'Ño!' komikia eta 'Zaldi bat ihes garrezko zelaian' liburua Ziburuko Azokan

  • Bi lanak izango ditu salgai ARGIAk datorren larunbateko Ziburuko Azokan. Komikia Maitane Gartziandiak, Eli Pagolak eta Miren Artetxek egin dute. Kazetaritzako kronikak biltzen dituen liburua Koldo Izagirrek.


2023ko maiatzaren 30an - 00:20
Azken eguneraketa: 2023-06-02 11:12:04

Ño komikia bertso-saio baten bueltan gerta daitezkeen hamar egoera jakin dira, hamar eszena, testuinguru eroso eta ez hain erosoetan emakume bertsolarien mamuak, trabak, heldulekuak eta aurrera egiteko tresnak islatuko dituztenak, kideen arteko konplizitate-keinuei eta gozamenari gorazarre eginez.

Maitane Gartziandiarenak dira ilustrazioak eta haren esanetan, “eszena bakoitza argazki bat da. Segundo gutxi irauten duten istanteen argazki edo fotogramak dira, oso deskriptiboak, non ekintzak ez duen hainbesteko garrantzirik, baizik eta sentsazio bat deskribatzeak, giro bat”.

Eli Pagola eta Miren Artetxe arduratu dira gidoiaz. Hala ere, irudiak hartzen du pisurik handiena eszena guztietan eta bertso-mundua ardatz badu ere, ez da bertsorik agertzen, sorta historiko batean ez bada. Komikiari kontrapuntua emango dion pertsonaiaren bertsoak dira: Joxepa Antoni Aranberri Petriarena Xenpelar. Errenteriako fabrikako langilea eta bertsolaria izan zen eta argazki-muntaia bidez txertatu dute liburuko hainbat pasartetan, “gaurko bertsolariak xaxatzeko”, egileek diotenez.

Pagolak azaltzen duenez, “bertsolaritza eta generoa lotzen dituzten lan teoriko piloa egin izan da eta gehiago egingo dira. Ikusten genuen komiki formatuko lan batek ere tartea izan zezakeela. Lizentzia ematen digu gaiaz txisteak ere egiteko”. Artetxek dio gai horiek oso gertatutik jarraitzen ez dituenak agian ez dituela hainbat gauza ulertuko, baina “gure kideei eta gure bertso munduko feministei irribarrea sortzeko komikia da, zeinak indarra emango dien aurrera jarraitzeko”.

Kronikak, harribitxiak, historia ulertzeko gako

Duela hamabost urte atera zen liburua gauzatzeko ideia eta Koldo Izagirrek bildu ditu euskarazko kazetaritzan idatzitako kronikak. Titulua ere, Zaldi bat ihes garrezko zelaian, kronika horietako batetik jasoa da: “Gernikako bonbardaketa kontatzen du Joseba Zubimendik –Gernika erraustean, lekuko nintzen–. Hori ere badaukagu, Gernikako bonbardaketaren dokumenturik zinezkoena”, zehazten du Izagirrek.

Egileak dio lan hau, besteak beste, historia ulertzeko material bat dela: “Kronika hauei esker ezagutuko dugu, besteak beste, zenbat gerra bizi izan ditugun gurean: 1936koa, Algeriakoa, Bigarren Mundu Gerra, Lehenengoa... Eta atzerago jo ez dugulako –liburuko kronikarik zaharrena 1869koa da–“.

Behin bakarrik argitaratutako testuak dira eta bere hartan daude, “inprimategiko oker nabarmenak zuzendu eta ortografia geure garaira egokitu, horixe izan da maneatu dugun bakarra”, dio Eizagirrek.

Juan Luis Zabalak ortografian eta kopiaketan izandako akatsen zuzenketan parte hartu du, eta Gorka Bereziartuak hautaketan eta beste detaile askotan lagundu du.

Bi lanak Ziburuko Azokako ARGIAko postuan egongo dira, eta egileak ere hantxe izango dira, liburuak sinatzeko, edo beste barik, haien sormen lanez  berba egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Daniel Landart, kulturgilea
"Poeta naizen? Poesia sentimenduak dira, besteek erantzun beharko diote horri"

Elkarrizketa bat papereratzerakoan galtzen dira isilune eta esku keinuak. Pena da. Daniel Landart entzuten ari zela gogoeta hori zeukan kazetariak, eta gauza bera pentsatzen zukeen argazkilariak ere, ikusirik ondoko egunean esku keinuen argazki andana bidali ziola kazetariari... [+]


"Euskara ala ezkara"

Aurtengo Ziburuko Euskal Liburu eta Diska Azokaren aurkezpenean, irakurketa hau plazaratu dute antolatzaile diren Baltsan elkarteak eta ARGIAk. Baltsan elkartean, maiatzaren 7an.


2024-05-20 | Estitxu Eizagirre
Hauek dira Ziburuko 5. Euskal Liburu eta Disko azokan aurkeztuko diren liburuak

Ekainaren 1ean izango da Baltsan elkarteak eta ARGIAk elkarlanean antolatzen duten euskara hutsezko azoka, eta oparo dator bosgarren edizioa. Aurten 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehien) eta egitarauan ordu erdiro izango da ekitaldiren bat musikaz eta literaturaz... [+]


"Ipuina engainua da" istorio bildumari musika jarriko dio Micek ostiralean Urruñan, Azokaldiaren kari

Aitzina doa Baltsan elkartean eta ARGIAk, Ziburu inguruko eragileekin batera antolaturiko Azokaldia. Datorren hitzordua maiatzaren 17an izanen da, Urruñako Berttolin. Bertako ikastolako Euskaraz Bizi taldearekin elkarlanean antolaturiko hitzordu literario musikatua dugu... [+]


“Maite dut Iparraldean antzerkia egitea, uste baitut hemen kodeak ulertzen direla”

Azkainen aurkeztu du Ander Lipusek bere ibilbide artistikoaren inguruko gogoeta jaso duen liburua: Antzerkiaren labirintoan I. Bigarren partea ere badu liburuak, “antzerkilariei gehiago zuzendurikoa” dena bere esanetan, baina Azkaineko irakurle taldeak lehenbizikoa... [+]


Eguneraketa berriak daude