Automobilgintza

Europan parerik gabeko inteligentzia zentroa

  • EAEko automobilgintzak osagai sektoreari bultzada emango dion lehen inteligentzia zentroa izango du aurki. Aitzindaria da Europan eta Ermuan eta Zornotzan izango du egoitza. Kualifikazio handiko 250 profesionalek egingo dute lan eta urte amaieran prest izango da.
Daniel Udalaitz
2008ko azaroaren 02a
Automobilgintza

Europan aitzindari izango den Automobilgintzarako Inteligentzia Zentroa, Automotive Intelligence Center (AIC), eraikitzen ari dira Bizkaiko Boroan (Zornotza) eta Areitio Gainean (Ermua). Zentro berriaren helburu bakarra osagaien sektorean balioa sortzea da. Zentroaren egoitza nagusia egingo den Boroako lursailak Bizkaiko Foru Aldundiak duela 10 urte gorde zituen, Volkswagen autoen fabrika egiteko. Garai hartan Jose Ignacio Lopez de Arriortua euskal ingeniaria izan zen bultzatzailea.

Erakunde publikoak eta enpresa pribatuak 2006. urtetik ari dira proiektu hau elkarlanean lantzen. Esparru publikoari dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Zornotza eta Ermuko Udalak daude engaiatuak, gunea osatuko duten instalazioak hartuko baitituzte udalerri horiek. Esparru pribatuan, automobilgintzako osagaien hainbat enpresa eta Euskadiko Automobilgintza Clusterra (ACICAE) daude sartuta. Elkarte horrek zuzenduko du zentroa, eta talde aitzindari moduan jokatu du konpainiekin; konpainia horien interesen berri jaso eta proiektua abian jartzeko erantzukizuna hartu du. Proiektuaren lehen fasean Bizkaiko Foru
Aldundiak 42 milioi euro ipini ditu. Joan den ekainean jakinarazi zutenez, beste 20 milioi euro emango dituzte.

Mundu mailako erreferentzia

Bi fasetan garatuko da AIC. Lehen fasean, eraikin zentrala eta bi garapen-unitate eraikiko dira Boroan, eta beste bost unitate Ermuan. Bigarren fasean, aldiz, Boroako instalazioen zabalkuntza egingo dute. Boroako eraikin nagusia datorren abenduan bukatuko dute eta Ermuko instalazioak, 2009ko hasieran.

AIC berria EAEko industriaren eta, bereziki, automobilgintzaren proiektu estrategikoa izango dela aurreikusten da. Izan ere, zentroak sektore horretan jarduten duten EAEko enpresak mundu mailako erreferentzia bihurtzeko funtsezko ekarpena egingo duelako uste osoa dute bultzatzaileek. Urte amaieran abiaraziko duten AIC helburu bakarrarekin jaioko da: osagaien sektoreari bultzada ematea.

Zer aterako da AIC aitzindari horretatik? Lehenik eta behin, automobilgintza klusterraren zuzendari nagusi Ines Anituaren oharra aintzat hartu behar da. Anituaren esanetan, proiektu honen izaera berritzailea agerian uzten duen elementuetako bat, berau martxan jartzeko lehen pausoa industriak berak eman izana da. Bada, sortzen diren ideia berritzaileak mundu mailan sektoreak dituen joeratara egokitzea da helburua, beti ere enpresen beraien eskutik. Gainera ideia horiek, lehenik, ikerketan gauzatzea da asmoa eta, gero, automobiletan aplikatzeko hainbat irtenbide garatzea.

AICra bidean

Helburu horiek betetzeko konpromisoa hartu dute EAEn kokatuta dauden automobilgintza konpainiek. Dagoeneko bederatzi badira, eta automobilgintzan kualifikazio eta espezializazio handiko 250 profesional arituko diren AICra lekualdatuko dituzte beren I+G zentroak. Horietako asko instalazio berrietan kokatuko diren enpresetakoak dira. Ekimen honetan parte hartzen duten edo sartzeko konpromisoa hartu duten enpresak hauexek dira: Cie Automotive, ZF Lemfoder TVA, Pierburg, Amaya Telleria, Microdeco, Tenneco Automotive, Fersint, Bionor Transformación, P4Q, Gestamp, Maier, Inauxa, Fachosa, Grupo Cromoduro eta Lea Artibai.
Zentro aitzindari hau une berezian jarriko da abian. Osagaien sektorean oraindik krisi ekonomikoaren ondorioak nozitzen ez badira ere, inork ez du baztertzen azkenean eragina izan dezakeenik. Proiektu berriak egoera hobeto eramaten lagun dezake. Bestalde, EAEn berrikuntzaren aldeko apustua egin da, Europako erreferentzia bilakatu asmoz. Proiektu berri hau apustu honen adibide garbitzat jotzen da. Halaber, apustu berritzaile honen xedeetako bat automobilgintzako euskal enpresen deslokalizazioa saihestea da. Klusterraren zuzendariaren hitzak oso adierazgarriak dira: “Gure enpresak hemen daude eta kanpoan dituzte ezarpen produktiboak. Baina nahi duguna, bihotzaz gain, burua ere hemen geratzea da, bai euskal enpresei dagokienez, baita hemen kokatuta dauden kanpoko enpresak ere”.
11.000 milioi eurotik gora 2007an
Automobilgintza sektoreak hazten jarraitu du EAEn azken urteotan, eta 2007an 11.020 milioi euro fakturatu zituen. Aurreko urtearekin alderatuta, %15eko igoera izan dela esan nahi du horrek, eta EAEko BPGren %17 hartzen du, gutxi gorabehera. Hazkunde honek, batez ere, kokatze global azkarrean, kanpoko merkatuetako salmenten igoeran eta etengabeko hobekuntza produktiboan du oinarria. Horixe diote, behintzat, joan den apirilean, Euskadiko Automobilgintza Clusterraren XV. urteurrenaren kariaz, ofizialki aurkeztu zituzten datuek.

Hona EAEko automobilgintzaren erradiografia zifra bidez:

  • 300 enpresa.
  • 500 ekoizpen unitatetik gora, 110 unitate baino gehiago Espainiako estatutik kanpo.
  • Mundu osoan 76.000 langile, horietatik 40.970 Euskal Autonomia Erkidegoan.
  • Egitura oso orekatua da: 28 talde industrial (batzuk multinazionalak), kanpoko 30 multinazional baino gehiago eta hainbat familia-enpresa, kooperatiba eta elkarte laboral.
  • Merkatua: %72,1 kanpoan saltzen da; %53,3 Europan eta %18,8, Europatik kanpo.
  • Produktuen dibertsifikazio handia: suspentsioa (%19), motorra (%18), txasisa (%15), eserlekuak (%13), balaztak (%15), transmisioa (%15) eta abar.
  • Teknologia-prozesuen aniztasuna: mekanizatua (%65), injekzioa (%28), hotzetako estanpazioa (%21).
  • Loturatan: lotura mekanikoa (%32) eta soldadura (%24) dira nagusi.
  • Gainazalen akabera %46 dira, eta tratamendu termikoak, %33.
  • Materialak: burdina (%76), plastikoak (%30) eta aluminioa (%20).
Kanal honetan artxibatua: Ikerketa eta Garapena

Ikerketa eta Garapena kanaletik interesatuko zaizu...
Azukre-lantegiek ikerketak ordaindu zituzten, bihotzeko gaixotasunak gantzei egozteko

Harvard unibertsitateko ikertzaile talde batek Azukrearen Elkarteko kideekin izandako harremanak aztertuz ondorioztatu dute 60ko hamarkadan ordainketak egin zituztela.


2015-03-08 | Joxerra Aizpurua
EAEn enpresak haserre I+Grako laguntza publikoak direla eta

2020rako, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudiekin bateratu du EAEko I+G estrategia. Aurreko asteetan gure ikerketa zentroen urduritasunaren berri eman dugu; orain enpresei dagokie. Bi hitzetan: EAEn ikerketa egiten duten enpresei diru gutxiago eta baldintzak gogortzea ekarri du 2015eko Gaitek deialdiak.

2014an 1.400 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik 800ek jasoko dute nolabaiteko finantzazioa, 2015eko otsailean emandako ebazpenaren arabera. Urtea igarota eta, beraz, proiektuak... [+]


2014-12-28 | Joxerra Aizpurua
Urduritasuna

1997. urtean eman zitzaion hasiera egun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (Saretek) denari. Dozena bat multzotan banatutako ia 200 elkartek eta erakundek osatzen dute Saretek. Orain 17 urte erronka gisa hasi zenak euskal industrian errotzea lortu du, eta azken horrek garai honetan bizi dugun krisialdian indarrari eutsi badio, neurri batean Saretekeko partaideen ikerketa lanei esker izan da. Are gehiago, gaur egungo euskal ekonomia Sareteken ekarpenik gabe ulertzea oso zaila... [+]


2014-12-07
EAEko ikerketa ereduan aldaketak

Joan den mendean sortutako ikerketa zentroen azpiegitura eguneratu nahi du Eusko Jaurlaritzak 2020rako. Ikerketaren emaitzak enpresetara efizientzia handiagoz hel daitezen, ikerlanen helburuak eta zentroen egituraketa birdefinitu nahi dituzte.  

Ikerketa zentroetan, eta batez ere enpresei lotutako ikerketa unitateetan, kezkatuta daude, ez baitakite beren lanean jarraitzeko administrazioaren laguntza izango duten ala ez. Helburuak orokorrak dira, nazioartean ere balioko dutenak, baina... [+]


2014-11-24 | Nerea Ibarzabal
I+G inbertsioa EAEn, Europako batez bestekoaren azpitik

Ekai Center taldeak analisi bat egin du Eustatek kaleratutako Ikerketa eta Garapeneko azken datuekin. %2aren azpitik dago EAEk I+G-ra bideratutako inbertsioa, eta emaitza horiek “ekonomia politika arduragabearen isla” direla adierazi dute Garan argitaratutako artikuluan.


Euskal Herria Europako trenaren atzealdeko bagoietan

Ikerketa eta Garapenean Euskal Herrian egindako inbertsioa gutxitu egin da azken urteetan. Gaindegia behategiak bere blogean argitaraturiko artikulu batek dio, arlo horretan Europako abangoardia diren Alemaniako länder-etatik gero eta urrunago gaudela.


2012-02-05 | Daniel Udalaitz
Hegan clusterra berriro hegaldatu da

Euskal sektore aeronautikoa Hegan Aeronautika eta Espazio Clusterreko kide diren 37 elkartek osatzen dute, eta nagusiki EAEn biltzen da. Sektorea berriro hegaldatu da eta geldialdia atzean utzi du, 2011n fakturazioa %12 hazi baitzen. Erritmo horri 2015. urtera arte eutsiko diotela aurreikusi dute.


2009-05-10 | Daniel Udalaitz
Berrizkuntza lideratzeko apustua
EAEn abian jarri den Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Europan balio ekonomiko eta soziala sortzen lidergoa lortzeko apustu irmoa da. Epe luzean, 2030ean, I+G jardunak BPGaren %5era iristea du xede eta, horretarako, 85.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute.

2009-03-29 | Aitor Bergara
Ikerkuntzaren eta Unibertsitatearen garaia (Aitor Bergara)
Ez dago zalantza handirik, jakinduria izango dugu XXI. mendeko lehengai nagusia. Sormena eta irudimena datorkigun ekonomia berriaren motor bihurtuko dira, eta gure industriak nekez egingo du aurrera kanpoan eraginkorrak diren prozedurak imitatuz bakarrik. Zientzia eta teknologiaren arteko lotura zuzena garai berri honen oinarria izango da, eta behingoz Unibertsitateak hartu beharko luke dagokion protagonismo eta erantzukizuna. Unibertsitatearen mamia ez da bakarrik zabaltzea orain arte... [+]

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude