Euskal liburu digitala

Bi eredu eta hamaika galdera

  • Ordaindu ala doan eskaini? Euskaraz liburu digitalak zabaltzeko sortu diren bi plataformek (Gurebook eta Liburu-e) paratu dute galdera mahai gainean. Itaunak ez du erantzun bat besterik eskatzen. Erantzun bat besterik ez... liburuaren sektore osoari eragingo diona.

Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2011eko otsailaren 20a
kultura. euskal liburu digitala
Gorka Bereziartua

“Azkenean!” esango zuen baten batek, kosta baitzaie euskal argitaletxeei digitalaren uretan behatz puntak bustitzea. Baina nazioarteko liburugintzak metamorfosia hasi duen honetan (duela ez asko jardun genuen gaiaz, ikusi Argiaren 2.255. zenbakia), bi plataforma garrantzitsu sortu dira euskal liburu numerikoak eskaintzeko: Elkar, Erein eta Alberdania editorialek sortu zuten Gurebook eta Susa argitaletxeak Armiarma webgunean zabaldu berri duen Liburu-e egitasmoa.


Gurebook 2010eko azaroan aurkeztu zen, Durangoko Azoka ate joka zela. Liburu elektronikoen denda da funtsean, egitasmoan parte hartzen duten argitaletxeen obrak eskaintzen ditu, papereko liburuak baino apur bat merkeago eta erositako liburuek kopia digitala mugatzeko teknologiak dauzkate txertatuta. Partaide diren argitaletxeen garrantziagatik –hasierako hirurei beste batzuk batu zaizkie gero– eta euskal liburugintzan ekarri zuen jauzi kualitatiboagatik –gutxitan ikusten dira horrelako aliantzak sektorean– harrera mediatiko polita izan zuen atari berriak, baina baita zenbait kritika ere, prezioen eta kopia mugatzeko teknologien karietara (lerrook idazten dituenak bere momentuan egindakoa hemen irakur dezakezue: http://ttiki.com/23213).


Isilago pasa da euskal hedabideetan Susak urte hasieran sareratu duen egitasmoa, nahiz eta eskaintzen duena ez den nolanahikoa: 249 liburu guztira, PDF eta EPUB formatuetan, kopia egiteko mugarik gabe; euskal literaturaren klasikoak batzuk; Literatura Unibertsala bilduman argitaratu ziren nazioarteko idazleen obrak besteak. Eta garrantzitsuena, dirudienez: denak doan. Baina, momentuz, nobedaderik ez.


Erronka digitalari erantzuteko bi eredu arras diferente beraz. Zalantzak berriz, mila. Negozio-ereduari lotutakoak dira momentu honetako galdera-ikur gehienak: inor prest egongo ote da artxibo digital bat edukitzearen truke dirurik ordaintzeko? Doan eskainiz gero, zer gertatuko da argitaletxe eta liburu-dendekin? Prezioa jartzekotan, zein? Erantzun eske markatzen dute atzamarrek telefono zenbakia. Beste aldean Zarauzko Garoa liburu dendako Eneko Agirre dago. Teknofilo gutxi batzuen hizketa gaia izatetik liburu digitala mundu guztiaren ahotan egotera pasa zenerako, artikulu sorta interesgarria jarria zuten gaiari buruz euren Interneteko atarian (www.egaroa.com).


Azken hilabeteotan aurkeztu diren bi egitasmoak baloratzeko eskatu diogu. “Gure­book-ez ezin diat gehiegi hitz egin, ez bainauk erabiltzaile. Baina horrek berak esaten dik asko: zergatik ez diat erabiltzen? Ondo zegok Euskal Herriko argitaletxe batzuek bat egitea eta errealitateari aurre egiten saiatzea. Baina erabiltzaile bezala, iruditzen zaidak koldar samar ari direla”.
Hobeto baloratu du Susaren egitasmoa; ez Liburu-e bakarrik, Armiarma atari osoa ere bai: urtetan gune horri esker literatur testu asko digitalizatu direla nabarmendu du. Baina baita erantzuterik ez daukan galdera luzatu ere: “Zergatik jendeak, eta gazteek bereziki, ez ditek ikusten beharrik literatura hori kontsumitzeko?”.

Ordaindu?


Horiek atarikoak. Mokadu txikien ondotik, okelari sartu diogu hagina:


– Momentuko galdera zera duk: salduko al dituk e-bookak?


– Azken hamar urteetan nire esperientzia zein izan den ikusita, oso zail ikusten diat jendea ordaintzeko prest egotea. Nik musika Spotify-n entzuten diat, pelikulak streaming bidez ikusi...


Kontuan hartzeko moduko beste datu bat ere atera du hizpidera: orain arte liburuak irakurtzeko gailuez hitz egiten zela, erran nahi baita, funtzio horretarako bakarrik pentsatutako tresnez. Baina liburu elektronikoaren eztanda gertatu bada, izan da, beste aukera asko eskaintzen dituen erremintari esker. Apple etxearen iPad-az ari da Agirre: ordenagailu baten aukera guztiak orrialde baten tamainan biltzen dituen gatxetaz (Interneterako konexioa, bideoak, audioak, ukipen-pantaila...). Daukan formatuagatik, liburu digitalen irakurleen artean harrera beroa izan du; tresna hori agertzearekin batera ugaritu da irakurleen artean liburu digitalen elkartrukea. “Eta hik hor kontsumituko dituk liburuak, alegia, beste produktu guztiak doan diren plataforma batean. Aisialdiko gauza guztiak debalde dauzkak eta... liburuak ordaindu egingo al dituk?”.


Arraroa litzateke, bai.


– Baina hik liburu-denda batean egiten duk lan –erantzun diogu–; dena doan izatekotan, zer etorkizun zeukak negozioak?


– Garbi zegok liburu-dendek tartaren zatirik ez daukatela hor. Inor ez duk joaten disko-denda batera MP3 bat jaistera. Informazio-iturri bezala funtzionatu zezakek, baina errentagarritasun aldetik ez dik ematen eguneroko ogia irabazteko adina.


Liburugintzak orain arte pieza finkoak eduki dituela esplikatu du Agirrek: argitaletxeak, banatzaileak, dendak... Eta bere ustez, Internetekin eskema guztia jarriko dela ipurdiz gora. Lehen editorialak ez ziren salmentaz arduratzen, lan hori Garoa bezalakoen esku zegoelako. “Baina orain webguneen bidez ere saltzen dute”. Prozesua alderantziz ere egin liteke, ordea; hau da, dendak edizio lana bere gain hartzea. Garoan aztertu dute aukera hori, sektorearen barruan orain arte izan duten rola aldatu eta zeregin garrantzitsuagoa hartzeko bidea zabaltzen ahal dielako. “Imanol Epelderekin egin genian esperimentu bat, liburutxo bat, eta polita atera zuan, baina oraingoz gure lana dendan zegok batez ere. Hala ere, gazteak gaituk eta ez diagu ezer baztertzen; garrantzitsuena duk ondo pasa geniala hori egiten. Eta gauzek funtzionatzen dute hik ondo pasatzen baduk”.

Eredu berriaren bila


Datorrenari dramatismorik gabe begiratzen dio Eneko Agirrek. “Nik zera esaten diat: lan egiten diagun mundua, literatur mundua, oso zabala duk, jendeak mendeak zeramatzak idazten. Orduan ba, hi, liburu-denda bat desagertzen baduk edo editorialak desagertzen badituk, berdin dik; desagertzen badituk, desagertu behar zutelako duk”. Bere ustez jendeak liburu digitalak kontsumitzen dituen neurrian, prezioa zerora hurbilduko da. Eszenatokia aldatu da dagoeneko. “Gustatzen bazaik, horri aurre egiok; moldatu behar baduk, moldatu hadi; baina errealitatea errealitatea izango duk beti”.


Eredu berriak bilatzeaz ere galdetu diogu, diskogintzan Bidehuts kolektiboak edo Zea Mays taldeak egin duten bezala (ikusi Argiaren 2.262. zenbakia). Liburu-denden kasuan joera bat nabarmendu du: saltoki asko kultur gune bilakatzen ari direla. “Espazio biziak bihurtzen ari dituk. Denok ezagutzen ditiagu espendedore modura funtzionatzen duten dendak, eta horiek horrela funtzionatzeari utziko ziotek. Askoz zerbitzu gehiago ematea izango duk joera... edo esperantza behintzat hori duk: modeloari hanka gehiago jartzea”.
Hala ere, aldaketa ez da musikan bezain azkar gertatzen ari. Paperean asko irakurtzen da, liburuak saltzen dira, eredu berrira moldatzeko denbora gehiago izango dute liburugintzan diharduten agenteek. Agirrek AEBekin konparatu du hemengo egoera, esanez, han, herri askotan, ez dagoela liburu-dendarik eta horrek berak digitalerako joera asko azkartu duela. Emaitza? Barnes & Noble bezalako kate erraldoietako dendak leku askotan ixten ari direla; aldiz, denda txiki batzuek, eredu berrietan oinarrituta, aurrera egitea lortu dute.


Dena berriz pentsatzeko tenorea da beraz: liburu digitalak ez baitira paperezko liburuen kopia binarioak bakarrik, aldaketa askoz sakonagoaren pieza baizik. Liburugintzaren mutazioa dator, editorial, denda, banatzaile, idazle eta irakurle rolak berrasmatzeko unea. Krisia, hala deitu nahi bazaio. Baina krisiak, gauza jakina da, abagunea ere esan nahi du. Letra-jaten aritzeko afizioa duen orok probestu beharreko aukera.

Kanal honetan artxibatua: Irakurgailu elektronikoak

Irakurgailu elektronikoak kanaletik interesatuko zaizu...
Gauzak argitzen ari dira liburu digitalaren merkatuan

Euskal liburu digitala: bi eredu eta hamaika galdera” titularra jarri genion 2011ko artikulu bati. Bidegurutzean zeuden argitaletxeak gure barrioan, Elkar, Alberdania eta Erein batetik, Gurebooken bilduta; eta Susa bestetik, liburu digitalerako bere plataformarekin —artean nobedadeak saltzen hasi gabe—.


2013-01-17 | Josu Urtubia
Irakurgailu elektronikoen salmentak %28 jaitsi dira munduan

Jende gehiagok formatu digitalean irakurri arren salmentak behera egin du mundu osoan.


Literatura
Orain bai, liburu digitalak eztanda egingo du
Bi gertakarik asko aldatu dituzte gauzak liburu digitalaren nazioarteko sektorean. Bat: idazle esanguratsu zenbaitek ohiko argitaletxeak bazterrean utzi dituztela, euren liburuen edizio digitalak Amazonen bidez saltzeko, Interneteko liburu-dendak egile-eskubideengatik portzentaje handiagoa eskaini dielako. Eta bi: liburu digitalen kopia “piratak” asko ugaritu direla Interneten azken urtean. Liburuaren industriari errekonbertsio garaia iritsi zaio, lehenago diskoenari eta filmenari gertatu zitzaien bezalatsu.

2010-11-29
DRMarekin eta garesti: ez da nirebook

Erreportaje bat bukatu nuen atzo (hilak 25) astekarirako, gutxi gorabehera esaten duena liburu elektronikoaren zabalkundea, askotan iragarria eta beste hainbestetan atzeratua, azkenean baietz, iritsi egingo dela. Titular balientepasatua jarri nion: “Orain bai, liburu elektronikoak eztanda egingo du”.


2007-12-09 | Mikel Asurmendi
Durangoko Azoka 2007
Durango kari, gailu berriak lau haizetara aldarri
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 42. ekitaldia abian da. Bete-betean ari duzu abenduaren 5etik 9ra bitartean. Gerediaga Elkarteak buru-belarri jardun du prestaketan urte osoan. Ez du, antza, umorea galdu horregatik, Umorea baita Azokako gaia. Ekitaldi parrasta izanen da umorearen zioz, baita jende parrasta hauen inguruan igurikatu ere. Maiatz literatur elkarteak jasoko du Argizaiola saria, bere 25. urteurrenaren kari. Durangon, alabaina, zenbakiak dira distira egunotan: 317 stand, 554 nobedade eta 61 parte-hartzaile. Guk geuk, “geure” Azoka hizpide, liburu ekoizpenaren arima eta motore diren hainbat editoreren berbak paratu ditugu erreportaje honetako orriotan. Txuma Murugarren musikariak berriz, berezko “doinua” jarri die orriei. Durango kari, kultur berriak lau haizetara aldarri.

2007-11-24
Kindle: negozio eredu berria liburugintzan?

Johannes Gutenberg hil egin da, eta ez naiz ni izan. Irakurtzeko jostailu berria behar du mende binarioak. IPod bat, literaturarentzat. Horrela definitu du Newsweek astekariko Steven Levy kazetariak Kindle.

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA