"Hitzarmenik gabe Nafarroak ezinen du deus erabaki AHTaz"

  • Espainiak eta Nafarroak astelehen honetan izanen dute bilera Abiadura Handiko Trenaz hitz egiteko. Ostegunean Sustapen Ministroak aldebakarreko erabakia hartu zuen "trena berak egin eta kudeatuko" zuela iragarriz. Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozemaileak adierazi du hitzarmena eskatuko zaiola Madrili.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko irailaren 18an - 11:08
Maria Solana, Nafarroako Gobernuko bozemailea. (Arg.: Euskalerria Irratia)

"Azalpen zentzuzko bat espero dugu, politikoa baino teknikoa izanen dena eta arrazoiak ere bai, ulertu ahal izateko zergatik hartu duten aldebakarreko erabaki hori", hitz horiek erabili ditu Nafarroako Gobernuko bozeramaleak, Maria Solanak azaltzeko gaur Madrilen izanen den bileraz espero dutena. Abiadura Handiko Trena Madrilgo Gobernuaren ardura izanen dela adierazi zuen Sustapen Ministerioak joan den ostegunean eta ulertezintzat hartu dute jarrera eta jokaera hori Nafarroan. Astelehen honetan bilera dute eta azalpenak ematea espero du Solanak. 

"Nafarroak hitzarmen bat adosteko proposamena eramanen du Madrilera gaur", esan du bozeramaleak. Izan ere, uste du ezinbestekoa dela adostea hitzarmen bat "gainerantzean Nafarroak ezin izanen du deus ere erabakia AHTaz". "Hitzarmena izatea ezinbestekoa da Espainiako Gobernuaren eskumena den arlo batean gutxieneko erabaki batzuetan esku hartu ahal izateko", esan du Solanak. 

Hausturarik ez du ekarriko

Abiadura Handiko Trenaren aferak ez du haustura sozial eta ekonomikorik ekarriko. Hala uste du Solanak. Finantzazioa hitzarmen ekonomiko bidez etorriko da eta gainerakoa ere hitzarmen bidez adostea espero dute. "Trenaren aferak ez luke hausturarik eragin behar, ez du zertan", nabarmendu du. 

Joko politikoa ere ikusten du afera honetan guztian. UPN PPrekin ari da. Kontuan hartu behar da azken 25 urteotan, UPNk Nafarroako Gobernuaren gidaritza zuenean adostutako Abiadura Handiko Trena bakarrik %10a egin zela, eta orain presa sartzeak adierazten du zerbait. "Madrilen beste lehentasunak ere badaude, Nafarroa erkidego txiki bat baino ez da eta dirutza eskatzen du AHTk", gaineratu du. 

Informazio prozesua, abian

Parte hartze prozesurik ez du martxan jarri Nafarroako Gobernuak, bai ordea informazioa helarazteko prozesua. Webgunearen bidez ematen du informazio hori. Sektore askorentzat ez da nahikoa eta parte hartze prozesua eskatzen segitzen dute. Solanak esan du, AHT egiteko eskumena Nafarroarena ez den aldetik, parte hartze prozesu batek ez lukeela zentzurik izanen, prozesu horretan eginen liratekeen proposamenak ezinen liratekeelako bete edo aurrera eraman. Horregatik, garrantzitsua da Espainiarekin hitzarmen bat adostea Nafarroak erabaki ahal izateko trenbide eta tren ereduaz. 

Hezkuntzan 73 plazako Lan Eskaintza Publikoa izanen da

Gobernuko bozeramalea izateaz gainera Hezkuntza kontseilaria ere bada Solana. Ikasturte berriarekin batera lan eskaintza ere iragarri berri dute. Haur eta Lehen Hezkuntzarako 73 plaza betetzeko eskaintza izanen da. Ekainean izanen dituzte irakasleek azterketak. Bihar gainera Madrilen bilera dute Hezkuntza Departamentuetako arduradunek, jakiteko zein den erkidego bakoitzeko erreposizio tasa. 

2017-2018 ikasturtean badira beste zenbait berrikuntza. 65 ikastetxek eskaintzen dute lehenengoz jardunaldi jarraitua, 59 ikastetxek lehenengoz. "Ongi hasi dira berrikuntza horrekin. Aurrerago ikerketa eginen dugu aztertzeko zein alde on dituen eta zein alde txar", azaldu du Solanak. 

Ingelesez ikasteko programa izanen dute beste sei ikastetxe gehiagok. "Eurek hala erabaki dutelako izanen dute programa hori, ez da inolaz ere deus inposatu", azaldu du. Gero eta irakasle gehiago ari dira prestatzen programa horretan eskolak eman ahal izateko. 

Euskara gero eta zabalduago

D eredua urtetik urtera gero eta zabalduago dago. Aurten lehen aldiz Allon, Antzinen eta Erriberrin izanen dute aukera ikastetxe publiko batean euskaraz murgiltzeko. Eta guraso zein haurrekin batera herri horien inplikazioa oso garrantzitsua izaten ari da euskararen bultzadarako.

Albiste hau Euskalerria Irratiaren webgunean argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC lizentzia baliatuta


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
2024-04-22 | Ahotsa.info
Sakanak tren publiko eta sozialaren aldeko apostua egiten du

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.


Larunbatean manifestazioa egingo dute Altsasun: "Trena benetako garraiobide bihurtu dadin"

AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Julio Villanueva (AHT Gelditu)
"Abiadura Handiko Trenik gabeko Nafarroa posible da"

Abiadura Handiko Trenaren inguruan mintzatu dira zenbait ekintzaile asteazkenean Iruñeko Zabaldin osatu duten hitzaldian. Italiako Val Susa bailarako adibidea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan dute han sortutako mugimenduaren ordezkari bat etorri delako... [+]


Iñaki Arriolak dio AHTren lanak amaituta ikusteko oraindik "urtetxo" batzuk beharko direla

Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak onartu du herritarrak "nekatuta eta haserre" daudela obren iraupenarekin. "Euskal Y" deiturikoaren hormigoizko azpiegituraren lanak 2025ean amaituko direla hitz eman du, baina gaineko egitura guztia eta hiriburuetarako... [+]


Eguneraketa berriak daude