dira ohartzen ahultasun handia dela hori?

Zuekin baino gusturago egongo da zuen Gobernuarekin Munduko Merkataritza Antolakundea (MMA).

Merkataritza librearen apologia egiten dutenek gauzak nola egiten dituzten aztertzen baduzu, astakeriatik astakeriara dabiltzala jabetzen zara. AEBek, edo hariak mugitzeko gaitasuna eta boterea duen edozeinek, euren sakelak berotzen dituzte, mundu osoa hankapean hartuz, eta jakina, arrain handiaren gosea txikiak ordaintzen du beti. Ez da nazionalitate kontua, tamaina kontua baizik. AEBetako nekazari xumeek ere ez dute inolako onurarik jasotzen MMAren jukutrietatik. Ez gara gu MMAren aurka gauden bakarrak, munduko laborari txiki guztiak daude MMAren kontra!

Zuek izan zarete, ordea, MMA sutsuen salatu duzuenak, Cancun eta Hong Kong-eko ekintzak lekuko.

2003an, MMA Cancunen egiten ari zen goi-bilera bat probestuz, Lee gure kamarada labankadaz immolatu zen MMAk globalizazio bihozgabe, hiltzaile eta antidemokratikorako bidean jarri gintuela salatzeko. Bi urte geroago, MMAk Hong Kongen burutu zuen 6. gailurrean, KPL-ko 900 pertsona joan ginen MMAren aurka borrokatzera, horietako asko eta asko Hong Kongeko portuko ur izoztuetan murgildu zirelarik MMAk hondoratzen gaituela oroitarazteko. Ekintza indartsuak dira, baina ez pentsa jendearen aldarri eta borrokak besterik gabe sortzen direnik. Salatzen dutenak euren bizitzetan eragin zuzen-zuzena daukalako sentitzen du jendeak egiten dituenak egiteko beharra. Barrutik ateratzen zaigulako egiten dugu, ez galeria liluratzeko. Badakigu indar horiek katalizatzean datzala KPLren indarra. Sistemak eta egoerak eraman gaitu, behartu gaitu, indartsuago borrokatzera. Zer egin behar duzu, etorkizuna lapurtzen dizutela ikusten duzunean, orainean bertan-goxo egon? Garbi daukagu MMAri aurre egiteko modu bakarra elikagaien subiranotasuna bultzatzea dela, eta horretan gabiltza buru-belarri, gurea ez baita aldarri hutsa, soluzioak ere ematen ditugu.

Zer pentsa uzten al zaitu ikusteak Koreako, Euskal Herriko edo Mexikoko laborariek, errealitate oso desberdinak bizi arren, kezka eta zauri berdintsuak dituzuela?

Laborantza industrialean ari ez garen laborari guztiek munstroei aurre egin nahi badiegu, ez daukagu batu beste biderik. Esaterako, korearroi asko lagundu digu mundura begiratzeak, beste jende batek ere gogor borrokatzen zuela ohartzeak, ez etsitzeko, fatalismoan ez jausteko. Cancun edo Hong Kongeko borroketan kasu, ederra da mundu osoko laborari txikiak etorkizun hobe baten alde borrokan gabiltzala ikustea. Ederra da desertuaren zeharkaldian bakarrik ez sentitzea. MMA mugitzen dutenek ez daukate txikiarekiko inolako kontsideraziorik, baina apalak elkartuta kontra-pisu ahaltsua osa dezakegu. Denon artean heltzen baditugu, guk ere estutu ditzakegu. Indar harremanen jokoan ez du beti aberatsenak irabazten. Elikagaien subiranotasuna da iparra, eta hori internazionalizatzea lortzen dugunean norabidez aldatuko da haizea, gauza bat baita bakoitzak bere gobernuaren aurka egitea, eta beste bat indar horiek ehundu, saretu eta sistema neoliberalari aurre egitea.

Goi agintariek ez ezik, kontsumitzaileok ere zeresana daukagu horretan.

Lehen premisa MMAri eta komertzio libreari gerra egitea da laborantza txikiak biziraun dezan. Zentzu horretan, elikagaien subiranotasunaren barruan beste merkataritza eredu bat plantan ezarri beharko dugu. Ez da ahantzi behar klima aldaketak elikadura arazoak ekar ditzakeela, eta horri aurre egiteko munduko agintariek txipa aldatu behar dutela. Aitzitik, dena ez dago agintarien esku, gizarte osoak parte hartu behar baitu irtenbidean. Laborariak, agintariak eta kontsumitzaileak osotasun batean biltzen gara. Denak aldatzen garenean hasiko dira soluzioak iristen. Berehalako etekinak ahaztu eta arazoari adarretatik heltzeko ordua da.

Ez da samurra izango gobernuek multinazionalen konpasera dantzatzen duten garaiotan.

Koreako kasua ezagutzen dut nik, eta argigarria da oso. Gobernuak ez die korear guztiei begiratzen. Lehendik ondo bizi zirenak hobeki bizitzea du xede bakar eta beste guztiak hor konpon. Merkataritza libreko akordioak itxi nahi dituzte, MMAren eragina biderkatu, multinazionalak limurtu... Hori hala, bistan da hortik ateratzen den dirua zeinen patriketan ezkutatzen den. Ez da soborno zuzena, baina negozioa egoteko kate-begi guztiek eduki behar dute interes eta konpentsazio bat. Ez gaitezen engaina, komertzio librearekin multinazionalek gobernuek baino gehiago agintzen dute.


ASTEKARIA
2011ko irailaren 18a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude