Net Hurbil: Baserritar txiki errugabeak ari dira pagatzen gripea

  • Udazkeneko ehizaldia bukatuta, hegaztien gripearen albisteak berriro itzuli dira egunkarien barruko zokoetara. Baina H5N1 birusak Asian hasitako bidean aurrera jarraitzen du, eta bera kontrolatzeko munduko gobernuek martxan jarritako neurriek ere bai. Neurriok birusa ez baina baserritarra jo dute.

2005eko abenduaren 25an

Santo Tomas hauetan Donostiako ferian oiloen erakusketa eta lehiaketaren ordez eztiak lehiatu dira eta erlezaintza erakutsi. Etxean oilaskoak haztekotan bazabiltza, ezingo duzu azkenaldi honetan inongo azokatan txitarik erosi. Asia urrunetik abiatuta gripea gure ateetaraino iritsi dela eta, debekatuta dago hegaztiak kanpoan erakustea.

Duela gutxi Gipuzkoako Orexan kultur astearen barruan -oraindik egiten dira kultur asteak!- munduaren etorkizuna eta nekazariena lotu zituen hitzaldian Paul Nicholson laborari buruzagiak. Beste hainbat ideia interesgarri ondo esplikatuen artean, aipatu zuen hegaztiaren gripearekin kaltetuak betikoak izango direla: oilategi erraldoietan sortu da gripe berri hori eta oilo hazle txiki zintzoek pagatuko dute.

Bada gai honetaz material asko argitaratu duen blog bat, "Effect Measure" izenekoa; euskaraz "Ondorioak Neurtuz" esango genuke. Honela adierazten du bere goiburuan: "Effect Measure forumean azaltzen dira osasun publikoari buruzko eztabaida eta argudio aurrerazaleak"... Editoreak zientzialari eta mediku adinekoak dira. Hegaztien gripeari jarraipen berezia egiten diote, noski, eta artikulu sail luzea daukate artxiboan.

Irakurgai horietako batean editoreek aurkeztu dute zientzialari lagun batek idatzi dien e-posta. Mexikon ari da lanean antropologo ezagun hau nekazaritza, elikadura, osasuna eta ingurumenari lotutako gaiak jorratzen. "Effect Measure"eko editoreei gutun pribatua igorri dienez, haiek ez dute igorlearen izena emango, baina blogera ekarri dute daukan interesagatik. Egunkari handietan eta prentsa espezialduetan behin eta berriro -nahiz eta aho txikiarekin- salatzen den egoera argitzen du.

Antropologoak hasteko dio Asia izan dela eta dela gaur ere oiloaren jatorria eta hegaztien dibertsitatearen gune zentrala. "Dozenaka oilo klase hazten dituzte Asiako nekazariek, oilategi txikietan, askatasunean. Asiako oilategien %60 oraindik honelakoak dira, azken mendeetan izan den modu bertsuan. Baina azken bi hamarkadetan herrialde batzuetan, Thailandia eta Vietnamen batez ere, izugarri ugaritu dira oilategi itxiak, milaka hegazti egoera negargarrian dauzkaten oilo faktoriak, ongi ezagutzen ditugunak".

Faktoria horietan present daude gaixotasunak, antibiotikoak, hormonak, osasun arazo izugarriak, produktu kaltegarriak, eta abar. Herrialde horiek gainera oilokien nazioarteko merkataritzan sartu dira; tartean, oilategi are handiagoetan haziko diren txitak sortzen dituzte. Thailandiako oilasko izoztuak asko saltzen dira Europan. Ordainetan, oilasko eta oilo bihurtuko diren txitak oso leku gutxitan sortzen direnez, hegazti industrializatu hauen bioaniztasuna arras gutxitu da.

Antropologoak bere gutunean dioenez "oiloak giltzapetzeko operazio erraldoi hauetan -batzuk higieneaz eta biosegurtasunaz mintzo diren arren- sortu da giro egokia gaixotasun berriak azaldu edo lehengo gaixotasunak aldatuz horien eragina zabaltzeko; iruditzen zait horrela sortu dela hegaztien gripea eragiten duen H5N1 birusa. (...) Begiratzen baduzu gripe honek non eragin dituen ondoriorik larrienak, ohartuko zara azken bi hamarkadotan oilogintza industrialean eta horren nazioarteko merkataritzan sartu diren herrialdeak direla".

India geratu da nazioartekotze horretatik aparte -beharbada nahi gabe edo ezinbestean- eta datuek erakusten dute H5N1 horrek Asia inguru haietan India kaltetu duela gutxien. Indian oraindik oilaki produkzioa baserri txikietan egiten da nagusiki, txitak etxalde bakoitzean sortuz.

Oilategi txikiak suntsitzeko makina

Gaur ezagutzen ditugun hegazti-granja handiak duela 50 urte inguru hasi ziren hedatzen Amerikako Estatu Batuetan. Hango baserritar batzuk ohartu ziren oiloak kaiola estuetan, leihorik gabeko txabola edo pabilioietan hazita, betiko oilategietan baino etekin handiagoa ematen zutela. Geroztik, mundu osoan hedatu da hegaztiak -eta bestelako animaliak ere bai, noski- haragi eta arrautza merkeak ematen dituzten makinak bihurtzeko teknika hori.

Granja handien kontrako kritika ez da gaur goizekoa. Ekoizten dituzten produktuen kalitate eskasagoa aipatzen da askotan, elikagai horiek beste naturalagoen aldean ezaugarri kaxkarrak dituztela argudiatuz. Ingurumenaren aldeko mugimenduak salatu du hazte mota horrek kalte ekologiko ugari dakartzala: erregai fosilez sortutako energia behar du (argia, makineria...), hondakinak ez dira birziklatzen baserri txikietan bezala eta kutsadura larriak eragiten ditu, animaliek haragi eta arrautzetan askoz proteina gutxiago ematen digute haiek jaten dituzten aleekin alderatuta, eta beste. Animalien aldeko mugimenduek kanpainak egin dituzte azienda horiek dauzkaten bizi baldintza beldurgarrien kontra.

Orain ikusten da teorian merkeak diren arrautza eta haragi horiek badituztela beste koste ezkutu batzuk, prezioan ez daudenak eta denok ordaindu behar ditugunak. Horrelako haztegietan milaka animalia bizi dira simaur artean, aire kutsatua arnastuz, gaixotasunei aurre egiteko antibiotikoak hartuz, azkarrago hazteko hormonaz elikatuta. Epidemia eragiteko moduko birus mutatuak sortzeko laboratorioak dira azkenean: antibiotikoek mikrobio erresistenteak sorrarazten dituzte, eta animalietan bioaniztasun gutxi egoteak areagotzen du eragin hori.

Aske bizi diren animalietan jasateko moduko gaitzak eragiten dituzten mikrobioak, laborategi horietan mutatu eta askoz hilkorrago bihurtu dira; eta berriro natura zabalera itzulitakoan mundu osora hedatzen hasi dira. Orain nork pagatu behar ditu kalteak?

Berrikitan Peter Singer filosofo eta bioetikan adituak idatzi du "animaliak era intentsiboan hazten dituztenek gu guztioi ordainarazi nahi dizkigute kosteak eta arriskuak". Singerrek eskatu du produktore handiek koste horiek sartzea beren kontuetan. Lehen urrats bezala, granjako haragi eta oiloari zerga berria ipintzea proposatu du: zerga horretatik ordain dadila hegaztien gripearen kontrako kanpaina. Orduan ikusiko da benetan zein haragi eta arrautza diren merkeak eta zein ez.

Baina mundua ez doa hortik. "Effect Measure"ra gutuna bidali duen Mexikoko antropologoak esplikatu du hegazti gripearen kontra Osasunaren Mundu Erakundeak eta Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak Thailandiako gobernuari eskatu diotela debeka dezala oiloak libre haztea, baserritar txikiak behartu ditzala oilategi itxiak egitera. Vietnamen berriz ahate hazkuntza jarri du gobernuak kinka larrian. Honekin guztiarekin lortuko dute gaitzaren sorburua diren hegazti granja handiak indartzea eta nekazari txiki errugabeak hondoratzea.

Egoera honek sekulako eragina izango du Asiako nekazari txikien bizimoduan, mende luzez ongi funtzionatu duten oilategiak desagerraraziko ditu eta hegaztien bioaniztasunari ere sekulako kolpea emango dio, badakigunean aniztasun horretan datzala mikrobioen kontra animaliok -gizakiok ere bai- daukagun indar handienetakoa.

Honela bukatu du gutuna antropologoak: "Badirudi ia inor ez dela ohartzen ondare genetiko ordainezin honen galeraz. Berriro ere osasun arazo bat da aitzakia, nahita edo nahi gabe, ekoizle txikiak eliminatzeko agroindustria komertzialaren faboretan. Horrela segituz gero, zenbait denbora barru iritsiko dira nork bere janaria ekoiztea ilegalizatzera? Eta honek zein ondorio izango ditu osasun publikoan?"

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.



Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude