«Begietara so egin eta gero, ni baztertzeko gai zara?»


1993ko martxoaren 28an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
HIES Ekimenako Jon Salaberriri elkarrizketa
«Begietara so egin eta gero, ni baztertzeko gai zara?»
JON SALABERRI
Oso ezaguna egin da azken bolada honetan
Jon Salaberri. Gauzak aldatzen ari diren arren, HIESak jotako gaixo gutxik eman nahi du aurpegia eta, beraz, HIES Ekimena elkarteko lehendakaria bozeramaile lana betetzen ari da. Prebentzio kanpainan murgilduta ematen du eguna eta, Arrasateko beren egoitzara iritsi garenean, mahai baten inguruan aurkitu ditugu bera eta elkarteko beste kide batzuk eskoletarako material didaktikoa prestatzen.
ARGIA. Gaixotasun honen ondorioak jasaten dituenak deitzen zaion moduan ere jasaten du diskriminaziorik. HIESari dagokionez, nola definituko zenuke zeure burua?
JON SALABERRI. Gaixotasuna kontuan hartuz, Jon Salaberri naiz, HIESdun gaixoa edo seropositiboa. Nahiz eta horrela agertzea atsegina ez den, badirudi modurik egokiena dela. Baina edozein gauzaren gainetik Jon Salaberri naiz, pertsona arrunta.
A. Gaixotasun bat ala gaixotasuna jasaten ari zara?
J.S. Gaixotasun bat da, eta zerbait edukitzekotan, beste batzuk nozitzen dituzten gaixotasun mingarri asko baino nahiago dut nagoen bezala egon, ez baitaukat eragozpenik ia bizitza normala egiteko. Logikoki, ez nago batere pozik, baina ez zait dramatikoegia iruditzen.
A. Urte luzetako prozesua izan al da?
J.S. Neure ustez orain hamar urte transmititu jo ninduen birusak, lanean hasi nintzenean. Hogeita bi urte nituela, dirua irabazten hasteak heroina hartzeari ematea ekarri zuen. Garai hartan gertatu zelakoan nago. Aurrera begira, oraindik ere neure aurrean zenbait urte ditudala uste dut. Hainbat motatako minbizia dutenek ez dituzte bost urte ere egiten.
A. Intimitatea galdu al duzu? Ez al da gogorra informazioaren mesedetan norberaren bizitzako gertakari guztiak haizatzea?
J.S. Komunikabideetan agertuz askotan iruditu zait gehiegizkoa dela niretzat, eta edonon ezagutzen naute; baina jende seropositibo gutxi atera da publikoki arazoari aurre egiten. Txarra da baina beharrezkoa deritzot kontzientziatze kanpainari ekin eta beste seropositiboak ere beldurra galtzen hasi eta kalera atera daitezen. Horrek, bestalde, atsegin izateaz gain, gaixotasunak eragindako arazoa bera ere gainditzen lagundu dit.
A. Nola hasi zinen jendaurrean HIESaren aurkako borrokan?
J.S. Sei-zazpi hilabetez aritu nintzen bakarrik lanean, Arrasateko portaloian mahai bat jarri eta gaixotasun honi buruzko informazioa ematen. Kalean askotan jendearen elkartasuna sentitu nuen. Gero nire egoeran zegoen jendearekin harremanak egin eta HIES Ekimena sortu genuen. Orain hamabi kide ari gara lanean.
A. Beste gaixo kronikoek jasaten ez duten diskriminaziorik ezagutu al duzu?
J.S. Ez dut inoiz planteatu HIESagatik baztertu ote nauten. Baina suposatzen dut izan ditudala ni baztertua izateko bestelako arrazoiak: drogazalea izateagatik, nire jarrera sexualengatik... Horrek, ordea, ez du eraginik izan neuregan, ingurukoen laguntza izan baitut beti.
A. Ikastoletan, hitzaldiak ematen, prebentzio kanpaina bultzatzen ematen duzu astea.
J.S. Zaila da mugak jartzea. Egin beharreko lantzat jotzen dut eta askotan arazoa gainditzeko baliozkoa zait, baina zaila da jakitea noraino kezkatu behar dudan neure buruaz eta noraino eman behar dudan egun osoa jendeari gaixotasunaren berri ematen.
A. Erakunde publikoek ere ekin diote informazio kanpainak antolatzeari. Zer iritzi duzu erakundeen jarreraz?
J.S. 1990ez geroztik ez da kanpaina instituzionalik egin, «Jar ezazu/jar iezaiozu» edo «Preserbatu»ren ondoren bat ere ez. Bestalde, agian informazio gehiegi ematea ere ez da egokiegia, eta hobe da informazio horren kalitatea zaintzea. Bestela, jendea oro har informazioz saturaturik dago. Egin beharrekoa da plangintza bat umeek txikitatik heziketa sexuala izan dezaten, adinari egokitua noski. Oso gutxi egiten ari dira. Eta gay bezalako kolektiboei begira oso gutxi edo ezer ez dira egiten ari.
A. HIESaren eraginez, gure gizartea, sexuari buruzko informazio eza izatetik oso epe laburrean informazio zabalena izatera igaro da. Gai ote da informazio guzti hori behar bezala barneratzeko?
J.S. Informazio aldetik saturazioa eman da orokorrean eta kasu askotan mezua nahastu ere egin da. Nahasketa oso hedaturik dago eta beti planteatzen dizkigute zalantza beretsuak: txistuak kutsatzen ote duen, preserbagailua zein neurritan den sistema egokia... Hitzaldiak eta sexualitateari buruzko tailerrak antolatuz informazioa berregokitzen saiatzen gara.
A. Ez al da paradoxa HIESak kutsatuta zaudetenok gizartearen prebentziorako informazio kanpainak egiten aritzea?
J.S. Neure ustez horixe da egokiena. Eta Estatuko nahiz autonomi elkarteetako erakundeek zenbat eta gutxiago egin orduan eta hobe litzateke. Gizarte mugimenduen partehartzea hedatzearen aldeko kultura nagusitzea gustatuko litzaidake. Era berean, zuzenena kaltetuak inplikatzea iruditzen zait, baina oraindik ere oso gutxi gara mugitzen garenak. Gaur egun boluntarismoa oso bazterturik dago. Bestalde, ez luke izan beharko HIESari buruzko informazioa, baizik eta heziketa sexualari buruzkoa oro har, haurdun ez gelditzeko, bestelako gaixotasun benereoak ez hartzeko... eta erlartibizatu egin beharko litzateke HIESaz dagoen informazioa eta sortarazten dituen beldurrak, askotan batere arrazoigabeak.
A. Zein da jendearen jarrera hitzaldi horietan?
J.S. Gehienek zurekin bat egiten dutela frogatu nahi dute. Baina inor gutxi dago prest gaixo batekin eguneroko bizitza egiteko edo halabeharrez ere onartzeko. Izan ere, batzuk etxetik botatzen dituzte eta besteek adiskideak galtzen dituzte, nahiz eta hitzez lagun izaten jarraitzen duten. Kasuren batean ere leporatu izan digute ezkutukerian aritzea, geu gizartean errazago barneratzeko. Oso gutxitan izan da, jendeak ez baitu txarrean jokatzen, baina gure informazio guztia datorrenaren esku dago. Gainera, oso larria izango litzateke guk daukagun informaziorik ezkutatzen ibiltzea, gizartearen prebentziorako lanean ari garenean.
A. Herri txikietan bazterketa handiagoa al da?
J.S. Hala iruditzen zait, baina agian handiagoa da seropositiboak marjinatua izateko duen beldurra, eta horregatik bere burua apur bat marjinatu egiten du. Abantailak ere badira, Udalak eta jendeak zuzenago lagun baitiezaiokete.
A. Ez al dago burrunba handiegia HIESaren inguruan?
J.S. Oro har bai, dudarik gabe; baina badirudi hankasartze askoren ondoren kazetari eta gizartearen beraren ezagupen maila ere zertxobait hobetzen hasi dela. Eta ikasleen morboa ere ematen da, seropositibo batekin aritzea eskatzen baitute. Baina positiboa ere bada, ikasle horiek beste pertsonak bezalakoak garela ikusten dute eta, gainera, esperientziak kontatuz eta egoera desdramatizatuz askozaz ere harkorragoak dira gurekiko. Ohitu egiten dira gurekin harremanak izaten. Beraz, guretzat integrazio bidea ere bada prebentzio kanpainak eta hitzaldiak ematea. Gurasoengandik ere oso erantzun baikorra jaso dugu.
A. Ezaguna izateagatik beste seropositiboen aurrean pribilegiatua al zara?
J.S. Ekonomikoki ez dit onurarik ekarri, eta neure aurpegia ezaguna delako eritetxean ez naute besteak baino lehenago edo hobe atenditzen. Hemen denok tratamendu bera izaten dugu.
A. Eguneroko bizitzan, zeintzuk dira zure euskarriak, bizitzen laguntzen dizutenak?
J.S. Izugarrizko laguntza izan da, niretzat, txakurra, gero eta gehiago behar dut. Arrebarekiko harremana ere bai, etengabe egon da nire ondoan eta sekulako laguntza eman dit. Anaia eta beste senide batzuk ere gertu sentitzen ditut. Jendea ere etorri izan zait telebistan edo hitzaldi batean zerbait esaten entzun eta lagungarri izan zaiola kontatuz; hori oso atsegina da. Lasaitasuna ere lagungarri zait. Egia esan, neure burua egoera pribilegiatuan ikusten dut beste seropositibo askoren aurrean.
A. HIESera mugatu gabe, edozein gaixotasunek jota dagoen azken fasean dagoen gaixo baten egoeran izanik, heriotzaren aurreko zure jarrera aldatu al da?
J.S. Heriotzaz ez nuen ia ezer pentsatu, drogaren inguruan ibiliz oso gertu ikusiagatik ere. Orain gertuago ikusten dut eta gainera gaiari modu positiboan aurre egin nahi diot. Heriotza bera onartzea eta aurre egiteak bizitzaren alde borrokatzen laguntzen didala uste dut. Hau da, heriotza onartuz hobe onartzen dut bizitza. Ez dago niregan, bestalde, erlijioarekiko jarrera aldaketarik. Lehen bezala, sinesgabea izaten jarraitzen dut. Gainera, orain bizitza baino ez zait axola. Hiltzeko esperientzia bera bizi nahi dut, baina minik gabe, maite ditudan pertsonen inguruan eta astiro sentituz nola hiltzen ari naizen. Gerokoak ez dit gehiegi axola.
A. Zein mezu emango zenioke gizarteari, agian zu baztertuko zaituen norbaiti?
J.S. «Nere begietara so egin eta gero ni baztertzeko gai zara?» galdetuko nioke edonori. HIESak jota dagoen pertsona bati animoak emango nizkioke etxean ez gelditzeko eta, bere gaixotasuna beste bat baino gehiago ez dela konturatuz, aurre egin ahal izateko. HIES Ekimena elkartean aurkituko gaituela, Arrasateko 79 26 99 telefonoan.
Ritxi Lizartza
34-38

GaiezGizarteaOsasunaGaixotasunaHiesa
PertsonaiazSALABERRI1
EgileezLIZARTZA2Gizartea

Azkenak
Euskara erdigunean jartzeko konpromiso zehatzak hartu dituzte Aiaraldeko hamabi ikastetxek

Urtebete baino gehiago eman dute hausnarketa prozesuan Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluarekin batera, eta agerraldi bateratua egin dute ateratako ondorioak plazaratzeko. Familiak eta erakunde publikoak ere interpelatu dituzte. 


Gatika-Cubnezais interkonexio elektrikoaren kontrako manifestazioa egingo dute Mungiako jaietan

Interkonexio Elektrikorik Ez plataformak dei egin die herritar guztiei ostiralean, uztailak 4, proiektuaren aurka mobilizatzera.


2025-07-02 | Sustatu
Herri administrazio europarrak software librerantz (eta AEBen dependentziari muzin)

Hiru adibide azken asteetakoak Europako herri-administrazioak ari direla software librerantz mugitzen. Eta ez bakarrik sendotasun teknikoagatik eta aurrezpen ekonomikoengatik, baita ikusi dutelako AEBetako sistemekin morrontza izatea arazoa izan daitekeela etorkizun hurbilean... [+]


2025-07-02 | Axier Lopez
Gorputzen arteko sareak

Burua altxa eta norberaren borroka zehatzetik harago joateko gaitasuna duen mugimendua da transmaribibolloena, hala erakutsi dute beste behin ere larunbatean, LGTBIQ+fobiaren Kontrako Nazioarteko Egunean. Palestinako genozidioa lehen lerrora ekarrita, zapalkuntza orori aurre... [+]


2025-07-02
Uzuri Aboitiz eguneroko ekonomia
“Elkartasun familiarrarekin pare bat belaunaldi salbatzen ari gara, baina horri ezin zaio luzera eutsi”

Azoka-eguna da Errenterian, eta bizi-bizi dago zumardia. Ingurua ondo ezagutzen du Uzuri Aboitizek, herri horretan 2008ko krisiak zer-nolako eragina izan zuen aztertu baitzuen bere tesian. Antropologoa da, eta antropologo-begiradaz erreparatzen dio ekonomiari: behetik,... [+]


2025-07-02 | Eli Pagola
Erraketistak
Joko ikusgarria, ibilbide sinesgaitza

1917tik 1980ra erraketalariak profesionalki aritu ziren munduko frontoi ezagunenetan. “Chiquita de Anoeta”, “Arane”, “Emili”, Albisu, “Amparito”, “Chiquita de Aizarna”, “Asteasu”... Hamaika pilotari... [+]


2025-07-02 | Garazi Zabaleta
Berriztagarriak Nafarroan
30 urte eta gero zer?

1994an altxatu zituzten lehen haize errotak Nafarroan, Erreniegako parke eolikoan, Iruñetik gertu. Segidan etorri ziren beste asko: Arizko parkea Leitzan eta Berueten, Izkokoa Irunberri inguruan, Oibarkoa, Cabanillasko Serralta parkea... ‘Haizearen aitzindari’... [+]


2025-07-01 | Euskal Irratiak
Hendaiako azken berdegunean 250 bizitegi eraikitzeko proiektuak eztabaida piztu du

Hendaian etxebizitza larrialdi egoera bizia da: bizitokien %27 bigarren etxebizitza dira eta 700 familia alokairu sozial baten esperoan daude. Horren erdian, Herriko Etxeak Moleres izeneko 40.000 m2-ko eremuan 250 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa jarri du mahai gainean... [+]


Sidenorrek Israeli altzairua saltzeari utziko diola iragarri du, Palestinaren aldeko eragileen presioaren erdian

Astearte eguerdian jakinarazi du Sidenorrek Israelekin harreman komertzialak etengo dituela. Ordu batzuk lehenago ELA, LAB eta ESK sindikatuek, BDZ mugimenduarekin batera, euskal enpresari eskatu diote gaur bertan Bartzelonako portutik Israelera irten den bidalketa bertan behera... [+]


Trintxerpeko ‘Escalerillaseko’ bizilagunen aurkako epaiketa sententziaren zain geratu da

Trintxerpeko (Gipuzkoa) Herrera kaleko 'Escalerillas' eraikinean 60 urte baino gehiago bizitzen daramaten bost familia etxegabetu nahi dituzte Pasaiako Portuko Agintaritzak eta Euskal Trenbide Sareak, merkantziak portutik mugitzeko trenbide bat eraikitzeko. Astelehenean... [+]


Eguneraketa berriak daude