Iragana eta oraina begietan

  • Leku batzuetan orainak eta iraganak bat egiten dute, kaleen formetan, eraikin historikoen oihartzunetan, goiz lasaien isiltasunean. Hondarribiko hirigune historikoan, kasu. Denborarik gabeko kaleak zeharkatzen hasi eta erraza da gogoa atzera eramatea, oinen azpiko uneetan istorioek eta historiek une berrietan elkartzen diren bitartean.
Hondarribia
Hondarribia
Leku batzuetan historia bisitatzen ari dela sentitu lezake batek, orainaren soarekin. Nork ez du amestu inoiz beste garai batzuetan bizitzearekin? Hondarribiko hirigune historikoko harresietara inguratzean, tankera horretako sentsazioekin egingo du bat bisitariak. Iragana irudikatzeko harresiaren bueltako hobia imajinatu besterik ez dago, garai batean urak inguratu baitzuen Hondarribia.

Santa Maria ate ingurutik egingo dugu sartzeko bidea. Arkua bistaratu orduko hirigune historiko osoan nagusi den harrizko lurretik abiatuko gara. Egun konpontze-lanetan ari dira Santa Maria atariaren aurreko aldean, eta aukera paregabea ematen du horrek behinola izan zuen itxura ikusteko. Ate honekin batera San Nikolas delakoa ere zabalik da, berreraikia izan den pasabidearekin.
Santa Maria pasa eta eskuinera joz gero, Murru kalearen parean, Frantsesaren Putzua delakoa topatzen ahal da. Ez dakit zer duen gure inkontzienteak, legendak diren ala filmak, baina putzu bat ikusi orduko gero eta jende gehiago ikusten dut txanpon bat bilatzen eta sakonera botatzen, begiak itxita desio bat eskatzearekin batera. Setio egoera batean ez egotea sekula eskatzen dute agian, izan ere tankera horretako egoerei aurre egiteko eraiki baitzituzten honakoa bezalako putzuak.

Murru kaletik aurrera jarraituz Erdi Aroko harresiaren zati bat ikus daiteke, eta aurrerago berriz, Erreginaren Gotorlekua. Ingurune hau berritua izan da azken urteotan, eta horri esker harresiaren txokoak, bueltak eta pasabideak ezagutu litezke.

Leiba kalea inguratu eta Denda izenekoan barrena abiatuko gara. Puntu honetan ezin uka geldiune bat, inoiz idatzitako hitzen oihartzuna entzuteko,  Sagartzazu´tar Kauldi Satarka bertako etxe batean jaio zela ekartzen baitu gogora idatzi batek. Pixka bat atzerago, Harategi kalea hartuta, Gipuzkoa plazarako bidea egingo dugu. Berriagoa da, baina badu alde zahar osoaren xarma bera. Oro har lasaitasuna da nagusi, eta udan dantza eta antzerki ikuskizunak gauzatzeko eszenatoki aproposa bilakatu ohi da.
Hondarribiko alde zaharrak baditu aintzat hartzeko moduko eraikinak, etxeak, gune historikoak. Baina haiekin batera ezin dira gutxietsi kalerik meharrenak, estuenak, ahantzienak. Badira kale nagusi batetik bestera igarotzeko metro eta erdiko zabalerara iristen ez direnak. Ederra da horietan galtzea, denborarik gabeko labirintoan batetik bestera, historia isilaren lekuko. Gipuzkoa plazatik ateratzeko hondoan dagoen pasabidetik joko dugu, harrizko arku eta guzti, Juan Laborda kalera, eta batetik bestera pixkanaka gora eginez Arma Plaza deritzon gune altuenera.

Ortzi-mugaren muinoa

Metro gutxi batzuetan behakoak norabide ezberdinak hartuko dizkigu. Lehenik eta behin etxeetara. Burdinazko balkoi, egurrezko zutabe eta kolorezko leiho loredunetatik harago Arma plazako Gaztelura so egin dugu. Leiho txikiek eraikinaren tamaina goraipatzen dute, adinak eta erasoek zulatutako handitasuna. Begirada ezingo da geldirik egon bat-batean ezusteko irekidura topatzean: itsasoa. Iparkalea deritzonak zabaltzen du behakoaren iparra, Hendaiako hondartza, eta harago ortzi-muga.
Kale Nagusia hartu eta behera egingo dugu. Kale bakarrean Sagarrondoko Andra Mariaren eliza gotikoa, eta balkoi gehiago, etxe gehiago, asmatutako oroitzapen gehiago. Kalean behera eta etxeen azpietan denda berriak, denda zaharrak, iragan mendeko estetika eta txartelak mantentzen dituzten txoko eta tabernak. Eta baita ere zaharberritutako eraikuntzak, 1735. urteko udaletxea, edo mende bereko Zuloaga etxea, egun artxibo historikoa eta udal liburutegia dena. Kale Nagusian behera goazela gora begiratu eta teilatuen hegal ikusgarriak azalduko zaizkigu, alde zahar osoan topa litezkeenak, eta balkoiak, kolore biziekin berreskuratuak batzuetan.

Bizirik dagoen oraina

Iritsi gara berriro Santa Maria atearen parera. Alde zaharraren ikuspegi orokorra jaso ondoren kale artean galtzea besterik ez da gelditzen, eta kantoi bakoitzean gordetzen dituen izenak, istorioak eta historiak jasotzea.

Iragana beti da eskuragaitza. Oraina berriz berton dago, iragan bilakatzeko zain. Sentsazio hori areagotzen ahal da Hondarribiko hirigune historikoa bezalako lekuetan, non harresiek, harrizko hormek eta bide zatiek, etxe lerrokatu, zuzen eta txikiek, guztia entzun eta oroitzen duten. Haien hizkera da ahaztu duguna, berriz ere entzuten ikasi behar genukeena, agian. Hondarribiko alde zaharraren gauean, udako kultur ekitaldietan, goizeko jendartean edo tabernetako elkarrizketetan murgildu orduko harresi horien artean geldituko delako gordeta orain hori.

ASTEKARIA
2009ko uztailaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude