Gasolina zainetan

  • Automobilismoak zale asko ditu Euskal Herrian eta munduan. Haren berri ere maiz izaten dugu komunikabidetan. Fernando Alonsoren balentriez nazkatzeraino hitz egiten digute espainiar telebistek, garai batean Carlos Sainzekin gertatzen zen antzera. Baina Formula Batetik eta rally handietatik landa arreta gutxi bereganatzen dute auto-lasterketek Euskal Herrian, bertan milaka lagun erakarri arren. Arreta ez da beti onerako izaten gainera.

2005eko abenduaren 25an

Jarraitzaile asko dauka automobilismoak Euskal Herrian, baita gidari asko ere. Euskadiko Automobilismo Federazioan -Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, beraz- 1.600 lizentzia daude. Batez bestekoa, biztanle kopuruarekin alderatuz, Europako handienetakoa da. Automobilismoak osasun ona dauka gurean, Manolo Villaverde Federazioko presidentearen berbetan: "Oso gidari onak ez ezik, proba garrantzitsuak ditugu, ikusle asko biltzen dituztenak". Beharbada mendi-igoerak dira arrakastatsuenak, gehienetan milaka eta milaka zale erakartzen baitituzte. Hala ere, garai hobeak bizi izan ditu kirol honek Euskal Herrian. "70eko eta 80ko hamarkadetan, hemen egiten ziren lasterketa batzuk Espainiako eta Europako txapelketa barruan zeuden", gogoratu du Villaverdek, "baina klubek antolatzeari utzi zioten, diru nahikorik ez eta".

"Euskadin eskuderia asko dago, baina zortzik edo hamarrek baino ez dute probaren bat antolatzen", diosku Felix Mujikak, Nervion eskuderiako presidenteak. Berak zuzentzen duen eskuderiak, hain zuzen, La Reinetako igoera berreskuratu du aurten. Euskal Herriko lasterketarik entzutetsuenetakoa zen, Jaizkibelgo eta Arrateko igoerekin batera, baina diru-arazoek hura desagertarazi zuten tarte batez. "Eskuderia ez da inondik inora negozioa -dio Mujikak-, hau maite dugulako egiten dugu; gasolina dugu zainetan".


Txikitatik bolantea oratzen

Ander Vilariñok lau urterekin parte hartu zuen lehenengo aldiz kart lasterketan eta berak aitortzen duenez, "Kart-ak dira, izan ere, auto-lasterketen oinarria, umeei lehen urratsak egiteko aukera ematen baitiete". Hortik, gero, automobilismoaren adarretako batera igarotzen dira batzuk; aukera faltan ez daude behintzat. Auto eta lasterketa mota asko dago, eta anabasa hori ulertzea ez da erraza bertan ez dabilenarentzat. Rally, rally-sprint, mendi-igoera, slalom -hor trebeziak agintzen du, ez abiadurak-, kart... Guzti horien Euskadiko Txapelketa bana antolatzen du Federazioak, eta batez beste 40 gidari aritzen da bakoitzean. Baina lasterketak, baita txapelketetarako balio ez dutenak ere, eskuderia pribatuek antolatzen dituzte. Batzuk eta besteak kontuan hartuta, Euskal Herrian makinatxo bat egiten da urtean.

Pantxo Egozkue nafarra ere umetan hasi zen gidatzen, zazpi-zortzi urterekin. Mexikon bizi zen artean, familiak zeukan etxalde zabalean, eta han aukera zeukan inori eragotzi gabe autoz ibiltzeko, pedaletara ozta-ozta ailegatuta ere. Gerora, arrakasta eduki zuen, Europako mendi-igoera txapelketa bitan irabaziz, profesionala zen garaian. Halamoduzko profesionaltasuna, inolaz ere, kontatzen duenez: "Diru aldetik beti izan naiz galtzaile, marka jakin batek babestu ninduen garaian izan ezik". Aurrera egiteko, babesleen menpe daude bai gidariak bai lasterketa antolatzaileak; esan gabe doa dirua ez dela barra-barra etortzen.


Istripuek bakarrik lortzen dute arreta

Ander Vilariñok aurten irabazi du estrainekoz Europako mendi-igoera txapelketa, familiaren ospeari eutsiz; Andres, aita, lautan izan zen lehiaketa horretan txapeldun. Arrakastak arrakasta, lasterketetan dabiltzanei jaramon gutxi egiten zaiela uste du Pantxo Egozkuek: "Zaletasun handia baina laguntza eskasa, hori da arazoa. Komunikabideek Carlos Sainz bezalako txapeldun handiei besterik ez diete arreta jartzen; gainerakook ez omen gara inor". Egozkuek salatzen duenez, komunikabideen arreta, askotan, kalterako izaten da gainera. Kirol-saioak baino, istripu ikusgarriak ematen dituztenak arduratzen omen dira lasterketa apalez, nafarraren iritziz.

World Series-ek ez dute mesederik egin

Aurtengo World Series by Renault auto-lasterketa txapelketan Epsilon Euskadi taldea izan da jaun eta jabe. Taldeka bera izan da garaile, eta banakakoan ere haren gidari batek, Robert Kubica poloniarrak jantzi du txapela, edo halakoetan jantzi ohi dena.

Orain ezagun dugu World Series izena, Bilbon egindako lasterketari eta haren inguruan piztutako eztabaidei esker. Eztabaida, aurten egiteagatik lehenengo, eta datozen urteetan ez egiteagatik ondoren. "World Series-ak auto-lasterketak ezagunagoak egitea lortu du, hori ukatu ezina da -dio Manolo Villaverdek-, baina gainerakoan ez dio mesede handiegirik egin euskal automobilismoari, kontrakoa eman badezake ere". Txapelketa handia den heinean, World Seriesak babesle txikien dirua eurenganatzen du, lasterketa eta gidari apalei kenduz.



Euskal gidaririk gabeko euskal taldea

Epsilon Euskadi, izenak argi dio, euskal taldea da. Azkoitian daukate egoitza, hain zuzen. Baina ez daukate euskal gidaririk. Ander Vilariño bertan ibili zen garai batean, txapelketaren izena World Series by Nissan zenean -interes komertzialek eragin zuten izena aldatzea; Nissan, azken batean, Renaulten menpeko enpresa da-. Izan ere, ba omen dira Epsilon Euskadin zein beste edozein taldetan aritzeko maila nahikoa duten hainbat euskal gidari. "Formula Batean ibiltzeko ere bai", dio Felix Mujikak, "baina bitarteko faltagatik geratu dira bidean".

Formula Bateko gidari ezagunak behe-mailetan arituak dira noski, baina ez da beharrezkoa horietan irabaztea gero Formula Batean ibiltzeko. Fernando Alonsok, esaterako, Formula 3.000n jardun zuen -orain gutxi arte hori izan da jesarleku bakarreko autoen "bigarren maila", nolabait esateko-, baina sekula garaile izan gabe igaro zen Formula Batera. Eta Michael Schumacher txapeldun handiak Formula 3.000n aritu gabe egin zuen jauzia. "Gutxieneko aurrekontua edukitzea, horixe da gakoa", dio Ander Vilariñok. Automobilismoan dirua lortzea da meriturik handienetakoa. Lanik zailena ere bai.


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude