Rios Montt berpiztu dute Guatemalan, Lazaro bezala


2003ko irailaren 28an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Pello Zubiria Aspaldiko kontuak bailiran ezagutzen dituzte gure haurrek Ameriketako diktadurak, urteurrenen baltsean. Ez Victor Jararen eta ez Quilapayunen kantarik entzun dute sekula. Baina diktadura odoltsuak 70 eta 80ko hamarkadetan ez zirela agortu erakutsi nahi du norbaitek Guatemala ttikian. 200.000 herritar hiltzeraino iritsi ziren militar ustel haien ikurretako bat, Efrain Rios Montt, azaroan irits daiteke berriro boterera. Hauteskundez. Guatemalan aspaldi ez bezalako bortizkeria giroa bizi dute, lehendakaritzarako hauteskundeetarako hilabete falta denean. Joan den mendeko 80ko hamarkadan Ertameriketako errejimen genoziden eredu izan zen Guatemalan, berriro garai zaharretara bihurtuak dirudite. Komunisten kontrako borroka kontraintsurjentearen aitzakiatan ("antiterrorismoa" hain hitz elegantea ez zen garai haietan hori zen militarren kontzeptua), milaka herritarren heriotza eragin zuen Efrain Rios Montt jeneralak, eta haren sarraskiak salatu izanagatik eman zioten Nobel Saria Rigoberta Menchu-ri. Orain, 30 urte beranduago, berriro lehendakaritzarako aurkezteko eskubidea lortu du Rios Montt famatuak, eta bere aldekoak ari dira terrorea hedatzen Guatemalan zehar, munduaren oharkabean. Hilabeteotan ikusitako giroa deskribatu du Velia Jaramillo kazetariak Mexikoko "Proceso" aldizkarian. Biktimen laguntzan diharduen Grupo de Apoyo Mutuo erakundeak dioenez, aurten bertan ekaina bitartean 1.400 gertakizun bortitz jazo dira Guatemalan, eta horietan 737 hil dira asasinatuta eta 286 zaurituta geratu. Ez dira guztiak bortizkeria politikoaren atalean sartu behar, baina hauteskunde aurreko giro gogorraren adierazgarri dira. Edonola ere, Rios Montt-en aldekoek hilketa eta presio kanpaina gogorra ari dute hilabeteotan. Diktadore zaharraren estiloko kanpaina Abuztua arte 17 pertsona hil eta 13 zauritu ziren Guatemalan zuzenean hauteskundeekin lotuta. Horiei erantsi behar zaizkie mehatxuak eta etxe miaketak, denak ere oposizioko buruzagi eta militanteen artean gertatuak, jipoiak... Uztailaren 18an Ramiro Valdez Partido para el Avance Nacional alderdiko hautagai demokristaua akabatu zuten Escuintla departamentuan: bere hiltzaileek AK-47 fusilak zeramatzaten, Guatemalan militarrek bakarrik dituztenak. Abuztuaren 4an PAN alderdi bereko Gustavo Garcia zauritu zuten, Peten departamenduan, errepidean ipinitako sasi-kontrol batean tirokatuta. Abuztuaren 11n Union Nacional de la Esperanza alderdi ezkertiarreko militanteak eraso zituzten bilera batetik etxera bidean, horietatik bat hil eta sei larri zaurituz. Abuztuaren 17an Edgar Arnoldo Lopez hautagaiak doi-doi lortu zuen bizirik ateratzea beste atentatu batean, Quiche departamenduan. Ezkerreko Nueva Nacion alderdiak salatu du bere lau militante hil eta beste hiru zauritu dituztela. Gertakizun hauetan guztietan, errudunak falta dira beti, eta buruzagi politikoak ere oso kontuz mintzo dira horretaz. Baina denek diote bizi politikoa biolentziaz bete dela 1999an Alfonso Portillo lehendakari atera zenetik. Ordudanik berriro Frente Republicano Guatemalteko delakoa dago agintean, 80ko hamarkada odoltsu hartan militarren errepresio basatia bultzatu zuena bera, eta hauteskundeak hurbildu ahala gauzak okerragotzen ari dira. Grupo de Apoyo Mutuo erakundeko zuzendari Mario Polancok diagnostiko hau egin du: "Gobernuaren muinean daude sartuta narkotrafikoa eta krimen antolatua bultzatzen dutenak, eta kaosa sortu nahi dute, agintea ez galtzearren. Horiekin batera ari dira Guatemalako barnealdeko zenbait kazike ere, bortizkeria eragiten". 1990ko irailaren 11n Gauza bat baino gehiago ospatu dugu iragan berri den irailaren 11n. AEBetan gertatutako atentatuez gain, Chileko estatu kolpearen 30. urteurrena ere bazen. Baina egun horretan bertan, 1990ean, Myrna Mack antropologo guatemaldarra hil zuten hiriburuan, lantokitik etxera zihoala: 27 aizto kolpe eman zizkioten. Emakume horrek demostratua zuen ikerketa batean milaka indiar beren etxeetatik beste herrietara mugiarazteko operazioa Guatemalako gobernuak eta armadak subertsioaren kontrako plan baten barruan burutu zutela. Lapurren batek egindako azioa zela argudiatu zuen gobernuak, baina Jose Manuel Merida Escobar poliziak bere kabuz ikertu eta militarren ezegitekoa izan zela erakutsi zuen. Laster akabatu zuten Merida polizia, baina ikerketaren ondorioz Noel Beteta Alvarez jeneralari 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Eliteko eskuadroi bateko sarjentua zenez, Myrna Macken senideek eta giza eskubideen aldeko erakundeek lortu zuten bi koronel eta Augusto Godoy jenerala bera auziperatzea. Baita 2002ko urrian Juan Valencia Osorio koronela 30eko zigorrera kondenatzea ere. Baina 2003an, apelazioa irabazi eta libre dabil berriro hiltzailea bidali zuena. Horrela daude lotuta iragan beltza eta oraina Guatemalan, eta giro horretan ari da hauteskunde eguna hurbiltzen. Azaroaren 9an bozkatu daitezkeenen artean Efrain Rios Montt zaharra izango da bat, bere alderdiak goiak eta beheak mugitu eta aurkezteko zeukan debekua gaindituta. Diktadore zaharraren itzuleraren gerizpean ugaldu dira hilketak eta mehatxuak. Uztailean jaso zuten abisua anonimo bidez ezkerreko hautagaiek, Rigoberta Menchuk eta hainbat kazetarik: "Baita odola isurarazi behar badugu ere, gure aberria zuek bezalako arratoietatik askatuko dugu. Jeneralaren ordua iritsi da". Ordu hori gerra zikinarekin batera iritsi ote den beldur da giza eskubideen mugimenduetako buru bat baino gehiago. Alvaro Colom lehendakaritzarako ezkerreko hautagaiak ezagutarazi du Rios Montt eta FRG bere alderdia agintera eramateko antolatutako konspirazioa: "Plan Lázaro" du izena. Guatemalako ministro batzuk eskuetan izan duten plan horrek diseinatzen ditu Rios Montt -legearen arabera aurkeztu ezin zena- lehendakari izatera eramateko operazioak eta proposatzen du "indar erakusketak burutu behar direla, herritarrek ondo jakin dezaten FRGkin ezin dela jolasean aritu". Bigarren fase baterako zera proposatzen du: "Txokeko neurriak hartu, mehatxu anonimoak, zehatzak eta zuzenekoak, FRGrentzat arriskugarri gerta daitezkeenei, hau da, demokristauei eta ezkertiarrei". Rios Montt jeneralak lurperatua zirudien, bere genozidio estrategiekin. Baina Jesusek Lazaro bezala, norbaitek berpiztu du. Informazio gehiago: Guatemalako Gobermua Prensa Libre. Guatemalako egunkari handienetakoa. Siglo XXI, Guatemalako egunkaria hau ere. Guatemala zifra eta estatistiketan, CIAren gunean

Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude