MEDEM ETA SEXUA


2001eko irailaren 02an
Eguerdiko hamabiak ematera doaz. Kaleetan Bilboko Aste Nagusiko azken gauak utzitako arrastoak nabari daitezke, batez ere etxeratu gabeak diren gazte batzuen aurpegietan. Eguzkiak gogor jotzen du, Julio Medem eta bere aktore eta aktoresak (Paz Vega, Najwa Nimri, Daniel Freire eta Elena Anaya), Ideales zine aretoetara gerturatzen direnean.

«Lucía y el sexo» ikusteko aukera izan genuen joan den asteartean horretara deituak izan ginen pribilegiatuak, filma abuztuaren 24an kartelerara iritsi aitzin. Filma ikusi eta Medem eta besteekin elkarrizketa, filmaren defentsa, arrazoiak, esplikazioak. Alegia, Medemek gehien gorroto duena: "Nire lanean gutxien estimatzen dudan lana da promozioarena, irailean promozioarekin bukatu eta gidoi berri batekin hasteko irrikitan nago. Dena den, hau egitea ere behar beharrezkoa da, azken finean filmak oihartzuna izatea garrantzitsua baita".
Oraingoz irailean idazten hasiko den gidoi berriaren ideia baino ez dauka donostiar zinegileak. Hortik aurrerako prozesua luzea izan daiteke. «Lucía y el sexo» orain estreinatu da, baina badira hiru urte Julio Medem gidoia idazten hasi zenetik, eta ordutik, gidoiaren zortzi bertsio desberdin: "Orduan ere ideia bat baino ez nuen. Aurreko filmak utzitako zapore mikatzari buelta eman nahi nion. ‘Los Amantes del Círculo Polar’eko Anak beste amaiera bat merezi zuen, azken finean bereagatik hain gogor lan egiten duen edonork amaiera alai bat merezi du-eta. Film berri honekin ‘Los Amantes’eko Anari irtenbide positiboago bat eman nahi nion. Hortik aurrera ideia berriak bururatzen joan zitzaizkidan eta eskerrak, inoiz ez baitut azken film honen lehen bertsioan egindako lana baino zerbait irmoago eta mekanikoagorik idatzi. Bertsio hura filmatu izan banu, ziur aski ez nintzateke filmaz orain sentitzen naizen bezain harro sentituko". Aktoreekin lan egiteari utzi ez zion arte, ez zuen gidoiaren azken bertsioarekin bukatu, aktoreek berezko bizia eman zioten-eta, berak buruan zituen pertsonaiei.
Filmaren prozesua, «Los Amantes del Círculo Polar» bukatu bezain laster hasi zen. Filmak, eta batez ere Najwa Nimriren erretinan ikusten den heriotzak utzitako sentsazio negatiboak, Medemi gauzak berriz plantearazi zizkion. Oporretara joan zen kamera digital txiki batekin, Formenterara, hain zuzen. Bertan, deskantsatzeaz gain, «gauza polit eta inofentsiboak» grabatzeari ekin zion. Grabatutakoak burutazio asko zekarzkion eta film berri baterako ideia otu zitzaion. «Lucía y el Rayo de Sol», horrela deitzen baitzen gidoiaren lehen bertsioa.
Asmoa bere grabazio propioetarako erabiltzen zuen kamera digital txiki batekin pelikula grabatzea zen, osoki Formenterako paisaietan, lagun artean eta kooperatiba moduan ekoiztua. Lehen ideia hau indarra galtzen joan zen, beste ideia industrialago bat garatzen joan zen heinean: formatu digitalean grabatuko zuen bai, baina 20 milioi pezetatik gora (800.000 libera inguru) balio duten HD-CAM CineAlta 24p kamerarekin, talde tekniko zein artistiko estandarrarekin eta 500 milioi pezetako aurrekontuarekin. Errodajea hamabi astetan burutu zen, Madrilgo estudio batzuetan filmean iragana dena eta Formenteran berriz, pertsonaien orainaldia. "Hasierako gidoi bertsioetan trama guztia Mediterraneoan gauzatzen zen. Istorioak gorpua hartzen zuen neurrian, pertsonaien lehenaldia erakustea beharrezkoa zela ikusi nuen eta hortaz Madrilgo pasadizoak sartzen joan nintzen. Orain kontakizuna askoz ere aberatsagoa dela uste dut. Istorioarekin batera, pertsonaiak eurak ere, gorpua hartu zuten, izaera. Lorenzo, Lucíaren bikoteak, musikagile izateari utzi eta idazle bihurtu zen. Sexuak gero eta indar handiagoa hartu zuen, elementu bateratzailea bilakatu zen".


SEXUAREN AUKERAK.

Asko esan da Julio Medemen azken filmaren inguruan, eta batik bat filmak dituen sexu eszenen inguruan. Lucía Etxebarriaren «Beatriz y los cuerpos celestes»en bertsio bat dela esateaz gain, hor nonbait filmaren bertsio pornografiko bat mugitzen ari dela esaten da. Antza, bata zein bestea, txutxu-mutxuak baino ez dira. Medemek behin eta berriz esan behar izan du, bereak ez duela Lucía Etxebarriaren nobelarekin zerikusirik; zabaldu den gezur bat baino ez dela. Akaso honek guztiak errodajearen inguruan eman den sekretismoak sortarazi dezakeen gaizkiulertu eta jakin-minarekin zerikusia du edota marketing estrategia pentsatu bat baino ez da. "Errodajearen hasieran beharrezkoa ikusten nuen intimitatea mantentzea, aktoreek, eta guk geuk ere, eskertuko genukeen zerbait zelakoan. Errodajeak aurrera egin ahala, onuragarria zela ikusi eta jokabide honekin aurrera segitzea erabaki genuen". Sexua erreklamo publizitario bezala erabili ote duten galdetzen dio batek baino gehiagok bere buruari. Filmaren kartela edota promozio irudiak ikustea besterik ez dago horretarako.
Medemek, dena den, sexua beste era batera ikusten du. "Sexua morboa da, baina beste zerbait ere bada. Sexua irudia eta posibilitateak dira. Burua, bizirik, lan egitera behartzen du, fikzioak egitera irudien bitartez". Medem Formenterako Balear uhartetik turistentzako motor batekin bueltaka zebilenean, faro faliko batekin egin zuen topo, eta honen ondoan itxasora zuzentzen zen tamaina handiko zulo bat. Metafora egina zuen. Hasera batean ez zion garrantzirik eman, behin Madrileko neguan zegoenean erabaki baitzuen elementu hauek sartzea eta honekin batera sexuari garrantzia ematea. "Lorenzok eta Lucíak, pertsonaia nagusienek, euren arteko erlazioaren hasieran fase polit bat bizi dute. Elkar ezagutze eta maitatzea sexuaren bitartez gertatzen da. Sexuaren bidez maitemintzen dira. Hau horrela izanik, hau guztia grabatzeko beharra nuen".
Sexu eszenak nahiko esplizituak dira. Baina pornografiko izatetik oso urrun daude, nahiz eta zine ez pornografikoan ohikoak ez diren erekzioak, esate baterako, agertu. Eszena jakin batzuetarako dena den, dobleak kontratatu ziren. "Nire film guztietan, sexua dagoen arren, egia esan ez nuen aurretik horrelako ezer egin eta konprometitua izan zitekeen niretzat, baina batez ere aktoreentzat".
Film guztian zehar sexua esplizituki agertzen da, gertaera tragikoak sujeritu baino egiten ez diren bitartean. Azken finean Medemek film positiboa egin nahi zuen, sexua filmaren argia dela kontsideratuz. "Sexua egunerokotasunean bizi den zerbait da, ez luke eskandalurik sortu behar, naturala baita. Gaur egungo zine aretoetan, film amerikarretan batez ere, odola eta biolentzia maiz asko ikusten da eta hau sexua baino askoz bortitzagoa eta guretzat behintzat antinaturalagoa izanik, jendea ez da eskandalizatzen".
Sexua filmaren motorra da, baina Medemi sexua bera baino bikote arteko erlazioak interesatzen zaizkio. «Vacas» (1992), «La Ardilla Roja» (1993), «Tierra» (1996) eta «Los Amantes del Círculo Polar» (1998) bere aurreko filmetan erraz asko nabari zitekeen hau. Film bakoitzak bikote arteko erlazioen aspektu batera jotzen zuen. «Vacas»en mirespenean, «La Ardilla Roja»n gezurretan, «Tierra»n bikoiztasunean edota «Los Amantes del Círculo Polar»en patuan oinarritzen baziren erlazioak, «Lucía y el Sexo»n berriz, sexuaren bitartez lortutako maitasunean.
Autore beraren esanetan egindakoen artean zailena egin zaion filma da hau. Istorioak duda asko planteatzen zizkion, baino emaitzaz harro sentitzen da. "Ihes bat bezala planteatzen nuen film hau. Pertsonaia nagusiaren ihesaldi bat bezala, baina nire ihesaldi bat bezala ere. Film desberdina egin nahi nuen". Zentzu honetan ulertu behar da Medemek talde tekniko zein artistikoan aldaketak izatea, formatu digitalean grabatu izatea...
Ihes egiteak, edo hobe esanda, ihes egin nahi izateak, hainbat burutazio ekarri zizkion zinemagile donostiarrari. "Ihes egiten duzunean, gehienetan behintzat, zeretik ihes egiten ari zaren ere ez dakizu. Zerbait utzi nahi duzu lehenaldirako, zerbait berria hasi. Haatik ihes egiteko zure iraganera jo behar duzu, hori gabe ezin da eta ihesik burutu".
Ihesaldi honetan Medemek lan egiteko bide berri bat aurkitu du: definizio handiko bideoa. Bideoan grabatzeak, pelikula latetaz eta laborategiaz ez arduratzea ekarri dio. Dena grabatzen zuen, toma berean plano desberdinak eta guzti, eta batzuetan toma moztu aurretik zuzendaria bera planoan sartzen zen instrukzioak emateko (honek suposatuko lukeen gastuagatik hau ere orain artean erabat ez ohikoa). Guzti honen ondorioa muntaiarako normalean izaten duena baino hiru aldiz material gehiagorekin topatu izana. Muntaia aukera desberdinak izan ditu errealizadoreak eta Xmuntaketa gelan lan handia egin denaren dudarik ez dauka. "Definizio altuko bideoak iraultza ekarri dezake. Erabat harritua gelditu nintzen filma proiektore digital batekin proiektatu genuenean. Gero 35mm-tara pasa genuenean pixka bat dezepzionaturik gelditu nintzen, transferrean kalitatea galtzen baitu irudiak".
Filma ikusita eta entzundakoak entzunda bakoitzak bere balorazioak atera behar ditu. Dena den, Medemekin gertuagotik hitz egiteko aukera baliaturik, honako azalpena eman digu berak: "Filman berez garrantzitsua dena fikzioa eta errealitatearen arteko erlazioa da. Batak bestearen beharra du. Errealitate bat bizi dugu, baina guk, Lucíak bezala, fikzio baten beharra dugu. Fikzio batean sartu eta honekin identifikatu. Batzuetan gauzak nahastera ere iristen gara, zer den fikzio eta zer erreal ondo jakin gabe". Bitartean, batzuk istorioak kontatzen eta besteak istorio hauek irakurtzen/ikusten, jarraituko dugu


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude