Durango kari, gailu berriak lau haizetara aldarri

  • Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. ekitaldia abian da. Bete-betean ari duzu abenduaren 5etik 9ra bitartean. Gerediaga Elkarteak buru-belarri jardun du prestaketan urte osoan. Ez du, antza, umorea galdu horregatik, Umorea baita Azokako gaia. Ekitaldi parrasta izanen da umorearen zioz, baita jende parrasta hauen inguruan igurikatu ere. Maiatz literatur elkarteak jasoko du Argizaiola saria, bere 25. urteurrenaren kari. Durangon, alabaina, zenbakiak dira distira egunotan: 317 stand, 554 nobedade eta 61 parte-hartzaile. Guk geuk, “geure” Azoka hizpide, liburu ekoizpenaren arima eta motore diren hainbat editoreren berbak paratu ditugu erreportaje honetako orriotan. Txuma Murugarren musikariak berriz, berezko “doinua” jarri die orriei. Durango kari, kultur berriak lau haizetara aldarri.
Durangoko azoka
Durangoko azokaDani Blanco

Batasuna eta elkarlana berbak –euskal kulturgintzak behar duen bitasuna– hobetsi genituen orriotan iaz, Durangoko Azokaren karietara. Kultur kontsumoaren etorkizunaz gogoetatu genuen, baita euskal kultur industria botila legez irudikatu ere. Erdi betea edo hutsa baino, botilaren beste erdia zerez bete behar den arrazoitu beharra adierazi genuen. Iaz ibilitako ildo beretik hurbildu gara Durangoko Azokara aurten ere. Iazko Argiako azalean zetorren Olentzeroren bidetik gatoz. Olentzero modernoa irudikatu zigun Marko marrazkigileak. Zakuaren ordez, MP3 Playerra zekarren bizkarrean.

42. Azokako kartelean Olentzero ageri da. Biluzik. Igotz Ziarreta egileak Jantzi Euskara izeneko kartelean aipu egiten dio aurtengo gaiari. Umorea da gaia. Umore-parrastada eskainiko duten artista parrastaren izenak, pertsona omenduenak nahiz saritutako elkartea ezagutzen ditugu jada. Maiatz literatur elkartea da saritua –parrasta Ipar Euskal Herriko elea da, parrastada berriz, Bizkaikoa– .
“Jantzi euskara” diosku umoretsu Olentzero biluziak: liburuak eta diskoak eskaintzen dizkigu jantzi gisara. Liburuak eta diskoak dira Azokaren berezko izenak eta gailuak. Azokako nahiz kultur industriaren izen berriak parrastan datoz urtetik urtera. Blog edo txat izenez gain, PDF edota MP3 Record Player izenak, berbarako, heldu dira.

Azoka “geure” etxera iritsi zen aspaldi
Aurtengo ekitaldia “trantsizio”-ko Azoka bezala iragarri du hedabideren batek. Trantsizioak gauden egoeratik edota tokitik beste norabait joateko eta finkatzeko aldi bezala ulertzen ditugu guztiok. Trantsizio garai honetan diskogintzaren industria krisi bete-betean sartuta bide dago. Liburua ere, paperezko euskarri gisa, bide beretik joango ote den beldurrez dihardute bere sustatzaileek.
Nora ote goaz? Horra galdera. Durango ez da kultur industria ekoizpenaren agerle soila –jainkoak libra gaitzala, eta deabruak babestu– galderak eta iradokizunak pausatzeko gunea eta unea da, gure kultur industria txikiari buruz gogoetatzeko ekimena. Eta hara, “geure” liburuaren eta diskoaren Azoka txikia –baina handiena– garatuz joan den batean, azoka bera garai bateko gune fisiko egonkorra izatetik gure etxeko gune izatera pasa da aspaldion. Agerkariak lehenik, irratiak eta telebistak gero, izan dira azoken eta merkatuen ekarleak eta transmisoreak. Internetek azoka –merkatua jagoitik– finkatu du geure etxean. Areago, mundu mailako merkatu honetan, merkatu globala, eredu berriak indartzen ari dira. Johannes Gutenbergen aroaren amaieran gaude –bost mende luze iraun duen aroa, ez da gutxi arraioa–. Egun PDFak eta MP3az beste, berbarako, Kindle gailua munduratu eta merkaturatu da berriki. Irakurtzeko gailua ez ezik jostailutzat ekarria da Kindle delakoa. Folio erdiko tamaina duen E Ink berripaper elektronikoa duzu: 300 gramokoa. Internetera konektatu zaitezke –ez duzu ordenagailuaren beharrik– bere bidez. Liburuaz gain, PDF artxiboak ere irakurri ditzakezu. Ezaugarri eta xehetasun guztiak Interneten dituzu, noski. Bost berbetan: bide berriak ireki ditzake liburugintzan. Publizitaterako gailu eta eremu egokia izaki, gainera.
Trantsizio garai honek nora garamatzan sumatu dut. Azokak –azokek– beste izen propio bat bere egin zu(t)en aspaldi: digitalizazioa. Ez naiz aztia ez Cristobal Colon berria, bistan da. Durangon, diskogintzan eta liburugintzan ari direnek lelotzat hartu naute dagoeneko. Aspaldion jakina dena iragartzen ari naiz. Munduko lau haizetara zabaldutako berrien iragarle motela besterik ez naiz, zahar berrien –edota berri zaharren– aldarrikatzaile: “Munduaren berri teknologia eta gailu berrien bidez zabaldu da aspaldi motel!”. Hara, Durangoko Azokak gogoetatzeko eskaintzen digun parada profitatu nahi izan dut. Ez da gutxi gogoetatze soila ere.

ASTEKARIA
2007ko abenduaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurgailu elektronikoak
2021-07-20 | El Salto-Hordago
Hego Euskal Herriko herritar bakoitzak 19 kilo hondakin elektroniko sortzen du urtero

El Salto hedabideak aztertu ditu 2020ko The Global E-Waste Monitor txostenaren datuak. Honen arabera, Europar Batasuneko herrialdeek sortzen dute zabor elektroniko gehien. Espainiako estatuan urtero 888 kilotonelada zabor elektroniko sortzen dira, hau da, baztertzen ditugun aire... [+]


Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan

Euskal liburu digitala: bi eredu eta hamaika galdera” titularra jarri genion 2011ko artikulu bati. Bidegurutzean zeuden argitaletxeak gure barrioan, Elkar, Alberdania eta Erein batetik, Gurebooken bilduta; eta Susa bestetik, liburu digitalerako bere... [+]


2013-01-17 | Josu Urtubia
Irakurgailu elektronikoen salmentak %28 jaitsi dira munduan

Jende gehiagok formatu digitalean irakurri arren salmentak behera egin du mundu osoan.


Euskal liburu digitala
Bi eredu eta hamaika galdera

Ordaindu ala doan eskaini? Euskaraz liburu digitalak zabaltzeko sortu diren bi plataformek (Gurebook eta Liburu-e) paratu dute galdera mahai gainean. Itaunak ez du erantzun bat besterik eskatzen. Erantzun bat besterik ez... liburuaren sektore osoari eragingo diona.


Eguneraketa berriak daude