Zertarako behar du euskarak marketina?

  • Iñigo Fernandez Kontu Exekutiboa da publizitate agentzia batean eta Euskara eta publizitatea izeneko blogean idazten du. Marketina arkatz bat bezala dela dio, zernahiren alde edo kontra erabil daitekeena. Marketina euskararen sustapenerako ere balia daitekeela aldarrikatu du artikuluan, erreparo handia dioten arren euskaldun askok.
2006ko irailaren 17a
Euskara sustatzeko bide eta moduen inguruan hainbeste hitz egiten eta idazten den garaiotan, harrigarri samarra ere bada gurean inork oraindik marketin ikuspegia hautatu ez izana ekarpen bat egiteko asmoz.

Euskararen inguruan filologiatik, soziolinguistikatik, psikosoziolinguistikatik eta beste hainbat esparrutatik jarduten den garaiotan -baita matematiketatik ere-, zergatik ez dugu baliatzen euskaldunok gaur egun merkatuetan eta pertsonengan eragiteko dagoen tresna eraginkorren(etako)a omen dena?

Marketin mix-aren lau osagaiek ematen duten ikuspuntua euskarari aplikatuz gero, ondorio eta lan ildo interesgarriak atera daitezke:


Produktua

Munduko hizkuntzen merkatuan, gainerakoak beste bada euskara. Gure produktua ez da bere lehiakideak baino kaxkarragoa.

Kimikaz, surfaz, astrofisikaz, sexuaz... edozeri buruz hitz egiteko balio du euskarak. Aukera handiak eskaintzen ditu, egia den arren erabiltzaileok zailtasunak ditugula euskaraz gai askoren inguruan erdaraz bezain aise aritzeko.

Produktuak berak, ordea, ez du aitzakia handirik. Kontsumitzaileok gara gure hizkuntzari zuku guztia ateratzeko gaitasunik ez dugunak. «Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza kamutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik errua, behiala Axularrek zioenez». (Koldo Mitxelena).

Produktuak izango du zer hobetua, seguru asko, baina haren sustapenean ditugun arazo edo ahuldade nagusiak ez daude hor; gure produktua benetan ona, kalitatekoa dela ikusten baita -baliagarria, gozagarria-, hiztunak hura erabiltzeko maila nahikoa txukun bat bereganatzen duenean.


Prezioa

Euskara garestia dela diote batzuek. Asko kostatzen dela harekin moldatzea. Euskara ez dela batere ekonomikoa kontsumitzaileentzat, eraginkortasun gutxiko egitura omen duelako.

Baliteke hain aspalditik datorren produktuak, garaian garaiko premiei erantzuteko aldaketa batzuk izan dituen arren, oraindik ere arazoren batzuk izatea gaur egungo komunikazio modu edo premietara moldatzeko, baina hori ez da nahikoa arrazoi azaltzeko zergatik ez dugun asmatzen haren sustapenean nahi genukeen neurrian.

Gure produktua ez da oro har ez konpetentziarena baino merkeagoa, ez eta garestiagoa ere, eta daukaguna dagoen horretan saldu behar dugu. Euskara etengabe hobetzen saiatu beharra daukagu aldi berean, jakina, baina ez gaitezen engaina euskara garestiegia dela pentsatu, eta hura ekonomikoagoa izan arte ezin aurreratu ahalko dugula sinestuz edo, are okerrago, hura ekonomikoago bihurtuta euskararen sustapena askoz errazago etorriko dela sinestaraziz.

Bestalde, euskara ikastea zaila dela errepikatzen dute askok behin eta berriz. Lehenbailehen ezeztatu behar dugun mitoa da hori. Produktu bat garestia edo merkea suertatzea pertzepzio kontua da sarritan (subjektiboa delako ordaintzen denaren eta ustez jasotzen denaren arteko erlazioa), eta sentsazio hori aldatu behar dugu, besteak beste hizkuntza franko dagoelako munduan gurea baino zinez zailagoak direnak. Txinera, esaterako, hizkuntza zaila da ikasten, guretzat behintzat, eta merketzat jotzen dute batzuek lan-munduan zabaltzen dituen aukerak kontuan hartuta.


Banaketa

Ez da erraza gure produktua edozein bazterretan topatzen, ezta bere merkatu naturalean ere. Zer hobetu handia daukagu, beraz, alor honetan.

Bertakoa izan arren, desabantailan dago gure produktua, orain gutxi arte merkatu-erregulatzaileek baztertua eduki dutelako. Gainontzeko lehiakideen estatus bera behar luke gure produktuak, gutxienez, aukera berdintasunean lehiatzen hasteko. Eta horretara heltzeko, euskararen aldeko ekintza positiboa beharko da, merkatuan eragin ahalmena dutenen laguntza aktiboa.

Legearen babesa falta du oraindik ere euskarak, batez ere EAEkoak ez diren euskal lurraldeetan, indarberritzen joateko, «salmenta-puntu» berriak lortzeko eta kontsumitzaile eta erabiltzaile masa zabalago batengana heltzeko aukera gehiago izan ditzan.

Gure produktuaren izaerak, gainera, argudio sendoak ematen ditu harentzako banaketa zabalago bat eskatu edo lortzen saiatzeko: kulturaren ikuspegitik altxor bat delako, ikuspegi ekologistatik bizitzen jarraitzeko eskubidea duelako, ikuspegi demokratikotik herritar askoren nahia eta eskubidea delako...


Komunikazioa

Esparru honetan dugu zeregin handiena: xede-talde guztiek euskara produktu erakargarri gisa har dezaten lortzeko; euskarak onura asko, prezio arrazoizkoan, eskaintzen dituela sinestarazteko; euskarari banaketa hobea eman diezaioketen xede-talde guztiak pertsuaditzeko; banaketa txukuna duen lekuetan gehiagok/gehiagotan kontsumitu eta erabil dezaten lortzeko; gure produktua indartu eta hobetzeko estrategikoak diren esparruak (hedabideak, hezkuntza, kultur industria, publizitatea...) sustatzeko...

Euskararen sustapenerako beharrezkoak diren helburu asko eta askotan paper zinez garrantzitsua joka dezake komunikazioak. Zer egin eta irabazi asko dute euskarak eta euskalgintzak komunikazioaren esparruan.

Hori, aurrena, sinestu egin behar da, ordea; eta hortik lor daitezkeen onura guztiak eskuratzeko beharrezko baliabideak jarri behar dira gero, jakina. Zer komunikatu asko dugu euskararen normalizazio bidean aurrerapausoak egiteko.

Barne komunikazioa falta dugu, euskaldunon artean euskara sustatzeko oinarrizko estrategietan adostasun zabal batera iristeko. Komunikazioa landu beharko dugu, baita ere, euskara gizarte osoarentzat erakargarri egiteko; jendea euskaraz hitz egitera motibatzeko; erdal komunitatearekin zubigintza lanak egiteko...

Bizi garen munduan gauza guztiek dute marketinaren eta komunikazio egoki baten beharra. Are gehiago, txikiek dute tresna horien beharrik handiena, txikiek behar dute izan tresna horiek erabiltzen beste inor baino ausartago eta trebeago. «Txikiak handia benzi leidi, asmoz eta jakitez». Hobe genuke, madarikatu ordez, serio helduko bagenio marketinari, zereginik ez zaigu-eta falta.

Tresna bat baizik ez da marketina, arkatz bat bezala, zernahiren alde erabil daitekeena. Interneti buruz askok esaten zuten gauza berbera ondorioztatu beharko dugu, beraz, hemen marketinaren inguruan: «etzazu gorrotatu tresna; aitzitik, erabil ezazu zure helburuak erdiesteko».

---------------------------------------------------------------------
«Euskara nola saldu?» Galdera horri erantzuteko saiakera hemen:
http://tinyurl.com/s2c6h


ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-07-22 | Mikel Asurmendi
Oier Guillan: "Arrakasta jendearekin komunikazioa lortzea da, horretarako egiten dugu lan"

Donostiako Larratxo auzoa, 1975. Oreretako Mikelazulo kultur elkarteko eta Metrokoadroka kolektiboko kidea. Kazetari, idazle eta antzerkigilea. Zauri Bolodia saioa (Txalaparta) eskuetan mintzatu gara, antzerkiaz bereziki: “Guk egiten dugun teatro motak bestelako irakurketa eskaintzen duelakoan nago. Liburuko Jota lagunak dioenez, ‘edonork dauka oholtza gainean aritzeko eskubidea’. Areago, gure antzerkia amateurra edo profesionala dikotomiaz harago doa”, erran digu... [+]


2018-07-22 | Axier Lopez | ARGIA
20 urtez adierazpen askatasuna jo-puntuan

“Goizero-goizero amosal bonba txiki batek, 50 bat gramokoa, eztanda egiten du Euskadin: Egin egunkaria”. Hala zioen Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburu Juan  Mari Atutxak 1996an, gaur egun arte luzatu den ‘Dena da ETA’ teoriari ateak irekiz.


2018-07-22
"Belarrondoko", euskara ez entzuteko eskubidea aldarrikatzeko txapa

“Ahobizi” eta “Belarriprest” bezala identifikatzen ez den gehiengo isilaren borondatea errespetatu eta bizikidetzaren alde urratsa emateko, “belarrondoko” txapa sortu du Euskaraldiak.


2018-07-22
BBK Live jaialdiaren azkeneko edizioan %62 hazi da postureo-maila, antolatzaileen arabera

2018ko edizioaren balorazio positiboa egin dute BBK Live festibalaren antolatzaileek: egun guztietan sarrerak agortu dira eta jaialdira joan direnen postureo-maila iazkoa baino %62 handiagoa izan da.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude