Trebiñuren erabakiak baliogabetu nahi ditu Gaztelak

  • Nekazaritza, elurteak, garraioa eta zergen inguruan Konderriak egindako eskaerak "legez kanpokotzat" hartu ditu Juntak.

Bilera egin zuten urrian Aldundiko, Batzar Nagusietako eta Trebiñuko bi udaletako ordezkariek. Argazkia: Quintas.
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2016ko otsailaren 24an - 09:16

Ate-kolpea eman dio beste behin ere trebiñarren borondateari Gaztela eta Leongo Juntak. Konderriko Udalak abenduan hartutako erabakiak baliogabetu nahi ditu oraingoan, legez kanpokoak direlakoan. 

Trebiñuko Konderriak hiru erabaki nagusi hartu zituen abenduaren 18ko Osoko Bilkuran. Zehazki, Arabako Foru Aldundiari hiru eskaera egitea adostu zuten alderdiek. Batetik, nekazari trebiñarrei Arabako gainontzekoei ematen zaien tratu berdina emateko eskatu zioten Aldundiari. Bestetik, garraio arloko hiru eskaera egin zizkioten: autobus-linea batek Konderria zeharkatu dezan –Arabako Aldundiak hala planifikatuta–, foru instituzioaren eskuorrietako mapan agertzen den irla ezabatu eta horren ordez Trebiñu agertzea; eta landa-taxien zerbitzua abiatzeko lehiaketa berria egitea, "zonaldeko taxistei lehentasuna emanez". Azkenik, Araban elurte plan bateratu bat eskatu dute, Trebiñu aintzat hartuko duena. Izan ere, hainbat arazo eragiten ditu bi plan ezberdin egoteak: adibidez, Gasteizera bidean doazen Urizaharrako ikasleen autobusak behin baino gehiagotan egin behar izan du atzera.

"Legea urratzen dute"

Eskaera horiek legez kanpokotzat hartu ditu Gaztela eta Leonek, ALEAk jakin ahal izan duenez. Zehazki, otsailaren 11n agindu bat sinatu zuen bertako Presidentziako Kontseilaritzak, eta, dokumentu horren arabera, Trebiñun  sinatutako akordioak "ordenamendu juridikoa urratzen du". Hiru arrazoi ematen ditu bere interpretazioari eusteko: lehenik eta behin, gai horietako eskumenak Gaztela eta Leon erkidegoarenak direla dio; bigarrenik, Konderriak eskumen horiek Arabako Aldundiari eman nahi dizkiola iritzio dio Gaztelak, akordioan halakorik aipatzen ez den arren, eskaerak asetzeko formula ez baita zehazten; eta, hirugarrenik, Trebiñuko Udalaren erabakia legez baliogabea dela dio,  Administrazioen Araubide Juridikoaren Legearen arabera. Arabako Foru Aldundiari dagokionez, Konderriko ordezkariekin bildu da, baina oraindik ez du idatzizko erantzun ofizialik eman.  

Zerga bilketagatik, lehian

Beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuen Konderriak abenduan: zerga bilketa zuzenean Udaletik egitea  –eta ez Gaztelako Juntak–, kontuan izanda Arabako Aldundiari bilketa egin zezan egindako eskaerak ez duela erantzunik jaso. 

Zergak bilduko dituen enpresa aukeratzeko, lehiaketa bat deitu zuen Udalak, eta laster esleituko du kontratua. Nolanahi ere, erabaki horren kontra egin du  Gaztela eta Leonek, legez kanpokoa dela argudiatuz.  

Auzitegien itzala

Bai zerga bilketei buruzko erabakia, bai Arabako Foru Aldundiari egindako eskaerak bertan behera uzteko agindua eman du Gaztelak, hilabeteko epean. Atzera egin edo ez erabakitzeko, Osoko Bilkura egingo dute Udalean ostiralean. Ez badute adostutakoa bertan behera uzten, auzitegietara jo dezake Gaztelak. 

Ernesto Argote alkateak ALEAri adierazi dionez, aginduarekin "oso suminduta" daude herrian. Udalean ordezkatuta dauden hautagaitza guztiak daude proposamen horien alde, PP izan ezik. Zentzu horretan, "Arabako Foru Aldundiak jarrera hartu beharko lukeela" uste du udal-ordezkariak.

EH Bilduko zinegotzi Iker Gartzia de Eulatek ere bere iritzia eman du: bere ustez, abenduko akordioa laguntza eskaera bat da, eta beraz eskari horien bitartez Konderriak "ez du eskumen esparrurik gainditzen". "Arabako Foru Aldundiak gure eskabideak onetsi edo ez erabaki beharko luke, eta onestekotan, zein bide hartu zehaztu –dio–". Behin eskaerei erantzuteko formula zehatza erabakita "hartuko lukete zentzua balorazio juridikoek".

Trebiñuren pauso berri hauek guztiak Araban integratzeko fase berriaren baitan ulertu behar dira. Izan ere, egitateen bidea indartzen ari dira ordezkariak. Horrez gain, Estatuko Gorteen bidezko prozedura formalari ekingo diote trebiñarrek.

Oharra: Albiste hau Arabako Aleatik ekarria da Creative Commons lizentziari esker.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trebiñuko konderria
2023-06-20 | Hala Bedi
Trebiñuren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Gure Eskuk

Trebiñuko herritarrek bizi duten egoera "anakronikoa" salatu zuten igandean.


2022-04-04 | Hala Bedi
Hizkuntza-eskubideen urraketa etengabeak salatu dituzte Trebiñuko herritarrek

Trebiñu Araba Da plataformak arbuiatu du epaitegien aginduz Trebiñun euskara planak baliogabetu behar izana eta hezkuntza publikoan euskaraz ikasteko eskubidea ukatzea. Trebiñu Araban integratzea eskatu dute, "inposizioaren" gainetik.


2022-02-17 | Hala Bedi
"Trebiñun bozkatzera deitzen gaituzte, benetan ordezkatzen ez gaituzten agintariak aukeratzeko"

Gaztela Leongo hauteskundeen biharamunean, Xabi Iturriza trebiñarra izan dute Hizpidea saioan. Trebiñu Araba izateko arrazoien inguruan mintzatu dira berarekin. Otsailaren 26an aurkeztuko da Trebiñu Araba da! taldea.


2022-02-14 | ARGIA
Trebiñu Araba dela argi utzi dute berriro ere: %63ko abstentzioa Gaztela eta Leongo hauteskundeetan

PSOEk lortu du bozka gehien bai Trebiñun bai Argantzonen, Gaztela eta Leongo Juntarako bozetan. 1.506 pertsona zeuden bozkatzera deituak Trebiñuko barrendegian, eta horietatik 558k bozkatu dute, %37ak.


Eguneraketa berriak daude