Bada berrikuntzarik ETAren agirian

ZUHUR eta ezkor hartu da ETAren azken komunikatua, ez ei du borroka armatuaren amaiera iragartzen, ETAren aldetik interesatzen den komunikatu bakarra “armak noiz eta non utziko dituen iragartzen duena da” eta gisakoak errepikatu dira beste behin ere. Eta bai, ETArekin zuhur ibiltzea da logiko eta zentzuzkoena; ez da samurra bere komunikatuak interpretatzea eta, egiazki, euskal gizarteak borroka armatua behin-betiko utziko duela entzun nahi du. Bai, pentsatzekoa da ETAk ez zuela esperoko agiri hau etxafuegoekin hartuko zenik.

Baina komunikatuan berrikuntzarik ez ikustea, hori bai dela interesatua. Ikuspegi ahalik eta objektiboenetik begiratuta, berrikuntzak begi-bistakoak dira, bai hizkuntzan, doinuan eta batez ere edukian: argi eta garbi adierazten du bat egiten duela Altsasuko Adierazpenarekin, honek esan gura duen guztiarekin.

Gero hori guztia beteko duen ala ez, bada, batek daki, Anoetako prozesuarekin ere ados zegoela argi utzi zuen bere garaian –oraingo agirian ere errepikatu du– eta denok ezagutzen dugu ondoren gertatutakoa. Erabat harrigarria egiten da Loiolan erdietsitako akordioak atzera botatzea eta orain berriz gisa honetako prozesu bat abiaraztea. Izango dira oraindik publikoki ezagutzen ez diren klabeak, eta ez ninduke harrituko horietako batzuk ENAMen batasun eta zatiketa kontuekin zerikusirik balute.
Hau da, eta azken agirira itzulita, ETAk sinesgarritasun arazo handiak dituela bai, eta eltzea sutan frogatzen dela ere bai, baina komunikatu honetan berrikuntzarik ez dela ikustea... hori itsuarena egitea da, edo bestela, lehenxeago esan bezala, oso interesatua eta usain txarrekoa euskal gizartearen gaur egungo bake nahiekiko.

Urrats oso garrantzitsua da Altsasukoa, batez ere baldintzarik jartzen ez duelako eta Mitchel printzipioak onartzen dituelako. Hauek, laburtuz, honakoa diote.
– Gatazka politikoak bide baketsu eta politikoetatik konpondu behar dira.
– Talde paramilitarrak desarmatu.
– Desarme batzorde batek desarmea egiaztatu ahal izatea.
– Indarra erabiltzeari uko egitea, eta norbaitek erabiltzen badu horren aurka agertzea.
– Alderdien arteko negoziaketaz lorturikoa bultzatzea eta bakarrik bide demokratiko eta baketsuak erabiltzea adostasunean ez dauden puntuak aldatzeko.
– Heriotzak eta zigorrak geldiaraztea.

Azken hilabeteetako nahasmena ikusita, ETAri eskatzen zitzaion bere jarrera agertzea. Erakunde honek esan du orain ados dagoela goiko lerroetan esaten den guztiarekin, eta alderdi politiko gehienek diote hor ez dagoela berrikuntzarik?
Noiz gertatu da, bada, horrelakorik ETAren historian? Egia da aurretik ere su-etenak eskaini dituela, baina ez Mitchell printzipioen planteamendupean.

Batasunako buruzagiek “prozesu demokratiko” hau agertu zutenean ere berrikuntzarik ez zegoela aipatu zen oso modu zabalean. Gerora, apurka, hasieran emandakoa baino garrantzi gehiago aitortzen joan dira eragile politikoak. Honekin berdintsu gertatuko dela aurreikus liteke.

Baina, eta orduan Portugaleko mugako leherkarien mugimenduak? Aitortu behar da ez dela oso bateragarria Mitchell printzipioekin bat egin eta halako mugimenduetan aritzea. Bitxia da, halaber, printzipio horiek onartu eta borroka armatuaren amaiera ez iragartzea. Baina pentsatzekoa da baita ere, oraingoa bide armatua alboratzeko benetako azken saioa bada, logikoa dela ETAk armekiko adioa kudeatzea eta urratsak “prozesu demokratiko” horren komenientzia politikoaren arabera bideratzea.

HAITI-KO HONDAMENDIAK, eta, batez ere irudiek, dantzan jarri dituzte Mendebaldeko herritarren kontzientziak. Eta karitatea eta justiziaren arteko eztabaida berriz geratu da agerian, aspaldian ez bezalako indarrez. Milaka hildakoak itoginaren gisan ematen badira, urteetan zehar, berdin da. Lurrikara eta irudiak behar dira asaldatzeko eta kontzientziak astintzeko. Gure “lehen mundu” honen hipokrisiak gaindiezina dirudi. Une honetan, dena den, eta haitiarren larrutan jarrita bederen, hausnarketa gutxi eta egin asko, hori da laguntzak eta elkartasunak eskatzen dutena.

ASTEKARIA
2010ko urtarrilaren 24a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude