Zabor-menestraren kontra

Gastronomia kultura omen dela-eta, egin dezadan sukaldaritzaren eta beste arte-mota batzuen arteko konparazio bat.

Hara: sukaldeak berezkoa du nahasketa, horrek ematen dizkio aberastasuna eta kalitatea. Sagar bat gauza ederra da bera bakarrik eta gordinik jateko, baina irina, arrautza, esnea, azukrea, marmelada eta sagar zatiak nahastuta sagar-tarta asmatu zuenak ekarpen handi bat egin zion gure zibilizazioari; eta zer esan olioa, arrautzak, tipula, piperra eta patatak nahastuta patata-tortilla asmatu zuenaz? Edozein nahaste ez da ordea berez eta beti on, ondo asko daki sukaldaritza berriaren berritu beharraren gehiegikeriak dastatu eta jasan dituenak. Nik orain txerri-gibela, txokolatea, piperrautsa eta endibiak lapiko batean sartu eta sutan jarriko banitu, hortik ateratakoa kaka zaharra litzateke, ahotik pasatu gabe zuzenean komuneko zulora joan beharko lukeena.

Kulturan, berriz, nahasketaren lilurapean bizi gara oraindik. Ez dakit noiz hasi zen moda, baina azkeneko hamarkadan behintzat aldiro eskaintzen zaigu ikuskizun ustez berritzaile eta ausarten bat, bere berritasun eta ausardia guztia osagaien gehiketa nola-halakoan daukana: balet abangoardista gehi diapositiba-emanaldia gehi txalaparta izango da batean; pintura-performancea gehi poesia-errezitaldia gehi musika elektronikoa hurrengoan, eta horrela nahi dituzuen konbinaketa guztiak, helburua ez baita elkarrekin ondo ezkontzea, edo sentsazio aberatsagoak sortzea, ezpada nahasketa bera. Eta, nola ikuskizun horrek esperimentalaren eta berritzailearen etiketa daukan, instituzioetako arduradunek laguntzatxo bat behinik emango diote, komunikabideek aldez aurreko babesa eskainiko diote, eta ondotik ere inor ez da ausartuko kontrako hitzik esatera. Batzuek, aspertuta, "hau izango da kultura modernoa" esango diote elkarri; beste batzuek, nazkatuta, horrelako narraskeriarik gehiago ez ikusteko aginduko diote beren buruari; baina beti izango da lerdoren bat esperientzia ia mistikoa bizi izan duela usteko eta aldarrikatuko duena.

Berrikuntzak amaitzea proposatzen ari ote naizen pentsatuko du baten batek. Ez noski. Kultura maite dudalako ari naiz botatzen purrustada hau. Estetika gure bizitzaren alderdi inportantetzat daukadalako eta handi-ustez jantzitako edozein lardaskeria onartzen ez dudalako, jaterakoan gure ahoak eta urdailak edozein txerrikeria irensten ez duten modu berean. Non dago muga? Errepara diezaiogun berriz ere sukaldeari: nahasketa berri bat plater onargarritzat hartzeko, bertako osagaiak banan-banan hartuta baino hobea izan beharko luke emaitzak. Egia da gustu diferenteak daudela, egia da, halaber, dastamena hezi daitekeela eta esperimentazioa behar dela betiko aza-olio eta berakatz-zoparekin ez geratzeko, baina helburuak beti izan beharko luke zerbait harrigarria eta bikaina lortzea.

Beste horrenbeste artean ere. Balet-dantzari bat ona denean koreografia eder batekin txunditu nahiko gaitu, eskultoreak bere estatuarekin liluratu edo aztoratu, poetak bere testuekin emozionatu, ez baita lantegi erraza. Posible al da hizkuntza artistiko ezberdinen arteko elkarlana? Jakina. Konbinazio batzuk dagoeneko klasiko bihurtu dira eta berezko genero bilakatu, hala nola opera, baita zinema bera ere. Baina, nahasketa aberasgarria izango bada, aldez aurretiko lan eta bilaketa eskatzen du, etengabeko ebaluatze eta moldatze bat, egiazko sorkari berri eta osatu bat lortzeko.

Gure artean, modernitatearen esnegainaz estalita eskaini ohi diren menestra artistiko horiek ez bezala.


ASTEKARIA
2005eko apirilaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#2
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude