EH Bai: gero eta argiago

  • Ezkerreko nahiz zentroko hautagaiek burua jalgi dute Frantziako Nicolas Sarkozy presidentearen nagusikeriaren aitzinean. Hau da, herri eta departamenduko emaitzetan zentro-ezkerreko hautagaiak eskuinekoei nagusitu zaizkie. Geroak erranen du zer egiteko, ordea. Ipar Euskal Herrian ere argazki hori islatu da. Argazkian kolore kontrastagarriak daude. Abertzaleek badute zer lantzea. EH Bai ekimenak gero eta argiagoa izan behar du ordea.
Alain Iriart
Alain Iriart
Nicolas Sarkozy presidentearen itzala aipatu genuen bozen aitzineko gure balorazioetan, UMPko markapeko auzapezek Eliseoko politika ezkorra jasan dute. Hots, itzala ez da babesa. Itzalak bidea trabatu die. Sarkozyren UMP alderdiak bozen %40 lortu du eta Alderdi Sozialistak (PS) gidatutako ezkerreko zerrendek %47,5. Oposizioak du ordea, ezkerrak nahiz zentroak (Modemeko François Bayrouk gidatua), politika ezkor horri alternatiba egokia aurkitzeko ardura orain. Bigarren itzulian lortuko dituzten emaitzek eta akordioek erakutsiko dute Frantziako eskuina gogorrari galga jartzeko ahalmena daukaten.

Ipar Euskal Herriko emaitzak aztertu aurretik Akitania Erregio eta Departamendu mailako hiriburu nagusien bi emaitza hartuko ditugu hizpide: Bordelen, UMPko Alain Juppe ministro ohiak auzapez kargua berritu du, lehen itzulian eta aise egin ere. Erregioko presidente PSko Alain Rousset garaitu du guztiz. Juppek Sarkozyren itzal guztiz ilunari itzuri egin dio, eta bestelako eskuin mota ordezkatu nahi duela erakutsi ere. Pauen berriz, PSko Andre Labarrere auzapezaren ordezkoa Modemeko François Bayrou izan liteke. Sozialistek urte luzetan bete zuten bertako auzapez aulkia, eta eskuina zuten oposizio bakarra. Paue zentristen plaza izan liteke etorkizunean.

Ipar Euskal Herria: kantonamenduko emaitzak

Iparraldeko emaitzen balorazio orokorra egiterakoan koadro koloretsua agertu zaigu begietara, ideologia anitzen koloreen nahasmendua. Ekar ditzagun koloreok datuetara kantonamenduetako bozetan. Jean-Jacques Lasserre presidenteak (Modem) bere kargua aise berritu du Bidaxune kantonamenduan bozen %75 lortuz. Bere alderdiko beste kideek –Maule, Uztaritze, Ezpeletako hautetsi nagusiak– erraz berritu dute kargua. Modemek Angelu, Donibane Lohizune eta Miarritzeko aulkiak ere irabaz litzake bigarren itzulian. Paueko Kontseilu Nagusiak zentristen esku segituko du.

Abertzaleen emaitzak onak bezain interesgarriak izan dira hauteskunde kantonaletan. EH Baiko Jean-Michel Galantek bozen %31,80 (1.300 boz) emaitzarekin irabazi du Baigorrin eta bere kargua berritzeko berebiziko aukerak ditu bigarren itzulian. Baigorrin ezezik Uztaritzen ere EH Baiko Mixel Mendiburuk emaitza politak erdietsi ditu: bozen ia %20 (2.356 boz).

Hiriburuko kantonamenduan, ABko Alain Iriart hautagai independenteak irabazi du lehen itzulian. Marka garbi gabekoa izan arren, kontseilari abertzale berria izanen da Pauen.

EH Baik 12.172 boz lortu ditu. 2001ean, ABko eta EAko emaitzak batuta, boz abertzaleak 10.732 izan ziren. EH Baiko bozak erabakigarriak izanen dira bigarren itzulian Miarritze, Angelu, Hendaia eta Donibane Lohizunen. EAJ azken bi kantonamenduetan bere siglekin aurkeztu da eta Argitxu Noblia (bozen %10) eta Iñaki Ibarlozaren (bozen %5) emaitzak ez dira inola ere gutxiesgarriak. Hauen bozek ere erabakiko dute bigarren itzulian.

Herriko Etxeetako emaitzak

Ipar Euskal Herriko herri bozak biziki esanguratsuak izan dira. Koloreen nahasmenduak aztertzeko gisako emaitzak ekarri ditu herri handietan bereziki. Baiona hiriburuan Jean Grenet auzapeza lehen itzulian hautatua izan ohi da. Oraingoan ez da horrela izan. Bozen %44 lortu du. Bere taldekide ohi Yves Ugaldek bozen %16 eta 2.483 boz lortu ditu. Bigarren itzulian, PSko Jerome Agerrerekin lehiatu beharko dute biek. Oposizioak UMPko Grenet diputatua negoziatzera behartu du. Miarritzen ere, Didier Borotra auzapeza eta senataria ez da lehen itzulian hautatua izan. Bozen %41 lortu ditu. Adierazgarria ABko Peio Claveriek erdietsitako emaitza: %14 eta 1.749 boz. Kontuan hartu behar da, Borotraren zerrendan Jakes Abeberri abertzalea dagoela. Bigarren itzulian ere negoziazio zorrotzak izanen dira. Angelun besteak beste gertatu da. Modemeko Robert Villenave auzapezak bigarren itzulia beharko du kargua berritzeko. PSko Jean Espilondo arerio gogorra dauka. Adierazgarria Battitte Mortalenak lortutako bozen %12, hots, 2.171. Mortalena euskaltzalea auzapezaren taldean aritua da. Donibane Lohizunen Michele Alliot-Marie lehen itzulian garaitu da, baina ez du beteko aulkia, Peyuco Duhart menekoak baizik. ABko Pascal Lafitte hautagaiak bozen ia %20 (1.332 boz) erdietsi ditu. Marka esanguratsua. Hendaiako emaitzak zinez adierazgarriak izan dira. Oposizioko Battitte Sallaberrik bozen %45 eta 2.382 boz jaso ditu. Kotte Ezenarro auzapezak bozen %44 (2.311 boz). Ustekabea izan da nolabait. Biharko Hendaiako Iker Elizalde abertzaleak bozen %11 (590 boz) lortu du. Emaitza polita eta auzapeza nor izanen den erabakiko duena. Auzapezen artean, azpimarratu herri txiki askok auzapez abertzaleen marka izanen duela. Alain Iriart eta Jean-Michel Galant auzapez abertzaleen buruan buru izanik.

Euskal Herria Bai (EH Bai)

EH Bai koalizioa abertzaleen arteko ekimen eta aliantza ezinbestekoa da Euskal Herriak Frantziako Estatuan bere ezagutza lortzeko. Hauteskundez hauteskunde hobetuz doa. Hegoaldeko bilakabide politikoak asko lagundu lezake euskal departamenduaren lotze bidean. EH Bai eta abertzaleak giltzarria dira Iparraldean. Boz hauetan ardura hori izanen dute herriko nahiz kantonamenduetako zenbait hautetsi eta kontseilari aukeratzeko orduan. Alta bada, kasu, EH Bai, (AB, Batasuna eta EA) politika posibilistaren bidean aritu ezean, kide abertzale zenbait politika bideak urratzen hasiko dira modu independentean.
Iñaki Etxeleku: "Berrikuntza: Alain Iriart kontseilari orokor bilakatu da"

Zein gogoeta egiten duzu hauteskundeez?


Kantonamenduko hauteskundeei begirako bat emango diegu. Egia erran, Ipar Euskal Herrian ez dugu aldaketa edo sorpresa handirik ikusi. Lehenik erran behar da Jean-Jacques Laserre, zentro eta eskuineko, hau da, Modem eta UMP alderdien sostenguarekin den gehiengoa, mantentzen dela oro har Pirinio Atlantikoetako parlamentuan. Gainera, Ipar Euskal Herrian ziren Laserren aldeko edo Departamenduaren gehiengoko hautetsi zenbaitek, lehen itzulitik berriz ere erdietsi dute kargua.

Berrikuntza bat ere aipatzen ahal dugu; Alain Iriart Hiriburuko auzapeza kontseilari orokor bilakatu dela. Oso emaitza ona egin du, botoen % 65 lortu baitu. Lehen aldia zen aurkezten zela gisa horretan kontseilari orokor karguarentzat. Abertzaleen Batasuneko kidea dugu Iriart, baina hauteskunde bereziak ziren, UMPk ez baitu hautagairik jarri aurrean, ezta ere zentroak, eta aurretik zegoen Jean-Pierre Destrade kontseilari orokorrak bere sostengua erakutsi zion Iriarti. Ez zen beraz, sorpresa handia pasatzea, baina alde handiarekin pasa da.
Allande Boutin: "Boterearen desilusioa erakusten dute emaitzek"

Zein da herriko bozen emaitzen zure balorazioa?


Azpimarratuko nuke BAB mankomunitateko egoera. Baiona, Angelu eta Biarritzen bigarren itzulia beharrezkoa izango da. Orain dela zazpi urte ez zen horrela gertatu, lehen itzulian Biarritzeko alkatea eta Baionakoa pasatu baitziren. Eta Angelun, nahiz eta 22 botoko aldea baizik ez dagoen sozialistek kudeatzen duten zerrendarekin, kezkatuta ageri da alkatea, gal egin baitezake. Baionan eta Biarritzen, dudarik ez dago alkateek errepikatuko dutela, baina hauteskundeek erakusten dute badela boterearen desilusio bat. Galtzen ari dira, jendea agian nekatzen hasi baita. Baionako kasuan, ezkerrak botoen laurdena lortu du, ez da oso emaitza ona. Biarritzen Borotraren sistema mugara iritsi da: abertzaleetatik hasi eta eskuinerainoko koalizioak hamar puntu galdu ditu. Gainontzean ez da aldaketa nabarmenik udal hauteskundeetan, bai ordea Donibane Lohitzune inguruko herrietan, UMP alderdiak bultzatzen zituen zerrendek ez dute lortu nahi zutena. Era berean, Lapurdi hegoaldean abertzaleek dituzten emaitza onak azpimarragarriak dira, nahiz eta ez diren boterera iritsiko.
Herri eta kantonamendu bozen ondoan (Emilio Lopez Adan)
Hauteskunde hauetan ez zen hil ala biziko partidarik jokatzen. Behar bada Pabeko Kontseiluan ezkerra izanen da nagusi edota Angeluko auzapeza aldatuko, baina funtsezko aldakuntzarik ez zen espero: baziren, halere, ikustekoak; nire irudiko, hauek:
  • 1- Frantzia osoan bezala, ezkerrak baliatuko ditu Sarkozy Lehendakariaren higatzea eta tantoak irabaziko?
  • 2- Abertzaleen boz kopurua ohi baino gorago joanen da? Edo, beste modu batez errana eta kantonamenduetako bozei begira, ABk, Batasunak eta EAk sortu Euskal Herria Bai koalizioa aitzinamendu bat izan da?
  • 3- Herrietan nekez neurtuko da boz abertzaleen kopurua. Herri bakoitza autonomia osoarekin ibili da, eta hiru taktika ezberdin baliatu: abertzaleak bere kabuz –Baionan edo Donibane Lohitzunen bezala–, talde abertzale organizatuak beste alderdi baten zerrendan sartu hitzarmen baten bidez –Angelun eta Miarritzen, adibidez–, edota hitzarmenik gabe sar lekuan lekuko hautagaien artean. Arazoa nahasiagoa da herri batzuetan non baitira bai zerrenda abertzale bereziak, bai eta eskuineko eta ezkerreko zerrendetan sartu abertzaleak ere. Entrismoaren taktikari ikusi zaio alderdi baikorra: zerbaiten egiteko hobe dela gobernuan "zikintxo" egotea oposizioan "garbi" baino. Taktika horiek, denak batera, bisibilitate eta eragin gehiago emanen diote abertzaletasunari? 
Ondorioak ikusita –orain artekoak bederen–, hauxe hiru galderei buruzko zerbait:

  • 1- Ez da ezkerraren aldeko uzkailtzerik izan. Baionako eta Miarritzeko auzapez eskuindarrek bigarren itzulia beharko dute irabazteko eta Angelun sozialistak atera dira lehen, bigarren itzulian irabazteko posibilitate... murritzekin. Eskuineko nagusien harrokeria apaltzeko bederen balio balu, ez da gaizki.
  • 2- eta 3- Abertzaleen bozen tendentziak konfirmatzen dira: leku dinamikoena Lapurdiko bazter euskaldunak dira, emaitza politekin; barnealdean ere aitzinamendua bada, nahiz eta apala; Lapurdiko hiri nagusietan, erran nahi baita Baiona-Angelu-Miarritze konurbazioan, egoera minoritarioa berriz ere manifestatzen da. Badirudi eremu euskaldunetan batasunaren aldeko nahiak gehitu diola Arrasateko hilketak Batasunaren irudiari eman liezaiokeen itxura ezkorrari; berriz, Miarritzeko abertzale-ezkertiarren emaitza onak konparatzen badira Baionan Euskal Herria Bai-ko zerrenda unitarioak ukan gibelamenduari, ematen du hiri nagusietan ondorioa alderantzizkoa izan dela.

Azkenak
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


2024-09-20 | Gedar
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak

2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2.500 euroko isuna ezarri die Ertzaintzak sei aiaraldearri, iazko greba feminista orokorragatik

"Mozal legea" baliatuta jarri ditu poliziak isunak. Tubacexen eginiko piketegatik izan dira zigor gehienak.


Eguneraketa berriak daude