Milaka txinatar isil paperik gabe Londresen

  • Europar Batasunean bost milioi baino gehiago omen dira inolako paperik eta segurtasunik gabe lanean ari diren atzerritarrak. Soldatarik zekenenak eskuratuz, baldintzarik okerrenetan beraiek ari dira. Britainia Handian txinatarrak dira ilegal horietako asko.
London eye
London eye
Hsiao-Hung Pai txinatarra da jatorriz, Taiwanen sortua, baina umetatik Britainia Handian bizi da. The Guardian egunkarian eta bestetan publikatzen dituen artikuluez gain pare bat liburu idatziak ditu bere diasporakideez, azkena Chinese Whispers: The True Story Behind Britain’s Hidden Army of Labour (Txinatarra ahapeka mintzo da: Britainia Handiko langile armada ezkutuaren gibelean zer dagoen, esan genezake euskaraz).

Hsiao-Hung Pai jakintsua da etorkin txinatar ilegalen esplotazio kontuetan. Berak ikertu zuen 2004ko otsailaren 5ean gertatu zen hondamendia, gero Nick Broomfield-ek Ghosts (Mamuak) dokumentuzko film bihurtuko zuena, 2006an Donostiako Zinemaldian erakutsi zutena. 2004ko egun hartan, Ingalaterrako ipar-mendebaldean itsaski bilketan ari ziren bi dozena txinatar eraman zituen itsasoak. Biharamunean 21 gorpu atera zituzten uretatik, gutxienez bi gehiago galdu ziren betiko eta beste 15ek lortu zuten bizirik ihes egitea. Denak ziren etorkin paperik gabeak. Britainiar asko orduan jabetu zen zein hedatua daukaten eskulan ilegala herrialdean.

Berrikitan Hsiao-Hung Paik “Langile etorkin txinatarrak: itzalpeko bizitzak” artikulua eskaini du Open Democracy aldizkari elektronikoan. Hiru kasu kontatu ditu, argigarri. Chun eta bere ahizpa Txinako Zhejiang probintziatik iritsi berriak dira Londres inguruetara. Hango jazki lantegi batean ari dira, beltzean. Ugazabak agindu zien 800 eta 700 libra esterlina ordaintzea, legez kanpo ari diren beste askori ematen diotena baino gehiago. Oraindik ez dute sos bat ikusi, ordea.

Ahizpak eta kazetaria, hiru emakume, nagusiaren bila doaz, dirua eskatzera. Gizon bat atera zaie. Galdetu diote Fano izeneko ugazabaz, eta hasieran ez duela ezagutzen. Gero, alde egin duela, ez jakin nora. Fanoren lantegia bereganatuta, orain Panayiotis Antoniou deritzon gizon hau omen da boss berria eta konpainia Giant Fashion Ltd. Delako Fanok hanka egin du langileak beharrik eta dirurik gabe utzita. Buruzagi berriarekin deusetik hasi behar hizketan.

Faktoria honetako langile ohiek uste dute berriak kontratatuko dituztela, lehen berekin egin bezala hauek ere ahalik eta denbora gehienez zukutu ondoren atea zerratzeko. “Baina zer egin dezakegu guk? –langileek kazetariari– Guk ez daukagu shun-fendik”. Shun-fen etorkin agiria da, paperak alegia. Irauteko bidea ezagutzen dute: burua makurtu, eta korri lan bila beste norabait.
Irudi hau oso zabaldua omen dago Britainia Handiko manufakturazko enpresa txiki eta ertainetan, baina multinazional famatuetan ere uste baino ohikoagoa da. “Arautu gabeko lan kontratazioa zepo bat da, zarrapo ugariz gakotua”, idatzi du Hsiao-Hung Paik.

Itzalpeko langile-armada

Jing 44 urteko emakumea da, bi haurren ama. Bere senarrarekin Fujian probintziatik duela lau urte jin zen Europara, hamar urteko alaba aiton-amonekin utzirik. Nola edo hala dirua azkar egin eta berriro etxeratu nahi dute. “Hezkuntza gaur Txinan pribatizatuta dago. Gu moduko usinako langileen eskueran ez dago. Hemen irabazitakoa alabaren heziketan inbertitu nahi dugu”.

Jingen senarra garbiketan ari da Londresen, txinatarren jabegoko faktoria batean. Emazteak, aldiz, bi lanpostu ditu. Goizaldetik eguerdiko ordu batera, Hounslow Bakery delakoan ari da okin. Ondoren, korri autobusera Heathrowko aireportura joateko, hemen hiruretan sartzen baita lau izarreko hotel batean, logelak garbitzen. Agentzia txinatar batek bidali zuen. Nor du orduan nagusia, galdetu dio kazetariak? Garbiegi ezin erantzun: “Komunitateko lider ezagun bat”.

Hotelean Jingekin beste hamabost garbitzaile ari dira, denak txinatarrak. 30 urte ingurukoak, sorterrian haurrak dituztenak mantentzeko. Finkotik deus ez dute lanpostuok. Arduradunak egunean esaten die egun horretako betebeharra.

Jingen goizeko okindegiko lana baino askoz neketsuagoa da arratsaldeko hau. Astean sei edo zazpi egunez ari dira bertan, langileak binaka taldekatuta. Egunean 36na logela txukundu behar dituzte. Kazetariak jakin duenez, aurreko zazpi urteetan hotelaren eta agentziaren arteko kontratuak zioen langile txinatarrotako bakoitzak egunean hamasei ganbara egin behar zituela. Orain kopuru hori halako bi garbitu behar dute soldata bera jasoz. Bakoitzak lau edo bost gela orduko. Logelez gain, bestalde, beste bulegoak ere badituzte garbitzeko. Horren guztiaren ordainetan, hotelak agentziari bi libra ordaintzen dizkio logelako, pertsona eta eguneko 72. Agentziak langileari 36 libra emango dizkio, zortzi orduko egunaren ordain.

Hotel ingelesetan ari diren beharginen %60 etorkinak dira. Horietako asko paperik gabeak, aipatu txinatarrok bezala. Txinatarrek hotelekoa enplegu ontzat daukate, cateringean eta arropa-fabriketan gauzak askoz okerragoak direlako: lan gogorragoak, merkeago ordainduak, eta ikuskatzaileek zorrotzago zainduak. Horregatik txinatarrek edozer onartuko dute hoteleko lana ez galtzeagatik, legezkoa baino apalagoko jornalak bezala eskubide guztien ukoa, dela kontratu, gaixotasun geldialdi, opor, eta dena. Askok gainera ingelesik ez daki...

Europako Kontseiluaren kopuruetan Europar Batasunean 5,5 milioi langile paperbako daude. Britainia Handian milioi batera inguratu daitezke, eta horietatik 170.000-200.000 txinatarrak. Alor guztietan daude Txinakoak... baina ez dira ikusten. Ekonomiari sekulako bultzada egiten dioten arren babesik gabe ari dira.

Paper gabeko langileon zanpaketa bestelako herritar “normalizatu” askok ere nozitzen dute. Sindikatu ingelesek Vulnerable Employment (enplegu kalteberak) bataiatu dituztenetan ari dira bi milioi jendez goiti. Hau da: jornal txikiegiak, laneko ziurtasunik
eza eta gisa guztietako tratu txarren pean.

Horien adibidea Ah-Hua da. Catering lanetan aritu zen estreina, gero gehixeago irabaztekotan muskuilu-bilketan aritu zen itsasaldean, hau arriskutsuegia zelako berriro itzuli nahi izan zuen aurreko lanpostura, baina orain nagusiek paperdunak nahiago zituzten.

Ezinbestean, DVDak saltzeari ekin zion, ohartu gabe ariera hau banda batek kontrolatzen zuela. Horretatik ateratzen saiatu zen, baina orduan gangekoek bahitu eta zeuzkan diru guztiak kendu zizkioten.

Ah-Hua beste asko legez asilo estatusa eskatzera joan da azkenean. Horrela denbora irabazten du, agintariek bere kasua aztertzen duten bitartean. Ah-Hua bezala milaka dira Europan linbo juridiko batean bizi direnak, informala deitu den ekonomian biziraunez, sarritan marjinalitatera kondenatuta. Hona Hsiao-Hung Pairen aldarrikapena: “Atzerritar iritsi ziren, baina irabazita daukate hemen geratzeko eskubidea”.
Informazio gehiago

ASTEKARIA
2008ko ekainaren 22a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude