Aurrezki kutxak

  • Zilegi bekit gaur ogibidea dudaneko esparruaz aritzea. Ohi bezala, nire golkotik eta ez inoren ordezkari.

    Finantza krisia. Gugandik kanpo hasi zen bere sorburu propioz, baina gurera iristean hemengo ajeak bistaratu zituen. Euskal kutxen lege-esparru den Espainian nabarmen agertu dira aurrezki kutxa askotan egindako desmasiak, aginte organuetara txandaka iritsitako politikarien eskutik, zenbaiten esanetan.
Mikel Irizar
Mikel IrizarDani Blanco
Bankuen gosea. Ezin ahaztu, ordea, banku espainiarren gosea kutxen negozia ahoratzeko. Pertsonekiko hurbiltasunak eta gizarteari itzultzen dioten dibidenduak merkatuaren erdi pasea emana baitie kutxei, bankuen kaltetan. Eta hauek, indartsu izaki, arma guztiekin eta inteligentziaz egin dute eraso. Kutxen despolitizazioaz hitz egin dute, pribatizazioa saltzen zailago delako, eta gupidagabe erabili dute Espainiako Banku Zentrala kutxen estuasunak areagotzeko, lege betebehar berrirekin.

Jazarpena. Kutxek ez dute izan, orain arte, kapitala lortzeko beste modurik aurreztea baino. Horretara bideratu da historikoki gizarte ekintzan gastatzen ez zen mozkinen zatia. Baina larritasunean Espainiako Bankua bakarrik izan dute mailegu-emaile. Hori bai, epez eta interesez ordaindu ezingo duten mailegua eman die delako FROB fondoak, eta unea iristen denean hor izango dira beste bankuak harrapakin jazarria irensteko.

Eredua kolokan. Kutxen lege berriak bide ugari irekitzen die merkatura jo dezaten diru bila. Baita izaera juridiko asko aukeran jarri ere, egokiena har dezaten. Baina armaduraren zirrikitu bakoitzak egiten du gorputza zaurgarri eta kutxa gehienak harraparien lurretan sartu dira halabeharrez.

Hamar urte barru kutxen gaurko eredua iraganeko bitxikeria izan daiteke. Baina gure kutxak ereduari eusteko moduan daude.

Euskal kutxak. Kutxa nafarrak ere ausarkeriaz jokatu du azken urteotan, eta estualdia iristean berak ere hartu behar izan du besteen bidea, Auskalomendira daramana. Horregatik, zoritxarrez, euskal kutxetan autonomia erkidegokoak bakarrik sartuko ditut.

Hiru kutxak –oro har– sano ibili dira eta kaudimen maila gorenetan daude, uda aurreko estres frogek erakutsi duten bezala. Horrek libratzen ditu, hain zuzen, estualditik. Horrek, eta negozio oinarrizkoan duten sendotasunak, bezeroen leialtasunari esker.

Eredua. Bi zutabe ditu egungo ereduak: gizarte garapena eta ekonomikoa uztartzen dituen egitekoa, eta herri erakundeek (% 50), bezeroek (% 43) eta langileok (% 7) hautatutako gobernu-organoak.

Orain legez akziodunen dirua sar daiteke kutxetan, % 50eraino. Hortik aurrera, ez da berdin izango ez gobernatzeko modua, ez eta mozkinen xedea. Hain zuzen hori ekidin behar lukete euskal kutxek: diru pribatua kapitalean sartzea.

Norantz. Espainiako finantza-sistema eraldatzen ari da eta euskal kutxen etorkizunaz hausnarketa behar da. Ez dut uste orain arteko hipotesiek balio dutenik dagoeneko. Eta bat-egitea bera nahiko kolokan geratu da kutxa bizkaitarraren azken mugimenduekin.

Seguru asko hau ez da egungo politikariek edo kutxen agintariek lideratu dezaketen prozesua. Iraganeko porrotak errepikatu besterik ez lituzkete egingo agian.

Kontua da patxadaz eta sendo aztertzea zer nolako finantza-erakundea behar duen egungo euskal gizarteak bere garapen ekonomiko eta sozialerako. Eta hori egin dezala gizartearen aurrean egoki kokatuta dagoen erakunde batek.
Emaitzarekin egingo litzateke krisiaren irteeran euskal kutxen berrantolaketa.

ASTEKARIA
2010ko irailaren 26a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude