Kolonbiako ikatzak soberan ditu Wayuu andreak

  • Terrorismoaren eta narkotrafikoaren kontrako gerraren aitzakian, Kolonbian meategietako enpresa handiek gerra zikina (eta pribatua) erabiltzen dute beren kontuak borobiltzeko. Wayuu herriaren kasuan, munduko harrobi handiena eraikitzeko zanpatzen dituzte bertako herritarrak.
     
    Wayuu emakumeak paramilitarrei aurpegi egiten hasi zaizkie, eta herri indigenak mobilizatzen ari dira beren lurrazpiko aberastasuna osten duten multinazionalen aurrean”.
     
    Hitz horiekin hasi du artikulua Giuseppe de Marzo-k Italiako Carta astekarian. Il Manifesto egunkari komunistaren enpresa berak plazaratzen du Carta, edukien zati handi bat “ez-albisteei” eskaintzen diena, altermundialismoaren, gizarte mugimenduen eta elkarteen jarraipena eginez. Ordu erdiko irrati emankizuna ere ekoizten du astero, zenbait irrati txikik eskaintzen dutena. Giuseppe Marzo Italiako mugimendu ekologistan ezaguna da, Amerikan egonaldi bat baino gehiago egin du, eta Cartan kontatu duena Kolonbiara ONIC (Organización Nacional Indígena de Colombia) erakundearekin egindako bisitan ikusitakoa da.
Wayuu andre bat
Argazkiok Carolina Peace mugimenduaren Interneteko gunetik hartuta daude. AEBetako erakunde bakezale horretako hiru kidek nazioarteko beste begirale batzuekin batera bisita egin zieten iaz Bahia Portete inguruko wayuutarrei. Bilkuraren helburua zen 2004ko apirilaren 18an paramilitarrek egindako masakrea munduan ezagutaraztea. Inguruetan oraindik herritarrak bizi diren arren "“ezkerreko argazkian ageri da emakume bat Media Luna herrixkan arto-opilak prestatzen"“ Bahia Porteteko 2.000 herritarrek ihes egin zuten, gau hartan paramilitarrak etxez etxe tiroka ibili ondoren. Hamabi heriotza daude dokumentatuta, baina desagertu gehiago izan dira inguruetan. Gizonak, emakumeak eta haurrak hil zituzten, batzuk tiroka, beste batzuk kolpeka edo matxetez, eta bi haur kamioneta batean bizirik kiskalita. Eskuineko argazkian, iheslarietako bat, emakume gaztea. Wayuutarren ohitura bat darabil "“desertuko berotik babesteko aurpegia lurrez igurztea"“ nor den ezkutatzeko.
Marzok kontatu duena Kolonbiako bazter bateko bizimodua da. Kolonbian bortizkeria ez da sekula eten. Bortizkeriaren protagonistak gaur batetik, Bogotako Gobernua eta paramilitarrak dira, eta bestetik, 1970eko hamarkadan sortutako gerrillak. Baina guztiok ere 1940an sutu ziren borroken oinordekoak dira. Kolonbiaren irudia horiek sortutako albisteek itxuratzen dute, drogaren produkzio eta trafikoaren ingurukoekin batera. Baina Kolonbia multinazionalek ustiatzen duten meategi erraldoia ere bada. Hemen bada petrolioa, ikatza, urrea, esmeraldak, zilarra, nikela, burdina, kobrea, beruna eta beste zernahi mineral. Horiek lurrari erraietatik kendu eta esportatzeko Alvaro Uriberen gobernuak lege berriak erabaki ditu, bertako meatzari txiki eta ertainak multinazionalen aurrean larru bizirik utzi dituztenak.
 
Korporazio horietako batzuek estutu dute beren esku artean Wayuu indiarren etorkizuna. Venezuelarekin muga egiten duen Guajira lurmutur idorrean munduko ikatz meategirik handiena ireki dute –El Cerrejón– eta Wayuu jendea handik kanporatzeko mertzenarioak bidaltzen dizkiete kontratistek, hitz bat esatera ausartzen den edonor akabatzeko.
1998tik, etengabeak dira Guajiran emakumeen kontrako bortxaketak, hilketak eta masakreak. Paramilitarrak koadrilatan dabiltza batera eta bestera; Bogotako soldaduek batzuetan ezikusiarena egiten dute eta beste batzuetan lagundu egiten diete paramilitarrei. Hori bere begiz ikusi du Giuseppe Marzok, eta gauza bera kontatu dute haien webgunean AEBetako Carolina Peace mugimenduko kideek, soldaduen ondoan arma eta guzti paseatzen diren paramilitarren argazkiak erakutsiz.
“Wayuutarren ehiza honek –idatzi du Marzok– helburu nabarmena du: eskualdeko ondasun guztien ustiaketa intentsiboa bermatzea, gero horiek atzerriko multinazionalei saltzeko”. Guajiran oraintxe bertan zortzi proiektu erraldoi daude martxan Wayuutarren lurralde sakratuetan.
 
Handiena El Cerrejón meategia, aurten 28 milioi tona ikatz eman behar dituena. Anglo-American, Glencore, Xstrate eta BHP Billington korporazioek kudeatuko dute 2034a arte. “Ezaguna da Anglo-American eta Glencorek –idatzi du Marzok– Hegoafrikako apartheid sistema finantzatu zutela, eta uste da Kolonbiako paramilitarrei entrenamendua antolatu dietela”. El Cerrejónez gain, mugaren Venezuelako aldetik PDVSA korporazio publikoa gas-hodi erraldoia ari da pasatzen, eta han ere izan da liskarrik. Guajiran badira beste bi petrolio ustiapen martxan, Dibullan itsas portu handi bat ari dira eraikitzen, Rancherían urtegi bat, parke eoliko bat etorriko da gero... Dena multinazionalek kudeatuta.

Jendarte matrilineal zaharra

Lurralde aberatsegian bizitzea Wayuutarren kalterako izan da. Duela bi mila urte Amazoniara eta Antilletara zabaldu ziren Arawak herrietako bat izanik, Wayuutarrak ehiza, arrantza eta baratzetatik bizi ziren, europarrak iritsi eta Guajirako basamortu inguruetara bultza zituzten arte.
 
Tierra lehorrotan babestuta, ahuntz eta behietatik bizitzen hasi ziren, asko nomada bihurtu, eta horrela luzaz beretaz ez ziren asko interesatu ez Venezuelako eta ez Kolonbiako agintariak. Wayuutarren lurrak Kolonbiako Guajiran –15.000 kilometro karratu– eta Venezuelako Zulian –12.000– daude. Aipatu desertuaz gain aniztasuna dauka lurralde horrek, badira eskualde hezeagoak eta itsas bazterrean klima atsegina daukate. Wayuutarrek bi estaturen arteko mugaren gainean bizitzeari ere atera diote etekina, kontrabandoa tarteko. 350.000 herritar dituen herri mugalari honetatik 150.000 bizi dira Kolonbiako partean.
 
Wayuu jendeak osatzen du Kolonbiako talde indigenarik handiena. Arawak familiakoa da haien hizkuntza, wayuunaiki deitzen dutena. Familien antolakuntza matrilineala dute. Hau da, familiaren jarraipena amatik alabara egiten da, abizenetik hasita familiaren antolakizun osoa amaren inguruan izaten da. Gizon bat ezkontzen denean, emaztearen familian sartzen da, eta horren ondorioz, familiak buru gizonezko bat edukitzekotan hau amaren anaia izango da, seme-alaben osaba. Era honetan, emakumeen inguruan familia zabalak antolatzen dira, klan gisakoetan.
 
Alaula edo osaba hori da Wayuutarren artean agintari nagusietakoa. Bestea püchipü delakoa da, bitartekari edo epaile lanak egiten dituena, izan gizon edo emazte. Hirugarren agintaria utsu deitzen da eta sendagilez gain, sorgin eta apaiza da.
Egitura zahar horrekin atera du bizimodua aurrera orain arte jende honek, artzain lanak eginez edo kontrabandoan. Baina urte gutxitan hondamendiak inguratu ditu. Multinazionalek, meategi erraldoiak urratzeko, bertako lurjabeei soroak eta Estatuari eremu komunalak erosi dizkiete. Ez da gehiago lurrik, lanik ez etxerik. Ugaritu egin dira lurren desjabetzeak, herritik ihes egin beharra, hilketak, taldekako masakreak, mehatxuak, bortxaketak... baita lurren kutsadura ere, herrietako jendeari alde eginarazteko. Wayuutarron antolakuntzagatik, gizonekin baino gehiago emakumeekin egin dute topo mertzenarioek.
 
Paramilitarrek inpunitate osoz jokatzen dute inguru honetan. Hain zuzen ere, ONICeko begiraleekin hitz egitera zetorren Maria Concepción izeneko emakume bati tiro egin diote, eta kotxean berekin zetorrena hil. “Maria Concepción ez da oraindik hitz egiteko gauza –idatzi du Marzok– . Carmenek ekarri ditu paperean bilduta Mariari bezperan egin dioten atentatuaren argazkiak. Zortzi fusil-tiro bere kotxean. Ondoan zekarrena hil dute, eta oraindik Maria ez da bere onera etorri. (...) Komunitateko osasun arazoez okupatzen da buruzagi hau. Mehatxatuta zegoen, herriko agintariek ez baitute nahi osasungintzaz okupa dadin, zerbitzu hori paramilitarrek kontrolatutako enpresek daukate-eta esklusibitatez. Wayuu emakumeak gerreroak dira baina ezinegon eta beldur handia daukate. Hala ere, Maria Concepciónek indarra atera du hitz egiteko eta esateko nahiago duela Wayuu bezala hil, hiri handi batean langile merkeen multzoan bukatu baino”.

http://www.argia.eus/nethurbil.php helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2024-09-21 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. 1.eguna
Zerk egiten duen pertsona


Bonba-jostailuen oroimena oraindik bizirik da Libanon

Ekialde Erdia dantzan jarri dute pertsona-bilagailuak eta walkie-talkieak lehergailu bihurtu dituzten erasoek. Israel isilik da, baina inork gutxik jartzen du zalantzan erasoen atzean hura dela. Besteak beste, iraganean aritu delako jada jolas hilgarri horietan, eta akusazio... [+]


2024-09-20 | Sustatu
Euskarabildua topaketa urriaren 17an: “Artifiziala ez den teknologia”

Aurtengo Euskarabildua topaketa teknologikoa (iAmetzak antolatzen duena urtero) urriaren 17an izango da Donostian, San Telmo Museoan. "Artifiziala ez den teknologia" jarri diote goiburu gisa, adimen artifizialaren oldarraldi garai honetan "inoiz baino... [+]


Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa


2024-09-20 | Gedar
Aurten ere, udako erailketa matxisten %15 egin dute poliziek edo polizia ohiek Espainiako Estatuan

Uda honetan, gutxienez hemeretzi erailketa matxista izan dira, eta horietatik gutxienez hiru kasutan, poliziak edo polizia ohiak dira hiltzaileak. Donostian, gainera, erailketa saiakera bat ere izan da ertzain baten partetik: bere bikotekidea hiltzen saiatu zen abuztuan.


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


Mozal Legearen erreforma eskatu du Nafarroako Legebiltzarrak

Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.


2024-09-20 | Euskal Irratiak
Maider Mourgiart eta Paul Laborde
“Pastoralari esker Xarnegu eskualdeko herritarrak elkar lotu gira”

Azken aukera asteburu honetan 'Inexa de Gaxen' pastorala ikusteko.


2024-09-20 | Gedar
Balmasedako Glefaran enpresak etengabe gainditu ditu ezarritako kutsadura-mugak

2016tik 2023ra bitartean, Pastguren paper-fabrika izandakoa erraustegi modura erabili zuen Glefaranek, elektrizitatea ekoizteko. Zazpi urte horietan zehar, errauts-partikulen isurketa-mugak urratu zituen, eta "gizakien eta ingurugiroaren osasuna arriskuan jarri" zuen... [+]


Internet demokratiko eta burujabe baten alde lanean

Internet hasieran askatasunaren espazio izan zen, baina gaur egun enpresa handien esku dagoen lurralde kontrolatu bihurtu da. Testuinguru honetan, teknologia burujabetza eta ongizate komuna lortzeko Internet berreskuratzeko beharra gero eta premiazkoagoa da. Egile eta aktibista... [+]


2.500 euroko isuna ezarri die Ertzaintzak sei aiaraldearri, iazko greba feminista orokorragatik

"Mozal legea" baliatuta jarri ditu poliziak isunak. Tubacexen eginiko piketegatik izan dira zigor gehienak.


Eguneraketa berriak daude