Praha-ra begira


Bibliomano xamarra izanik, bizimodu desegokia tokatu zait neure nahikari hori aurrera eramateko. Eta gogoko nuen liburu mordo bat galdu dut etxe aldaeratan barrena. Baina oso maite dudan hau bederen salbatu dut. Honela deritzo: Atlas de Géographie, contenant 76 cartes colorées. Par Grosselin-Delamarche, Paris, 1869. Mapa sail horretan, oro har, 1918ra arteko Europa agertzen da. Gaurko gaiari dagokionez, bi mapa hauek hautatuko nituzke bereziki: 67-Carte politique de l'Europe-1866. 78-Europe Centrale-1867.

Estatuen mugak betirakoak direla, eta milimetro batean ere ikutu ezinak direla dioskutenak, barregarri gertatzen dira. Europaren erdi-erdian, hasteko, Austria-Hungariako Inperio eskerga topatzen dugu. Ekialdean, berriz, beste bi: Turkiar Otomandarren Inperio zabala, batetik, Vienarainokoa; eta, iparralderago Errusia. Biok, jakina, Europan eta Asian kokatuak batera.

Norvegia Suediako parte da (1909ra arte). Ez dago Irlandarik ez Suomirik, berauek Britainia Nagusiko eta Errusiako atal baizik ez direlarik. Hiru errepublika baltikoen arrastorik ez, bide beretik; ezta hiru kaukasikoenik ere.

Austria-Hungariako Inperio gaitza, 40 milioi biztanle orduan, herri desberdinen arteko antolamendu arrakastatsua, eredutzat hartua. Barruan, eskualde huts, Eslovenia, Kroazia, Dalmazia, Txekia, Moravia, Eslovakia, Errutenia, Bukovina; eta, ekialderago, Transylvania (gero Errumaniara aldatzekoa), Gallitzia (gero Polonia), Bosnia-Herzegovina (1878an nagusiz aldatua).

Egoera bertsua Otomandar Inperioan: Albania, Bulgaria, Serbia, Montenegro, Moldavia...

Urteak joan ahala, hiru gune edo polo nagusi hozitu: alemana bata (Viena hiriburu), maggyartarra bigarrena (Buda-Pest), eta eslaviarra hirugarrenik (Praha). Puzzle galanta! Ahulena, eslaviarraren barruan, dexente germanizatua, txekiarra. Kafka lekuko. Hots, Prahan sortu eta indartu zen Austria-Hungaria Inperioa puskatzeko hazia.

Alde batetik, «austro-marxismoa» mamitu zen Txekian. Nazioa eta sozialismoa uztartu nahi zituen ezkerretik, eta Otto Bauer zeukan gidari nagusitzat. Oso liburu mamitsua idatzi zuen Georges Hauptek orain dela hogeita hamar bat urte gai hauetaz: Les marxistes et la question nationale. Harrigarria bada ere, euskal ezker abertzaleak oso gutxi ezagutzen ditu teoria eta liburu funtsezko hauek.

Bestetik, «txekoeslovakiar abertzaletasuna» piztu zen Prahan, eta Austria-Hungaria Inperioa «desegiteko» xedea hartu zuen. Buruzagi bat gailendu zen honetan: Tomas Masaryk (1850-1937). Prahako Unibertsitatean 1832az geroztik irakasle, Txekiar arazoa liburua idatzi zuen (1895), nazio-arazoaz; baita urte berean beste bat ere klase-arazoaz. Sozialismoaren alde agerturik ere, uzkur agertzen zen marxismoari buruz, gero gertatuko ziren desbideraketak aldez aurretik salatuz.

1914an Europar Gerratea hastean Parisa aldatu zen; eta han Txekiar Legioa antolatu zuen, baita arrabots handia aterako zuen Agiria kaleratu: Suntsi dezagun Austria-Hungaria.

Woodrow Wilson Presidentearen jarrera baliatuz, Txekoslovakiaren Askatasuna lortu zuen 1918-XI-28an; eta Lehendakari izendatu zuten. Agintean egon zen 1933ra arte, 83 urte zuelarik erretiratu zenean. Eta Jan Masaryk (semeak) hartu zuen segida. Oso urte zailak gertatu zitzaizkion Hitlerren etorrerarekin (sudeteen arazoa, gerla, eta abar). Eta 1948an bere buruaz beste egin omen zuen -ez baita batere garbia nola hil zen-.

Luzeegia litzateke hemen ondoko urteen kondaira zehatza egitea. Txekia eta Eslovakia hor daude, eta gauza bera Europa erdialdeko errepublikak oro. Baina Austria-Hungaria Inperio erraldoia desagertu egin zen. Turkia, bide beretik, Europatik desagertu zen. Eta Polonia, Errepublika Baltikoak eta Kaukasikoak hor daude. Non dago idatzirik Europako aldaketen zerrenda hetsia denik?

Austria Hungariaren desagerpenak argi egiten du eta esperantza pizten. Nahiz, hau ere garbi baitago, aldaketa horien aurka estatu guztiak justiziaren eta autodeterminazio eskubidearen kontra, betiko «Santa Aliantza» hura birsortzen lotsarik gabe saiatuko badira ere.


ASTEKARIA
2006ko azaroaren 12a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude