Gilles-Eric Séralini, transgenikoen ikerle erasotua

Eye Fletch gunetik hartutako argazkiak kattagorri edo urtxintxa erakusten du artoa jaten. Europan 100.000 hektarea baino gehiagotan hazten da arto transgenikoa, eta gurean Nafarroan ereindako arto guztiaren herena baino gehiago GEO da. Behin eremu batean GEOa ereinez gero, inguruko beste landareak kutsatzen ditu polinizazioa dela eta. Labore horretaz elikatzen diren animaliak ere kutsatzen ditu, ez soilik ukuilukoak, baita basoan libre bizi direnak ere. Jan dituzten landareetako pozoiak pilatzen dituzte berengan. "Lurralde batean ereindako landareen hamarretik bat transgenikoa baldin bada, ezingo duzu kutsadura kontrolatu", delkaratu du Séralinik. "Horregatik ez da farmazia landu behar soroetan, kontrolatu ezin delako".

Sinadura bilketa dabil sarean zientzialari frantses ospetsu bati ikerlanean bakean jarraitzen utz diezaiotela eskatzeko. Europan pixkanaka zabalduz doazen Genetikoki Eraldatutako Organismo (GEO) edo transgenikoek dakartzaten arriskuak aztertu... eta salatu egiten ditu.

Zientzia aldizkari ilun bateko txoko batean plazaratutako ikerlanak lurrikara eragin lezake... baldin eta Monsanto bezalako korporazio ahalguztiduna gezurtitzat uzten badu. Horixe lortu du Gilles-Eric Séralini biologoak, eta erraldoia benetan haserretu zaio.

Séralinik Joël Spiroux de Vendômois, François Roullier eta Dominique Cellier-ekin batera International Journal of Biological Sciences aldizkarian honako ikerlana plazaratu zuen iaz: “Genetikoki Aldatutako hiru arto bariatek ugaztunen osasunean dauzkaten eraginak erkatuz”. Ikerlanaren oinarria izan da baloratzea Monsantok genetikoki aldatutako bere artoez egindako aditu txostenak. Horrela esanda, ez dirudi hain kontu larria.

Baina hala da GEOak komertzializatzen dituztenentzako. Jakina denez, GEOak dira landareak beste espezieen edo abereen geneak txertatu zaizkienak, eta ondorioz azken urteotako lege neoliberalen arabera patentez babestuak. Urteak behar izan dira Alemaniako epaile batek Monsanto behartu zezan ordura arte inori eman gabeko datuak ikerlari independenteei ematera. Aurretik, GEOok giza osasunean dauzkaten eraginei buruzko ikerketa bakarrak Monsantok berak, ekoizleak, plazaratutakoak ziren.

Séraliniren taldeak laborategiko arratoi batzuk hiru hilabetez elikatu ditu munduan gehien saltzen diren genetikoki aldatutako artoetako hirurekin: NK603, MON 810 eta MON 863. Aldiz, beste arratoiak arto naturalez bazkatu dituzte. Hiru hilabete horien buruan, ikerlariek garbi frogatu dute arto genetikoki aldatuz elikatu arratoiengan giltzurrunetako eta gibeleko arazoak sortu direla, beste arratoietan ez bezala. Gainera, hiru hilabete gutxiegi direnez, ikerketa bi urtez luzatu beharra aldarrikatu dute.

Ondorio hauek arazo bat baino gehiago sortu diote Monsanto multinazionalari. Alde batetik, GEO horiez bazkatutako animaliei kalteak eragin diezazkietela erakusten dute. Bestetik, hain denbora laburrean abere horien osasunak aldaketak nozitu baditu, pentsatzekoa da epe luzeagoan kalte nabarmenagoak izango dituela.

Azkenik, nahiz eta ikerlana ondorioetan hain urrun iristen ez den, ondoriozta liteke gizakiarengan ere kalteak eragingo lituzketela labore transgenikook. Arto eta soja transgenikoak normalean ez dira erabiltzen gizakiaren otorduetarako, baina horien eratorriak –soja lezitina, esate baterako– jaki industrialetan ausarki zabalduta daude. Gainera, transgenikoz alhatutako azienden okela jan duen gizakiarengan eraginik ba ote duen ikertu beharko litzateke.

Azkenean tabu bat hautsi du Gilles-Eric Séralinik ikerketa honekin, erakutsi baitu transgenikoak ekoiztu eta saltzen dituen multinazionalak berak egindako ikerketak ez direla fidatzekoak. Tabuak birrintzea ez zaio debalde atera Séraliniri: Association Française des Biotechnologies Végétales erakundeak prentsa oharrez zabaldu du Séralinik ez duela inolako sinesgarritasun zientifikorik. Unibertsitatean aurrera asko egiteko seinale txarra Séralinirentzako.

Soroak ez bihurtu farmazia

Gilles-Eric Séralini (1960) biologoa ikerlari eta irakaslea da Normandiako Caen hiriko unibertsitatean. Zientzia aldizkarietan argitaratutako lanez at, dozena bat liburu plazaratua du, ezagunenetakoak Ces OGM qui changent le monde eta Génétiquement Incorrect direlarik. Aurten bertan Nous pouvons nous dépolluer (Kutsaduratik libra gaitezke) kaleratu du.

Hala ere, bioteknologiako enpresen lobbya –tartean multinazionalok ordaindutako zientzialariak– haserrarazi duena ikerketak eta liburuak baino gehiago Séralinik komunikabideetan ozenki esan dituenak dira. Telebistan bidenabar.

Greenpeace erakundeak GEOei buruz egindako La guerra de los cultivos transgénicos film interesgarrian –Internetez ikus daiteke– Séralinik esplikatu zituen laborategian gai horiek ikertzeko zeuzkan arazoak eta lortutako emaitza batzuk aurreratu ere bai. Bide batez, kazetariari aitortu zion beste ikerlari asko bezala urte batzuetan bera ere erosita eduki zuela Monsantok.

International Journal of Biological Sciences aldizkariko artikulua dela, eta azken liburuak direla, beste bi elkarrizketa luze egin zaizkio Frantziako telebistetan, bat France 3   kate publikoan –hau ere ikusgai Internetez– eta hori izan da oihartzun handiena eman diona. Bertan kazetariak errespetu oso handiz utzi zion mintzatzen Séraliniri, ez alferrik baita GEOetan munduko aditu nagusietakoa, eta Europako Elkartearen aholkularia.

Séraliniri elkarrizketa interesgarria Ana Tagarrok egin zion Vocento taldeko egunkariekin banatzen den XLSemanal gehigarrirako, gero beste gune aurrerazale txiki ugarik zabaldu dutelarik. Bertan ikerlariak argi esplikatzen du zergatik eta zertarako aldatzen diren genetikoki landareak: pestizidak eduki ditzaten.

Monsantok Roundup belar-hiltzailea saltzen du –Glisofatoa da molekula– eta transgeniko gehienak egin dira pozoi horri eta pestizida gehiagori bizirauteko. Pozoiek inguru osoa suntsitzen dute... Monsantok patentatutako GEO landareak ezik. Nola ez dute arriskurik izango pozoiz betetako landareok?

Hala ere, legearen hutsuneaz eta herritarren ezjakintasunaz baliatzen da Monsanto pozoien kalteez froga klinikorik egin ez dadin. Edozein botikak –ondo dakite transgenikoen multinazionalek, funtsean farma industria da-eta haien jabea– merkatura ateratzeko froga luzeak gainditu behar ditu, laborategian estreina, animalietan gero, gizakietan azkenik... Transgenikoei botiken legedia aplikatu behar litzaieke, landareak pozoiez betetzea delako teknika honen oinarria, baina orain artean multinazionalek lortu dute kontrol horiei ihes egitea.

Séralini eta bere taldeak 3 hilabete laburreko esperimentuak burutu dituzte arratoiekin Caengo unibertsitatean. Elkarrizketan irakasleak ozen dio arratoi emeen odolean %20-%40 gehitzen direla triglizeridoak, koipea, azukrea %10, gibela %7 handitzen dela, giltzurrunetan kalteak azaltzen direla. Hiru hilabetetan lehen sintomak ikusi badira, arratoiok zer nozituko lukete arto transgenikoa bi urtez janez gero? Eta haurtzaro osoa koipe edo azukre transgenikoak dauzkaten opil industrialez elikatu diren haurrek?

Ez da kasualitatea teknologia genetikoarekin nekazaritza industrialak giza elikadura osoa lau laboretan zentratu izana: artoa, soja, garia eta arroza. Aldiz, askoz landare mota gehiago jan beharko genituzke eta lekuan bertan ekoiztuak, Séraliniren ustez.

Landareak patentatzearen kontra dago ikerlaria. “Lortu behar dugu landalurra famazia ez bihurtzea”. Baina baikor dago: oraindik libra gaitezke kutsaduratik.

Informazio gehiago:
- International Journal of Biological Sciences aldizkariko artikulua
- Labore transgenikoen gerra, Greenpeaceren filma bost ataleetan gaztelaniaz
- Gilles-Eric Séralini-ri elkarrizketa France 3 telebista publikoan
- Séralini-ren azken liburua: Nous pouvons nous depolluer!
- Séraliniri Ana Tagarrok egin elkarrizketa Red de Permacultura gunean
- Sciences Citoyennes gunean Séraliniren aldeko sinadura bilketa

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Transgenikoak
Opari ederra Bruselak transgeniko ekoizleei: bukatu dira orain arteko kontrolak

Agroindustriaren alde doan erabaki garrantzitsua hartu zuen Europako Batzordeak otsailaren 7an: NBT New Breeding Techniques teknikaren bidez genetika moldaturik duten haziak ez ditu transgeniko gisa sailkatuko. Hori horrela, transgenikoei orain arte egindako kontrol, segipen eta... [+]


Glifosatoa beste hamar urtetarako baimendu dute: "Osasun publikoa eta biodibertsitatea arrisku handian daude"

Herbizida kutsagarria debekatzeko adostasunik ez dute lortu Europako Batzordeko 27 herrialdeek eta ondorioz abenduaren 15ean iraungitzen zen erabileraren baimena luzatu dute, hainbat murrizketekin. Nekazaritzan oso erabili izan den Bayer multinazionalaren produktuak minbizia... [+]


Transgenikoak eta glifosatoa debekatu dituen Mexiko jomugan du Monsanto erosi zuen Bayerrek

“Arto indigena babesteko” eta “elikadura burujabetzaren alde”  hartu zuen Mexikoko Gobernuak arto transgenikoen ekoizpena eta inportazioa baita glifosatoa deitu herbizida ere debekatzeko erabakia 2020ko abenduaren 31n. Orduz geroztik, atzera... [+]


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Eguneraketa berriak daude