Ihesi: Arditurriko bidegorria


2006ko ekainaren 04an

Gaurko ibilbidea Arditurriko Bide Berdean barna egingo dugu. Oiartzungo Ugaldetxo auzotik hasiko gara. Bertara iristeko, N-1 errepidea hartuko dugu Donostia edo Irunetik inguratzen bagara. Astigarragatik bagatoz berriz, GI-2132 errepidea hartuko dugu. Azken aukera A-8 autopista hartzea da, zuzenean eramango gaituena Ugaldetxo auzora. Bestalde, tren edo autobusez ere iritsi daiteke Oiartzunera.

Ugaldetxo auzotik Arditurri bitarte zabalduko da lore feria. Ibilbideari ekin eta berehala, ezkerrera, harizti bat dago, Mendibileko txara, piknikerako leku aproposa. Bidegorrian aurrera goazela, leku desberdinetako zuhaitzak topatuko ditugu: Asia Mendebaldeko Marugatze beltza, Txinako Esterkulia edo landatutako gorosti urdina... Guztira 125 espezie desberdin daude ibilbide botaniko honetan.

Ibilbidea ibaiaren parean doa. Oiartzun ibaia, ibai laburra da, 16 kilometro inguru ditu. Txikia baina garrantzi handikoa da. Oiartzun ibaiaren bailara Paleozoikoan (orain 380 milioi urte) hasi zen eratzen. Euskal Herriko bailara zaharrenetarikoa dela esan daiteke. Prezipitazio aldetik, bere iturburua euririk gehien egiten duen euskal zonaldean dago (2.300 milimetro urtean). Ur kopuru hau dela eta, Oiartzun ibaiaren iturburu inguruan San Anton, Añarbe eta Domiko urtegiak daude. Ibaia, Aiako Harritik datozen erreka batzuek bat egitean sortzen da. Poliki-poliki bere ibilgua jarraitzen du Oiartzungo haranetik, Pasaian itsasoratu arte.


Altzibar eta Ergoien auzoak

Ugaldetxo auzotik Altzibar auzora goaz. Bidegorriaren zati honetan Ugarteko errota dago. Izan ere, Arditurriko Bidegorria errotez, dorrez eta burdinolez beteta dago.

Dagoeneko Ergoien auzoan, Herri Musikaren Txokoa topatuko dugu. Herri musikaren inguruko dokumentazio zentroa da. Erakusketan soinu tresnen bilduma izugarria dago, bai Euskal Herrikoak bai kontinente guztietakoak. Liburutegia ere badu, fonoteka, irudi artxiboa, tailerra… eta hainbat jarduera antolatzen dira.

Aurrera jarraituko dugu ibilbidea. Baina badugu beste geldialdi nagusi bat. Ergoien auzoan, Luberri Oiartzungo ikasgune geologikoa. Bertan, Parke Naturalaren aberastasun geologikoa nahiz paleontologikoa erakusgarri dago. Euskal Herriaren geologiaren historia, azken 1.000 milioi urteetan zeharreko bidaia zoragarri baten ildoan.


Arditurriko meategiak

Arditurriko meategiak ibilbidearen azken zatian daude. Erromatarrek I. mendean galena zilarduna erauzten zuten bertatik. Urteetan ustiatu ahala, galeria sare ederra sortu zuten. Erdi arotik XX. mendera arte berritu ziren galeria horiek. 1986. urtean, ustiatzeari utzi bazioten ere, gaur egun ikus daitezke garai hartako hainbat egitura.

Dagoeneko iritsi gara ibilbidearen azken muturrera. Itzulerako ordua iritsi zaigu. Baina, nahi izanez gero, Oiartzunek baditu ezagutzeko moduko beste hainbat txoko interesgarri, koadroan ikus daitekeenez.

Oiartzungo interesguneak
Herrian bertan, XVI. eta XVII. mendeko eraikinak topa ditzakegu: San Esteban parrokia eta San Joan Bataiatzailearen Basilika, besteak beste.

Aiako Harriak, Arditurriko meategietatik aitzinerantz daude. Hiru haitz nagusiz osaturiko tontor katea da: eskuragarriena, Hirumugarrieta (806 m); erdigunean Txurrumurru (821 m), pendiza handikoa; eta hegoaldean, garaiena, Erroilbide (837 m). Bere erliebe berezia ezaugarri duela, garrantzi geologiko handia du, Euskal Herriko granitozko mendigune bakarra eta lurralde honetako materialik zaharrena baita.

Oieleku. Bertan pagadi ederrak aurkituko ditugu. Karrika auzotik gora, Bianditz portura garamatzan errepidea hartuko dugu (3631). 13. kilometroa pasa eta ezkerrera sartuko gara. Gure arbasoen aztarnak topatuko ditugu bertan. Oielekuko Cromlech-a ikusgarriena eta egoera onenean dagoena da.

Artikutza. Oieleku bazter batera utzita, errepidea jarraitzen badugu Eskasera iritsiko gara eta handik Artikutzara. Donostiako Udaletxearen jabego pribatua izanik, Goizuetako lurretan dagoen barruti hau, Iberiar Penintsula osoko eskualde euritsuena da eta Aiako Harriekin batera, Euskal Herriko lur eremu zaharrenetarikoa. Kokapenari dagozkion berezitasun hauei, gizakiak historiaurretik gaurdaino eragindako orbainak gehituz, Artikutzako paraje naturalak egundoko xarma du. Barrutiaren azalera 3.700 hektareakoa da. 6.000.000 zuhaitz bizi dira Artikutzan. Ekosistema nagusia pagadia da, harizti eta haltzadiei gailenduz. Gainerakoa, konifero landaketak, larreak eta urtegiak estaltzen du. Baso hauek, hainbat animalia eta landare espezieren azken gordelekua bilakatu dira, Soldanella villosa landare endemikoarentzat bezala.

Loriartzun
Ingurumena ardatz harturik, paisajismo, lorezaintza, loreen salmenta eta produkzioaren inguruko ekintzak bultzatzea du helburu iaz hasitako azokak, eta era berean eskualdeko turismoa dinamizatzea. Hala, loreen salmenta baino haratago doan "loreen, landareen eta paisajismoaren jai handia" ospatuko da, ekainaren 3an eta 4an Oiartzungo Arditurriko Bidegorrian.

Iazko azokaren balorazioa oso positiboa izan zen, bertara eskualdeko zein beste lekuetako jendea etorri baitzen; guztira 15.000 pertsonek bisitatu zituzten Loriartzun azoka eta aste bukaera horretan egin ziren beste hainbat ekimen.

Aurten ere, azoka baino lehenagoko astean zenbait ekintza egingo dira. Esaterako, Ingurumen-Instalazioen Lehiaketa egin da. Lehiaketa honetan, parte hartzaileek euskarri naturalak erabili dituzte adierazpen modutzat. Guztira 3 izan dira irabazleak eta beraien lanak, Oiartzunen ezagutzera eman nahi diren hiru ibilbideetan jarriko dira (Arditurri, Oieleku eta Elizalde). Saria proiektua gauzatzea, obraren zuzendaritza eta 3.000 euro dira. Maiatzaren 19an epaimahaiak hiru proiektu irabazleen izenak ezagutzera eman zituen. Elizalden Itzalak proiektua izan da irabazlea, Oielekun Líneas proiektua eta Arditurrin Flor de Minas. Lan hauek guztiak ekainaren baterako bukatuta egon behar dira.

Ekainaren 2an berriz, jaiari hasiera emateko, landaretza eta paisajismoaren inguruko jardunaldi teknikoa egingo da. Paisaiaren ingeniaritza, ingurumen instalazioen lehiaketaren proiektuen azalpenak, landareen zainketa eta beste hainbat gai jorratuko dira.

Ekainaren 3an eta 4an Arditurriko Bidegorrian egingo den azokari dagokionez, erakusle kopurua handia izango da, eta aurreko urtean bezala, bisitariei beraien berrikuntzak eta berezitasunak erakusteko prest etorriko dira.

Haurrentzako ere bada tokia: aurten gaztetxoenek txorimaloak eta belar metak egiten ikasiko dute Oiartzungo Altzibar auzoko zelaietan.

Aurreratu dezakegun beste ekitaldi bat Lartaungo abesbatzaren emanaldia da. Igandean (ekainak 4) izango da Udaletxeko Areto Nagusian eta egun honetarako, Arrasateko Goikobalu Abesbatza gonbidatu dute.

Herriko beste hainbat elkarteren laguntza izango dute, trikitixa, dantza emanaldiak, txirula kontzertuak eta beste hainbat ekimen eskainiaz. Arditurriko Bidegorrian ingurumenaren besta zain duzue.


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude