Txikia diozu? Bikoitza!

  • Askori entzun diot Euskararen Legeari Nafarroan egin gura zaion aldaketa “txikia” dela esaten: zenbait alderdi politikori, sindikatu batzuei –nireari, besteak beste–  baita euskalgintzako erakunderen bati ere. Ez nator bat. Uste dut, gainera, balorazio hori egiten dela proposamena Geroa Baik eta Izquierda-Ezkerrak egin dutelako.


2015eko urtarrilaren 30ean - 06:32
Azken eguneraketa: 12:34

Txikitasunaren ideiaren bozeramaleek diote aldaketa hori lehenengo urratsa baino ez dela. Horrekin ados. Lehen urrats ederra, gaineratuko nuke nik: aspaldi eman beharrekoa eta aspaldi eman gabea. Legea lehenengo urratsa da; gero, gauzatu egin behar da, gobernuak gauzatu ere. Jakina. Lege hau, eta beste edozein. Baina proposatzen den aldaketak aukera emango die Nafarroako gurasoei, lehenengoz eman ere, seme-alabak euskarazko irakaskuntza publikoan matrikulatzeko, nahiz eta  “eremu erdaldunean” bizi. Ez da, beraz, aldaketa txikia. Galdetu bestela, eremu horretan bizi diren guraso euskaltzaleei.

Nik lan egiten dudan institutuan, esate baterako, hiru hizkuntz eredu daude: Euskal Autonomia Erkidegoan ohikoak ditugun A eta D eta, horien osagarri, G eredua. G, nonbait, “gaztelania” hitzetik harturikoa, eredu horretako ikasleek ez baitute euskaraz ezertxo ere ikasten. A eredukoek euskara ikasgaia dute, besterik ez. Gure institutua, Nafarroako handienetakoa, eremu mistoan dago. Eremu erdaldunean balego, ez litzateke A eredurik eskainiko, ezta D eredurik ere. Ikasleek ez zuten euskara (are gutxiago, euskaraz) ikasteko aukerarik izango. Aukerarik ez. Horrela daude Iruñerritik beherako ia institutu publiko guztiak: euskarazko eskaintzarik gabe. Oker ez banago, Lizarrako institutu publikoa da salbuespen bakarra.

Aldaketa egiten denetik aurrera, eremu erdalduneko ikasleek ere izango dute Nafarroako gainerako ikasleek duten eskubide berbera. Ez deritzot horri aldaketa txikia. Batez ere kontuan hartzen badugu zenbat urte igaro behar izan diren aldaketa ustez txiki hori gertatzeko.

Izan ere, legea helburu horrekin aldatzeko lehenengo ahalegina aspaldikoa da: dagoeneko hogei urte igaro dira! 1995ean, Eusko Alkartasunak

–1986an, Euskararen Legearen kontrako botoa eman zuen alderdi bakarrak–  eta alderdi sozialistak horixe bilatu zuten Nafarroako Parlamentuan: Euskararen Legea aldatzea, horrela Nafarroa osoko ikasle guztiek izan zezaten euskaraz ikasteko eskubidea eta aukera. Ez zuen aurrera egin. Parlamentuan bozkatu ere ez zuten egin, UPNk eta Herri Batasunak iragarri baitzuten kontrako botoa emango zutela. Azkeneko horiek, nonbait, ez zutelako “txikikeriatan” jardun gura eta lege erabat berria eskatzen zutelako. Jakina: legea ez zen proposatzen zen moduan aldatu, baina lege berririk ere ez zen egin.

Hamahiru urte geroago, 2008an, beste ahalegin bat egin zen, Izquierda Unidaren (IU) eskutik. Oraingoa baino ahalegin murritzagoa izan zen arren, oposizioan zeuden alderdi guztien babesa izan zuen (gogoan izan behar da Batasunari hauteskunde haietan parte-hartzea debekatu egin ziotela) baina, beste behin, ez zuen aurrera egin. Orduko hartan, Aralarreko parlamentari bat oporretan joana zelako.

Oraingoa, beraz, hirugarren saiakera da. Hirugarren saiakera, orain arte aldatzerik egon ez dena aldatzeko. Eta ematen du, oraingoan bai, aurrera egingo duela. Eta hala eta guztiz ere, aldaketa txikia? Ia hiru hamarkada behar izan ditugu euskararen kontrako lege hori aldatu ahal izateko, eta aldaketaz diogun bakarra da “txikia” dela? Hori horrela balitz, benetan aldaketatxo baten gainean berbetan ariko bagina, ez du ematen aldaketa handiagoetarako gaudenik. Gehiago esango dut: maiatzeko hauteskundeetatik aterako den parlamentuak gobernu aurrerakoi eta euskaltzalea osatzeko aukera emango balu, parlamentu ezkerreko eta euskaltzale horrek ez ditu hezkuntza ereduak aldatuko: Nafarroan jarraitu egingo du G ereduak. Alegia: gobernu berritzaile hori ere ez da lege-aldaketa hau baino harago joango.

Hori guztiori dela eta, onerako den aldaketa bikoitz baten atarian gaude: lehenengo eta behin, euskaraz ikasteko aukera Nafarroa guztira hedatuko delako eta, bigarren, ezker abertzaleko parlamentariek, hogei urte geroago, pragmatismoaren bideari jarraitu eta aldaketaren alde bozkatuko dutelako. Hori ere ez da aldaketa txikia gero!

Mikel Basabe irakaslea da Nafarroako eremu mixtoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
2024-08-29 | ARGIA
Hezitzaile lanpostuetarako euskarazko eta gaztelaniazko azterketak ordu berean, Barañainen

Barañaingo EH Bilduk salatu du Barañaingo Udalak haur eskoletarako hezitzaileen deialdian euskarazko eta gaztelaniazko azterketak egun eta ordu berean jarri dituela, eta hala, hautagaiak hizkuntza bat aukeratzera behartzen dituela.

 

 


Jarrera baikorrak areagotzearen beharra

Euskaltzaleen Topaguneko kideek euskara sustatzeko jarreren inguruko datu kezkagarriak hauteman dituzte. Hori dela eta, Gero eta aldeko gehiago gizartean ikerketaren bidez, herritarrak euskarara hurbiltzeko estrategia berriak landu dituzte. Horretaz mintzatu dira, apirilean,... [+]


Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergotik kanpo gelditu dira, D ereduko gela bat murriztu dutelako

Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.


2024-05-31 | Ahotsa.info
Administrazioan Euskaraz taldea
“Nafarroako Kontseiluaren jardun euskarafobikoa salatzera etorri gara”

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Kontseiluaren jardun euskarafobikoa salatu du ekintza baten bidez. Nafarroako Gobernuak euskarako dekretua prestatzen bost urte eman ondoren, Nafarroako Kontseiluari zirriborroa aurkeztu dio.


Mañeruibarko haur euskaldunak omendu dituzte Euskaltzaindiak eta IKF fundazioak

Atzo eguerdian, Mañeruko herriko plazan egindako ekitaldian, diploma bana eman zieten zortzi eta hamabi urte arteko ibarreko 45 haur euskaldunei. Horretaz gain, Oskar Alegriak umeokin ondutako film laburra estreinatu zuten.


Jauzi.eus, Iruñerriko eskolaz kanpoko euskarazko jardueren bilatzailea

Hilaren 29tik aurrera Sortzen Guraso Elkarteak Jauzi.eus bilatzailea martxan jarriko du. Xedea da euskararen normalizazioa bultzatzeko dagoeneko eskaintzen den aisia atari digital bakarrean biltzea.


Mañeruibarko haur euskaldunak sarituko dituzte Iruñeko Komunikabideak Fundazioak eta Euskaltzaindiak

Euskara galdua zen eremu mistoko eta ez-euskalduneko herrietako familien ahaleginak aitortuko dituzte ekitaldian. Oskar Alegria zinemagilearen bideoak emango dio hasiera ekitaldiari 11:30ean udaletxean.


2024-05-24 | Ahotsa.info
Larunbatean Euskal Jaia Tafallan Nafarroako erdialdean euskararen alde egiten den lana goraipatzeko

Erdialdeko Euskal Jaia larunbatean ospatuko da Tafallan egun osoko eta adin guztietarako egitarauarekin, euskarak eta bere kulturak Erriberriko merindadean daukan errotzea erakusteko helburuarekin.


2024-05-20 | ARGIA
Nafarren %26ak euskararen ezagutza mailaren bat dauka

Nastat-ek, Nafarroako Estatistika Institutuak, 2022an egindako ikerketa lanaren emaitzak argitaratu ditu. Euskaldunen proportzioa %15,1ekoa da, euskaldun hartzaileena %11,6koa eta ez-euskaldunena % 73,3koa. Hogei udalerritan euskaldunen proportzioa %80tik gorakoa da.


Haur eskolak euskaraz eskatu ditu berriz ere Iruñeko Euskalgintzak

Ehunka lagun atera ziren ostegun honetako arratsaldean Sarasate Pasealekutik eta manifestazioa egin zuten Iruñeko Udal Plazaraino, eskatzeko udalari hiriko haur eskoletan euskaraz ikasteko eskubidea izatea lehentasunen artean jar dezala. "Haur eskolak euskaraz: eman... [+]


Eguneraketa berriak daude