Txin-txin (diruaren hutsak)

Espainiako Público egunkariak ekainaren 19an argitara emandako datuen arabera, Nafarroa Garaia da Espainiako erkidego autonomoetan laugarrena, biztanleko zorrari dagokionez, 2.350, 20 euro dituela zor, goi nafar bakoitzeko. Espainian, Katalunia da lehena (3.341, 68 euro, biztanleko), Balear Uharteak, bigarrena (3.208,43 euro), eta Valentziar Erkidegoa, hirugarrena (3.011,41 euro). Euskal Autonomia Erkidegoa urrun dago sailkapenaren lehen postuetatik, hamaikagarrena baita, biztanleko 1.522,99 euro zor duelarik, nahiz azken urtean Espainiako erkidegoetan zorra gehien handitu duena den.

Estatistikek beti daukate egiazko alde bat (objektiboak diruditen zenbakiak, ehunekoak, kopuruak...), eta beti ezkutatzen dute errealitate askotariko bat, ñabardurez josia, zeinari zenbakiek erraz egiten ahal baitiote iruzur.

Zorraren kontu honetan, adibidez, zenbakiak bere horretan onar ditzakegu, edo hainbat galdera egin gibelean gorderik dituzten errealitateei buruz.

Gure etxeko ekonomia txikian badakigu zorra eskuratzen duguna baino gehiago gastatzen dugunean sortzen dela. Badakigu diru-sarrerak nondik datozen eta zenbat egiten duten, eta, gure sosetako orekari eutsiko badiogu, irteerek nora jotzen duten poliki aztertu behar izaten dugu.

Ekonomia beti funtsezkoa denez, gauzak ongi joateko, hala etxe batean nola munduan, gure etxeetako ekonomietan nola, herrietan ere hala jokatu beharko lukete agintariek –ekonomiaren tamainak erantsitako zailtasunak gorabehera–: oinarrizko baldintzetako bat izan beharko luke kontuak zertan diren argitzea.

Baina, tamalez, gutxitan mintzatzen da argi sosen inguruan. Diruaren kontura, handiak baitira tabuak. Ez dugu jendaurrean kontatzen zenbat irabazten dugun. Asko irabazten dugulakoan, edo gutxiegi, isilpean uzten dugu. Maiz, gazteak etxeko egoera ekonomikoa zertan den jakin gabe hazten dira, eta lagunen artean ere zaila egiten zaigu kontu hauetaz hitz egitea.

Baina normalean isiltasunak iruzurgileei baino ez die onurarik ekartzen. Jende arruntarentzat eta ekonomia txikientzat, iluntasuna ez da errenta.

Ekonomia zenbat eta handiagoa den, ordea, hainbat eta ilunagoa bilakatzen da, eta gero eta zailagoa da jakitea harekin benetan zer ari den gertatzen.

Eta nahiz guztien sosekin osaturik dagoen dirutza publikoaren kutxaren inguruko guztiak garden-gardena izan beharko lukeen –are gehiago, afera publikoak demokraziaren izenean gobernatzen direla aldarrikatzen bada–, handitasuna-edo estakuru argirik eza eta isilpea nagusitzen dira guztiena den horren gainean.

Ogasun publikoaz zerbait esaten diguten estatistikek gehiena isiltzen dute.

Esaten digute goi nafarrok irabazten duguna baino askoz gehiago gastatzen dugula. Baina ez digute argitzen gobernatzen gaituztenek zertan xahutu duten, gure izenean, gurea ez den dirutza. Los Arcoseko zirkuituarena isiltzen dute, eta Iruñeko kirol-pabilioi erraldoiarena, Gendulaingo lursailena, Sanferminen Museoarena eta ezagutzen ez ditugun beste hainbat karga ere. Ez dute esaten, proportzio baterako, motorrak eta 4X4 ibilgailuak erosteko diru-laguntzak ematen aritu direla, liburutegietako ordutegiak zabaltzeko behar beste langile kontratatu ordez. Eta batez ere, ez dute aipatzen hemen langileon per capita errenta handiagoa dela enpresaburuena baino, zergak pagatzeko orduan. Zorra nork kitatu behar duen ere ez dute esan, hori esan gabe baitoa.

ASTEKARIA
2010ko uztailaren 04a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-29 | Jakoba Errekondo
Pagoaren kontuak

Geroxeago baina hemen da. Inguruan dituzten gainontzeko zuhaitzak baino beranduago janzten dira pagoak (Fagus sylvatica). Bizitzeko baldintza “gogorragoak” nahi izaten ditu: toki hezeak eta freskoak. Baina izotzari beldurrak bizi da.


2024-04-29 | Garazi Zabaleta
Elkea
%100 Amezkoako garagardo ekologikoa, olibondoak eta beste

Elkea proiektuan produktu asko eta desberdinak ekoizten ditu David Ruiz de Galarreta Azpilikueta ekoizle amezkoarrak. Olibondoekin hasi zen, baina fruta arbolek, lekaleek eta zekaleek ere beren tokia egin dute proiektuan urteotan. Eta, orain, jarduera berri bat gehitu die... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Eguneraketa berriak daude